Urt 18 18

Hamahiru ate, 13 ipuin beltz

Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena.
“Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.

Hamahiru autore arrotz ekarri zituzten orduan euskaraz: Amborse BierceHector Hugh Munro Saki, Francis Picabia, Franz Kafka, Sakutaro Jaguiwara, Anibal Machado, Max Aub, Leonara Carrington, Virgilio Piñera, Kostas Axelos, Gabriel Garcia Marquez, Pere Calders eta Gonzalo Suarez. Hamahiru ate liburua osorik jarri dugu sarean, (H)ilbeltzaren karietara.

Urt 11 18

Iker Bidegorriren poesia oparia

Txiroa delako, oparirik ezin duela egin dio, poema batean, Iker Bidegorrik. Poesiaren alorrean bat egin zuen, Emeki itxaropendutako egunkaria izenburuko poemarioa, 1982an Euskaltzaindiaren poesia sariketa irabazitako lana, obra  intimista eta barnekoia. Beste opari asko egin ditu, egin dituenez,  Jose Ignazio Ansorena Iker Bidegorri-k. Gaur poesiaren alorrean egindakoa dakarkizuegu.

Urt 11 18

(H)ilbeltza laugarrenez Baztanen



Urtarrilaren 15etik 21era Baztanen euskal nobela beltzaren inguruko ekitaldiak antolatu dituzte (H)ilbeltza aurten ere. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste. Itxaro Borda idazleak adierazi moduan, “krimen bakarra, huts egitea da“.

Urt 03 18

Beila, Dr. Atl idazlearen erretratu bat

Ponte-izenez Gerardo Murillo Cornado eta pintore gisa ezagunagoa bada ere, idazlea ere bazen Dr. Atl. Idazle eta beste hainbat talentutako pertsona: pintura sustatzaile, sukaldari, belarretan aditu, politikari, geologo… Mexikoren mende ia oso baten lekukoa, bere ipuinek, laburrak gehienetan, gizartearen erretratu gordina egiten dute. Heriotza da maiz Dr. Atl-en narrazioetako protagonista, pertsonaiak marrazteko balio duena, Iñigo Aranbarrik euskaratu duen Beila ipuinean adibidez. Hemen duzue.

Abe 28 17

Koldo Mitxelenaren ipuin kartzelakoa

Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.

Abe 21 17

Fatima Mernissi eta 38 talla

Marokoko idazle handietako bat, Fatima Mernissiren izena derrigorrean lotzen zaio islamari eta feminismoari. Mendebaldearen aurrean emakume musulman gisa azaldu eta aldarrikatu zuen bere burua Mernissik (1940-2015), eta emakumearen aldeko borroka egin zuen, erreferentzia bihurtuz, herri arabiarretan. Harem-a eta Mendebaldea obran (2001), gizonezkoak kontrolpean dituen modak eta estetikak Mendebaldeko emakumea nola duten menperatua kontatzen zuen azken kapituluan, zapiarekin zegoen eztabaida zela-eta argitaratu zenean sona handia izan zuena: Mendebaldeko emakumeen harem-a 38 talla da. Erosketa garai oparo hauetan irakurketa gomendagarria, euskarari dakarkiogu orain, Mikel Elorzak itzulita.

Abe 11 17

Qissat. Palestinako emakumeen ipuinak

Emakumezko palestinarren literatur lanaren lagin bat bildu zuen Jo Glanville kazetariak, hamabi egileren ipuin banarekin. Eta Erroak argitaletxeak, Herrien mintzoa bilduman, 2016an ekarri zuen liburua euskarara: Qissat. Palestinako emakumeen ipuinak, Xabier Monasteriok euskaratuta, Ane Irazabalen hitzaurrearekin. Haien herriaren gatazkak eta haien gatazka pertsonalak aurki daitezke ipuinotan. Horietarik lau dakartzagu hona, Huzama Habayeb-en Hari hautsia; Raeda Taha-ren Metro bakar bat; Natalie Handalen Umm Kulthum gauerdiz eta Nibal Thawabteh-ren Nire oinetako zenbakia.

Abe 05 17

Susa argitaletxea Azokan

Barrenkale-ko 30-40-41 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Arantxa Iturberen Honetara ezkero eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ipuin liburuak; Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Xabier Montoiaren Hitzontziak nobelak; Martin Bidaurren Itzulera poema liburua. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaney. Udaberrian plazaratu genituen: Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa nobela, Juan Luis Zabalaren Ospa ipuin liburua, Martxel Mariskalen Azken zakatzak poema liburua eta Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera. Liburuok atontzen eta Literatur Emailuak plazaratzen urte osoan lanean lagundu diguzuenei eskerrik asko handi bat.

Abe 04 17

Hitzontziak, Xabier Montoiaren nobela

Langile borroka, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidantza, amodio harremanak dira Xabier Montoiaren zortzigarren nobelako adarrak. Kontakizun durduzagarri honetako protagonistak memoriaren menpe bizi dira neurri handi batean, oinaze lauso batek inguratzen ditu etengabe. Iraganeko mamuek ez diete bakerik ematen, kontu eske etorri izan balitzaizkie bezala. Hitzontziak nobela berria osorik eskaintzen dizugu sarean. Oihane filosofo gazteak, Biteri tabernariak, Gloria alargunak eta Goietxe ugazabak Iturri tabernan topo egiten dute aldian behin; ez dira laurak elkarren lagunak, baina elkarren berri izaten hasiko dira pixkanaka, zu bezala.

Aza 28 17

Honetara ezkero, Arantxa Iturberen ipuin berriak

Esan gabekoek, isilik gordetakoek, erdizka adierazitakoek irteera gabeko kalezulo batera eraman ditzakete jende arteko harremanak, ez aurrera ez atzera, krisiak bueltarik ia ez daukan tokira. Arantxa Iturberen Honetara ezkero ipuin liburuko 29 kontakizunotan ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat agertuko dira susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan. Denak osorik eskaintzen dizkizugu Susaren webgunean.

Aza 23 17

Shuntaro Tanikawaren poemak

Hirurogeitik gora poema-liburu idatzitakoa, Shuntaro Tanikawa egungo poeta japoniar handienetakoa dugu, hainbat hizkuntzetara itzulia izan dena. Euskarara ere bai, orain, zazpi poema hauetan, Iñigo Astizi esker. Japoniako lirikaz izan ditzakegun estereotipoetatik urrun —berriki euskaratutako Chuya Nakahararekin ere ezagutu ahal izan duguna—, bere aroko, egungo alegia,  ahots indartsu bat aurki daiteke Tanikawaren poemotan.

Aza 14 17

Bihotz handiegia, Eiderren sei narrazio

Ostegunean jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu Eider Rodriguezen liburu berria: Bihotz handiegia. Lehendabiziko ipuinak ematen dio izenburua liburuari, maitasunaren hondakinez diharduen kontakizunak. Arroztasun sentipena dute pertsonaiek: nolakoa izaten ari da gure bikote bizitza, zein desio ote ditu auzokide perfektu horrek, norenak dira esku hauek… Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.

Aza 09 17

Hoda Ablanen Zazpi poema

Ibb herrian jaio zen 1971n Hoda Ablan, Yemengo poesiaren gaur egungo ahots nabarmenetako bat. 1989an kaleratu zuen lehen poema liburua, Ezaugarri bihurriekiko loreak,  eta geroztik lanean jarraitu du, idazten eta idazle eta sortzaileen erakundeetan bere herrian. Gerra zibilak, Saudi Arabiaren bonbardaketek, kolerak, goseteak eta Mendebaldearen ahazturak jotako bere herrian, Yemenen, Hoblanen zazpi poemaren bitartez euskarara ekarri duguna, Mikel Elorzak itzulita.

Urr 27 17

Lluis Llachen sei kantu

Ene herria hain da txikia / eguzkia lotara doalarik / inor ez da ikusi izanaz segur” dio Lluis Llachek Herri txiki kantuan. Ikusten ez dakigu, aspaldian begira bederen jende asko dauka; 2017ko urriaren 27an mundu oso bat, Parlament-aren erabakiari so. Kantu horrekin batera, Parlament horretako kide den Lluis Llach-en dozena erdi kantu ekarri ditugu euskarara.

Urr 26 17

Jose Rizalen Azken adioa

1896ko abenduaren 30ean, Manilako Bagumbayan parajean, fusilatu zuten Jose Rizal. Delitua: sedizioa. Espainiako erresumaren aurka altxatzeagagtik atxilotu, epaitu eta hiltzera kondenatu zuten. Bi urte geroago lortuko zuten Filipinen independentziaren aldeko aktibista, Noli me tangere eleberriak egin zuen ezagun letren eta politika kolonial katoliko-nazionalaren kontrako borrokaren munduan. Fusilatu bezperan, Jose Rizalek Nire Azken Adioa poema idatzi zuen, egun sediziotsu hauetan euskarari ekarri dioguna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak