Urt 31 02

Igela aldizkaria sortu zela 40 urte

Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibiñagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten IGELA – euskaldun heterodoxoen errebista: aldizkari satirikoa, “propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea”, hiruhilabetekari izateko asmotan. Pariseko zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten, bigarren zenbakia lehenbailehen ager zezaten Ibiñagabeitiak “dirulaguntza ederra” bidali zien Caracastik… eta berehala eskandalizatu ziren Euskal Herrian, Enbatakoak besteak beste. Kritikei aurre egin zieten Mirandek eta Peillenek, bereziki Igelaren 1962ko urriko alean. Igelak sei zenbaki argitaratu zituen 1963ko udazkena bitartean.

Urt 24 02

Kuliska Sortak 50 urte

1952ko urtarrilean, duela 50 urte, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. Svensson-en “Noni eta Mani” nobela (Plazido Mujikak euskaratua) izan zen lehen zenbakia. Kuliska Sortak 77 zenbaki (55 liburu) eman zituen argitara 1973 bitartean, besteak beste: “Olerki berrizte” (Emeterio Arrese), “Ipuiak” (Jautarkol), “Joanak joan” (Jon Etxaide), “Euskalerriko ipuinak” (Anjel Irigarai), “Poli” (Agustin Anabitarte), “Pedro Mari Otañoren bertsoak”, “Zirikadak” (Juan San Martin), Harri eta Herri (Gabriel Aresti), “Umeentzako kontuak” (Martin Ugalde), “Gauaz ibiltzen dana…” (Txomin Peillen), “Arantza artean” (Xabier Gereño), “Teatrogintza eta yakintza” (Antonio Maria Labaien, Kuliska Sortako azken zenbakia); eta zenbait berrargitalpen: Kresala (Txomin Agirre), Biotz begietan (Xabier Lizardi), Peru Abarka (Joan Antonio Mogel).
Kuliska Sortak argitaratutako liburu guztien zerrenda ere kontsulta dezakezu.

Urt 10 02

Aurkezpena

Literatur ekimenak iragartzearren sortutako e-posta bidezko albistegia da Literatur Emailuak. Susa argitaletxearen web guneko berritasunekin batera, idazleen hitzaldien zein errezitaldien albisteak emanen dizkizugu. Efemeride sail bat antolatu dugu, euskal idazleak gogora ekartzeko.Eta beste web gune batzuetako edukiei erreferentziak egiten saiatuko gara. Astero-asteroko albistegi hau jasotzea hautazkoa denez gero, hurrengo Literatur Emailuak jaso nahi ez badituzu, bidal iezaguzu mezu bat. Zure adiskideren bati bidal diezaiogun nahi izanez gero, jakinaraziko diguzu haren e-posta helbidea. Mila esker aldez aurretik. susanews@armiarma.eus

Agenda

Efemerideak

Kritikak