Paretaren kontra

(«Le Mur»)

 

Gela xuri haundi batera bultzatu ginduzten; argiak keinu arazten zidan, begitan minberatuaz. Berehala mahai bat ikusi nuen, lau gizonezko bere atzean; paisanozko zenbait gizon paper batzuk ikusmiratzen. Beste presoak gelaren buruan pilatuak zituzten, eta guk gela guzia pasatu behar haiekin alkartzekotan. Batzuk ezagunak nituen, beste zenbait berriz atzerritar, ene iduriko. Nere aurreko biak, buruhezur borobil eta ile argidunak ziren, alkarren tankera handia zuten: Frantziatarrak, iduriz. Gazteena, ahal egin guzian galtzak bere lekuan jarri ezinik; ez zegoen lasai.

        Hiru ordu paseak iraun zuen egoitza honek; amorru bizitan nintzen, huts nuen burua, baina gela ongi berotua zen eta atsegin aurkitzen nintzen: zeren hogeita lau orduz gero, gure hotz-ikara kendu ezinik egonak baikinen. Bata bestearen ondoren pasa arazten zituzten presoak mahaiaren aurretik. Lau gizonezkoek izena eta ogibidea eskatzen zizkieten. Gehienetan horrela zen, baina batzutan beste zenbait pontu ere ukuitzen zuten: «Munizioen sabotatzen zinen zeu noski?» Edo: «Nun eta zertan aritu zinan goiz hartan?» . Baina ez zuten erantzunik entzuten, itxuraz behinepein: ixildu eta aurrera begiratu ondoren, idazten hasten ziren. Brigada Internazionalekoa ote zen galdatu zioten Tom-i: Tom-ek ez zuen ukatzerik, zeren eta bere paperak gainean atxeman zizkioten. Joan-i ez zioten fitsik galdatu, berak izena eman ondoren ordea, luzez idatzi zuten.

        — Nere anai Jose da anarkista, zioen Joan-ek. Ondo dakizute bera ez dagoela hemen. Nik inungo erakunderekin ez dut har-emanik; ez dut sekulan politikarik egin.

        Ez zioten erantzun. Joan-ek berriz:

        — Ez dut fitsik egin. Nik ez dut besterenik pagatu nahi.

        Ezpainak dardaraz zituen. Zaindari batek ixil arazi eta berekin eraman zuen. Gero nere txanda zetorren:

        — Pablo Ibbieta al da zure izena?

        Baietz ihardetsi nuen. Papera begiratu ondoren, hark:

        — Nun da Ramon Gris?

        — Ez dakit.

        — Hilaren seitik hemeretzira zure etxean gorde izana duzu?

        — Ez.

        Idazten hasi ziren, bitartean zaindariek heldu eta eraman ninduten. Pasilloan Tom eta Joan guardia guarida biren artean zai. Alkarrekin abiatu ginen. Zaindari bati deitu zion Tom-ek:

        — Aizu!

        — Zer behar duk? esan zuen zaindariak.

        — Interrogatorioa ala juizioa zen hau?

        — Juizioa huan, erantzun zion.

        — Zer egin behar dute gurekin? Guardiak moztu zuen:

        — Zeldetara eramango zaizue erabakia. Zeldatzat egiten zuen gela ospital bateko bodega azpia zen. Hango haizearen joan-etorriak hotza zekarkigun. Bezperako gau guziaz hotzikaratuak egon ginen eta egunez ere ez askoz hobeago. Artzapezpikuaren etxean egindako zelda batetan igaroak nituen aurreko bost egunak. Erdi-Aroko kalabozo bat zirudien: jendetza haundia zen preso, baina toki gutxi; bost axola nun presoak sar. Nere kalabozoz ez nintzen kexu: ez bainuen hotzik, baina bakar-bakarrik nintzen; hau luzarora kexagarriagoa da. Gela hontan berriz, lagunak banituen. Joan-ek ez zuen hitzik ere egiten, beldurturik zegoen eta gainera haur bat besterik ez zen iritziren bat emateko. Hizlari bikaina zen Tom eta gazteleraz oso ondo mintzatzen zen.

        Ospital azpi hartan lau aulki zahar eta exer-leku luze bat ba zeuden. Sar arazi ginduztenean, exeri eta ixilik geratu ginen. Gero Tom-ek:

        — Izorratuak gaituk.

        — Hirekin natxiok, —esan nion— baina ene ustez gazte hau libro utziko ditek.

        — Fitsik ez ditek honen kontra, esan zuen Tom-ek. Militante baten anaia izatea, hori duk guzia.

        Joan-i so ari nintzaion: ez nekien ulertu zuenentz. Tom-ek berriz:

        — Ba al dakik Zaragoza-n nola hiltzen dituzten? Presoak kaminoan luzez jarri eta kamioia pasatu ohi ditek gainetik. Marrokotar desertore batek esana duk. Muniziorik ez omen ditek honela gastatzen.

        — Gasolinaren ekonomiarik ez ditek honela behintzat egingo, esan nuen.

        — Hasarre nintzen Tom-ekin. Ez zuen ezertarako hori esan beharrik.

        — Ofizial batzuk ba omen zeudek kaminoa zaintzen, eskuak patrika barnean eta zigarretak erretzen, paseatuaz. Uste al duk hiltzen dituztela? ez dik axolik. Karraxi bizitan edukitzen omen dizkitek. Batzutan ordu bete osotan. Marrokotarak zionez, bota-galea etorri omen zitzaioan lehenengo aldiz hau ikustean.

        — Ez diat horrelakorik hemen badenik sinesten, esan nion. Munizio falta ikaragarriren bat ez baditek behinepein.

        Lau zulo txiki eta sapaiko zulo borobil batetik egunaren izpia sartzen zitzaigun. Zulo honek zerura ematen zuen. Zulo borobil hau gehienetan itxia zen, ikatza botatzeko egina nunbait. Zuloaren pare-parean hauts pila haundi bat; ospitala berotzeko hautatua zen gela hura, baina gerla hasterakoan, gaixo guztiak handik eramanik, hantxe zegoen ikatza ezertarako gai ez zelarik. Euriz bustia zen ikatza, zeren eta zuloa ixtea ahaztu egin zitzaien nunbait.

        Tom hotzikaraz hasi zen:

        — Jainko alu madarikatua, hotzikara nauk, zioen, komeria hau berriro ere hasi duk.

        Jaiki eta jinasiari ekin zion. Ekinaldi bakoitzetan alkandora idekitzen zitzaion bular xuri iletxua agiriaz. Oinak aidean, goraizen antzera mogitzen zituela, bizkarraren gainean jarri zen: bere gorputz haundian, hotzikararen dardaizua nabari zen. Indartsua zen, baina gizenegia. Gurina puska bat bezain xamur zen gorputz hartan bala batzuk edo baionetaren punta zenbait berehala sartuko zirela gogoratu zitzaidan. Argala izan balitz ordea ez zidan itxura berdinik egingo.

        Ez nintzen hotz, baina bizkarra eta besoak sentigaitz zitzaizkidan. Noizean behin zerbaiten faltan ote nintzen kezkatzen hasia nintzen, eta txamarra bila hasita, berehala ohartu nintzen ez zidatela txamarrik bihurtu. Penagarria. Gure jantziak oro soldaduentzat kendu zizkiguten, gaixoen atorra eta arpillerazko praka zabal zahar hutsetan utziak ginen. Une baten buruan, Tom altzatu eta ene alboan jarririk, aho beterikako arnasaz genduan.

        — Beroturik al hago?

        — Sandios, ez. Itto larri natxiok.

        Arratseko zortziak izango ziran, falangista biren erdian komandantea barneratu zitzaigunean. Orri bat zuen eskutan. Zaindariari galdatu zion:

        — Nola deritzaie hiru hauei?

        — Steinbock, Ibbieta eta Mirbal, ihardetsi zion zaindariak.

        Betaurrekoak jarri ondoren, lista begiratuaz:

        — Steinbock... Steinbock... Hemen dut. Hiltzera kondenatua zera. Bihar goizean fusilatua izango zera.

        Berriro lista begiratuaz:

        — Beste biak berdin, jardun zen.

        — Ez, ez da posible, esan zuan Joan-ek. Ez ni.

        Komandanteak, harriturik, so egin zion:

        — Nola zera izenaz?

        — Joan Mirbal, erantzun zion.

        — Ba, zure izena ere hemen dago. Kondenatua zaude zu ere.

        — Nik ez dut fitsik egin. Bizkarraz keinu egin eta Tom, eta bioi beha, komandanteak esan zigun:

        — Zuek Euskaldunak zerate.

        — Hemen euskaldunik ez dago.

        Haserretu egin zen.

        — Hiru Euskaldun bazeudela esan didate. Heien atzetik korrika ibiltzeko astirik ez dut. Ez duzue, beraz, apaizik edo beharko?

        Ez genion erantzun ere. Hark orduan:

        — Belgatar sendagile bat hemen izango duzue berehala. Badu zuekin gaua pasatzeko baimena.

        Militar agurra egin ondoren, kanporatu zen.

        — Zer esaten nian?, zion Tom-ek. Alferrik ari gaituk.

        — Bai, esan nion, kolpe ederra gazte honentzat.

        Hau hobe-beharrez esaten nuen, baina gaztea ez nuen begiko. Fina eta beldurtiaren aurpegia zuen, sofrimenak aldaturik zedukan nunbait. Hiru egun lehenago, haur pretenziosa bat besterik ez zen, gustagarria beraz: baina atso zahar baten aurpegia bilakatu zitzaion, eta ez zela berriro gazte izatera sekulan iritsiko pentsatu nuen, askatasuna ematen ziotelarik ere. Hobeago zitzaidan, bada, errukitsu ager banintzaion, baina hori nazkagarri zitzaidan, areago beldurgarri. Denboraldi bat zeramakian ixil; xuri-xuri zegoen: aurpegia eta eskuak xuri zituen. Exeri eta begi borobilekin lurrari begiratzen zion. Arima oneko Tom hura, besotik heldu nahiean hurbildu egin zitzaion, asmo onenez hurbildu, muturka egin zion baina gazteak.

        — Utz zak, esan nion ahopean, ez al dakusk dardaraz dagoela?

        Gogo txarrez obeditu zidan Tom-ek, gaztea lasaitu nahiean bait zebilen; besterengatik zerbait eginaz, bere buru propioaz nola ahaztuko ari baitzen, honela denbora laburtuko zuelakoan. Hau ez nuen gogoko: nik ere sekulan ez nuen heriotzaz pentsatu, zeren eta hortarat ez ninduten sekulan behartu, orain ordea, ezina genduen hortaz ez beste axolatzea.

        Tom hizketan hasi zen.

        — Inor hil al duk hik? galde egin zidan.

        Ez nion erantzun. Dagonilaz geroz sei gizon hil zituela aitortu zidan; baina ez zen gure egoerataz konturatzen, nahi ere. Neu ere ezin nintzen oraindik zuzendu, asko sofritzen ote zuen galdatu nahi nion nere buruari; balataz pentsatzearekin batean, gorputz guztira heien berotasuna zetorkidan. Bestalde zen ordea benetako galdera; halere lasai nengoen: gau guzia genduen heriotza ulertzeko. Tom ixildua zen unetxo bat zuelarik, zeharka begiratu nion eta xuri-xuri zegoela ikusi nuen, farregarri eta mixerable. «Komeria hasia duk» pentsatu nuen. Gaua sartua zen, argi mota batzuk besterik ez zulotik behera, zeru azpiko ikatz pila hark mota beltz ttipino bat erakusten zuen; zulotik izar bat ikusten nuen: gaua garbi eta hotz izango zen agian.

        Atea ideki eta zaindari bi sartu ziren. Jantziz, belgatarra zen heien atzetik sartu zen gizona, kirru bat. Agurtu ginduen:

        «Sendagile nauzue, esan zigun. Azken gau txar hau zuen artean igarotzeko baimena ba dut».

        Abots gozo eta ederrekoa zen. Esan nion:

        — Zer egitera zatoz?

        — Zuen mende nauzue. Ahal dudan guziaz saiatuko naiz zuen azken ordu hauek alaiago izan ditezen.

        — Zer dela-ta etorri zera guregana? Beste presorik ez al dago? Ospitala betea duzu.

        — Honuntz bidali naute, ihardetsi zuen itxura lasaiz.

        «Erre nahiko duzue, ala? eraso zuen laisterka batean. Purukin batera zigarretarik ere ekarri dut».

        Zigarretak eta puruak eskaini zizkigun, baina ez genion bat ere hartu. Ez zegoen lasai, begietara behaz ninduelako. Esan nion:

        — Zu ez zaitugu urrikal etorria. Gainera ezagutzen zaitut. Faxista batzukin alkartuta zinen patioan, ni preso ailtxa ninduten egun bertan.

        Jarraitzera nindoan, baina ustegabeko zerbait gertatu eta ixildu egin nintzen: jadanik sendagilearen gure artean egoteak ez zidan axola ixpirik ere ematen. Gizon batekin sartu naizenean, ez diot horren lasai uzten, normalki behintzat. Orduan, halere, mintzatzea bera alferrikakoa zeritzaidan; bizkarra higitu ondoren, ez nion gehiago begiratu. Geroxoago burua jaso eta ikusi nuen, harriturik begiratzen zidala. Zaindariak lasto pila batean exeririk zeuden. Pedro, argal luze hura, behatzak mugitzen ari zen, besteak, loak har ez zezan, aldian behin burua higitzen zuen.

        — Argia pizterik nahi al duzu? esan zion Pedro-k sendagileari. Buruarekin baietz egin zion: zura bezain makala zela pentsatu nuen, halere ez zeukan gizon txarren trazarik. Bere begi urdin hotz haiek ikustekoan irudimenik ez zuela, zeritzaidan. Pedro irten eta petroleozko argi batekin batera sartu zen, aulkiaren ertz batean ibeni zuen argia. Ez zuen argitasun sakonik ematen, bateza baino hobeago zen ordea; bezpera guzian ilhuntasunean ukan ginduzten. Argiak goian egiten zuen borobilari begiratuaz nengoen. Harriturik nintzen. Gero ailtxa orduko, goiko figurek alde egin zuten eta kezka haundiaz zamaturik kausitu nintzen. Ez zen hiltzearen kezka, eztare beldurra: konprenigaitzaren haunditasuna! Belarrondoak sutan eta min.

        Jira eta bi lagunei begiratu nien. Tom-ek burua esku artean zeukan; bere lepogain grasatsu xuria besterik ez zuen bixtan. Galduena Joan zegoen, ahoa ideki-idekirik eta sudurzuloak dardaran. Sendagilea inguratu zitzaion eta bere eskua, laguntzeko asmoz, bizkar gainean jarri zion; halere gaztearen begiak hotz jarraitu. Gero Belgatarraren eskua, besotik behera, maltzurki, jaisten ikusi nuen. Joan-ek ez zuen arreta haundirik jartzen. Eskumuturra hiru behatz artean hartu zion; ezertan erreparatzen ez balu bezala, Belgatarra zedozertxo bat gibelatu egin zen, neri bizkarra nola eman asmatu ezinean. Baina nik, gorputza atzeraturik, erlojuari begiratzen ikusi nuen; gaztearen eskumuturra ez zuen uzten, eta hormaren kontra ibenirik, idatzi beharreko zerbait bururatu zitzaiolarik, sakeletik libreta atera eta lerro batzuk idatzi zituen. «Urde hori, —nion su-ta-ke nerekiko—, niregana etor bahintz, zartada ederra hartu behar hukek mutur zikin hortan». Baina ez zen etorri. Neri so ari zitzaidan, nik ere burua ailtxatu eta aurpegira begiratu nion. Maltzur abotsaz esan zidan:

        — Ez al derizkiozu, hotz haundia dagoela hemen?

        Ba zirudin hotz zela bera ere; behintzat mora-mora zen.

        — Ez naiz hotz, erantzun nion.

        Begirada gogorrak botatzen zizkidan. Amen fite batean konpreni nuen zergaitik, eta eskuak aurpegira eraman nituen: izerdiz busti-bustia nintzen. Nahiz negu gorri eta haizetsu izan, zulo hartan izerditan nengoen.

        Alkandora ere bustita nuela konturatu nintzen, izerditu ileak behatzez pasatzearekin batera, gainera alkandora gorputzari itsatsirik nuen. Ordu bete guttienez neraman izerditan, eta anarteraino ez nintzen ohartu. Belgatar alu hura konturatu zen ordea, ene aurpegitik behera ikusiak zituen izerdi tantoak; izugarri egoitza beldurgarria zela honen kausa, pentsatu nuen; bera berriz, hotz hotz zegoelako, tajuzko gizon eta harro nabari zen. Aurpegia hamar mila pusketetan xehatuko nion; gogo bizia baneukan, baina lehen keinua egin nion bezain prest, lotsa eta amorru guzia joan zitzaizkidan. Axola gabe, aulkian erori nintzen.

        Lepoa besterik ez nuen muki-zapiz legortu, zeren eta ez zitzaidan batere gustagarri lepogainera zetozkidan tantoak senditzea. Legortzeari berari ere berehala utzi nion, alferrik baitzen: izarditan pats neukan zapia eta ni, oraindik, izerditan. Ipurdiak berak ere izerdia botatzen zuen; nere praka bustiak aulkiari lotu zitzaizkion.

        Ustekabez, Joan mintzatu zen.

        — Sendagile al zera?

        — Bai, ihardetsi zion Belgatarrak.

        — Bai al dakizu luzez sofritzen... ote den?

        — Noiz? A... ez, ez, esan zion sasi-aitaren abotsaz.

        Konsulta garestiko gaixoren bat indartzen ote zebilen zirudin.

        — Baina nik... entzuna dut... maiz bi bider bota beharrean aurkitzen direla...

        — Batzutan bai, esan zuen Belgatarrak, burua makurtuaz. Gerta liteke, bai, lehenengo kolpez bizitzaren funtsa ez harrapatzea.

        — Berriro kargatu eta bota beharrean daude orduan?

        Zer erantzun pentsatuz gero, abots ilhunean esan zion:

        — Horrek bere denbora behar du, bai.

        Sofritzearen beldur zen gaztea, ez zuen sofrimenduan baizik pentsatzen: ez da harritzeko gauza bere adina gaztetan. Nik ez nuen hontaz gehiegi pentsatzen, izerdia arazten zidana ez zen sofrimenduaren beldurra, ez.

        Tom-ek gorrotoz jositako begirada bota zidan, ailtxatu eta hauts pilara joan nintzenean: oinetakoekin ateratzen nituen hotsak amorru bizitan jartzen zuten. Nere buruari galdatzen nion, ea bere itxura bezain beldurtia nerea ere ote zen: bera ere izerditan zegoela ohartu nintzen. Zerua eder zen; argi ixpirik ere ez zen zulo hartatik sartzen; burua poxin bat jiratu besterik ez nuen Artza haundia ikusteko. Guztiz ere, anarterainoko gauza berdina ez zen: herenegun ere artzapezpikuaren etxe azpiko kalabozotik zeru pusketa bat ikusten nuen, eta ordu bakoitzak gauza berri bat zekarkidan burura. Goizargi urdinean, Atlantico-ko hondartzaz amesten nuen; eguarditan, eguzkiari so eginaz, azeitunak eta antxoa-banderillak hartzen nituen Sevilla-ko taberna batetaz gogoratzen nintzen; arratsetan, itzalean nengoalarik, hondartzaren erdi bat eguzki eta beste erdia itzal zirela bururatzen zitzaidan: triste zen lurra zeru goian ikusi behar hori. Orain berriz, nahi bezain luzez, zerura begira nezakean, baina ezer ikusi ez. Horrela nahiago nuen. Berriro Tom-en alboan exeri nintzen. Une luze bat iragan genduen.

        Abots ixilez, berriro mintzatzen hasi zen Tom. Beharturik zegoen hitz egitera, alderantziz ezin baitzuen bere pentsamenarik ezagutu. Nirekin mintzo zela uste dut, baina ez zidan begiratzen ere. Ziurki beldur zen ni horrela, xuri eta izerditan pats, ikustean: bat bestearen ispilu ginen. Belgatarrari so ari zen, bera baitzen biziko zen bakarra.

        — Ulertzen al duk? galde egin zidan. Nik ez diat deus konprenitzen ahal.

        Ixilka, ni ere mintzatzeari lotu nintzaion. Belgatarri zorrotz begiratzen nion.

        — Zer, zer duk gertatzen?

        — Konprenigaitz dan zertxobait gerta bide zaiguk.

        Usain arraroa zen Tom-en inguruan. Usainarentzat sekulan baino erneago ote nintzen zeritzaidan. Irri egin nuen:

        — Konturatuko haiz beranduago.

        — Hau ez zegok garbi, esan zuen buru gogor. Lasai egon nahi nikek, hortarako jakin beharko... gutxienez... Entzun ezak! Patiora eramango gaituztek; zenbait soldadu zutituko duk gure aurrean. Zenbait izango dituk?

        — Behar bada bost, behar bada zortzi. Gehiago ez, noski.

        — Hori duk. Zortzi izango dituk. Karraxiz aginduko zietek: «Apunten» . Nere aurrean, neri beha, zortzi fusil ba dakustiat. PARETAREN KONTRA naizelakoan, nere indar guztiaz horma bultzatuko diat, barnera sar ote nindekean agian; honek eutsiko natxiok, ametsetan gertatzen zaidakan bezala. Hau guzia pentsatzen diat. Jakingo bahu nola pentsatzen dudan hori guzia!

        — Aski duk, motel, nik ere berdin pentsatzen diat.

        — Zinetan mingarri izan behar dik. Begietara eta ahora apuntatzen omen ditek, itxurarik gabe edo utz gaitzaten, esan zidan intentzio txarrez. Ordu bete duela senditzen dizkiat zauriak; lepoa eta burua minduta zeuzkeat. Hau benetako mina baino okerrago duk: biharko mina duk. Eta gero, zer?

        Esan nahi zuena arras ongi konprenitzen nuen, halere ez-entzuna egin nuen. Ni ere mindurik nintzen, zauri txikiek dagiten antzeko minak nituen... Ezin nuen gehiago, bera bezala nintzen, baina ez nion inportantziarik ematen.

        — Gero, esan nion amorrazirik, karraxi egingo duk lehoinaren karraxkaren antzo.

        Bere kolkorako hitzak esaten hasi zen: eta Belgatarri so eta so. Iduriz, honek ez zuen entzuteko gogorik. Ongi nekien zertarat etorria genduen; gure pentsamenak ez zitzaizkion axolezko; soil-soilik gure gorputzak ikustera etorria zen, bizirik ari ziren gure gorputzok ikustera.

        — Amets txarretan bezala gertatzen ari zaidak, esan zuen Tom-ek. Zerbait pentsatu beharra ba diagu, erdiets dugulakoan ardea, den denak irrist egin ohi dik; dena joan-etorri huts bat besterik ez duk. Buruari galdatzen zioat: gero ez duk deus gehiago izango. Baina honen esan-nahia ezin diat ulertu. Konprenitu dudalakoan... dena erortzen zaidak berriro; minataz, balataz, tirotaz hasten nauk pentsatzen. Baiesten diat materialista naizela; ez nauk erotua, ez. Baina ongi ez doan zerbait ba zegok. Nere gorputza hilik dakustiat; hau ikustea ez duk zaila, baina Ni nauk hau dakusdana; Ni nauk, nere begiez, hau dakusdana. Beharrezko zaidak pentsatzen hastea... fitsik gehiago ez dudala ikusterik izango, gehiagorik ez dudala ulertuko, eta... munduak aurrera egingo duela besteentzat. Hau pentsatzeko jaioa ez duk inor, Pablo. Sinets dezakek: gau oso bat ibilia nauk hau guzia pentsatzen, zerbaiteren zai nengokan. Den-dena ohartu gabe etorriko zaiguk, Pablo, eta ezin preparatzerik izango diagu...

        — Betikoa, esan nion, nahi al duk apez bat eska dezadan?

        Ez zuen ihardetsi. Igarletzari maizegi heltzen zitzaiola garbi nekusan, baitare zurikeriaz deitzen zidala: «Pablo!» Hauxe ez nuen gogoko; dirudienez Irlandatar guziak berdin dire. Pix usaina zeukala nabaritu nuen. Ez nuen Tom maite, eta ez dakit ze arrazoirengatik, alkarrekin hil behar baginduzten ere, zergatik Tom maiteagotu behar nuen. Honen lekuan beste batzuk baleude, ez litzaidake berdin gertatuko. Ramon Gris balego adibidez; Baina Tom eta Joan-en artean bakarti aurkitzen nintzen. Halere honela nahiago nuen: Ramon-ekin batera maitasunez urtu egingo bait nintzen. Orain oso gogor nintzen eta gogorki nahi nuen aurrera jarrai.

        Tom hitzak xehatzen jarraitu zen, ezertarako axolik gabeko itxuran. Ezertan pentsa ez zezan, ari zen ziur hitzetik hortzera mintzatzen. Egundainoko pix usaina zeriola zegoen, prostata-gaixo zaharren antzera. Banekien bera esaten ari zen guzia neuk esan nezakela ahobatez: hiltze hura ez zen egunerokoa, eta hil behar nindutelako, ezer ez zitzaidan eguneroko gauza iduritzen; ez hauts hura, ez aulkia, eztare Pedro zaindariaren aho zikina. Bakarrik Tom-ek zerason gauza berdinetik begiratu nahi nuen. Banekien ordea bost minutuko gora-behera ez-ezik, gauza berdinak pentsatuko nituzkeala. Gaua zehar, aldi berean izardituko, eta halaber dardara berdinak egingo nituela ba nekian. Zeharka begiratu nion eta lehenengoz iduritu zitzaidan arrotz bat zela: bere figuran heriotza bera zeraman. Eri nintzen nere haundikeria baitan: hogei eta lau orduz alkarri entzun eta so egin ondoren, garbi ikusi nuen ez genduela ezer komunzki. Anai bixkiren antza genduen, heriotza berdinara alkarrekin gindoazelako. Ezertan erreparatu gabe, Tom-ek eskua hartu zidan:

        — Pablo, nere buruari galdatzen zioat... galde egiten... gizona desegiten denentz. Eskua librotu ondoren, nik:

        — Nazkagarri hori, begira hakiok hire ankarteari.

        Hanka artean potzu bat zeukan egina, eta prakatatik tanto batzuk zeriola zegoen.

        — Zer duk hau? zertan ari nauk? esan zuen lotsaturik.

        — Pixa egin duk praketara, esan nion.

        — Ez duk egia, nik ez diat horlakorik egiten, ez diat fitsik somatzen.

        Belgatarra inguraturik genuen eta maltzurkeriaz galdatu zuen:

        — Gaixorik al zaude?

        Tom-ek ez zion erantzun. Ezer esan gabe, Belgatarra potzura so.

        — Zer denik ere ez dakit, zioen Tom-ek harrotuta. Ez naiz beldur. Zin dagizut ez naizela ezertarako beldur.

        Belgatarrak ez zion ihardetsi. Tom altxatu eta pix egitera ertz batera joan zen. Praketa lotuaz gureganatu zitzaigun; txintik ere egin gabe exeri zen. Belgarra zerbait idazten ari zen.

        Guztiok berari begira ginen, bizidun bat bait zen, bizi baten mogitzeak zituen, bizi baten kezkak; kalabozo hartan, bizidun batek behar duen bezala, dardaraz zegoen; ondo jandako baten tankera zuen. Guk gorputza ere apenas senditzen genduen modu berdinean behintzat. Galtzak hankaren kontra ote nituen nahi nuen senditu, baina mugitzera ez nintzen ausartu. Bere gorputzaren nagusi ikusi genduan, belaunaren gainean, Belgatarra, —hark, biharamonean ere, pentsatzen jarrai zitekean. Gu berriz, odol gabeko hiru itzalak hantxe ginen; berari beha eta banpiroen antzo bere bizitzatik zupatu nahi genduen.

        Azkenik Joan-en albora inguratu zen. Bere ofizioak ala bere errukiak bultzaturik, ferekatzen ote zion lepogaina? Baldin errukiz, gau guziko lehen aldia zuen. Joan-en burua eta lepoa laztantzen zituen. Gazteak utzi egiten zion, baina berehala eskua hartu eta zentzurik gabeko erreparada bota zion. Bere bi esku artean Belgatarrena zeukan; atsegin ixpirik ez zuten bi esku-mutur haiek. Hurbiltzen ari zitzaigunaz ez nintzen kexatzen, Tom ere ezetz uste dut. Belgatarrak berriz sua besterik ez zekusan, aitazalekeriaren irriparra zuen. Unetxo bat iraganik, Joan-ek bere beso gorritsua ahora eraman zuen hozk egiteko asmotan nunbait. Belgatarra ikaraturik zegoen eta gaztea bultzatuaz, paretaraino ihes egin zuen. Handik ari zitzaigun begira, guztiz ikaraturik; benetarikoak ez ginela konprenituko ote zuen? Irriz hasi nintzen onez-onetara, eta zaindari bat harrituta neukan. Bestea erdi lotan zetzan, bere begi xuri haundiak zabalik.

        Akitua nintzen, lasaitasuna gorde ezinik. Ez nuen goizargitzean etorriko zitzaidanaz pentsatu nahi ordea. Honek ez zuen poesiaren itxurarik, hitzak eta hutsa besterik ez nituen ikusten. Ahal egin guzia egin arren, neri begira fusilak ikusten nituen. Hogei bider guttienik nere heriotza bizi izandu dut; ene ustez ez nuen horlako beharrik: minutu luze batean loak hartu ninduela derizkiot. PARETAREN KONTRA jarri ninduten, borroka gogorra egin nien... barkamena eskatzen nien...

        Abots ozenkiko ametsetan ibili ote nintzen, beldurrez esnatu nintzen, eta segiduan Belgatarri begiratu nion. Hau ez zen ezertaz ohartu, zeren eta bigotea txukuntzen topatu nuen. Nahi izanik, eta gehiago egingo nuela uste dut: berrogei eta zortzi ordu lorik egin gabe egon ondoren, nekatua nintzen. Ez nuen neholaz ere bi orduko bizitza labur hura galdu nahi: goizargitzean zaindariak etortzerakoan logurez jota eramango ninduteke, eta nik «Uf!» ez-ezik, txintik ere ez nieke egingo; hau ez nuen neholaz nahi ordea, ez nuen nahi alimalia baten antzera hil nazaten, konprenitzeko borondate haundi bat besterik ez nintzen. Guztiz ere, amets txarren beldur nintzen. Jaikiaz, hemendik haruntz paseatzen hasi nintzen, ea ideiaz aldatzerik bai ote nuen; iragan nuen bizitzaz gogoratu nintzen. Gauza multzo bat bururatzen zitzaidan. Tartean ona eta txarra bazegoen behintzat anarteraino honela deitzen nituen. Bazen zenbait gizon eta ixtori. Novillero batetaz gogoratu nintzen; Ramon Gris-en aurpegiaz ere bai. Buruan banituen ixtoria batzuk; 1926 gn. urtean, hiru hilabetez lanik egin gabe, nola gosez hiltzeko zorian egondu nintzen. Nola Granada-ko banku gainetan pasatzen nituen gau batzuk; hiru egunez jan gabe eta ez nuen hil nahi. Honek parregura zekarkidan orain. Zenbait laisterkada ez ote nuen egin zorionaren atzetik, emaztekien eta askatasunaren atzetik! Zertarako korri? España askatu nahi nuen. Pi y Margall ohoretsu zitzaidan, anarkista mugidari lotua nintzen, jendetzaren aurrean mintzatzen nintzen: den-dena arrunt serioski hartu nuen, betirako izango banintzake bezala, heriotzgaitz alegia.

        Orain, bizitza guzia nere eskutan zegoelakoan nintzen, eta pentsatzen:

«Guzia gezur haundi eta ustel bat besterik ez duk»: Bizitzak ez zuen txintik ere balio, zeren finitua bai zen. Nere buruari galdatzen nion nola emaztekien atzetik korritu izan nindekean: honela hil behar nuela jakin izan banu, ez nuen behatz txikienik mogitu izanduko. Bizitza itxia nuen, herts eta huts; zaku baten antzera, baina barnean zegoen guzia landu gabe zetzan. Nere bizitza epaitzea pentsatu nuen. Hau da, bizitza eder dala esan gura nuen. Juiziorik ezin egin nuen ordea, errealitateari aldegin gabe behinepein. Nere denbora guzia plan fingaitzetan amilduta neukan, betirako banintzake bezala; fitsik ez nuen ulertu izan. Ez nintzen ezertaz damutzen ordea: horrenbestetaz damu nindekean! manzanillaren gustoaz edo Cadiz-en urtero hartzen nituen bainuez; baina heriotzak den-dena desenkantatu zidan.

        Belgatarrak ideia boteretsu bat asmatu zuen.

        — Lagunok, esan zigun, maite duzuen norbaiti zeuren gauzaren bat eman nahi izango baziozueke, militar-administrazioak utziko dizutelakoan nauzute. Gainera ni enkarga nindeke...

        Tom-ek bullan:

        — Inor ez dut nik.

        Ez nuen ezer erantzun. Tom-ek, une labur bat iguriki ondoren, esan zidan harriturik:

        — Concha-rentzat ez al duk ezer?

        — Ez.

        Kidezalekeria honek nazkatzen ninduen: baina errua nerea zen. Aurreko gauan, ixilik egon beharrean, Concha-z hitz egin bai nion. Urte batez gero Concha-rekin bizitzen nintzen. Oraindik bezperan, besoa haitzkoraz mozten utziko nuen berarekin bost minutu egitearren. Hau zen nere hitz jarioaren kausa, ni baino bortitzago zen agian. Baina orain ez nuen bera ikusteko gogorik, zer esanik ere ez nuen. Zertarako bera besarkatu? Orain nere gorputzaren beldurti bat nintzen, xuri eta izerditan pats zegoelarik. Ez nintzen ziur gainera, bere gorputzaren aurrean nazkarik ez ote nuen sendituko. Concha-k nigar egingo du nere hilketaren berri jakiterakoan; hilabete batzutan ez du bizitzeko gustorik izango. Halere hil behar zena ni nintzen. Bere begi polit eta maitegarritaz pentsatu nuen: ORAIN begiratuko banindu, bere begitarte ona; begietan bertan geldituko litzaioke berarengandik ez litzaidake fitsik nereganatuko. Bakarrik nintzen. Tom ere bakar zen, baina ez modu berdinera. Hankak zabal-zabalik, irripar antzeko zerbait eginaz, aulkiari begira zegoen, harritu-itxura zeukan. Aulkia emeki ukuitzeko, eskua luzatu egin zuen, baina dardaraz zegoelarik, atzera egin zuen fite.

        Ni Tom izan banintz, ez nuen aulkia ukuitze hartatik pozarik aterako: Hau ere Irlandatarren komeri-puska bat zen, halere horlako gauzek bere pozgarritxoa badutela derizkiot; inoiz baino ilhunago eta hutsago aurkitzen nintzen. Hil behar nuela senditzeko, nahikoa litzaidake, aulkiari, argiari eta hauts pilari so banintzaie. Guztiz ere ez nuen nere heriotza arras garbi ikusten, dena-dela gauza guziak heriotza zekarkidaten; neretzako gauzek hildakoaren ohe aurrean ixiltasun gorrian egoten diren gizonen distantzia zuten. Tom-ek aulkia ukuitzerakoan, bere heriotza zen ukuitu zuena.

        Ni nintzen egoitza hartan, etxera joan nindekeala esan balidate, edo-ta bizitza neretzat nuela, hotz utziko ninduen: ordu batzuk edo urte batzuk berdin baitira, betirako ez gerala ohartu geranean. Jadanik ez nuen fitsik nahi, lasai nengoen. Baina nerea sasi-bake bat besterik ez zen gorputza nuen kausa bakarra bezala-ta: bere begitan nere gorputza ikusten nuen, bere belarriez entzuten nuen, halatan ni ez nintzen gehiago ni; izerditan eta dardaraz zegoen bakarti, ez nuen gehiago nere gorputza ezagutzen. Nere gorputza zertan zegoen jakin nezan, ukuitu eta begiratu beharrean nintzen, beste edozein baten gorputza balitz bezala. Sarri senditzen nuen, bere erristadak eta keriak maiz senditzen nituen, gain-behera jausten den abioi bat bezala, edo baitare, bihotzaren taupadak senditzen nituen. Horiek guziek ez zidaten lasaitasun poxinik ematen: nere gorputzak zekarkidan guzia urdekeriaren koloreaz egosita zegoen. Gehienean nere gorputza ixilik zegoen, eta zama haundi bat besterik ez nuen senditzen; nere buruari nazkagarri nintzaion; mixeri haundi batetara helduta nintzen. Ez nekien izardi ala pixa zenentz; baezpadare, ikatz pilan pix egitera joan nintzen.

        Belgatarrak erlojuari begiratu zion. Eta esan zuen:

        — Hiru t'erdiak dire.

        Zerri hura! Nahita egin ote zuen? Tom-ek salto egin zuen: ez ginen ohartu orduak aurrera zihoazela; mamu ilhun batek ohi duen bezala, gauak inguratu egin ginduen, hasi zenik ere ahantzirik ginen.

        Joan gaztea karraxika hasi zen. Eskuak bildu eta borobildu, otoika:

        — Ez dut hil nahi, ez dut hil nahi.

        Jira-biraka hasi zen kalabozo zehar, besoak altxaturik; gero, negarti, lastoaren gainera bota zen. Tom-ek tristurazko begi ahulez erreparatzen zion, baina ez zedukan laguntzeko taju haundirik. Gainera ez zuen ene ustez merezi: guk baino hots haundiago ateratzen bait zuen, nahiz eta jabetzen ez bazen ere: kalenturaz baliatzen den gaixo baten antzo zegoen motil hura. Baina kalenturarik ez dagoenean, are okerrago izan ohi da.

        Nigar egiten ari zen: bere buru propiaren errukia zuen; heriotzaz ez zen ordea kexatzen. Segundu batetaz, nik ere bakar-bakarrik egiteko inbiria izan nuen, nere buruaren urrikal izan nendin ni ere. Baina kontrakoa zen gertatu zena: gazteari berriro begiratu eta bere bizkar-gaina tanbalaka ikusi nuelako, bihotz gogor banintz bezala aurkitu nintzen: ezin nuen ez neretzat eztare besterentzat neholako errukirik ukan. Nere kolkoari esaten nion: «Garbi-garbi hil nahi diat».

        Tom xutiturik zegoen, goiko zulo borobilaren azpian jarri eta zerura begiratzen. Ni egoskortuta nengoen, garbi-garbi hil nahi nuen eta ezin ohart nezakean besteak zertan zirenentz. Sendagileak ordua eman zigunez geroztik, denbora astiro zihoala senditzen nuen. Tantoka.

        Ilhun zen oraindik, Tom-en abotsa entzun genduenean:

        — Entzuten al dituk?

        — Bai.

        Gizon batzuk pation zenbiltzan.

        — Zer demontre egitera zetoztek? Ezin ditek ilhunetan tira.

        Une batez gero, ez genduen ezer gehiagorik entzun. Tom-i:

        — Goiztiri duk.

        Pedro, nagiak botatzera xutitu zen, eta argia itzaldu egin zuen. Bere lagunari:

        — Hotz madarikatua zegok.

        Gela guzia gris zen. Urrunean tiro zalapartak.

        — Hasten dituk, esan nion Tom-i, atzeko patioan zebiltzek.

        Tom-ek sendagileari zigarreta bat eskatu zion. Nik ez nuen horlakorik; ez zigarretarik, eztare alkolarik. Jadanik tiroak ez ziren ixilduko.

        — Ohartzen al haiz? Esan zuen Tom-ek.

        Ba zuen zertxobait gehiago esateko, baina ateari begiratuaz, ixildu egin zen. Atea zabaldu egin zen eta lau zaindarien erdian ofizial bat sartu zitzaigun. Tomek zigarreta bota zuen.

        — Steinbock?

        Tom-ek ez zuen erantzun. Pedro zen ezagut arazi zuena.

        — Joan Mirbal?

        — Lastoaren gainean dagoen hura duzue.

        — Jaiki zaitezte, esan zigun ofizialak.

        Joan ez zen higitu ere. Zaindari biren artean xutitu zuten. Hauek utzi zutenean, berriro jautsi zen.

        Soldadoak zalantzan ziren.

        — Hau ez da gaixotzen den lehena, esan zuen ofizialak, hartu eta eraman besterik ez duzue; ea, zuek biek; beheran konponduko zerate.

        Tom-engana jiratuaz:

        — Atoz, zu ere.

        Soldadu biek zuzenduta, Tom eraman zuten. Beste biek, besazpitik eta belaunetik helduta, Joan zeramaten. Guztiz ere gaztea ez zen buru txorabiaturik, begi haundiak zabal-zabalik zeuzkan, malkoak masailetatik behera. Ni ere irtetzen hasi nintzen, baina ofizialak heldu ninduen:

        — Zu Ibbieta zera, ezta?

        — Bai.

        — Zaude hemen poxin bat: zure bila berehala gatozkizu.

        Irten ziren. Belgatarra eta bi zaindariak heiekin batera. Bakarrik nintzen. Ez nuen konprenitzen gertatzen ari zitzaidan hura, baina ahalik eta azkarrenik bukatu albaluteke, are hobeago. Aldian behin, tiro-xorta batzuk entzuten nituen; ni dardaraz. Iletik tira eta karraxi egiteko gogoa nuen. Hortzak estutu eta eskuak patrikan sartu nituen; garbi-garbi jarrai nahi nuelako noski.

        Ordu bete buruan nere bila etorri eta goiko gela batera eraman ninduten. Zigarro usaineko gela ittogarri bat zen. Zigarretak erreaz, ofizial bi bere eser-lekutan jarrita zeuden; belaun gainean paper batzuk zituztela,

        — Hi, Ibbieta al haiz?

        — Bai.

        — Nun duk Ramon Gris?

        — Ez dakit.

        Galderak egiten zizkidana lodikote txiki bat zen. Betaurrekoen atzean begi gogorrak zituen. Esan zidan:

        — Hator!

        Xutituaz, inguratu nintzaion. Besteak besoetatik heldu eta lur pean sartuko ninduken begirada bota zidan. Aldi berean, indar guziez, nere bularra estutzen ari zitzaidan. Ez zebilen min egitearren, bere jokutan baino: nitaz nagusitu nahi zuen. Ikusten danez, hortarako bere arnas hustela nireganatzea ere beharrezkoa zitzaion. Horrela egon ginen momentu batean, eta nik ikaragarrizko irrifarrak egiteko gogoa neukan. Hil behar duten gizona beldurtzeko, askoz gehiago behar da: honek ez zuen axolarik. Indarrez bultza ninduen, eta exeri nintzen. Esan zidan:

        — Hire. bizitza bere bizitzaren truke. Bizirik uzten haugu, nun dagoen esaten badiguk.

        Bi gizon haiek, bere zigor eta bota eta guzti, hil beharrean gertatuko ziren. Ni baino beranduago, baina ez askoz gehiago. Paperetan izen bila ondo saiatuz gero, gizonen atzetik korrika egiten zuten, gartzelera edo hiltzera eman zitzaten; Españari buruz-ko ideiak bazituzten, beste gauzen etorkizunari buruz ere bazuten zenbait iritzi. Bere lanak, txantxetakoak eta burlagarriak iduritu zitzaizkidan ordea: ni ez nintzen sekulan beren lekuan jarri izango, eroak zirela zeritzaidan.

        Lodikote txiki hark ez zidan begirada kentzen, bere botak zigor txiki batekin astintzen zituen. Mogimendu guziak aurrez pentsatuak zeuzkan, alimalien itxura beldurgarri bat ukan zezan.

        — Ulertu al duk?

        — Ez dakit Gris nun dan. Ene ustez Madrid-en behar du.

        Beste ofizialak, desafioz, kolore gabeko esku bat jaso zidan. Hura ere aurrez pentsatuta zeukan. Bere keinu guziak ikusita, harriturik nengoen nola gizon bat hortara heldu ditekean ikusiaz.

        — Ondo pentsa dezazun, ordu laurden bat duzu, esan zidan emeki. Arropategira eraman, eta ordu laurden baten barru ekar zazute berriro. Ezezkoan balego, bertan hilko genduke.

        Ba zekiten zer egiten zuten: gau guzia zai igaro nuen; gero, Tom eta Joan hiltzen zituzten bitartean, ordu bete bat gehiago bakardadean eduki nahi ninduten. Nagusitasuna galdu araziko zidatelakoan! Oker zebiltzan. Iskilaran exeri nintzen, indarrik gabe bait nengoen. Pentsatzeari lotu nintzaion, baina ez heien proposamendutaz. Ba nekien, noski, Gris nun zegoen: lehengusuen etxean ezkutatua zen, herritik lau kilometrora. Ongi nekien hori ez nuela esango, torturatzen ez baninduten behintzat (ez zuten hortarako itxurarik ordea). Hau dena zuzen zetzan, eta ez zitzaidan interesatzen. Nere jokuen argibide bat soil-soilik nahi nuen. Lehertuko nintzen, Gris heien eskutara eman baino lehen. Zergaitik? Ez nuen Gris gehiago maitatzen. Nere bereganako maitasuna hilik zegoen; egun sentiarekin batera Conchaganako nere amodioa ere berdin, hilik zetzan nere bizitzeko gogoekin batera. Zalantzarik gabe beti lagun izango nuela. Ausarta zen. Baina ez zegoen arrazoirik ni bere tokian hil nintzaten. Bere bizitzak ez zuen nereak baino gehiago balio; edozein bizitzak ez zuen batere balio. Gizon bat PARETAREN KONTRA, eta lehertzeraino botako zioten: ni izan, ala Gris, ala beste edozein berdin zen. España-ko askatasunerako ni baino garrantzi haundiagoa zuen Gris-ek, baina farre egiten nien nola España-ri hala anarkiari: ezerk ez zuen garrantzirik. Halere ni hantxe nengoen; Gris-ena emanik, nere bizitza salba nezakean. Ez nuen halakorik nahi ordea. Komeriaren itxura zuen hark: egoskorkeriaren haunditasuna! Pentsatu nuen:

        «Setatsua izan behar diat». Eta gozo txoro batek betetzen ninduen.

        Nere bila etorri ziren eta ofizial bi haien aurrera berriro eraman ninduten. Sagutxo batek gure hanka artetik salto egin zuen, hori libertigarri zitzaidan.

Falanjista bateri begiratu eta esan nion:

        — Ikusi al duzu arratoia?

        Ez zuen erantzun. Bera seriosa zen, hala omen. Farra egiteko gogoa nuen, baina beldurrak ixil arazi ninduen; irriari has banintzaio, ez nintzake-ta ixilduko. Hura bigote haundiko falanjista bat zen. Esan nion ausartki:

        — Bigotea moztu beharrean hago, baboa.

        Parregarri zitzaidan bere ileei nola nagusitzen uzten zien ikustea. Ostiko bat eman zidan arreta haundiagorik gabe, eta ixildu egin nintzen.

        — Pentsatu al duk? esan zidan lodi-kastako ofizial txiki hark.

        Mozorro arraro batzuei bezala begiratzen nien. Nik heiei:

        — Badakit nun dan. Kanposantoan gorderik duzue. Hobi batean edo zuloegilearen txabolan izango duzue.

        Txantxetan ari nintzaien. Jaiki eta zigorraren laguntzaz nola agintzen ote zuten ikusi nahi nuen.

        Saltoka ziren.

        — Goazen. Aizu, Moles, zoaz teniente Lopez-engana eta hamabost gizon eska zaizkiozu. Hiretzat, esan zidan txiki lodi hark, egia esan baduk, hitz bat besterik ez diat. Gezurretan bahabil ordea, garesti paga araziko diagu hire txantza.

        Laisterka batean irten ziren; ni berriz, falanjisten zaindaritzaren pean zain. Noizbehinka irri egiten nuen heien joan-etorri alferraz gogoratzean. Azti eta gaizto kausitu nintzen. Ikusten nituen hil-harriak banan-bana miatzen, hobi guziak xeha-mehatzen. Egoera xelebre hura beste edozein banintz bezala nekusan: preso egoskor hau izugarriak egiten ari zen, falanjista alu eta bigotedunak eta beste uniformedun gizonak hilhobiz-hilhobi korrika ibili arazten zituen; farregarrizko komeria zinetan.

        Ordu erdi baten buruan, bakarrik agertu zitzaidan txiki lodikote hura. Ziurki hiltzeko manua zekarkidan. Besteak kanposantuan izango ziren nunbait.

        Neri begiratuaz, hasarrezko itxurarik ez zuen.

        — Sar ezazute besteekin batera patio haundian. Militar matxinada hau finitzerakoan, tribunal batek epaituko du, eta esango norat igor.

        Ez nuen deusik konprenitzen Galdatu nion:

        — Bada, ez, ez nazazute... ez naute hilko...?

        — Oraingoz ez. Gero ze gertatuko zaizunentz ez dakit.

        — Baina zergaitik?

        Erantzun gabe, bizkarrak higitu zizkidan. Soldaduek heldu eta patiora eraman ninduten. Ehun bat preso bazen patio hartan, emakume, haur eta agure zenbait tartean. Erdi-erdian zegoen belardiari bueltaka hasi nintzaion lolotua nintzen. Bazkal orduan jan-tokira eraman ginduzten. Bizpahiru lagun galdezka ari zitzaizkidan. Ezagunak nunbait behar nituen izan, baina ez nien erantzun: ez nekien nun negonik ere.

        Arratsean, hamar bat preso berri ekarri zituzten. Garcia ogilea ezagutu nuen. Berak esan zidan:

        — Potro haundi hori! Ez hindukan bizirik jotzen!

        — Hiltzera epaitua nindukan, gero ideiaz-edo aldatu egin dituk nunbait. Ez zekiat zer gertatu dukan.

        — Ordu bitan ailtxa natxiek preso, esan zuen Garcia-k.

        — Zer dela-ta?

        Garcia ez zen politikan sartzen.

        — Ez zekiat, motel, esan zidan. Bere gisako ez diren guziak hartzen ari dituk.

Abots ixilagoaz:

        — Gris atxiki ditek.

        — Noiz?

        — Gaur goizean. Alukeria bat egin zian. Eztabaida bat izan ondoren, lengusuaren etxea utzi zikan, bazeukean, nork ezkutatu, baina nehorenganako zorrik etzian ukan nahi. Esan zigukan: «Ibbietaren etxean gorde nenkikek, baina harrapatu dutenez gero, kanposantura niek» .

        — Kanposantura?

        — Bai. A zer astakeria! Jakina, gaur goizean joanak dituk, noizbait gertatu beharrekoa huan. Zulo-egilearen txabolan aurkitu ditek. Berak tiroka agurtu dizkik, baina bertan hil ditek.

        — Kanposantuan!

        Den-dena jira-biraka hasi zitzaidan. Lurrean kausitu nintzen: hain irri galantan ari nintzen, non begiak malkoz lanbrotu zitzaizkidan.

 

 

© Jean Paul Sartre

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus