Mai 27 04

Bilbo dub kronikak

Hiriaren kronika bat egin du Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poema liburuaren bitartez, eta Bilbo berrituak eta monumentalak ezkutatzen duen beste Bilbo hori agerian jarri du. Paddy Rekalderen bosgarren liburu hau idazlearen poesiazko bigarrena duzu.

Mai 27 04

Lazarragaren eskuizkribuaren transkripzioa

Lazarragaren eskuizkribuaz egindako transkripzioa eskaintzen dizuegu aste honetan. Zientzi helburuz baino, literaturazaleak eskuizkribua modu errazago eta arinago batez irakurri ahal izateko baliabidea sortzea izan da gure asmoa. Orriz orriko transkripzioaren testu osoa, RTF edo PDF formatuetan jaits daiteke. Irakurketa atseginagotu aldera, testuz testuko berrantolaketa ere, oso behin-behinekoa, badago PDF formatuan. Transkripzioaren egilea Iñigo Landa izan da.

Mai 27 04

Jon Gaztelumendiren Haizea mindu gabe

1999an argitaratu zuen Jon Gaztelumendik Haizea mindu gabe narrazio liburua: 11 ipuin, Haizea mindu gabe poema -Goizalde Atxutegirena- eta hitzaurrea. “Ihesi doazen izpirituak dira presoaren kontu idatziak; mezulariak dira”, esaten du Bonxeko espetxean idatzitako hitzaurrean Jokin Urainek. Halaxe izan ziren hauek, presoaren kontu idatziak, espetxean idatzi baitzituen Jon Gaztelumendik. Orain aske da, Gaztelumendi, espetxean 18 urte egin eta gero. Hemen dituzu “izpiritu” horiek irakurgai: Haizea mindu gabe.

Mai 27 04

Robert Capa eta Argazki bete berba

Maiatzaren 25ean (asteartea) bete ziren 50 urte Robert Capa argazkilaria hil zela. Gerra batean argazkiak ateratzen hil ere. Egunotan, Edorta Jimenez idazleak hainbat hitzaldi eman ditu, Robert Capa eta David Seymour Chim argazkilarien lanen ingurukoak -Kilkerren hotsak liburuan agertzen dira argazkilariok ere-.
Hitzaldietako bat Larrabetzun eman zuen, eta Linterna Gorria aldizkarian Argazki bete berba ekimena atondu dute. Capa eta Chimen bosna argazkiri testua jarriko diote irakurleek eta testuok aldizkari digitalean argitaratuko dira ostean. 1937ko gerran ateratako argazkiak dira denak, tartean Euskal Herrian egindako zenbait foto.

Mai 20 04

Ezezagun baten kuadernoa

Argitaratu zenean irakurri zuten askok goraipatzen dute Maria Jose Kerejetaren Ezezagun baten kuadernoa, euskarazko poesigintzan liburu seinalatu gisa. 1987ko Irun Hiria sariko Olerki saria irabazitakoa, 1988an argitaratu zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxak. Poemario sakona, indar handikoa, formalki ere landua, liburu bikaina osatzen du Kerejetaren Ezezagun baten kuadernoa-k. Hementxe daukazu osorik.

Mai 20 04

Euskal lokuzioak sarean

Euskaldun guztiei euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera emango dien gunea sortzea izan du helburu Koldo Izagirre, Joxan Elosegi eta Josu Landak abian jarritako lantaldeak. Intza Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren bilduma (Euskal Lokuzioak, Hordago Argitaletxea, 1981) izan zen, baina osagarri garrantzitsuz hornitua. Alde batetik, ikuskatu, zuzendu eta txukundu egin dute liburu hartan bilduriko materiala, eta, bestetik, sarrera emango zaie taldeak berak eta beste laguntzaile askok, han eta hemen ahozko jardunetik eta idatzizko hainbat iturritatik jasoriko lokuzioei. Une honetan, 6.230 lokuzio daude batuta eta sailkatuta. Etengabe hazten doan proiektua duzue hau, eta astean gutxienez bi aldiz berriztatzen dituzte edukiak.

Mai 13 04

Edu Zelaietaren Mugaldekoak

Edu Zelaietaren bigarren poema liburua, Mugaldekoak, argitaratu dute koedizioan Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susak. Lau ataleko liburuak hiru ditu poesiazkoak eta laugarrena narrazio labur bat. Muga kontzeptua da denetan ardatza. Edu Zelaietak errezitalak egingo ditu Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak lagun dituela, Beran (maiatzak 28), Gasteizen (ekainak 15), Larrabetzun (ekainak 25).

Mai 13 04

Kavafis eta Andolin Eguzkitza

Maiatzaren 6an omenaldia eskaini zioten hainbat lagunek Andolin Eguzkitzari, bera sustatzaile izandako Bilboko Kalderapekoko errezitaldi batean. Andolinen poemak ez ezik, berak euskaratutakoak ere errezitatu zituzten. Santurtziko idazleak Olga Omatos-ekin batera euskaratutako Konstantinos Kavafisen poema-antologia argitaratu zuen, Pamielarekin, 1995ean. Liburuko zenbait poema eskaini genizkizuen bere heriotza zela-eta egindako Emailu berezian. Aste honetan, maiatzaren 6ko errezitaldiaren osagarri, osorik eskaintzen dizugu liburua.

Mai 13 04

Casenave eta Larzabal Azkenean dilindan

1978ko abenduan plazaratu zen Jon Casenavek eta Mattin Larzabalek elkarrekin idatzitako Azkenean dilindan eleberria, Ustela Sailaren baitako lana. Bederatzi ataletan banatutako liburua, Azkenean dilindan gaude izeneko hitzaurrea dauka, bikote lanaren nolabaiteko aurkezpena, Jon-Kasko Tzarra eta Mattin-Kurios Pinterdi-k sinatua. Azaleko irudia Philipee Ducasouk egin zuen. Azkenean dilindan osorik daukazu orain irakurgarri.

Mai 13 04

MikelZarate.com

Mikel Zarate idazlearen literatur lan guztiak batu ditu MikelZarate.com gune berriak. 11 liburu daude osorik on line. Poesiazkoak: Higidura berdez (1977, GAK), Bizipenen bultzadaz (1978, Zugaza), Etorriaren zorabioz (2004, Zorrizketan). Literaturari buruzko saiakerak: Bizkaiko euskal-idazleak (1580-1968) (1970, Derioko Ikastetxea), Euskal literatura: azterbideak, aztergaiak, azterketak, I eta II (1977-1978, Zugaza). Haurgintza minetan (1973, Gero) nobela eta lau narrazio liburu: Ipui antzeko (1975, Gero), Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975, Zugaza), Utopiaren fantasian (1979, Haranburu), Bilbo irribarrez (1980, Bizkargi).
Zorrizketan euskara elkarteak, Lezamako udalagaz batera antolatutako omenaldi ekitaldien barruan atondu du webgune hau, testuen digitalizazioa eta webgunearen diseinua armiarma.eusek egin du.

Mai 06 04

Eider Rodriguezen lehen liburua

Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburuko hamasei narrazioak Joseba Sarrionandiaren hitzaurre batekin datoz: “Ondo bereizi behar dira fantasiak eta mamuak. (…) Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila“.

Mai 06 04

Haize lainotuaren nekeak

Ustela bildumako 11.a izan zen Haize lainotuaren nekeak, Maripi Solbesek idatzi eta 1979ko azaroan kaleratua, aste honetan osorik eskaintzen dizuguna. Prosazko testu laburrek osatutako liburua, ikuspuntu berezi baten berri ematen digute testuok. Susa literatura aldizkarian jardundakoa, Susa argitaletxean zenbait egilek 1983an kaleratutako Eta zergatik ez… Sigrid poesia liburuan parte hartu zuen. Haize lainotuaren nekeak liburuko azala ere Maripi Solbesek berak egina da.

Agenda

Efemerideak

Kritikak