Ira 25 03

Pablo Neruda hil zela 30 urte

Pinochetek estatu-kolpea eman eta hamabi egunera hil zen Txileko Santiagon Pablo Neruda, 1973ko irailaren 23an.1923an kaleratu zuen lehen poemarioa, Crepusculario izenekoa, eta hil zen arte goi mailako poesia obra utzi zuen idazle txiletarrak. Hala poetika nola ideario baten ikur, 1971n Literatura Nobel saria jaso zuen. 20 poemas de amor y una canción desesperada, Canto General, Residencia en la tierra, Odas elementales, Memorial de Isla Negra, Confieso que he vivido… asko ditu liburu gogoangarriak. Gaztelaniazko idazlea, ez dira asko euskarara ekarritako bere poemak, eta libururik bat ere ez. Hemen aurkezten dizkizuegu gure literatur aldizkarietan euskaratutako Pablo Nerudaren bost poema.

Ira 25 03

Lehen Bilduma 82-84

1985ean plazaratu zuen Susak Lehen Bilduma 82-84, Mikel Antzaren narrazio liburua. Zortzi narrazio dakartza liburuak (tartean Suzko gezi bat bezala, ipuin saritua, 1983an Gipuzkoako Aurrezki Kutxak argitaratua). Bere lehen ipuin-liburua, urte berean Beteluko balnearioko mirakulua antzerki-obra publikatu zuen, Iñaki Uriarekin batera idatzia, eta 1987an beste narrazio-bilduma bat: Odolaren usaina. Hurrengo astean: Gauzurtz baten izenak asmatzen, Eneko Olasagastiren poema-liburua.

Ira 18 03

Jonas Poisson

Iñigo Aranbarriren lehen liburuko poemak irakurtzera gonbidatzen zaituztegu aste honetan: Jonas Poisson, 1986ko hasiera-hasieran Susak argitaratutako liburua. Pako Aristik idatzitako hitzaurrea ere bertan aurkituko duzu. XX. Mendeko Poesia Kaieren web orrian badira Aranbarriri buruzko xehetasun gehiago. Datorren astean: Lehen bilduma 82-84, Mikel Antzaren narrazio liburua.

Ira 11 03

Galera errepikatuak

Galera errepikatuak poema liburua kaleratu zuen Susa argitaletxearekin Juanra Madariagak, 1992an. 1980ko hamarkadaren erdialdera literatur aldizkarietan lanak argitaratzen hasitakoa, Bizkaiko Foru Aldundiko 1988ko poesia saria irabazi eta hurrengo urtean plazaratu zuen liburua, bere lehena, Imentzioaren pergamua. Jarraitu du idazten eta publikatzen, eta udazken honetan bertan kaleratuko du poema liburu berria Susarekin, Izozmendiak izenekoa. Hurrengo astean: Jonas Poisson, Iñigo Aranbarriren poema liburua.

Ira 04 03

Abere madarikatuak

Narrazioen bidetik egin zuen jauzi, idazleen plazara, Antxon Gomezek, 1997an, Abere madarikatuak narrazio liburuaz. Idazleen plazara esan liteke edo, zergatik ez, idazleen zelaira edo basora edo errekara… Izan ere, liburuak dakartzan sei ipuinek natura dute kokaleku, eta denetan animalia bat da protagonista nagusi. Animaliak dira protagonista, bai, baina gizakiez hitz egiten dute ipuinok. Hurrengo astean: Galera errepikatuak, Juanra Madariagaren poemak.

Ira 04 03

Mario Onaindia hil da

Pasa den igandean, abuztuak 31 zituela, zendu da Mario Onaindia politikari eta idazlea. 1977an argitaratu zuen bere lehen literatur lana, Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak (Gero, 1977), eta geroztik beste dozena erdi literatur lan eskaini dizkigu: Gau ipuiak (1983), Grand Placen aurkituko gara (1983), Gilen Garateako batxilerra (1984), Del Rincon-en motorra (1985), Olagarroa (1987) eta Gela debekatua (1988). Saio politikoaren alorrean, 1978an lan elebiduna eman zuen argitara, Ez, ez ez Konstituzio hori ez. Itzulpenak ere egin zituen: Luis Bonaparteren 18. Brumarioa (1973), Hitlerrek untxi arrosa lapurtu zuenean (1988), Lope Agirrekoa (1989), Charlie eta txokolate fabrika (1989), Bakerako jostailuak eta beste istorioak (1989), Ateak zabaldu, euskal panpako kronika (1990).

Ira 04 03

Mugek gainditzen gaituzte eta Eskubiko pareta

Oreretako Mikelazulokoek ekitaldi berezia presatu dute irailaren 12rako (ostirala) 20:00etatik aurrera Pasai Antxoko kultur etxean.”Mugaindituz: Mugek gainditzen gaituzte” dantza garaikidea, musika, pintura eta poesia elkarrekin uztartzen dituen performance proiektu berria da. Ostean, "Eskubiko pareta" ikuskizuna eskainiko dute non, antzerkia, poesia eta ilustrazioa uztartzen diren. Proiektu berri hau Mikelazulok ekoiztu du eta estreinaldi horren ostean, Senpereko Oxtikenea etxean eta Lasarteko Jalgi kafe antzokian ere eskainiko dituzte.

Agenda

Efemerideak

Kritikak