Urt 07 17

Hirugarren (H)ilbeltza astea Baztanen

Urtarrilaren 16tik 22ra egingo dira nobela beltzari buruzko (H)ilbeltza jardunaldiak Baztanen. Patxi Larrionen Feriatzaileak nobelaren inguruko solasaldiaren abiatuko dira, eta astean barrena hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurraldiak eta liburu aurkezpenak izango dituzte. Arreta berezia eskainiko diete Gotzon Garateren nobela beltzei, aurten beteko dira-eta 40 urte Esku leuna eta Elizondoko eskutitza argitaratu zirela: “Esku leuna Azpeitiko Enparangain baserrian bukatu nuen, gero Elizondoko eskutitzak Amaiurko Iriartea baserrian”, kontatu zuen Gotzon Garatek.

Aza 03 16

Euskal literaturaz Bartzelonan

Azaroan hasi eta 2017ko maiatza bitartean, Bartzelonako Biblioteca Esquerra de l’Eixample-n euskal literatur liburuez jardungo dute katalanez, hilero laugarren asteartean arratsaldeko 19:00etan. Liburu hauek izango dituzte mintzagai: Bernardo Atxagaren Zeru horiek azaroan, Itxaro Bordaren %100 basque abenduan, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat urtarrilean, Karmele Jaioren Amaren eskuak otsailean, Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion martxoan, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur apirilean eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik maiatzean.

Uzt 13 16

Eako 13. Poesia Egunak

Asteburu honetan, uztailak 15-16-17, izango dira Eako Poesia Egunak, hamahirugarren urtez. Aurten “…eta paisaia hitz egin zen” izenburuarekin dator, egitarau zabalaz eta idazle ugariren parte hartzeaz, hala nola: Eider Rodriguez, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte, Elurre Iriarte, Goizalde Landabaso, Iñigo Astiz, Lutxo Egia, Pako Aristi, Celosamente Gordea taldea. Eta bidenabar, poesiaren eta kantuaren arteko zubiak eraikiko dituzte musikariek: Mursego, Anari, Oier Aldekoa, Gari, D’Capicho, Kalakan, Napoka Iria, Joseba B. Lenoir. Euskal poesiari eskainitako jaialdi handiena da, zalantzarik gabe, Ean urtero egin ohi dena.

Mai 11 16

Literaturia, plazer hutsa

Literaturiaren zortzigarren edizioa egingo da maiatzaren 19tik 22ra bitartean Zarautzen, larrua gai gisa hartuta eta “Plazer hutsa” lelopean. Miren Agur Meabek egingo du sarrera hitzaldia, Isaac Xubin idazle galiziarrak Sarrionandiaren poemak irakurriko ditu, Anne Sextonen poemen errezitaldia eskainiko du Harkaitz Canok, Itu Bandak “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” estreinatuko du, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil poemetan oinarritutako ikuskaria izango da, Eider Rodiguezekin eta Kirmen Uriberekin solasean jardungo dute. Eta Garoa liburu-dendan liburu berriak aurkezten ariko dira: Oier Guillan, Peru Magdalena, Joxean Agirre, Asier Serrano, Aritz Mutiozabal, Pako Aristi, Goiatz Labandibar, Egoitz Zelaia, Markos Gimeno. Antzerkia Metrokoadroka kolektiboaren eskutik. Eta musika emanaldiak: Ruper Ordorikak, Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik. Hementxe duzu egitaraua.

Urt 15 16

Ashraf Fayadh-en
hamazazpi poema

Saudi Arabiak heriotzara kondenatu du Ashraf Fayadh idazle palestinarra, poema liburu batean argitaratutakoak kaltegarritzat jo dituelako. Fayadh askatzeko eskatuz urtarrilaren 14an mundu mailako elkartasun irakurraldiak egin zituzten 29 herrialdetan, 76 ekitalditan. Euskal Herrian bi errezitaldi izan  ziren: Euskal PEN klubak Donostiako Garoa liburu-dendan; eta Iruñean Katakrakek antolatutakoa. Ashraf Fayadh-en hamar poema euskaratu ditu Ignazio Aiestaranek, eta beste zazpi poema Leire Azkargortak eta Urtzi Urrutikoetxeak.

Urt 14 16

Bigarren (H)ilbeltza astea Baztanen

Nobela beltzari buruzko (H)ilbeltza jardunaldiak egingo dira urtarrilaren 18tik 24ra bitartean Baztanen, bigarren urtez. Hitzaldiak, solasaldiak, liburu aurkezpenak, irakurraldia, zinema… egitarau zabala izango da, parte hartuko baitute: Xabier eta Martin Etxeberriak, Harkaitz Canok, Xabier Olarrak, Miel Anjel Elustondok, Jon Arretxek, Gotzon Barandiaranek, Koldo Almandozek. Eta Jon Alonsok Beltzaren koloreak liburu berria aurkeztuko du. Antolatzaileek blog bat zabalduko dute, espreski nobela beltzari buruz arduratuko dena urte osoan.

Aza 02 15

Euskal literaturaz Bartzelonan

Bartzelonako Biblioteca Esquerra de l’Eixample-n euskal literatur liburuez jardunaldiak egingo dituzte katalanez, azaroan abiatu eta maiatza bitartean, hilero laugarren asteartean arratsaldeko 19:00etan. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea azaroaren 24an, Unai Elorriagaren SPrako tranbia abenduaren 22an, Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa urtarrilaren 26an, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao otsailaren 23an, Harkaitz Canoren Twist martxoaren 22an, Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean apirilaren 26an eta Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian maiatzaren 24an.

Abu 13 15

Uda gau bat fabrikan

Makina zoriontsuak izeneko errezitaldi ekitaldia egin zuten udako gau batez Azpetian. Fabrika aurrean egin beharreko ekitaldia, eguraldiagatik San Agustin kulturgune ezin beteago batean jokatu zuten. Jose Luis Otamendiren gidoiarekin, eta inguruko irakurle, antzezle eta musikariek lagunduta, saio errepikaezina gauzatu zuten. Orain, testu guztiak sarean jarri ditugu: Xabier Gantzarainen Errezil errekan behera poema, Leire Bilbaok idatzitako Ez daukat eta Anariren letrekin egindako kantuak, antzerki moldez emandako ekitaldiak (I -II eta III) eta bukatzeko Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua.

Uzt 15 15

Poesia ezin da kabitu Ean

Ez da kabitzen botila baten barruan, munduko absenta goxoenarena balitz ere, naufragorik urrunenenari iritsiko ote zaion esperantzaz uretara jaurtia izanagatik ere. Horrela aurkeztu dituzte Eako poesia egunak aurten. Datorren uztailaren 17, 18 eta 19an ezin kabituzko egitaraua osatu dute antolatzaileek. Joxe Azurmendiren poesia aztertuz hasi, Miguel Hernandez poetaren kantuak, poesia eta bertsolaritzaren arteko zubiari buruzko solasaldia, Kapital publikoa errezitaldia, ITUskizuna, Kafkaren aulkia, Anariren aurrekari penalak edota antzerki emanaldi, solasaldi eta aurtengo poesia uztaren inguruko errezitaldiak.
Eako poesia egunetan ez da kabitzen poesia, Josu Landak dioskunez “ Ez zaizkio aski amodioa, abegia, adeia, profesionaltasuna, zaletasuna… espiritu librea da poesia berez, ez du gogoko inon kabiaraz dezaten“.

Mai 21 15

Literaturia, euskal letren plaza

Literaturiak Zarautz hartuko du maiatzaren 28tik 31ra. Odolean daramagu lelopean, ardoa izango da aurten literatur ekitaldien hari gidaria: “Ardoa idazle askoren inspirazio iturri izan da historikoki, baina baita galbide ere. Asko dira ardoaren inguruan idatzitakoak. Era berean, ez dugu ahaztu behar zer-nolako garrantzia duen Euskal Herrian gastronomiak, jateak eta edateak, eta, horri lotuta, Zarautzek eta inguruak txakolinarekin egiten dion ekarpena”. Euskal literaturak herrigunea hartuko du hiru egunez, ekitaldi asko Modelo aretoan eskainiko dira, liburu berriak Garoa liburu-dendan aurkeztu eta liburu azoka izango da bi egunez Zigordia kalean. Hainbat idazlek hartuko dute parte Literaturian: Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Jule Goikoe­txea… besteak beste.

Mai 04 15

31. Maiatz Solasaldiak Baionan

Maiatz aldizkariaren 60. zenbakia plazaratzearekin batera abiatuko da Maiatz Literatur Solasaldien 31. edizioa. Baionako Euskal Museoan maiatzaren 12an eta 13an idazle hauek parte hartuko dute ekitaldietan: Joseba Aurkenerena, Patri Urkizu, Emilio Lopez Adan, Eneko Bidegain, Marikita Tanburin, Eric Dicharry, Agurtzane Anduetza, Ttittika Rekalt eta Josu Jimenez Maia. Jardunaldiei amaiera Itxaro Bordak emango die Zure hatsaren ez galtzeko errezitaldiarekin.

Urt 16 15

Ilbeltza Baztanen

Baztango idazleekin solasean ekimenekoek Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu dute ilbeltzaren 21etik 25era bitartean. Liburu aurkezpenak, Mariano Izetaren Dirua galgarri nobelaren berrargitalpena, Baztango kontu beltzak istorio kontaketa, mahaingurua, liburu erakusketa, susmagarrien gaua Iruritan, kronika beltz baten ibilaldia, bertso trama, … betea dator ilbeltza Baztan aldean.

Aza 17 14

Zazpigarren Ahotsenea

Durangoko Azoka egunetan 93 ekitaldi izango dira Ahotsenean, bi gune ezberdinetan: zuzeneko musika emanaldien karpa eta solasaldien karpa. Errezitaldi hauek iragarri dituzte: abenduaren 5ean Antonio Casado da Rochak Islandiera ikasten eskainiko du; eta abenduaren 6an Jose Luis Otamendik Kapital publikoa, Itxaro Bordak Zure hatzaren ez galtzeko, Danele Sarriugartek Erraiak eta Jule Goikoetxeak Tractatus. Ahotsenean liburu berriak aurkeztuko dituzte idazleok: Ernesto Prat, Eric Dicharry, Yolanda Arrieta, Pako Aristi, Fito Rodriguez, Alaine Agirre, Lander Garro, Juan Ramon Makuso, Unai Elorriaga, Patxo Telleria, Marikita Tambourin, Hasier Larretxea, Ana Urkiza, Garazi Kamio, Jon Arretxe, Irati Goikoetxea, Eider Rodriguez eta Ana Jaka.

Urr 03 14

11. Literatura Eskola

Urriaren 25ean (larunbat goizez) Zarautzen abiatuko da 11. Literatura Eskola, Martin Ugalderen literaturari buruz Larraitz Ariznabarretak eskainiko duen hitzaldiarekin: “Deserriaren kartografia”. Hurrengo hilabeteetan aztergai izango dituzte: euskal literatur kritika (azaroan Larrabetzun), Virginia Woolf (abenduan Iruñean), Ulyssesen itzulpenak (urtarrilean Bilbon), Piarres Larzabalen antzerkia (otsailean Donostian), Xabier Amurizaren lanak (martxoan Durangon), komikiaren literatura (apirilean Hendaian) eta poesia feminismotik irakurria (maiatzean Gasteizen). Hizlari izango dira: Ibon Egaña, Ana Morales, Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Ixabel Etxeberria, Andoni Egaña, Asisko Urmeneta eta Kattalin Miner. Izena emateko: eskola@literaturaeskola.org

Uzt 02 14

Eako 11. Poesia Egunak

Asteburu honetan, uztailaren 11tik 13ra bitartean izango dira Eako Poesia Egunak. Harri eta herri poema liburuari buruzko hitzaldia eskainiko dute Karmelo Landak eta Laura Mintegik lehen egunean. Biharamunean, Eider Rodriguezen hitzaldia eta Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz errezitaldia izango dira eguerdiz, eta arratsaldean bost poetek egingo dute irakurraldia: Mariluz Estebanek, Mikel Etxaburuk, Luis Gardek, Jule Goikoetxeak eta Felipe Juaristik. Azken egunean, igandez: Iratxe Retolazaren eta Danele Sarriugarteren hitzaldia Gabriel Arestiren imajinario poetikoari buruz eta, ondoren, “Hondakindegia” errezitaldia Mikel Ayerbe eta Iñigo Astizekin. Asteburuko gainerako emanaldiak: “Gabrielen lekua”, “Etxepare rap”, Laida Azkonaren dantzaldia, eta Joseba Irazoki eta Bide Ertzean taldearen kontzertuak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak