Uzt 31 03

Asteroko liburua: Anemometroa

Anemometroa poesia-liburua izan zen Igor Estankonak ekarri zigun lehendabizikoa, 1998an. Artearrak arrakasta lortu zuen lehen poemario horrekin, eta 2002an kaleratu zuen bigarrena, Joseba Jaka beka irabazitakoa, Susa argitaletxeak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak argitaratutakoa: Tundra. Bere lehenengo liburua, osorik eskaintzen dizugu orain. Hurrengo astean: Pablo Sastreren narrazio-liburua, Itzalaren ertzean.

Uzt 24 03

Hegats 32 kalean

Plazaratu du Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariaren 32. zenbakia. Txosten monografikoa du zientzia-fikzioaz, Iban Zalduaren Zenbait gogoeta zientzia fikzioaren inguruan lana dakarrela, Begoña del Tesoren Baina, benetan egiten dugu amets ardi elektrikoekin idatziaz lagunduta. Horretaz gain, Antonia Vicens eta Olga Xirinacsen lanak, 2000.eko Galeuscan aurkeztuak, eta Henrike Knörren Zuri, euskal gazte horri poema luzea irakur daitezke. Emilio Lopez Adan Beltza-ri Lorea Agirrek eginiko elkarrizketa ere badu, eta ohi bezala, zenbait liburu-kritika. Honekin batera, EIEKo bazkideei Kalegats agerkariaren 2. zenbakia ere helarazi die elkarteak. Bata zein bestea osorik irakur ditzakezu EIEren webgunean, www.idazleak.org, argitalpenen atalean.

Uzt 24 03

Asteroko liburua: Itsu-mandoka

Ustela Sailaren 16. alea izan zen Itsu-mandoka, Jon Casenaveren narrazio-liburua. Bilduma berean Zutaz amoroski eta Kalean dilindan kaleratuak zituen (bigarrena Martin Larzabalekin batera), eta 1981ean Itsu-mandoka plazaratu zuen. Narrazio edo prosa-pieza laburrez osatua, hiru atal ditu liburuak: Haurkeriak, Joko Krudela eta Itsu-mandoka. Sakatrapuren marrazkiez hornitua, osorik irakur dezakezu orain. Hurrengo astean: Igor Estankonaren lehen poema-liburua, Anemometroa.

Uzt 24 03

Azpeitiko literatur uzta

Literatuzta, literaturako gehigarri berezia aurkeztu zuen Uztarria Azpeitiko aldizkariak, pasa den uztailaren 18an. Literatur gehigarriaren lehen zenbaki hau herriko 18 gazteren ipuinez, poemez, bidaia-kontaketez… osatua dator, eta dohainik banatuko zaie aldizkariaren bazkideei. Urtean bi zenbaki kaleratzeko asmoa azaldu dute. Agerkariaren aurkezpenean, idazleek euren testuak irakurri zituzten, irudiz eta musikaz lagunduta.

Uzt 17 03

Etxahunen “bolada” duela 50 urte

Pierre Topet Etxahun, Barkoxeko olerkaria, “vogan” izan zen orain 50 urte, 1953an. Pierre Bordazarre Etxahun Irurik Etxahun pastorala ondu zuen (Barkoxekoa vogan zela Bordazarrek berak erran zuen 1979an Zeruko Argia-ri emaniko elkarrizketa batean; Argiak 1999. urtean kaleratutako Gure Mendea liburuan irakur daitekeena). Eta Piarres Larzabalek ere 1953an plazaratu zuen Etchahun antzezlana, Gure Herria aldizkarian. Antzezlan hau irakur dezakezu hemen, 1953ko urtarril-otsaileko zenbaki hartan kaleratutako bertsioan.

Uzt 17 03

Egunkariaren aldeko berbak gazte sarean

Euskaldunon Egunkariaren itxierak elkartasun uholde handia ekarri zuen berarekin. Idazle eta literaturazaleen aldetik ere hainbat ekimen jarri ziren martxan. Hauetako bat, martxoaren 9an Bilboko Kalderapekon hainbat idazlek eginiko irakurtaldia. Sonia Gonzalez, Laura Mintegi, Andolin Eguzkitza, Aritz Zubiate, Iñaki Friera, Toti Martinez Lezea, Gari Berasaluze, Lourdes Unzueta eta Igor Estankona bere testuak irakurri zituzten. Errezitaldi hartako testuak lehen aldiz gaztesarean argitaratu dituzte.
Juan Kruz Igerabide, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Hasier Etxeberria, Xabier Mendiguren Elizegi, Patxi Zubizarreta, Jose Luis Padron, Toti Martínez de Lezea eta Patxi Irurzunen testuak topatuko dituzu orri berean.

Uzt 17 03

Aingurak erreketan

Jon Benitoren poesia liburua, Aingurak erreketan, irakur dezakezu osorik aste honetan. Bere lehen liburua, indarrez eta freskotasunez beteriko poemekin plazaratu zen idazlea Susa argitaletxearen eskutik. Liburuari egindako kritikak ere aurkezten dizkizugu. Datorren astean: Jon Casenaveren Itsu-mandoka liburua, Ustela Sailean, 16. zenbakiaz, 1981ean argitaratua.

Uzt 10 03

Berandu da gelditzeko

Aste honetan osorik eskaintzen dizugun liburua nobela bat duzu, Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko. Zuria Beltz musika taldeko Mikel baxu-jolea du protagonista, Bilbo Zaharrean bizi dena Dionisos deitzen dioten irakaslearekin. Datorren astean: Jon Benitoren Aingurak erreketan poema liburua

Uzt 03 03

200 urte George Borrow jaio zela

1803ko uztailaren 5ean jaio zen, Ingalaterrako East Derehamen, George Borrow. Elkarte Bibliko protestantearentzat lanean jardun zuen Europan eta Euskal Herrian, eta gure berri eman zuen bere lanik ezagunenetako batean: The Bible in Spain. Euskarak erakarri zuen eta 1838an Evangelioa San Lucasen Guissan eman zuen Borrowk berak argitara, Oteiza medikuak euskaratutakoa. Ijito-munduan aditua, ebanjelioa calo hizkuntzan ere argitaratu zuen. Hizkuntza asko ezagutzen zituena, The Bible in Spain liburuan, pasarte solteez gain, euskarari eta euskaldunei eskainia da 37. kapitulua. Berau irakur dezakezue hemen, jatorrizko ingelesezkoa, eta baita kapitulu horren eta beste pasarte batzuen gaztelaniazko itzulpena, Justo Garatek egina eta Revista Internacional de Estudio Vascos-en 1929an argitara emana.
George Borrowri buruz artikulua kaleratu zen Oh Euzkadi aldizkarian, eta berari buruz Julio Urkixok ere jardun zuen Vascófilos ingleses izeneko artikulu batean, 1934an RIEVen plazaratua.

Uzt 03 03

Lur bat zure minari

Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari poema liburua duzu aste honetan osorik eskaintzen dizuguna, Susak 1995ean argitaratua. Gainera, liburuko zazpi poema Otamendik berak errezitaturik entzun ditzakezu, eta nahi izanez gero beste hamalau ere bai “Zainetan murrailak” eta “Poza eta gero” liburuetakoak. Datorren astean: Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko nobela.

Uzt 03 03

Harkaitz Canoren poemak ingelesez

Justin Crumbaugh adiskideak Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran liburuaren “Sismografia” ataleko lau poema ingelesera itzulirik igorri dizkigu. Hortxe dauzkazue: “Late breaking news”, “Poetry is fiction (and a horn)”, “12 old sardines for immediate consumption” eta “The moment”.

Uzt 03 03

Beti paratuko naiz gizonaren alde Lekeition

Lekeitioko Kale Antzerki jaialdiak aurrerantzean beti poema bat izango du goiburu moduan. Aurten Gabriel Arestiren Beti paratuko naiz gizonaren alde hautatu dute. Uztailaren 11tik 13ra bitartean burutzen da Lekeition Euskal Herriko Kale Antzerki jaialdia.

Agenda

Efemerideak

Kritikak