Mar 18 17

Xarriton, agur eta ohore

Atzo hil omen zinen, Piarres Xarriton. Nolako eskuzabala zinen, bagenekien lagunek erranik. Gero, zuregana jo genuelarik laguntza eske, harritu gintuen zure pozak eta lanerako kanoreak. Zuregatik izan ez balitz, Armiarmak ez zuen Eskualduna kazetaren bilduma euskaldunen esku eman ahal izanen. Dolu hartzen dugu hila zarela jakinik, zurekin solastatzeak bazuen jakingarri, pizgarri eta proiektubide. Omenaldi apal bat egin nahi dizugu, guztiz apala, Chabier Gazteizen berri emanez. Oroitzen? Hogeita bat urteko, euskaldunon historiaren berri hasi zinen ematen Aintzina aldizkarian, norbaitek animaturik laburpen bat egin zenuen eskolarako. Nongo eskoletarako? Hegoaldea Franco pean, Iparraldea nazien mende… Eta hala ere, zeinen edizio polita Eskualdunak liburuttoa (1943), Isaak Diez de Ibarrondoren marrazkiekin! “Arbasoeri jarraiko behar zaizkote burua gora oraiko Euskaldunak ere, eta nahiago ukan behar dute berak hil, Eskual Herriaren suntsitzea ikusi baino”. Ez zen eskola liburu bat, ahalegin xume bat baizik burua arnastera ateratzeko suntsimendu hartan. Eman zenion, bai, zure herriari. Ez zaitugu ahaztuko.

Mar 03 17

Juan Karlos Merinoren ipuinak

Duela hilabete, otsailaren 3an, hil zen Juan Karlos Merino idazlea. Narrazio laburren esparrua landu zuen azkoitiarrak, eta han-hemenka argitaratutako ipuinez gain, bi liburu eman zituen plazara, Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman Kondoi urrunak (2002), eta Eleak argitaletxean Kaleko ipuinak (2006). Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.

Ots 24 17

Marijane Minaberriren heriotza

Otsailaren 23an hil zen Marijane Minaberri, euskal literaturaren ahots eder bat isilduz. Erabat mututu ez, ordea, haren ipuin eta kanten bidez gozatzen jarraitu ahal izango baitugu Bankan jaiotako idazlearen hitz eta istorioez. Ipuinak, antzerkia, poemak, kantuak, haurrendako idatzitako harribitxiak dira Minaberrik utzi dizkigunak. Aldizkaritan plazaratutako bost poemaz gain, hemen eskaintzen ditugu argitaratu zituen liburuak, osorik: Haur antzerki, Itxulingo Anderea, Mari Gorri eta Xoria Kantari. Goza itzazuela.

Urt 02 17

John Bergerren heriotza

2017ko urtarrilaren 2an, urtea hasi berri, hil da John Berger, “begi gainean izarak zabalduta, lekutu da mundutik”. 1926an Londresen jaioa, margolari izana eta arte kritikari zorrotza, idazletzari lotu zitzaion ondoren eta obra oparoa eskaini. Into their Labours trilogiak oihartzun handia izan zuen, lurra eta hura bizi dutenen kantu gordin eta ederra, baina haren obra osoa da azpimarratzekoa. Narratibaz gain, saiakera landu zuen —arte eta estetikaren alorrean bereziki, begiradaren munduan— eta baita poesia ere. Haren heriotzan, Iñigo Aranbarrik euskararatutako hamar poema eta ipuin bat eskaintzen dizkizuegu.

Aza 28 16

Marcos Anaren sei poema

2016ko azaroaren 24an hil zen, 96 urte zituela, Marcos Ana poeta.  Idazle ez ezik ekintzaile politiko izan zenak, komunista, 1939an kartzelatua, 23 urte eman zituen Espainiako frankismopeko kartzeletan, urte gehien espetxeratuta egin zituen preso politikoa bihurtuz. Haren ibilibideari ezibestean lotua, “lubaki-poesia” deitu izan diote Marcos Anarenari. Haren heriotza kari, Iñigo Aranbarrik euskaratutako zenbait poema eskaintzen dizkizuegu.

Urr 11 16

Mayi Pelot gogoan

Urriaren 6an hil zen Mayi Pelot idazlea Miarritzeko bere etxean. Zientzia fikziozko literaturari eskaini zizkion bi liburu Maiatz argitaletxearekin: Biharko oroitzapenak (1985) ipuinak eta Teleamarauna (1987) nobela laburra. Itxaro Bordari eta Josu Landari Susa aldizkarian eskainitako elkarrizketa batean kontatu zuen, Ray Bradbury irakurtzen zaletu zela generoan, “estetikarengatik, poesia fikzioan atxikitzen dakielako, eta mundu berri bat asmatzen”. Mayi Peloten gorazarrez, sarean osorik emana den Biharko oroitzapenak ipuin liburua irakurtzera gonbidatzen zaitugu.

Uzt 07 15

James Salterrekin Ilunabarrean

90 urte bete berritan zendu zen, joan den ekainean, James Salter idazlea. AEBetako Armadako pilotu izana, II. Mundu Gerran eta Koreakoan, hegan egiteko grina idaztekoagatik aldatu zuen. Lehen eleberrietan (The Hunter) soldadu esperientzia kontatzen du, molde hagitz fatalistan. Geroago, giza harremanek hartzen dute haren literatur lanaren ardatza, pertsonen artean sortzen diren suak eta eta erreketak, estilo labur eta zehatzez emanez, harremanetan marrazten dituen moduko pindardun istorioak sortuz. 1988ko Dusk and Oher Stories ipuin bildumako Ilunabarrean ekarri digu euskarara Jon Benitok.

Api 13 15

Bi heriotza, Galeano eta Grass

2015eko apirilaren 13an zendu dira bi idazle handi, Eduardo Galeano eta Gunter Grass. Nobel sari alemanak baditu euskaratuta bi lan, Katua eta sagua (Ibaizabal, 1994) eta Batzarra Telgten (Alberdania, 2002). Maisu uruguaitarrak, berriz,  Istorio hiperlaburrak (Erein, 1995), Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000) eta Ispiluak (Txalaparta, 2013). Hiltzeko egunaz gain, aurkitu diegu beste elementu komunik: biek izan zuten aipagai bi aste barru urteurrena izango den Gernikako bonbardaketa. Nire mendea liburuko pasarte batean Grassek, eta Ispiluak eta Boca del Tiempo liburuetako banatan Galeanok. Hementxe eskaintzen dizkizuegu hirurak.

Ots 09 15

Assia Djebarren bost poema

Otsailaren 6an Parisen hil zen Assia Djebar idazle aljeriarra. Hamahiru nobelaz gain, poesian, antzerkian eta saiakeran ere jardun zuen, eta baita bi film luze zuzendu ere, denak frantsesez. Eragin handieneko emakume idazlea izatera iritsi zen Magreben. Bere bizitza eta obra aurreiritzi eta arau ugariren kontrako ibilbidea izan zen. Berak esana da: “Beste emakume idazle aljeriar askok bezala, urgentziazko sentimendu batekin idazten dut, atzerakadaren eta misoginiaren kontra”. Djebarren Bost poema irakur ditzakezu oraingoan euskaraz, Josu Landak itzuliak.

Abe 24 14

Mark Strand-en Aitaren eresia

2014ko azaroaren 29an zendu zen Mark Strand poeta estatubatuarra. Poeta eta pintorea, pintorea eta poeta, absentziari kantatu izan dion idazlea. Kanadan jaioa eta AEBetan hazia, hainbat urte Hego Ameriketan eta Espainian bizi izan bada ere. Haren obra poetikoan oroiminak toki handia du, eta euskarara Kirmen Uribek ekarri duen poema luzea ere halako begirada da, aitari egindako eresia. Hemen daukazu.

Api 19 14

Gabriel Garcia Marquezen heriotzarenean

Apirilaren 17an hil zen Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarra, errealismo magikoa deitu izan denaren adierazlerik gorenetarikoa. Bere idazlanetan fantastikoa eta erreala maisuki uztartu ohi ditu, Hego Amerikako bizitza eta gatazkak islatuz. Oparoa da Garcia Marquezen liburuak euskaraz irakurtzeko aukera, lau liburu hauexek: Heriotza iragarritako baten kronika (1982, Xalbador Garmendia), Jenerala bere laberintoan (1990, Xabier Mendiguren Bereziartu), Koronelari ez dio inork idazten (1992, Tomas Sarasola) eta Naufrago baten kontakizuna (1998, Eneko Barrutia). Horiez gain, pieza txikiagoak ere argitaratu dira aldizkarietan edo bildumetan, besteak beste, orain eskaintzen dizkizugun Zerbait izugarri gertatu behar da herri honetan (1985, Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa) eta Horietako egun batean (1994, Gillermo Etxeberria).

Mar 06 14

Leopoldo Maria Paneroren
lau poema

Bart, Kanarietan gaueko 11ak zirenean hil da Leopoldo Maria Panero poeta. Aspaldidanik eroetxe ezberdinetan ingresaturik, harat honat ibili da azken urteotan. Ez da aspaldi, urte mordo bat Arrasateko Santa Agedan egin zituela, eta orduan hitzaldi eta errezitaldi ugari eskaini zituen Euskal Herrian. Josu Goikoetxeak  Paneroren zenbait poema hautatu eta euskarari ekarriak gunean ditugu orain irakurgai.

Ots 03 14

Pete Seegerren hamahiru kantu

Duela astebete hil zen Pete Seeger kantari eta kantugile estatubatuar handia. Haren itzala begi-bistakoa izan da mundu osoko kantari ugarirengan, baita Euskal Herrian ere. Herri xehearekin lotura estua, konpromiso politikoa eta ekoizpen erraldoia dira ia ehun urteko bizitza horretako ezaugarri nagusiak; langile mugimendua, eskubide zibilak, Vietnamgo gerra… nondik norako horretako zenbait mugarri. Azken urteetan ere tinko eutsi zien Seegerrek bere ibilbide osoko hatsarreei: 2002an, Irailaren 11ko atentatuen ondoren eta Irakeko gerraren bezperan, Luther King-i ikasi kantua sortu zuen, eta 2010an, Mexikoko golkoan izandako petrolio isurketaren kariaz, Jainkoak behar nau…. Kantu horiek eta gehiago ere euskaraz paratu ditu Josu Landak, orain eskaintzen dizkizugun hamahiru kantu horietan.

Ots 01 14

Jose Emilio Pachecoren heriotza

Joan zen igandean, 2014ko urtarrilaren 27an hil zen Jose Emilio Pacheco, 74 urte zituela. Mexikoko XX. mendeko idazle inportanteenetako bat, hainbat poema liburu eta saio idatzi ditu. Luigi Anselmik haren Traduttore traditore poema euskaratu zuen Bertzerenak liburuan; eta Mikel Elorzak Traizio gorena. Hemen dituzue biak.

Urt 15 14

Juan Gelmanen oroigarri

Juan Gelman poeta argentinar handia atzo hil zen Mexikon. Diktadura militarrraren aurka jardun zuen, montoneroen erakundean. 1975ean erbesteratu zen, eta ez zen inoiz Argentinara itzuli. 1976an militarrek bere bi seme-alabak eta erraina desagerrarazi zituzten. Alaba ostera agertuko zen, baina semea 1990ean aurkitu zuen, ibai batera jaurtitako igeltsuzko ontzi batean, hilda. Bahiketa garaian jaiotako biloba, 2000era arte ez zuten aurkitu, Urugain. Poesia ekintza politikoarekin lotuz, idazkera herritarra erabiliz ekin zion gaztetan, eta gerora inozentziaz eta oinazez kargaturiko maisu lana garatu zuen. Joserra Egiluzek 1991n eta Koldo Izagirrek 2004an itzulitako poema banaz gain, Kevin Herediak 2007an euskaratu zituen 9 poema. Hamaika poema denera, Gelmanen oroigarri.

Agenda

Efemerideak

Kritikak