Abu 28 03

Abbadiaren Koplari Guduak

Orain dela 150 urte, 1853ko abuztuaren 29an, jokatu zela lehen Lore Jokoa, Anton Abbadiak antolatutakoa, diote kronikek. Data hori hartu da estreinaldi ofizialtzat, baina ez dirudi hala denik, Patri Urkizuk prestatutako Anton Abbadiaren Koplarien Guduak (1851-1897) liburuan ikus eta irakur daitekeenez. Liburuan bildutako 400 poema-sortak irakur ditzakezu hemen, eta izen zerrenda oparoa kausituko duzu: Etxahun, Iparragirre, Dibarrart, Zaldubi, Duvoisin, Elissanburu, Hiribarren, Etxeto, Otaño, Arrese Beitia, Lopez Alen, Iraola…

Abu 28 03

Gartzelako egunkaria

Ho Chi Minh-en Gartzelako Egunkaria euskaratu zigun Iñaki Aramaiok eta 1985ean argitaratu zuen Susak. Buruzagi vietnamdarra 1942an preso hartu eta kartzelan idatzitako poemak dira gartzelako egunkari hau osatzen dutenak, 101 poema, Iñaki Aramaiok Txinan baizik Espainiako kartzela batean, Herrera de la Manchan, euskaratuak. Euskaratzaileak hitzaurrean dioenez, poesiaz gain testigantza ere aurkituko du irakurleak. Hurrengo astean: Antxon Gomezen narrazio-liburua, Abere madarikatuak.

Abu 28 03

Olerkiaren abartxoetan Senperen

Senpereko Hatsa elkartea eta Maiatz literatura aldizkariak poesia ekitaldi bat antolatu dute irailaren 6 (larunbata) eta 7rako (igandea) Senpereko Oxtikenea etxean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez ekitaldiaren helburu nagusia “olerkizaleek eta olerki idazleek, eurak maite dituzten euskarazko olerkiak publikoari aurkeztea eta publiko artean olerki trukeak egitea” izango da. Ekitaldi berezi horretan parte hartzeko ez da ordu finkorik izanen, baina izena emateko epea abuztuaren 31arte dago finkaturik.
Parte hartzeko igorri mezuak: hatsaelkartea@aol.com edo maiatz@caramail.com helbideetara.

Abu 21 03

Mañariko Errose Bustintzaren ipuinak

Duela 50 urte, 1953ko abuztuaren 20an, hil zen Errose Bustintza Mañariko. Euzkadi aldizkariko kronikalaria, poesiak eta kantu-letrak ere idatzi zituen, baina bere ipuinek egin dute ezagun. Hainbat aldizkaritan argitara emanak, Jaime Kerexetak bildu zituen Jesus’en Biotzaren Deia eta Anaitasuna aldizkarietan Euskalerriko ipuiñak izenburupean. Liburu gisa 1990ean kaleratu zituen Gero argitaletxean, Kerexetak berak zuzenduriko edizioan, Ipuiñak izenburuaz eta Santi Onaindiaren hitzaurrearekin. Osorik irakur ditzakezu hemen.

Abu 21 03

Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri

Michele Angiolillo anarkistak Arrasateko Santa Ageda bainuetxean hil zuen, 1897ko abuztuaren 8an, Canovas del Castillo Espainiako gobernuko presidentea. Bergarako kartzelan preso atxikia, gerra kontseilua egin eta bertako patio zabalean hil zuten Angiolillo, garrotez, abuztuaren 20an. Hil aurretik, hitz bakarreko mezua aldarrikatu zuen: Germinal! Michele Angiolillo (Lilio) da Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelako protagonista nagusietako bat; nobela 1998an argitaratu zen eta orain osorik emana daukazu hemen. Eta gainera, nobela hura idazten ari zelarik egindako baina argitaratu gabeko kapitulu berezi bat ere eskaini digu Izagirrek. Hurrengo asteko liburua: Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkaria.

Abu 14 03

Txirritaren bertso jarriak

Gaurko egunez, abuztuaren 14an, jaio zen Juan Manuel Lujanbio “Txirrita” bertsolari handia. Bere bertso ezagunak dio: “nere aitamenak izango dira beste larogei urtian”. Bistan da larogei baino askoz ere urte gehiago iraun duela Txirritaren itzalak. Bizirik balego, 143 urte beteko zituen gaur. Udako freskagarri bezala eskaintzen dizkizugu haren bertso jarri guztiak.

Abu 14 03

Asteroko liburua: Mugarri estaliak

Castillo Suarezek 2000n eman zigun argitara bere lehen poema-liburua, Mugarri estaliak. Indar handiko poemak dakartzana, liburuak ahots propio adoretsua erakusten du. Osorik irakur dezakezu hemen. Hurrengo astean: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Koldo Izagirrek 1998an kaleratutako nobela.

Abu 07 03

Astero liburu bat: Itzalaren ertzean

Idazle zaildua dugu Pablo Sastre, liburu mordoska bat argitaratua. Narrazioak, bere jenero ohikoenetako bat, jasotzen ditu Itzalaren ertzean liburuak, orain osorik eskaintzen dizugunak. 1996an argitaratu zuen, Susa argitaletxearekin. Hurrengo astean: Castillo Suarezen poesia-liburua, Mugarri estaliak.

Abu 07 03

Anjel Lertxundi eta Iban Zalduaren hitzaldiak

Iragan uztailaren 17tik 19ra, Hasier Etxeberriaren zuzendaritzapean, “Idazketaren esperientzia: intuizioak eta irtenbideak (I)” izeneko jardunaldia izan zen EHUko Udako Ikastaroetan. Egun haietan entzun ahal izan ziren hitzaldietatik bi eskaintzen dizkizuegu oraingoan: Anjel Lertxundiren Ni poetikoa eta mentura eta Iban Zalduaren Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa.

Abu 07 03

Idauze Mendiko Ramuntxo pastorala

80 urtean pastoralik egin gabe egon ondoren, Idauze-Mendi herriak atondu eta ondu du aurtengo pastorala, Pierre Loti idazle frantziarrak 1897an idatzitako “Ramuntxo” nobelan oinarritutako izen bereko pastorala. Pier Pol Berzaitz musikari eta pastoralgileak idatzi du testua, batetik, Lotiren eleberrian ageri den euskaldunen arketipoak, eta, bestetik, istorio horren unibertsaltasunak erakarrita.
Berriak pastorala osorik eskaini du bere webgunean; eta testu osoa irakurri, afixa ikusi eta emankizunetako argazkiak ere kontsulta daitezke.

Agenda

Efemerideak

Kritikak