Urr 16 07

Beñat Sarasolaren
bost poema katalanez

Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat liburuko bost poema katalanez bidali dizkigu Andreu Gabrielek: “Material Culture”, “Una forma de parlar”, “Ocells”, “Carrer Bermingham, Sant Sebestià” eta “Cendra”. Poema gehiago ere badituzu katalanera itzulirik hemen (Gabriel Aresti, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Xabi Borda, Andolin Eguzkitza, Koldo Izagirre, Edu Zelaieta).

Ira 17 07

Eider Rodriguezen
lau ipuin gazteleraz

Madrilgo Atenea elkarteak Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) narrazio liburuko lau ipuin gaztelerara itzulirik argitaratu zituen joan den urtean, Cuatro cicatrices izenburupean. Hortxe dituzu idazleak berak egindako itzulpenak irakurgai.

Ira 10 07

Zubiri eta Canoren
ipuin bana alemanez

Gabriele Schwab itzultzaileak Harkaitz Zubiri eta Harkaitz Canoren narrazio bana bidali dizkigu alemanez jarriak. Zakur kale (2007, Susa) liburuko “Hura izan da” eta Neguko zirkua (2005, Susa) liburuko “Argentinar lotsatia”. Hementxe dituzu hurrenez hurren: Der war’s eta Der schüchterne Argentinier.

Ira 05 07

Koldo Izagirreren nobela bat katalanez

Virus argitaletxeak Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) nobela katalanez argitaratu zuen iaz, Luis Carmonak itzulia. Oraintxe, abuztuan, 110 urte bete dira Michelle Angiolillo anarkistak Canovas del Castillo agintari espainiarra tiroz hil zuela Arrasaten, eta epaiketa bizkor baten ondoren Angiolillo Bergaran jendaurrean exekutatu zutela garrotez. Gertakari haiek gogoan, Izagirreren nobela eskaintzen dizugu katalanez ere: Jo també haguera volgut cridar Germinal!

Eka 19 07

Leire Bilbaoren poemak erdaraz

Leire Bilbaoren Ezkatak (Susa, 2006) poema liburuko hainbat poema itzulirik batu ditugu: hamar ingelesez (Sarah J. Turtle eta Iñaki Mendigurenek emanak), hamar italieraz (Viviana Tomassettik), lau alemanez (Gabriele Schwab), hiru katalanez (Laia Noguera i Clofentek), bi galegoz (Ivan Cuevasek), bederatzi gazteleraz (idazleak itzuliak). Eta euskaraz entzuteko ere badituzu zortzi, Leire Bilbao beraren ahotsez.

Urr 07 06

Suarez, Benito, Estankona
eta Madariaga katalanez
sèrieAlfa aldizkarian

Castillo Suarez, Jon Benito, Igor Estankona eta Juan Ramon Madariaga poeten testuak argitaratu dituzte sèrieAlfa Valentziako literatur eta arte aldizkari digitalaren 31. zenbakian. Miren Agur Meabek egin du testuen aukeraketa. Egile bakoitzaren launa poema itzuli dituzte katalanera eta espainierara, eta hiru hizkuntzetan daude testuok. Aldizkariaren sustatzailea ere baden Joan Navarrok egin du katalanerako itzulpena.

Uzt 20 06

Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poemak italieraz

Roberta Gozzi itzultzailearen lanari esker, italieraz irakur daitezke Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lau poema. Izenburuek hots ederra dute: Poema d’amore, Più o Meno –IV; Souvenir Pieux; Fogli caduti per strada eta Poema d’amore, Più o Meno –I. Susa argitaletxearen webgunean eskaintzen dizkizugu.

Api 27 06

Koldo Izagirreren 6 kantu alemanez

Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra argitaratu berriko sei kantu alemanez ekarri dizkigu Gabriele Schwab-ek. Lehen ere Schwabek alemanez emanak zituen Izagirreren Non dago Basques’ Harbour liburuko bost. Baina baita ere ia 100 euskal poema basquepoetry.eus gunean: Etxepare, Oihenarte, Etxahun, Iparragirre, Otaño, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Mirande, Gandiaga, Aresti, Urretabizkaia, Sarrionandia, Borda, Aranbarri…

Mar 31 05

Edu Zelaietaren poemak beste hizkuntzetan

Mugaldekoak poema-liburua kaleratu zuen 2004an Edu Zelaietak, eta hasiak dira bere poemak beste hizkuntza batzuetako doinuak ezagutzen. Bost poema —Batzuetan; Koldarrak eta ausartak; Iturriak; Kartografoa naufragioan; Lerro berdea— itzuli dizkiote hiru hizkuntzatara: gaztelania, katalana eta esloveniera. Lehenengo biez Jordi Serra arduratu da, gaztelaniazkoan egileak berak lagunduta; eta Marjeta Prelesnik Drozg-ek egin du eslovenierazko itzulpena.

Mar 17 05

Euskal literatura beste hizkuntzetan

Oso tarteka bada ere, irekitzen ditu gure literaturak beste hizkuntza batzuetako ateak, eta tarte hori ere ekarri nahi dugu guk gure artera. Azken aldian jaso ditugun zenbait itzulpen jarri ditugu sarean: Andolin Eguzkitzaren Dos anys després de la mort dels pares poema, katalanez; Kirmen Uriberen  lau poema ingelesez (aurretik zeuden bostei gehituta), eta Edorta Jimenezen Baleen berbaroa liburuko bi kapitulu, Tranchida argitaletxeak italieraz argitaratu duen itzulpenetik.

Urr 21 04

Joxe Azurmendiren 68 poema alemanez

Joxe Azurmendi poeta bezala baino saiogile eta filosofo moduan da ezagunagoa. Idazle aparta hala ere. Hitz Berdeak poesia liburua 1971. urtean kaleratu zuen Arantzazuko EFA argitaletxearekin. Geroztik saiakerari emana izan da luzaroan.  Orain aurkezten dizkizugunak alemanera itzulitako 68 poema dira. Azkena, Azurmendiren poemarik ezagunena; Manifestu atzeratua-Verspätetes manifest.

Urr 21 04

Edorta Jimenezen Azken fusila italieraz

L’ultimo fucile izenburuaz eta Roberta Gozziren itzulpenarekin plazaratu berri du Milanoko Tranchida argitaletxeak Edorta Jimenezen Azken fusila nobela (1993-Susa). Idazlea Italian da nobela aurkezten: astelehenetik ostegunera bitartean bost hitzaldi egin ditu Milanon, eta bana bihar Bergamon eta larunbatean Erroman. Tranchidak Edorta Jimenezi argitaratzen dion bigarren nobela da, iaz agertu baitzuen “La voce delle balene” (“Baleen berbaroa”, 1997-Txalaparta).

Abu 26 04

Arestiren poemak katalanez

Laura Rodriguez eta Eneko Zuloagak katalanera itzulitako Arestiren zazpi poema bidali dizkigute. Basquepoetry atarian ere badituzu Arestiren bost poema katalanez, Toni Strubellek itzuliak. Bestalde, 1988 urtean Galeusca zela-eta Erein argitaletxeak Espriu-Ferreiro-Aresti antologia txiki bat plazaratu zuen hiru hizkuntzatan; hemen Arestiren zazpi poema (Josep Daurella).

Abu 12 04

Pako Aristiren zortzi poema ingelesez

Libreta horiko poemak liburuko zortzi poema ingelesez igorri dizkigu Jain Alkortak. Susaren webgunean zortzi erdara ezberdinetara egindako itzulpenak dituzu: ipuinak, nobelak, poemak. Aurrerantzean ere aintzat hartuko ditugu bidaltzen dizkiguzuenak.

Ots 12 04

Pako Aristiren lau poema erdaraz

Josebe Alkortak Pako Aristiren “Libreta horiko poemak” liburuko bi poema paratu ditu ingelesez. Bestalde, galegoz eta espainolez bana jarri du Pako Aristik berak: Sen romance eta Reconversión industrial. Susaren webgunean zazpi-zortzi hizkuntza ezberdinetara itzulitako poemak irakurriko dituzu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak