Urt 29 04

Kirikiñoren Abarrak

Orain 75 urte, 1929ko urtarrilaren 31n, hil zen Mañarian Ebaristo Bustintza Kirikiño. 1866an Mañarian jaioa, Euskalzale eta Ibaizabal aldizkarietan jardun zuen XX. mende hasieran, eta Euzkadi aldizkarian, “Euzkel-Atala”ren arduradun. Hiru agerkariotan, nagusiki, plazaratu zituen ezagun egin duten narrazio eta kontakizunak: Abarrak. Berak jaso edo sortutako istorioak, xelebre edo umorezkoak gehienetan, hizkuntz eredu jaso baina era berean herrikoia baliatu zuen. Bera bizi zelarik plazaratu zen bere lehen narrazio bilduma, 1918an, gure literaturako klasikoa egin den liburua, hemen osorik eskaintzen dizuguna: Abarrak. Bera hil eta hurrengo urtean Bigarren Abarrak kaleratu zuen Jaungoiko-Zalek.

Urt 29 04

Egunsenti biluzia

Ustela bildumako beste lan bat dakargu aste honetan osorik, Jose Luis Otamendiren Egunsenti biluzia. Bildumako 15. liburua, poemario ederra da, Iñaki Egañaren azal eta marrazkiz hornitua. Euskal poesigintzan izen eta toki berezia irabazia duen azpeitiarraren lehen poema liburua duzu, 1980ko abenduan plazaratua. Ustela bilduman bertan ere eman zituen besterik, hiru urte beranduago: Azken undinaren kaira. Gerora, Susa argitaletxearekin beste hiru poema-liburu argitaratu ditu: Zainetan murrailak (1987), Poza eta gero (1990) eta Lur bat zure minari (1995). 2000. urtean Jose Luis Otamendiren XX. mendeko poesia kaiera kaleratu zen.

Urt 29 04

Literatuztan… orri zuriekin elkarrizketan

Interneten euskaraz literatura irakurtzeko aukerak ugaltzen ari dira. Azpeitian iazko udan Uztarria kultur koordinadorak bertako idazle berriekin Literatuzta liburu-aldizkaria plazaratu ostean, sarean ere testuok irakurtzeko aukera dago orain. 15 egile berrirekin batera (Josu Salegi, Ion Pozo, Alizia Gomez, Maider Bastida, Otsoa, Itsaso Andres, Xabier Borda, Urko Egaña, Igor Aranbarri, Aitor “Ondarru”, Anne Agirre, Kepa Urbieta, Arantxa Aldalur, Manex Beristain eta Aritz Unanue) Fernando Morillo edo Jose Luis Otamendiren testuak daude.

Urt 22 04

Louis Zukofsky: zazpi poema

Duela ehun urte jaio zen Louis Zukofsky poeta New Yorken, 1904ko urtarrilaren 23an. Objectivist taldearen sortzaileetarik izan zen, George Oppen eta Charles Reznikoff lagun zituela. Talde hartara batuko ziren William Carlos Williams, Lorine Niedecker, Carl Rakosi, Basil Bunting eta Kenneth Rexroth. Louis Zukofskyren zazpi poema euskaraturik ekarri dizkigu Anton Garikanok.

Urt 22 04

Pedro Mari Otañoren Alkar

Pedro Mari Otañoren bertso (olerki) liburua dakarkizugu aste honetan osorik. 1904an, orain 100 urte, Buenos Airesen argitaratua, bertsolari zizurkildarra bizi zela kaleratutako bakarra hauxe duzu. Hementxe irakurri ahalko dituzu bere bertso-sail ezagunenetako batzuk: Limosnatxo bat, Zazpiak bat, Amerikako panpetan…

Urt 22 04

Lezaman Mikel Zarate gogoratuz

Datorren apirilaren 10ean (larunbata) beteko dira 25 urte Mikel Zarate idazlea hil zela. Bere jaioterrian, Lezaman Zorrizketan euskara elkarteak ekitaldi andana prestatu du urtarrilean hasi eta apirila bitarte. Lezamako eskolako ikasleek “Bilbo irribarrez” liburuan oinarrituta antzerki obra bat estreinatuko dute urtarrilaren 30ean (ostirala) 18:00etan, Kukubiltxok Zaraten alegorietan oinarritutako Ekidazu antzezlana emango du 31an (larunbata) 20:00etan Derioko kiroldegian. Otsailaren 27an bihotz bakartien klubak Zarateren poesiekin prestatutako errezitaldia egingo du. Martxoaren 5ean “Mikel idazlea” mahai-inguruan batuko dira Joseba Butron, Gotzon Garate, Ander Manterola, Jon Kortazar eta Manu Etxebarria.

Urt 22 04

Iratzeder olerkiz olerki

Euskal Kultur Erakundeak Xabier Iratzeder idazlearen gainean “Iratzeder olerkiz olerki” literatur emanaldi bat prestatu du. Datorren urtarrilaren 29an (osteguna) 19:30etan Andoaingo Bastero kultur gunean emango dute eta otsailaren 12an (osteguna) 15:00etan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian.

Urt 15 04

Joan eta Ane zigarro bat erretzen

Astindu ederra ekarri zion Ustela Sailak euskal literaturari, makina bat ate berri ireki balira bezala. Aste honetan osorik eskaintzen dizuegun liburua Ibon Sarasolaren narrazioa da, bildumako bigarrena, Joan eta Ane zigarro bat erretzen. 1977an argitaratua, zigarroa erre bitarteko bikotearen jarduna eta gehiago jasotzen du narrazioak, euskal literaturan garai hartan diferentea zen estiloan kontatua. Ibon Sarasolaren bigarren literatur lana izan zen hau, 1969an Poemagintza plazaratua baitzuen. Jarri Borodin-en Koartetoaren andantea, eta gozatu.

Urt 15 04

Linterna Gorria literatur aldizkari berria

Linterna Gorria izeneko literatur aldizkaria aurkeztuko du Bihotz Bakartien Klubak urtarrilaren 17an (larunbata) Larrabetzun. Literatura Eskolan literatur aldizkariei buruz egindako tailerrean sortutako eztabaida aproposak aldizkari bat ekarri zuen, eta Eskolaren inguruan batutako jende multzoak emaitza gauzatu du Interneten. Aldizkarian, manifestuaz gain, editoriala, poesiaren tartea, narrazioak, elkarrizketak eta literatura laborategia topatuko ditu irakurleak. Hilabete bakoitzeko 17an berriztatuko da aldizkari elektronikoa eta ekainean paperezko bertsio berezi bat argitaratuko dute.

Urt 15 04

Periferiak Bilbon

Livornon buruturiko Memorie Perifericheren ondoren, Periferikek bigarren ekitaldia Bilbon egitea pentsatu du. Berton izango ditugu topaketok 2004ko otsailaren 23a (astelehena) eta 29 (igandea) bitartean. Solasaldiotan izango dira John Berger, Lydie Salvayre, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano. En contre izeneko literatur ikuskizunean, otsailaren 25ean (asteazkena) 22:00etan Lydie Salvayre, Serge Teyssot- Gay, Marc Sens batetik eta Harkaitz Cano, Meritxell Cucurella, Pako Aristi, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe izango dira Bilboko Kafe antzokian.

Urt 08 04

Pako Aristiren Narrazti ozena

"Literaturarik gabeko herri bat, hizkuntzarik gabeko zerbaitengandik gertuegi dago, eta hizkuntzarik gabeko herri bat berriz, kulturarik gabeko herri batetatik gertuegi, ezerrezaren pare alegia". Horrela, hain gordin eta hain eder hasten da Pako Aristiren Narrazti ozena liburua. Sarrerako hitzak Ramon Etxezarretarenak dira, Azpeitiko Udaleko euskara arduraduna orduan, liburua argitaratzearen eragilea. 19 urterekin plazaratu zuen Narrazti ozena bere lehen lana Pako Aristik eta egun ia 30 libururen egilea da. Liburu honetan zazpi narrazio batu zituen: "Hots, hots! Lurrean oñok", "Loreak eta txinaurria", "Kakalerdoaren suizidioa", "Kasik Philippe bezala", "Tergalezko zine-kamera hutsa", "Opaizko dultzaina" eta "Moxalak Baigiren ortze gorrian".

Urt 08 04

Web argitalpenak fitxategi bakarrean

Literatur Emailuen bidez zabaldu izan ditugun web argitalpenetatik batzuk, fitxategi bakarrean konprimituta eskaintzen ditugu hemen, batez ere fitxategi kopuru handikoak eta bolumen aldetik oso handiak ez diren kasuetan. Modu horretara, inork bere ordenadorera jaitsi nahi izanez gero, errazagoa eta erosoagoa izango delakoan.

Urt 01 04

10 urtez Zapataren oihanean

1994ko urtarrilaren lehen egunean mexikar gerrilari multzo baten matxinadarekin esnatu zen mundua. EZLNk bere burua eta borroka ezagutzera eman zuen. Geroztik ezagun egin zaizkigu Marcos komandanteordearen idatziak eta esanak. 10 urte igaro dira baina gurean, Iñigo Aranbarrik Chiapasera abiatu, eta Zapataren oihana kronika liburua ekarri zigun 1997an. Orain osorik irakur dezakezu, gu ere Sua eta hitza altxamenduaren aldeko ospakizunetan murgildu garelako.

Urt 01 04

262 liburu kritika

2003ko urtarriletik abendura bitarteko 262 liburu kritika batu ditugu kritika-hemeroteka sailean, helduen literatura alorreko ahalik eta gehienak jasotze aldera. Astero-astero berritzen den hemeroteka duzu. 2002an, 2001ean eta 2000n argitaratutakoak ere kontsulta ditzakezu (831 kritika orotara gaur arte). Zuk eskura daukazun kritikaren bat ahantzi badugu, susanews@armiarma.eus helbidera igorri eta ahalik eta lasterren paratuko dugu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak