Api 24 03

Aste honetako liburua: Eulien bazka

Asteon osorik eskaintzen dizugun liburua Hasier Etxeberriaren Eulien bazka nobela berria duzu (duela hilabete Susak argitaratua). Zortzi zati eginda agertu da emakume baten gorpua, eskuak eta burua falta dituela; eta Damian Arruti entomologoak ezaguna du biktima. Datorren astean: Juan Luis Zabalaren Sakoneta ipuin liburua.

Api 24 03

Haranburu Altuna, komunistak eta Juan Jose Lasa

Saizarbitoriak eta Izagirrek emaitza bikoitza dastarazi zuten duela 25 urteko Zeruko Argia astekarian. Alde batetik, Baietz astea gaizki bukatu sailean, Luiz Haranburu Altunak PCa utzi zuela eta biribildu zuten artikulu nagusia: Gorka Semprun, Santxeztar Federiko edo Haranburu Altunaren gora beherak. Bestetik, Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna sailean, Juan Jose Lasa psikiatrarekin egindako elkarrizketa luzea eman zuten, guztira egindako bostetatik azkena.

Api 24 03

Gau orbela, Jon Alonsoren ipuina The Balde-n

The Balde, euskaraz eta ingelesez argitaratu eta doan banatzen den aldizkariak 9. zenbakia kaleratu berri du. Irudi ederrez eta testu laburrez osatutako ale honetan, Jon Alonsoren Gau orbela narrazioa irakur daiteke. “Belardietako loreak (oraindik) the balde dira” izenburu orokorraren haritik, betiko sailak ere jasotzen ditu aldizkariak: musika, literatura, agenda, komikia, artea…

Api 17 03

Astero liburu bat

Apartheidaren ondorengo Hego Afrikara eramango zaitu Juanjo Olasagarreren Mandelaren Afrika kronika liburuak (Susa argitaletxeak duela bost urte 1998ko apirilean plazaratua). Osorik eskaintzen dizugu orain sarean, eta hemendik aurrera astero liburu bat ekarriko dugu internetera Literatur Emailuen bitartez. Hurrengo astean: Hasier Etxeberriaren Eulien bazka nobela.

Api 17 03

Txaman fantzinearen bigarren alea

Durangoko Txaman fantzineak aurtengo neguan kaleratu zuen bigarren zenbakia. Sarean ipini ditugu poema, irudi eta testuak, guztion gozagarri. Aurkezpenean halaxe diote: "Euskadi zaharretik jausten dan beste hosto bat da hau, herri honen makurtze prozesu konstante honetan parte gure ez daben partie".

Api 17 03

Baietz astea gaizki bukatu-ren itzulera

Aste batzuetako hutsunearen ondoren, duela 25 urte berriz ere argitaratu zen Saizarbitoriaren eta Izagirreren Baietz astea gaizki bukatu saila Zeruko Argian. "Rubial pozik Astea baietz gaizki bukatu utziko genuelakoan. Ba ez. Ez dugu abandonatzen eta alperrik du hor zehar asesoria kulturalak eskaini behar dizkigula esaten ibiltzea". Go home Mr. Church zuen aste hartako artikuluak, eta Aberri Egunaren ondokoez ziharduen.

Api 03 03

Oh! Euzkadi isildu zen

Duela 20 urte, 1983ko martxoan isildu zen betirako Oh! Euzkadi aldizkaria, urte bete argitaratu barik egon ostean. 1977ko irailean Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre elkarrekin idazten hasi ziren Zeruko Argian, beraiek sortutako “Baietz astea gaizki bukatu” sailean. 1979ko maiatzean, 24 lagunek sinatutako Oh Euzkadi izeneko orri batzu agertu ziren: “Oh Euzkadi ez da herriaren aldizkaria eta ez dugu uste inoiz ere izango denik“. 1979ko ekainetik urria bitartean Izagirrek eta Saizarbitoriak “Oh! Euzkadi” izenburua darabilte Zeruko Argiako kolaborazioa berritzeko. 1980ko maiatzean Oh! Euzkadi aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zen Donostian, aurrerantzean hilabetekari izateko asmoarekin, Lur argitaratzailearen babesean, Juanba Berasategiren irudiez eta maketaz.
Oh! Euzkadi aldizkarien eragile nagusiak Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, Joxean Muñoz, Joxan Elosegi, Juanba Berasategi eta Gotzon Egia izan ziren. Hamasei zenbakietatik sei 1980an kaleratu zituzten, zazpi 1981ean, ale bana 1982ko otsailean eta martxoan eta azkena 1983ko martxoan.

Api 03 03

Inazio Atxukarroren museoa eta Antxon Ezeizaren ibilerak

Sasoitxo bat isilik izan ondoren, indartsu itzuli ziren duela 25 urteko martxoan Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalera. Martxoaren 19ko data zeraman Zeruko Argia-n Inazio Atxukarroren museora eraman gintuen bikoteak; eta hurrengo astean Antxon Ezeizarekin jarri zuen hitzordua. Irakurleek nabaritua zuten, nonbait, hutsunea, izen hori zeraman gutuna argitaratu baitzen Atxukarrorekiko solasa zekarren 778. zenbakian, Izagirre eta Saizarbitoriaren falta gaitzetsiz (Xabier eta Albertok sinatua zen gutuna). Lemoizko Zentralak hartu zuen azala eta artikulu nagusia; Sarrionandiaren artikulu pare bat ere irakur zitezkeen. Aberri Eguna izan zen, berriz, 779. zenbakiko azala eta mamia hartu zituen gaia. Oro har liburugintzaz eta bereziki liburuen prezio garestiaz ere bazen artikulua.

Api 03 03

Ni, artean, txikia nintzen

Apirilaren 2an (Hans Christian Andersen idazlearen jaioteguna) ospatzen da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta hain zuzen idazle danimarkarraren Ahate itsusia ipuin ezagunaren irakurraldi batekin egingo dute ospakizuna Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea den Galtzagorriko kideek. Egun honetarako Ana Maria Machado idazle brasildarrak prestatu du nazioarteko agiria.

Agenda

Efemerideak

Kritikak