Abe 25 03

Ataramiñe Interneten

Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak dira “Ataramiñe” liburuan batutakoak.Orain arte bi zenbaki argitaratu dira, iaz lehenengoa eta azkena aurtengo Durangoko azokaren bezperetan. Lehen zenbakia osorik Interneten jarri dugu eta bertan idazle hauen lanak irakurriko dituzu: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Karmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona, Iñaki Gonzalo, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre.

Abe 25 03

Irigarayren Kondairaren ihauterian

Poema liburua da aste honetan osorik dakarkizuguna, Kondairaren ihauterian. Jose Angel Irigarayren lehen poesia lana, 1978an kaleratu zuen Gipuzkoako Kutxarekin, 77an Irun Hiria literatur saria irabazi zuen obra baita hau. Bere lehen poema-liburua, gerora Bizi minaren olerkian eta Urdinkara plazaratu zituen, Kondairaren ihauterian obran hasitako bidea sendotuz: tradizio eta ohiturei begirada modernoa, kantuetarako joera… 2002an kaleratu du oraingoz azkena duen poema liburua: Joan-jinaren labirintoan.

Abe 25 03

Paper Hotsak argitaletxea sortu da

Gaztelupeko lagunek beste pauso bat eman dute. Kantagintza eta musikari lotutako disketxe izatetik, paperezko edizioak ere egingo dituzte aurrerantzean. Paper Hotsak bilduman “apurka, musikarekin eta bereziki kantagintzarekin zerikusirik duten materialak ditugu argitaratuko: bertako eta atzerriko kantarien letrak, memoriak, elkarrizketak, bertsoak, lan teorikoak…” aipatu digute. Horrela kaleratu dituzte aurten Rafa Egigurenek txineratik euskaratutako “Mandarin dotore” poemak, Kirmen Uriberen testuak “Zaharregia txikiegia agian” CD liburuan edota “Karibetik Kantaurira” bertso sorta.
Lehenago ere, literaturari lotutako proiektu batzuek izan dute aterperik Gaztelupeko Hotsaken.

Abe 25 03

Kandela aldizkaria

20 urte igaro dira 1983ko abenduan, Gasteizko Filologia fakultatean Kandela aldizkaria plazaratu zutenetik. Bi zenbaki baino ez zituzten kaleratu (bigarrena 1984ko maiatzean). Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Tere Irastortza, Manu Lopez eta Xabier Etxanizek sortu eta idatzi zuten. Lehen zenbakian Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatu zuen Tere Irastortzak, eta bigarrenean Jon Juaristi Manu Lopezek.
Aurretik Stultifera navis aldizkariak beste bi zenbaki kaleratu zituen fakultate berean.

Abe 18 03

Jon Alonso eta Jon Benito Amukoetan

Argitalpen berri bi egin ditu Susak Amukoak sailean: Jon Benitoren Orbel zaku bat poesiazkoa (Xabier Gantzarainen irudiekin) eta Jon Alonsoren Umoreari buruzko gogoeta hitzaldia. Amukoak bildumako liburuxkak ez dira salgai izaten, soil-soilik Susaren web-dendan libururen bat erosten dutenek hartzen dituzten opariak baitira, idazleek irakurleei egindako opariak alegia. Alonsoren eta Benitoren berri hauez gainera, aukeran dituzu Zabala, Otamendi, Jimenez, Izagirre, Gantzarain, Cano, Borda, Aristi, Urain eta Aranbarri idazleenak ere.

Abe 18 03

Hitz berdeak

Aste honetan osorik eskaintzen dizuegun liburua poema-liburu bikaina da: Joxe Azurmendiren Hitz berdeak. Liburu mardula, bost partetan zatitua, Azurmendiren garai eta estilo desberdinetako poemak biltzen ditu, Bitoriano Gandiagaren aurkezpenak argitzen duenez; 60ko hamarkadako ibilbide poetiko oso bat jasotzen du obrak. 1971n argitaratu zuen Arantzazuko argitaletxeak, eta Gandiagarenaz gain Juan San Martinen hitzaurrea ere badakar. XX. mendeko ahots oso inportantea ezaguzteko aukera paregabea.

Abe 18 03

Txaman aldizkariaren leihoa

“Eta hortik leihotik, argixe sartzen dan lez, argixe urten be eitten da” esanez hasten zaigu Txaman aldizkariaren 4. zenbakia. Oso osorik sarean jarri dugun aldizkari honetan Kale Kantoitik ohiko sarrerarekin batera beste 20 poema eta testu aurkituko dituzu, fotokopietan banatzen den literatura. Berriki, Durangoko azokaren karietara 5. zenbakia kaleratu dute eta hori ere aurki jarriko dugu sarean.

Abe 18 03

Fadwa Touqan poeta hil da

Joan den ostiralean hil zen, 86 urte zituela, Fadwa Touqan poeta palestinar handia. Nabulusen jaioa eta hantxe zendu dena, “pesimista, erromantikoa, oldartua”, definitzen du Itxaro Bordak. Poesia intimista batetik abiatua, bere herriaren eta bizitzaren ibilbideaz bat, erresistentzia kantatzera jo zuen, palestinarra eta emakumea zela beti ardatz izanez. Euskaraz Itxaro Bordak jarri zuen bere poema bat, Itsasora itzultzea, 1988ko udan kaleratu zen Maiatz aldizkariko 16. zenbakian, poeta palestinarrei eskaini zien atal batean. Hementxe duzue.

Abe 11 03

Sei poeta errezitalean

100. Literatur Emailua duzu aste honetakoa, eta berezia izan dadin saiatu gara. Entzutekoa den Emailua da hau, disko baten moldekoa. Sei poetaren errezitala duzu ia ordu beteko grabazioan, 48 poema denera. Pako Aristik, Jon Benitok, Igor Estankonak, Juan Ramon Madariagak, Miren Agur Meabek eta Kirmen Uribek zortzina poema irakurri dituzte zuretzat, Zarautzen azaroan Jexuxmai Lopetegi musikariak jasoak. Poema bakoitza bi formatutan daukazu, aukeran: Real Player eta MP3.
Badakizu, bestalde, entzuteko poema multzo handia duzula lehendik Susaren webguneko audioa atalean: Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Otamendi, Xabier Montoia, Edorta Jimenez, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Andolin Eguzkitza, Rafa Egiguren, Gabriel Korta, Jon Arano, Joakin Balentzia, Juanjo Olasagarre, Andoni Tolosa, Xabier Aldai eta Harkaitz Cano.

Abe 04 03

Erdaretara itzulirik

Ingelesera Stephen Moran-ek itzulirik jaso ditugu Juanjo Olasagarreren bi poema, eta Elizabeth Macklin-en eskutik Kirmen Uriberen bost poema. Constantin Roman-i zor diogu Kirmen Uriberen “Maiatza” errumanieraz jarri izana. Rikardo Arregi Diaz de Herediaren bi poema gehiago ditugu orain alemanez, Berit Skock-ek emanak. Frantsesez, bestalde, Itxaro Bordaren %100 basque nobela argitaratu berri du Editions du Quai Rouge Baionako argitaletxeak; lehen bost kapituluak eskaintzen dizkizugu. Hauek eta beste hainbat itzulpen irakurriko dituzu hemen klik eginda

Abe 04 03

Hiribarrenen Eskaldunakek 150 urte

Duela 150 urte, 1853ko abenduan, eman zuen argitara Jean Martin Hiribarrenek bere lanik ezagunena, Eskaldunak, 5.000 bat bertso-lerroz osaturiko poema. Azkainen 1810ean jaioa, hainbat lan idatzi zituen, euskaraz eta frantsesez, apaiz lapurtarrak. Hiru argitaratu zituen: Eskaldunak obraz gain, urte bereko Montebideoco berriac, Ameriketarako emigrazioaren aurkako kantuak, eta 1858ko Escaraz eguia, erlijioaren historia bat. Euskal Herriaren garai bateko agerpen osoa izan nahi duen poema luzea, osorik irakur dezakezu hemen.

Abe 04 03

Idazleak Susaren standean

Durangoko Azokan Susa argitaletxeak lau stand izango ditu (Goienkalea 41-44), horietatik bat osorik XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumari eskainia. Bestalde, idazle hauek izango dira Susan: abenduaren 5ean (ostirala) Jon Alonso (Hodei Berdeak), abenduaren 6an (larunbata) Pako Aristi (Libreta horiko poemak), Edorta Jimenez (Kilkerren hotsak, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), Hasier Etxeberria (Eulien Bazka) eta Juan Ramon Madariaga (Izozmendiak). Abenduaren 7an (igandea) Edorta Jimenez eta Juan Ramon Madariaga.
Susak Iñaki Uriaren ipuin bat eramango du opari Azokako bezeroentzat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak