Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Czeslaw Milosz

 

1911n gaur egun Lituania den Szetejnien jaioa, 2004ko abuztuaren 14an hil da Cracovian Czeslaw Milosz idazle poloniarra. Poeta handia, 1980an Nobel saria jaso zuen. Euskarara gutxi ekarria izan da, baina apur bat bai. 1984an Pamielak karrikaratutako Alkohola poemak libururako haren bi poema euskaratu zituen Tere Irastortzak. Maiatz aldizkariaren 9. zenbakian, berriz, 1985ean, beste poema bat argitaratu zen. Eta Literatur Gazeta-k Nobel saria jaso zuenean eginiko hitzaldia plazaratu zuen, Eduardo Zabalak euskaratua. Testuok eskaintzen dizkizuegu.

 


 

Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Tere Irastortza

 

Hildakoak euri antzinako eta zikinak horditurik dira

han Lofotengo kanposantu arrotzean.

Urtze erlojua urrun kalaka ari da

Lofotengo katabut zekenen artean.

 

Eta garaiarteak zulatzen dituen hilobiei esker

giza haragi hotzez gizendu dira beleak

eta ume ahosdun haize meheari esker

hilakoentzako gozo da Lofotenen ametsa.

 

Ez dut nehoiz ikusiko, nehoiz, noski

ez itsasorik ezta Lofotengo itsasoak ere.

Eta hala ere bada nire baitan zoko muturreko hori

eta bere larritasun oso maite erazten didanik.

 

Lofotengo kanposantu arrotzeko

suizida, urrutiratu eta desagertuak

--bai harrigarri eta goxo bere izena ene belarrian--

esaidazue egia denetz han, han lo dagozuenik.

 

Aixa konta zeniezadake gauza burutsuagorik

nire zilarrezko kopa gainezkatzen duzun gorria;

historia atseginago edo ez hain zoroak

eta zure Lofoten betikoaren pakean utz nazazu.

 

Eguraldi ona egiten duela eta leunki irristatzen

supazterrean hilik malenkoniatsuenaren ahotsa

--A hildakoak, hildakoak nahiz Lofotengoak--

hildakoak, sakonean, ez daude ni bezain hilak.

 

Alkohola poemak, Pamiela argitaletxea, 1984.

 


 

 

Czeslaw Milosz

euskaratzailea: Tere Irastortza

 

Iristean, gris ala berde izango da bere begietan

berde ala gris ibaian?

Ordua berri izango da honen zahar den etorkizunean

berri baina apenas berritzailea.

Dena esan, dena ikusi, dena amestu den ordu antzinakoak

ez duzue imajinatzen zertaraino zatzaizkidaten

                                                          kupidagarri...!

 

Izango da orduan beste gaurik eta hiri hotsik

gaurko eta betikoen modukoak --esperientzia gogorrak--

eta usainak --urtaroaren arauerakoak-- irailekoak edo

                                                          apirilekoak

Eta zeru faltsu bat eta ibai gainean hodeiak.

 

Eta kasuaren arauerako hitz pozezko edo nigarrezkoak

pozten diren edo euri dagiten zerupetan,

gu dagoeneko bizi eta plantak eginak izango bait gara

                                    --ene!-- honenbeste eta horretaraino

bera bere erreka gaineko euri begiekin datorkeenean!

 

Eta izango da (gogaitasunaren ahotsa, ezinaren barre)

orainaldiko une lehorra, zaharra, antzua ere

isiltasunaren ahizpa den eternitatearen taupada;

oraingo unea, oraingo hauxe bezalakoxea.

 

Atzo, orain hamar urte, gaur, hilabete barru

eskaera ikaragarriak, gogoeta hilak, baina zer axola!

Edan, lo egin, hil --norberarengandik askatzea beharrezko

                                                                da nola-hala...

 

Alkohola poemak, Pamiela argitaletxea, 1984.

 


 

N.N.tzako testigantza

 

Czeslaw Milosz

 

Zuretzat urrunegi bada, errazu.

Baltikako uhainen gainetik laster egiten ahalko zinuen,

Danemarkako zelai eta pago zuhaztietan zehar,

Itsasoruntz, eta jadanik, hurbil daukazu

Sasoin hontan xuri dagon Labrador.

Zuk, ugarte bakartiei amesten bait zinuen,

Hiriaren eta autobideko su klisken beldur bazara,

Oihan elkorren bidea har zinezakeen,

Elan eta karibuak pasatzen diren ur hitsen gainetik,

Urreputzu abandonatu sierrasetaraino.

Sakramendo ibaiak gidaturik,

Haritz arranztiez estali mendietara helduko zinen.

 

Oraino eukaliptus oihan bat, eta nere etxean zintake.

Egia, manzanita loretan delarik eta

Udaberri goizetan itsasadarra urdin

Bihotz kontra aintziren arteko etxeari

Eta Lituaniako zerupeen sare hedatuei pentsatzen dudala.

Mainua hartu aintzin zaia kentzen zinuen kabana

Betikotz, kristal huts batean aldatua da.

Harek, berandan iragan gauen ezti iluna,

eta kahaka ttiki bitxiak, eta zalpainen usainak dauzka.

Nola bizi ginen orduan, ez dakit.

Ohidurak, apaindurak, ez garbi, ez gauz,

Azkenari buruz ikaratzen dira.

 

Gauzak diren bezala amesten ahal ditugu.

Denbora pasatuaren jakintzak, olaintzinean zaldiak gorritu ditu,

Eta plaza gainean, merkatuko zutabe laburrak,

Eta eskalerrak, eta ama Fliegeltauben peluka.

Asko ikasi dugu, badakizu.

Nola kendua izan zaigu, bata batetik,

Ez zitakena, jendeak, herrialdea?

Usteko ginuen alta bihotza hilen zela,

Teak eta ogiak mahainean irri degigu.

Bakarrik, Sachsenhausenen hauts pobrea gizonaren neurrian ez den

Maitasun oso batez maitatu beharko zena, ez maitaturiko damua.

 

Negu heze berriei eta aleman jabearen odola, hura ez da itzuliko,

Hormetarik kafakaztu duten etxeari usatu zara,

Nik ere, ahal nuena baizik ez dut eraman, hiri eta herri.

Ezin zara, bietan aintzira berean sar,

Urki hostoez moldatu sakon batez ibiliz,

Eguzki lama hertsia hautsiz.

Zure eta nere faltak? Falta ttikiak.

Zure eta nere segretuak? Segretu humilak.

Izar bat argi dago, eta urrunean zakur bat zaunkaz,

Ahoa, oihal batez korapilatzen dutenean, eta erhietan kurutze bat ezartzen.

Ez, ez da urruntasunarengatik

Ez zarela etorri atzo edo iragan gauean.

Urtez urte gutan huntzen ari da, gaindituko gaitu bihar,

Zuk bezala konprenitua dut: ezaxoltasuna

 

Berkeley, 1974

 

Maiatz, 9. zkia., 1985eko uztaila.

 


 

1980ko literatura Nobel Sariaren inbestidura emanaldia

Czeslaw Milosz

euskaratzailea:
Eduardo Zabala

 

Czeslaw Milosz poeta poloniarrak 1980.ean Nobel Saria jaso zuenean gutxi ziren bera nor zen Euskal Herrian zekitenak. Gaur ere Europako poetarik onenetakoa izan arren ez da gure artean lehen baino ezagunago. Orain euskaratuta azaltzen dugun honek argitu dezake agian poeta poloniar honen nondik norakoa, bere pentsakera, bere disidentziaren iturria. Miloszek bertan argitzen du poesiarenganako duen maitasuna.

 

Nere presentzia hemen, taulatu honetan, eratu behar zukeen behin betiko argudio bat bizitzaren ustegabekotasun konplexu miresgarri eta zerutarra erreibindikatzen duten guztientzat. Nere eskola urteetan zehar, irakurtzen nituen Varsovian argitaratzen zen «Nobel Sarien Liburutegia» deituriko kolekzio batetako liburuak. Gogoan dauzkat oraindik, letra mota eta paperaren kolorea. Barruntatzen nuen orduan, Nobel Sariarekin sariztatukoak idazleak zirela, hau da, luzaroan eta prosan idazlan luzeak izkiriatzen zituztenak, eta, nahiz eta jakin beraien artean poetak ba zirela ere, ideia berberari amore ematen nion. Gauza da, 1930ean nere lehen poemak «Alma Mater Vilnensis» unibertsital aldizkarian argitaratu zirenean, ez nuela inondik inora idazle tituloarekin onetsia izaterik espero. Askozaz geroago ere, bakardadea aukeratzerakoan eta polonieraz poemak idaztearen betebehar arraro horri eman nintzenean, are Frantzian edo Iparramerikan bizitzen, saiatu nintzen mantentzen poetaren nolabaiteko ideial imajina, zeinek ospea lortu nahi baldin badu ere, bakarrik famatua izan nahi du jaiotako herri eta hirian.

        Nere haurtzaroan irakurritako Nobelarekin saritua izan zen idazleetariko batek, hein handi batean itzala izan zuen, ziur nago nere poesiarekiko zirraretan.

        Selma Lagerlöf-etaz ari naiz. Nils-enen «Bentura zoragarrietan», suhartu ninduen liburu batek, heroiak Lurra goihegazten du eta behatzen du urrutira, goitik, baina gai da era berean berarengan xehetasun niminoena ikusteko, betetzen horrela nik poetaren bokazio metafora gisa proposatu nahi nindukeen funtzio bikoitz bat. Berantago aurkitu nuen antzeko metafora bat Maciej Sarbewsky, XVII. mendeko poeta baten oda latindar batetan, garai batean Europa guzian Kasimiro izen artistikoarekin ezaguna izan zena. Vilnako Unibertsitatean poetika irakasten zuen. Aipatzen ditudan odak, kondatzen du bere bidaia Pegasoaren bizkarretan, Vilnatik Bruselasera, non bere lagun poetak bisitatzera doan. Nils-ek bezala, Sarbewskyk behatzen du bere urratsean, errekak, aintzirak, basoak, hau da, bere oinetara zabaltzen den paisaiaren geografia oro, urrun eta konkretu, era berean. Hauek ziratekeen, nere ikuspuntutik poetaren bi kualitaeak: ikusteko irrika eta ikusitakoaren deskribatze nahia.

        Eta hala ere, nik bezala usten duenak poesia «Ikustean eta deskribatzean» datzala muinean, jakin behar zuen baita guda neketsu bati bide eman diola modernitatearen aurka, liluratua aldiz, hizkuntza poetiko konkretu baten teoria mugiezinengatik.

        Poeta bat, neurri handi batean bere ama hizkuntzan idatzi zuten aurreko belaunaldien menpe dago; bera baino lehen izandakoek landutako formen eta estiloen gordelari da. Era berean, hala ere, aurresentitzen du betiko espresio moldeak ez direla egokitzen nahi izango zuen bezain bat bere esperientzia propioari. Beraiei makurtzen bada, barne-ahots bat entzuten du oharterazten diolarik mozorroen eta maskararen kontra. Baina aldiz, errebelatzen bada, erortzen da elkarren segidan gaurko abanguardia mugimen denborakideen menpean. Eta noski! Aski da argitaratzearekin lehen poema liburu bat, uler dezan oso nekez ihes egin ahal izango duela barreiatu dioten tranpatik. Zeren, tinta lehortu berria den bezain laster, hain bitxi ikusten zuen lan hura, agertzen zaio bapatean beste baten estiloz kutsaturik. Era bakarra, orduan baretzeko alhadura ilun hori, bilakerari jarraitzen eta bigarren liburu bat argitaratzean dago, zeinek ez du egingo barren zimiko berbera ekoiztea baizik, eta horrela behin eta berriro etengabeko ehiza horretan.

        Eta baliteke, bere ondoren liburuak eta liburuak uzten dihoan bezala, sugearen azal lehorrak balira lez, iraganean egindako guztiaren ihes etengabean, poeta honek jasotzea Nobel Saria. Zertan datza bultzakada enigmatiko hori, ez diona baieztatzen inoiz, pausatzen bukatuan, egindakoan? Errealitatearen bilaketa baizik ez dela uste dut nik. Eta hitz horri bere zentzu lau eta solemnea ematen diot, azken mendetako debate filosofikoekin zer ikusirik ez duen zentzu bat. Mintzo naizen errealitatea, Nils-ek hegaz bere antzarrean, eta bere zamalkaduratik oda latindarraren egileak ikusten duen lur berbera da. Dudarik gabe, lur hori esistitzen da, eta inolako deskripzioak agor ditzake bere aberastasunak. Gisa honetako baiezpenak esan nahi du deuseztea aldez aurretik, egun, sarritan formulatzen den galdera bat: Zer da errealitatea?, zeren Ponzio Pilatosek egin zuen berbera da: Zer da egia? Elkarren kontrako pareen artean etengabeki erabiltzen ditugun bizitza-hiltzea oposaketak hainbeste garrantzi badu, ez zitzaion gutxiago eman behar egia eta gezurra, errealitatea eta ilusio pareei.

        Simone Weilek, zeinen lanarekin beti zorrean egongo naiz, zera dio: «urruntasuna borondatearen arima da». Hala ere aldenduta mantentzea ezinezkoa da ia beti. Ni Europako seme bat naiz, nere poema baten izenburuak baieztatzen duen bezala, baina dudarik gabe baiezpen garratz eta sarkastiko bat da. Baita ere «Beste Europa» deituriko liburu autobiografiko baten egilea naiz, zeren ziurra, bi Europa esistitzen direla da, eta gertatzen da gu, bigarrenaren biztanleok, XX. mendeko «ilunbeen bihotzera» jaistera behartuak izan garela. Ez nuke jakingo nola mintza poesiaz berba orokorretan.

        Egingo dut, beraz, zertzelada orokorrekin erlazionatuz: Gaur egun eta perspektiba zabalago batetik gai gara bereizteko gertakizunen marka mugatzaileak ezen bere irispide txikitzaileagatik gainditu zituzten ezagutzen ditugun berezko hondamen guztiak, baina poesia, nerea eta nere denborakideena, ohizko edo abanguardia estilokoa, ez zegoen prestatua lazeria haiei aurre egiteko. Itsuen pare, bidea urratzen gindoazen haien artean, espirituak egun haietan bere buruari ziria sartzen zion tentazio guztiei ageriak.

        Ez da erreza bereiztea errealitate eta ilusio artean, batipat, norbera gurea bezalako garai batetan bizi denean, zeina karakterizatzen da duela bi mende euroasiar kontinentearen penintsula txiki batetan hasitako zalaparta handiengatik, gutxienez ezartzeko planeta guztian eta bere biztanle bakoitzean zientzia eta teknologiarekiko kultu lehiatia. Ez zen erreza ere eustea Europako zona haietan asaltatzen gintuzten anizkun zirikada intelektualei, non gizonenganako menerapen ideia endekatzaileak, naturarekiko endakatze ideien antzekoak, zeramaten iraultza eta guduzko paroxismoetara, fisiko zein moralki suntsiturako milioika giza bizien lepotik.

        Hala ere, gure lorpen preziatuena ez zen izan bere tankera ukigarrienean kontaktuan jarri ginen ideia haien onartzea, baizik eta begirune eta ezagutza barne-banaketatik pertsonei babesten eta tiraniatik makurtzera gordetzen dien guzti horrekiko.

        Horregatik konkretuki, bizikera mota batzuk eta instituzio konkretu batzuk indar gaizkileen abiapuntuan bilakatu ziren, eta partikularki, berez, pertsonen artean esistitzen diren loturarenak, beraiengatik, eta sendia, erlijioa, hauzotasuna eta heredentzia arruntengatik mantenduak; beste hitz batzutan, gizateria nahaspilatu eta ilojiko guzti hori, hain sarritan irrigarritzat jotzen dena bere joera erlijiosoak eta leialtasunak direla medio.

        Herrialde askotan, civitas-en ohizko loturak meneratuak izan ziren pausuz-pausuko degradapenera, era berean bere biztanleei eranzten zitzaizkielarik, eurok beraiek, bere heredentzia kulturalaz ohartzera iristen ez zirelarik. Ez zen gauza bera gertatu, hala ere, bapatean arrisku gogorraren situazio baten ondorioz, lotura haien bizi eta babesle garrantzia berez errebelatu zen zonaldetan. Hau izan zen nere jaioterriaren kasua. Eta ez nuke nahi, gaur bezalako egun batean, gure Europako partean nere lagunek eta nik jaso genituen dohainak aipatu gabe uztea, eta gogoratzerakoan, laudorio kantu bat botatzea.

        Miresgarria da herri txiki batean jaio izatea, non Natura giza eskalan agertzen zitzaigun, eta non hizkuntza ezberdinak eta kultu erlijiosoak mendetan zehar denbora berean izan ziren. Nere gogoan daramat Lituania, legenda mitolojikoen eta poesiaren herri bat. Nere sendia, XVI. mendean jada, poloniarrez mintzo zen, hala nola beste sendi asko suedieraz mintzo ziren Finlandian, eta ingelesez Irlandan; hortaz, hortaz, poeta poloniar bat naiz eta ez lituaniarra. Baina Lituaniako paisaiak eta bere espirituak seguruaski inoiz ez ninduten utzi. Zoragarria da, txikitan liturgia latindarraren hitzak entzutea, Ovidio itzultzea eskolan, eta dogma eta apologetika katolikoarekin bat datorren hezkuntza on bat hartzea. Patuak, Vilna bezalako hiri baten oinarrizko eta unibertsital ikasketak egiteko eskaini zidan aukera, bedeinkapen bat bezala sentitzen dut. Hiri arraro bat, arkitektura barrokoa, ipar basoetara birlandatua, bere historia harri bakoitzean inprimatua aurkitzen delarik, berrogei eliza katoliko eta hainbat sinagogako hiri bat. Aspaldiko egun haietan, judutarrek iparraldeko Jerusalen deitzen zioten. Berantago, bakarrik, Estatu Batuetan irakasten hasi nintzenean, ohartu nintzen zein heinetaraino blaitu nengoen gure unibertsitate zaharraren ikasketaz, buruz ikasitako erromatar deretxoko formulismoez, bere berezitasun espezifikoengatik iparramerikar gazteei hainbeste harritzen zien aintzinako Poloniaren historia eta literaturaz, hots: anarkia bihozbera bat, zentzu komunitario bat, humore kontziliatzaile bat, eta botere zentralistarekiko mesfidantza oso eta absolutua.

        Inguru horretan hezitako poeta batek kontenplazioaren bidez aurkitu behar zuen, agian errealitatea. Ezer ez litzaioke hain garestia izan behar, komunitate monastiko batetako bizitza bezala, bere kideen presio eta eskakizun lehiatietatik at, klausura gelaska batetako isiltasunean eta ezkilen jotzeari adi soilik. Liburu baten batek bere lanerako mahaian toki preferente bat bete behar izan balu, gauza dibinoen helezin tasunetaz, hau da, esse-ez mintzo diren hura edo izango zen.

        Baina, bapatean, berak ezer egin baino lehen, guzti hau harrapatu diote, honela, historiaren deabrutar gertakizunengatik, odol egarrizko jainko baten marka hartzen duena.

        Bere hegadan poetak so egin zuen Lurra, amildegitik kexatzen da urrikalgarriro eta dagoeneko, ez du uzten beha diezaion goitik. Kontraesan solugaitz bat sortzen da orduan, izugarri eta erreala, ez egunez ez gauez ez diola pakerik ematen izpirituari: akzioaren eta izatearen arteko hura da, edo nahi ba da, beste maila baten, arte eta elkartasunaren artekoa gure gizakideekin. Errealitateak oihuztatzen du izen bategatik, izendatua izan nahi du, baina pairaezinezkoa da eta, berarekin kontaktoan jartzen ba gara, oso gertu agertzen ba da, poetaren ezpainik ez dira gai ezta kexu bat ahoskatzeko: arteak frogatzen du horrela, bere gutiagotasuna akzioarekiko. Hala ere, errealitatea besarkatzea, gordea gerta dadin, are bere nahasmen, onaren edo txarraren, etsipenaren edo itxaropenarengan, ez da guztiz ezinezkoa, baldin ba dakigu aldentzea punttu bat, gai ba gara bere gainetik aupatzeko, baina hau, era berean, traizio hilkor bat bezala agertzen zaigu.

        Era honetakoa zen genozidioaren hilketagatik kirastua dagoen lur batetako poetengatik abestua eta XX. mendeak sortutako iskanbila guztien gunean gordeta zegoen kontraesana. Eta zer pentsatzen du orain haietariko batek, beste askok bezala poema sorta bat idatzi zuena, gogoan mantendu direlarik urte horien testigantza fidel bezala? Uste dut poema horiek kontraesan mingarri batetik jaio zirela eta burutua izateko gai izan nahi nukeela nahiz eta inoiz idatziak ez izan.

        Erbestean diren poeta guztien patroi santua, hark zeinek bisitatu zituen bere hiri eta probintziak, Dante izaten jarraitzen du. Baina, zenbat handitu den Florentzien kopurua! Poetaren atzerriratzea gaurkoz nahiko gertu den aurkikuntza baten ariketa da, zeinengatik jakin, badakigu, boterearen jabe den edonork ba dituela baita beharrezko tramankulu guztiak hizkuntza meneratzeko, eta ez bakarrik zentzura dela medio, baizik eta, gehienbat, hitzen esanahia aldatuaz. Ematen da orduan, gertakizun bitxi bat, zeinean gizatalde gatibu baten hizkuntzak bereganatzen ditu nolabaiteko ohitura iraunkorrak; errealitateko zonalde osoak esistitzeari uzten diote izenik ez dutelako sinpleki. Aztertu behar litzateke ea «l'ecriture» bezalako teoria literario batzuen artean, hizkuntzarena bere burua elikatzen, eta Estatu totalitarioaren bilakaera, lotura sekretuak esistitzen diren edo ez.

        Edonola, gauza da ez dagoela pisuzko arrazoirik Estatuak onar ez dezan prosa eta poesi esperimentalaren sortzean datzan ekintza bat, beti erreferentzia autonomoak bezala sortuak izan badira, bere mugen barnean sartuak. Bakarrik suposatzen badugu poeta dela indibiduo bat borrokatzen duela etengabeki askatzeagatik utzitako estiloetatik errealitatearen bila, bakarrik horrela arriskutsua irudituko zaigu. Hortaz, izendatzeko tentazioa, hazkura zori baten antzeko, beste zerbaiten pentsatzea eragozten dion zerbaitetan bihurtzen da. Horregatik poetak barne edo kanpo atzerriratzea aukeratzen du. Ezin nuke baieztatu, hala ere, bere motibazioak errealitatearenganako interes batetara mugatzen direla soilik. Eman daiteke baita ere berataz askatzeko nahiaren kasua, eta beste toki batean, bereak ez diren herrialdeetan, beste itsasoen aurrean, berreskuratu, une labur batzutan gutxienez, bere benetako bokazioa, Izakiaren behaketarena baizik ez dena.

        Delako itxaropen hori lilurazkoa da «beste Europatik» datozenentzat; aurkitzen diren edozein lekutan, egiaztatuko dute zenbat isladatzen dieten bere ingurumari berritik, beraien esperientziek, zera hori itsumen eraberrituaren iturri bihurtzen delarik. Gure planeta, gero eta txikiagoa, komunikazio ugalketa harrigarria dela eta, edozein definiziotatik aldentzen den prozedura baten lekuko da, eta gogoratzeari uko egiteagatik karakterizatzen da. Seguruaski, joan ziren mendetako pertsona ez eskolatuak, hau da, gizateriaren gehiengo neurtezinezkoak, gutxi edo ia ezer ez zekiten bere herrialde eta kulturen historiari buruz. Gaurko analfabetoentzat, zeintzuk, aldiz, badakite irakurtzen eta idazten, eta gainera eskola eta unibertsitatean irakasten dute, historia zerbait ezaguna da, baina nahaste arraro batetan murgildua. Horrela, Molière Napoleonen garaikide bihurtzen da eta Voltaire Leninen garaikide. Bestalde, azken hamarkaden gertakizunak hain garrantzi erabakiorrekoak, ezen bere ezagueran edo ezjakitean datza gizateriaren geroa, oharkabeak igarotzen dira, zurbiltzen eta itsaspen guztia galtzen dute, Nietzscheren aurresana nihilismo Europarrari buruz, hemen, aurkituko balitz lez bere hitzez hitzezko egitea. «Nihilista baten begia» idazten zuen 1887an, ez da fio bere oroitzapenetaz; bere hostoak gal eta hil daitezen uzten du, eta buruarekin egiten ez duena, gizateriaren iragan guztiarekin ere ez du egiten. Hiltzen uzten du. Gure aroak ez du mantentzen gerotik, baizik eta gogo arruntaren eta on eta txarraren perzepzio oinarrizkoenaren kontrako fikzioak. Los Angeles-etako Times egunkariak duela gutxi baieztatzen zuen bezala, Holokaustoaren egitasuna ezeztatzen eta judutarraren asmakizun bati leporatzen dieten hizkuntza batzutan eginiko liburuen kopurua ehunkada gainditzen dute.

        Gisa horretako eldarnioa egiteko gai ba gara, zergatik izan behar zen gertagaitz gogoaren galera orokorra izpirituaren egoera iraunkorra bezala? Eta beharbada ez da izango hau arrisku askoz handiagoa ingenieria genetikoa edo ingurugiroaren degradazioa baino? «Beste Europako» poetarentzat. Holokausto izenez ezagun diren gertakizunak denboran hain errealitate gertu bat da, ez duela bere gogotik ezabatzea lortzen, ez badu agian, Daviden Salmoen itzulpenari ekiten. Somatzen du, beraz, atsekabe handia egiaztatzen duenean Holokausto hitzaren esanahiak elkarren ondoko aldaketak jasan dituela; gogorrena, hitza, judutarren historiarena izatea esklusiboki, hildako mordoen artean kontatu ez bait lira lez, baita, milioika poloniar, errusiar, ukraniar eta nazionalitate guztietako atxilotuak. Nahigabetua sentitzen da zeren antzematen du zera honetan, hain urrun ez dagoen gero bat, non historia telebistak esaten duenari mugatuko da, bitartean, egia konplexuegi izateagatik artxiboetara baztertzen delarik edota guztiz ezereztatzen. Beste egiteak, berarentzat guztiz gertuak gainera, nahiz eta Sartaldeko herrialdeentzat urrunak H.G. Wells-ek bere «Denboraren Makinan» aurkezten duen mundu ikuspegia itxuradun bezala mantentzera darama: Lurra, argiaren ume tribu bategatik jendeztatua, axolagabeak, oroimenez biluztuak, eta hori dela eta, historiaz, defentsarik gabe aurre egiteko lurpeko haitzuloen egoileei, ilunpetako ume gizajaleei. Sartuak gauden bezala aldaketa teknolojikoaren mugimenduan, zuritu dugu gure planetaren batasuna, ekintzaren menpe dagoela eta gehiegizko garrantzi bat ematen diogula komunitate internazionalaren nozioari. Honekin ez dut esan nahi Nazioen Liga eta Nazio Batuak sortuak izan ziren egunek ez dutela merezi betetzerik toki bat gure oroimenean, baina zoritxarrez, data haiek ez daukate zentzurik konparatzean urtero, gizatalde guztiarentzat dolu egun bat bezala bete behar litzatekeen beste data batekin, eta nahiz eta hori belaunaldi gazteentzat ia ezezaguna dena. 1939ko Abuztuaren 21etaz ari naiz. Bi diktadorek sinatzen zuten egun hartan akordio bat, non barne ematen zen klausula sekretu bat zeinaren ondorioz aldameneko zenbait herrialde banatu behar zituzten, ordurarte hiriburu, gobernu eta parlamentu propioen jabe zirenak. Itun hark, ez zuen guda itzel bat askatu soilik, baizik eta gainera berrindartu zuen hastapen kolonialista, zeinaren arabera nazioak ez dira komertzia daitezkeen ganadua, baizik eta bere garaiko jabeen gogoaren guztiz menpekoak. Bere mugak, bere autodeterminazio eskubidea, bere pasaporteak esistitzeari utzi zioten. Eta harridura zio izaten jarraitzen du zera honek egun, eta mintzatzerakoan nola hastapen hori diktadoreengatik indarrean jarri zen, dela berrogei urte jada, ia ahotsa altxatu gabe egitea, xuxurlo batetan eta adieraztera emanez hatzarekin espainetan, ez dela libreki hitz egin daitekeen gai bat. Giza eskubideen aurkako hilketak, inoiz aitortuak eta are gutxiago publikoki salatuak, pozoi eraginkor bat osatzen dute, nazio arteko harreman lagungarri bateko aukera apurtzen duena.

        Poesia poloniarraren antologiek, Wladislaw Sebyla eta Lech Piwowar, nere bi lagunen poemak barne ematen dituzte, eta beraien hiltze data: 1940. Baina, nahiz eta taiugabe iruditu eta gehiago kontuan izaten orok Polonian egia ezagutzen dutela, antologia horietarik batek ere ez du ematen hil zirenen zertzeladaren berririk. Bere zortea ez zen ezberdina izan, garai hartako Hitlerren gaizkidearen konzentrazio kanpoetara aldatuak eta eraitsitako milaka ofizial poloniar batzuena, eta bata eta bestea atsedentzen dira orain hobi komun batean. Eta beharbada, Sartaldeko belaunaldi gazteek, historia gutxi ikasi arren, ez zuten jakin behar, 1944ean, berrehun mila pertsona hilak izan zirela Varsovian, Stalin eta Hitlerrengatik guztiz birrindua izatera epaitua izan zen hirian. Bi diktadore genozidak dela asko ez dira esistitzen, eta hala ere, nork daki ez ote zuten lortu bere ejerzitoek baino garaipen iraunkorragoak. Paktu Atlantiarra arren, printzipioa, zeinaren arabera, nazioak elkar trukatzeko objetuak dira, ez direnean karta edo dado joko baten fitxak, baieztatua izan da Europa bi zatitan banatzeagatik. Eta Estatu Baltikoen egonezak Nazio Batuen erakundean, diktatzaileen legatu iraunkor bat osatzen du. Bigarren guda mundialaren aurretik, hiru Estatu hauek Nazio Ligaren partaideak ziren, baina Europaren mapatik desagertu ziren 1939ko akordioaren ezkutuzko klausula zela eta.

        Barkatuko nazazuelakoan nago, kitzikatzeagatik historian, zauri batetan bezala. Baina gai hau ez da nere «errealitate» hitzari buruzko erreflexioari guztiz besteren, gaizki erabilia sarritan, baina estimaren merezigarria. Gizateriaren aienea, Tucidides-en irakurtzen ditugunak baino itun zitalagoak, astigar hostoaren itxura, egunsentia eta ilunabarrak ozeanoarengan, kausa eta efektoen kateatzea oro, Historia edo Natura deitzen ba diegu ere zuzentzen dira, horrela uste dut nik behintzat, beste errealitaterantz, ezkutua eta sartezina, baina erakarketa indartsua ekoizteko gai, zeinean datza arte eta zientzia ororen indar bultzatzaile oinarrizkoa.

        Litekeena da zaurien oroimena baizik ez izatea. Horrela dio Bibliak gutxienez, Israel herriaren atsekabea kondatzen digun liburuak. Liburu honek baimendu zuen luzaroan nazio europarrak iraupenaren zentzua gorde zezaten, gaur hain modan dagoen historikotasun berbarekin nahastu behar ez den hitz bat. Nere herritik at, bizi izan naizen 30 urtetan zehar, beti uste izan dut nere kide Sartaldetarrak bai idazleak zein literatur irakasleak izan baino burupe gehiagorekin gozatu dudala, eta hori gertakizun ezberdinak gertuak edo iraganak, nere buruan itxura xehe bat ezin hobeki delineatua hartzen zutelako. Baina Sartaldetar publikoak ere, Polonian, Txekoslobakian edo Hungarian idatzitako poemak edo eleberriak, edo hauetariko berri baten eginiko pelikulak epaitu behar direnean, somatzen du seguruaski, kontzientzi zori zorrotz bat, zentsurak inposaturiko mugez aurkako etengabeko borrokan.

        Duela minutu batzuk, adierazten nuen nere gogoa bukaera emateko poetaren aldentze beharrak bere kideenganako elkartasun sentimendutik kontrajartzen duen kontradikzioari. Hala ere, lur gaineko hegada hartzen badugu poetaren bokazioaren metafora bezala, ez da zaila ohartzea, baita hemen ere kontraesan mota bat dagoela barnean, poeta historiaren iruzurretatik erlatiboki askatua aurkitzen den garaietan barne ere. Zeren nola egon «gainetik» eta era berean ikuztatu lurra bere xehetasun orotan? Baina horrela ere, kontrakoen balantza kolokan, nolabaiteko oreka lor daiteke denboraren etengabeko jariorengatik sartutako urruntasunari ezker. «Ikusteak», ez du adierazten begi bistan zerbait izatea soilik, baizik eta adieraz dezake oroimenean mantentzea zerbait. «Ikusteak eta deskribatzeak», imajinazioan berreraikitzea adieraz dezakete baita. Lortutako distantziak, denboraren misterioari ezker, ez du derrigorrez aldatu behar, gertakizunak, paisaiak, giza arteak, itzal gero eta zurbilen nahaste batetan. Aitzitik, egunaren argira erakuts ditzake, horrela gertakizun bakoitza, data bakoitza, esanguratsua izatera pasa dadin eta iraun dezan giza handikeri eta gaiztakeriaren betiko oroimen batek bezala. Bizirik dauden horiek, jasotzen dute agindu bat betirako isiltasunean datzatenetatik. Bere betebeharra beteko dute, bakarrik egite konkretuak berreraikitzen saiatzen ba dira, gertatu ziren bezala, askatuaz horrela iragana fikzio eta legendetatik.

        Oroimena da, beraz, gure indarra; bere buruarengan artekatzen den hitzaldi batetik babesten gaitu, hala nola huntzak, zuhaitz enborraren edo hormaren gainean euskarri aurkitzen ez duenean.

        Biek orduan, Lurra goitik ikusia betiko gaurko batetan, eta berreskuratutako denbora batetan irauten duen Lurra, poesiaren objetua osatu beharko dute.

 

Literatur Gazeta, 7. zkia, 1987ko urria

 

 

www.susa-literatura.eus