Uzt 25 02

Urruti Jauregiko Peirot pastorala Altzürükün

Datorren uztailaren 28an, igandearekin joko dute "Urruti Jauregiko Peirot" pastorala Altzürükün, Zuberoan. Aurten Niko Etxart herritarra izan dute pastoralaren egilea. XVI. mendeko zalduna zen izan zen Peirot Urruti eta Frantziako gorteetan izan zituen bere kargurik handienak. Frantzietako gorteetatik bueltan Baionako Gaztelu Berriko gobernaria ere izan zen. Nafarroako Albret erregearen aldeko agertu zen Altzürüküko Urruti Jauregiko Peirot. Niko Etxarten jaioterrian 1907an jo zuten azken pastorala, eta maskarada anitz egin duten arren, ia ehun urte igaro behar izan dira pastorala berriz egin eta emateko.
EITBko guneak iaz jokatutako "Xiberoako makia" pastorala, Jean Louis Davantek idatzia, osorik eskaintzen du xiberueraz eta batuaz. Piarres Lartzabalek idatzitako "Aralar", 1971ko pastoral antzerako antzerkia ere badago www.teatroa.com-en. Patri Urkizuk Durangon pastoralen gainean eman hitzaldia biltzen du Plazara aldizkariak. Informazio gehiago, Aurki-n

Uzt 18 02

Martzelino Soroa hil zela 100 urte

Martzelino Soroa komediagilea hil zela 100 urte beteko dira uztailaren 20an. Donostiarra sortzez (1848), Ziburura ihes egin behar izan zuen Bigarren Karlistadan eta han “Iriyarena” zarzuela eman zuen 1876. urtean. “Anton Kaiku” obra idatzi zuen 1880an, 1882an argitaratu eta estreinatua. “Gabon” antzezlana 1880ko azaroaren 6an estreinatu zen Donostian. “Anton Kaiku” estreinatu zen 1882ko urtarrilaren 25ean. 1884an argitaratu zituen: “Hau ostatua!” eta “Alkate berria”. 1885ean argitaratu zituen “Lapurrak, lapurrak!”, “Beti oker” eta “Haizeak ekarri eta haizeak eraman”. 1886an “Barrenean harra” argitaratu zuen; urte bereko abenduaren 26an estreinatu zen “Urrutiko intxaurrak” (1887an argitaratua). 1888an “Gorgonioren estuasunak” (zarzuela). 1889an “Ezer ez eta festa”. 1894an “Hauek istiluak!”. 1894 eta 1895 urteetan bere artikuluak bildu zituen: “Azak eta nahaste”. 1899ko abenduaren 21ean “Ezer ez eta festa” estreinatu zen Donostian. Hil ondoren, 1907an “Baina zein naiz ni?” argitaratu zen (1909ko abenduaren 21ean estreinatua).
Goaz antzerki taldeak Martzelino Soroaren bi lan antzezten ari da aurten mendeurrenaren karietara: “Gabon” eta “Antton Kaiku”.

Uzt 18 02

Putz aldizkariaren ale bikoitza

Ehun orrialdeko aldizkaria argitaratu du Apokaliftin elkarteak: Putz 15-16, ale bikoitza. Lau elkarrizketa dakartza: Patxi Irurzun, Belen Mijangos, Leopoldo Maria Panero eta Paddy Rekalderekin; azken honek Bukowskiren “Hau da Dylan Thomas hil zuena” eman du euskaraz. Ipuin eta poemen egileak, besteak beste: Manex Agirre, J.A. Roca, Enrike Letona, Pablo Sastre.

Uzt 04 02

Joseba Sarrionandiaren sei poema bere ahotsez

Joseba Sarrionandiak 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen Martuteneko kartzelatik, igande honetan hamazazpi urte. Idazleak berak errezitaturiko poemak eskaintzen dizkizugu aste honetan, Hau da ene ondasun guzia disko-liburuan 1999an argitaratutako hamaseietatik sei, Esan Ozenki eta Txalaparta argitaletxeei esker. Liburu horretako zenbait poema gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez ere badaude Interneten. Sarrionandiaren poema gehiago sarean: Gartzelako poemak (Susa, 1992); poema gehiago ere irakur ditzakezu Interneten. Esklabu erremintaria poema 25 hizkuntzatara itzulia dago jada.Fernando Pessoaren Marinela antzerki lana euskaratu zuen eta osorik da Teatroa.com gunean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak