Urr 28 04

Oh! Euzkadiren despedida

1979ko urriaren 28an, Zeruko Argiaren 849. zenbakiarekin, Oh Euzkadi sailak ez zuen Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak idatzitako artikulua eskaini. Zenbaki horretan idazle gonbidatua soilik izan zuten, Maripi Solbes, eta halaxe egin zuten hurrengo bietan ere. 850.ean Juan Jose Lasa eta 851.ean berriro ere Maripi Solbes, eurek espresuki izenburua jarritako Oh Euzkadiko azken gonbidatua-n. Hortxe, 1979ko azaroaren 11ko zenbakian, amaitu zen sail interesgarri eta aberats hau. Aste honetan, sailaren despedida gisa, soilik idazle gonbidatua izan zuten azken hiru ale horiek eskaintzen dizkizugu.

Urr 21 04

EAJren kanpaina

EAJk estatutuarentzat baiezkoa eskatuz hasitako kanpainari gogor ekin zioten Saizarbitoriak eta Izagirrek, bai eskatzeko erabilitako leloa bereziki. Artikuluan Basarriren “bordatxoak” ere  izan zuen tartea. Eta ez zuten erabat askatu Federiko Krutwigek botatako hitzen haria, Oteizak esandakoekin alderatuz. Konbinazio arras interesantea. Zeruko Argiaren 848.arekin emandako Oh! Euzkadin Jon Casenave izan zuten artista gonbidatua.

Urr 14 04

Tarradellas eta Krutwig

Astebeteko pausaren ostean, mamitsua ekarri zuten Oh Euzkadi atala Saizarbitoriak eta Izagirrek Zeruko Argiaren 847. zenbakian. Tarradellas (beharbada ez hain) honorablea hartu zuten ahotan eta Katalunia eta Euskal Herriaz jardun, eta amaieran Federiko Krutwigek euskal literaturaz La Voz egunkarian esandako “harribitxi” batzuk ekarri, gezi pare bat jaurti aurretik. Artista gonbidatua Ermi Madariaga izan zen.

Ira 30 04

Iraultzaile eta konfliktibo

Aurreko astean heldua zioten iraultzaile eta konfliktibo gauza bera ez dela gaiari Oh Euzkadi sailean, eta sakondu zuten Zeruko Argiaren 845. zenbakiko artikuluan. Euskaltzaletasuna izan zuten hizketagai zehatza iraultzaile eta konfliktiboaren eremuan. 25 urte beranduago ondo asko irakurtzen diren hitzak. Iraileko bigarren emanaldi honetan errekuperatu zuten idazle gonbidatuaren saila, eta Ladix Arrosagarairen testua eskaini.

Ira 23 04

Bakantzen amaiera

Zeruko Argiaren 844. zenbakiarekin, 1979ko irailaren 23an, orain hogeita bost urte, berrekin zioten Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek Oh Euzkadi! sailari. Aldizkariak baino hiru aste gehiagoko “oporrez” jarduten dute, beren aldizkariko jardunaz eta jardun ezaz, eta bestelako jardunez ere bai, “sexuari” buruzko notizia bat dela eta.

Uzt 29 04

Politikoei mihitik helduz

EAEko estatutua zela eta hala jardun zuten Oh Euzkadi-koek 1979ko uztaileko azken asteko Zeruko Argia-n. EAErako estatutua burutu zela eta haren inguruko adierazpenekin hasita, bestelako gai batzuetan adierazpenak egindakoak izan zituzten jopuntu: Mitxel Unzueta, Xabier Arzalluz, Mario Onaindia… Abuztuko etena eta oporraldia bazetorrela eta oporrei buruzko atala ere eman ziguten. Ladix Arrosagarai izan zuten idazle gonbidatu. Eta, guk orain beraien sailarekin egingo dugun bezala, hilabete t’erdiko oporrak hartu zituzten.

Uzt 22 04

Olarra eta Hemingway

Ohi bezala, kupidarik gabekoa eta komarik ez galtzekoa zen orain 25 urteko Izagirre eta Saizarbitoriaren Oh! Euzkadi saileko komentarioa, Zeruko Argia aldizkariaren 839. zenbakikoa. Enpresarioaren inguruko lerro batzuen ondoren, eta Nafarroaz eta Egin-ez idazteko beta galdu gabe, Pasaiako San Ferminen inguruko kronika eder askoa ekarri zuten. Idazle gonbidatua Jon Casenave izan zuten.

Uzt 15 04

Oh! Euzkadi-koak Euskaltzaindiarekin

Zeruko Argia-ren 838. zenbakiarekin kaleratutako Oh! Euzkadi sailean Euskaltzaindiaren aldeko artikulua idatzi zuten Saizarbitoriak eta Izagirrek. Juan San Martinen aldekoa, egia esan, eta zehatzagoak izateko, hura bota zutenen aurkakoa. Kultura Kontseilaritzan zuzendaritza hartua zuen Juan San Martinek eta orduantxe kendu zioten, EAJko sektore batzuen presioz, artikuluan irakur daitekeenez. Idazle gonbidatua Juan Martin Alegria izan zuten.

Uzt 08 04

Euskarazko etsaminak

EUTGko Letras-eko fakultatean azterketak euskaraz egin eta horren ondorioz sortutako zalaparta hartu zuten aintzat Saizarbitoriak eta Izagirrek orain 25 urteko Zeruko Argiako Oh! Euzkadi saileko komentarioan. Katedradunen batek azterketak euskaraz egin zituztenen aurka esandakoekin, atzekoz aurrera, osatu zuten artikulu nagusia. Idazle gonbidatua Pello Lizarralde izan zuten, eta tarterik ere bai orain 25 urte Madrilen hil zen Blas de Otero gogoratzeko.

Uzt 01 04

Kabezudoak eta jiganteak

1979ko uztaileko lehen asteko Zeruko Argiako Oh Euzkadi sailak gai bitxia izan zuen hizpide: kabezudoak eta jiganteak. Inguratzen gaituen zuzentasun-grinak orain buruhandi eta erraldoiak esatera akaso eramango gituzkeen, baina orain 25 urte bazuten zuzentasuna dela eta beste iritzi, eta praktikarik. Ale berean argitaratu zuten “Tertulia” akademiaren gutuna, horren adibide. Asteko gonbidatua Gabino Arsuaga izan zen, Txirritaz idazten.

Eka 24 04

Kendu nion buztan bat, ipini nion beste bat

Izenburu horixe zekarren orain 25 urteko San Joan egunez kaleratu zen Zeruko Argia aldizkariko (835. zkia.) Oh Euzkadi sailak, eta, hara mende laurden geroago gauzak zertan diren, estatutuaz eta estatutuaren inguruko jarrera politikoez ziharduten Izagirrek eta Saizarbitoriak. Horretaz gain, asteko gonbidatua Mikel Hiribarren izan zen.

Eka 10 04

“Oh Euzkadi” esan zuten Izagirrek eta Saizarbitoriak

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, “Baietz astea gaizki bukatu” saila 1977 eta 1978an egin eta gero, 1979ko ekainean “itzuli” ziren Zeruko Argia-ko orrialdeetara. Eta artikulu-sail gogoangarria berriro ere irakurleei eman: Oh! Euzkadi saila. 1979ko ekainaren 4an argitaratu zuten lehena, eta beste hamasei 1979ko azaroaren 11n azkena plazaratu zuten arte. Artikulu sorta honetan bilatu behar da, hain zuzen ere, 1980an plazaratuko zen Oh! Euzkadi aldizkariaren ernamuina (1979ko maiatzean argitaratutako zero zenbakiarekin batera), bertan topatuko ditugu aldizkari hartan parte hartu zuten izen asko. Izan ere, euren kronikarekin batera, astero gonbidatu bat zekarren Oh! Euzkadik, gonbidatuaren testu batek ixten zuen kronika (lehehengo biak, adibidez, Urtsuaran eta Ramon Etxezarreta). Gure historian benetan bizi izan den garai bateko asteroko kronika zorrotz eta bikaina, guk ere astero emango dugu artikulua. Lehenengo biak irakur ditzakezu Emailu honetan.

Mai 15 03

Ez zuten gaizki bukatu

Zortzi hilabetez jardun eta gero, Baietz astea gaizki bukatu saileko azkena egin zuten Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek. B.O.G.A. sortu da gaztigatu zuten izenburuan, “abertzale guztiok behar dugun alderdia”, eta haren berri eman. Hogeita bost urte geroago testuak, ironiaren luma zorrotzak sinatua, badu xarmarik. Izan ere, ez al da ironikoa 25 urte geroago Donostian hauteskundeetara aurkeztea debekatu dioten plataformak Boga izena eramatea? Aste hartako lehen artikulua, dena den, hala Saizarbitoriak nola Izagirrek Rikardo Arregiri buruz egindakoa da, hura nola ezagutu zuten kontatzen dutenekoa. Maiatzaren 14ko Zeruko Argia hark ere azala andoaindarrari eskaini baitzion. Zenbaki hartan Tabernateka sail berria ere plazaratu zen, Errikotxiak eginiko “puzzle satirikoa”..

Mai 08 03

Auskalo anaia non dabilen

1978ko maiatzeko lehen astean puntuka ibili ziren, nolabait esan, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria. Txiki Benegasek Ipar Euskal Herriko anaiak topatzeko zituen arazoak izan zituzten hizpide, nagusiki, baina gehiago ere bai: 68ko maiatzari buruzko erreflesioa, polizien arazo psikologikoak, atxiloketak… Auskalo anaia non dabilen izenburua zeukan aste hartako Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak. Zenbaki hartako Zeruko Argian, bestalde, esanguratsua da _besterik ez jartzearren_ Maiatzaren 1ari buruzko artikulu nagusiaz gain, erreportaia zetorrela udal hauteskundeen atarian sortu berria zen Herri Batasunari buruz.

Api 24 03

Haranburu Altuna, komunistak eta Juan Jose Lasa

Saizarbitoriak eta Izagirrek emaitza bikoitza dastarazi zuten duela 25 urteko Zeruko Argia astekarian. Alde batetik, Baietz astea gaizki bukatu sailean, Luiz Haranburu Altunak PCa utzi zuela eta biribildu zuten artikulu nagusia: Gorka Semprun, Santxeztar Federiko edo Haranburu Altunaren gora beherak. Bestetik, Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna sailean, Juan Jose Lasa psikiatrarekin egindako elkarrizketa luzea eman zuten, guztira egindako bostetatik azkena.

Agenda

Efemerideak

Kritikak