MONTEVIDEO-N, 1847AN,
ARRIBATU ZEN ESKUALDUN BAT

 

Dotzena erdi bat bertsu berri, Euskal Herrier goraintzi,

Kopiaturik igortzen daizkot, ene adiskide Barnetche-i;

Montevideo-ko alderdian gu nola giren bizi,

Oro egiak deklaratzen'tut, nahi duenak sinetsi!

 

Mila-zortzi-ehun-eta-berrogoi-eta-zazpian [1],

Gu nola arribatu ginen, Montevideo-ko herrian:

Uste ginuen sartzen ginela plazer guzien erdian,

Hobe ginduke egon bagine, zangoak hautsirik, Frantzian!

 

Zonbat aitamen seme maite, eta orobat alaba,

Bihotz onez itzul litazke berriz alderdi hartara

Egiazki mintza nadien, gauza hori hala da

Hemen bizia ontsa eginez, deus ez ditake aldara.

 

Orobat aita-familiakoak, beren penen ihesi,

Montevideo-rat jiten dira, nahiz zerbait irabazi;

Holako frango ez ote dugu Euskal Herrian ikusi?

Jende onek beharko'tuzte heien familiak hazi.

 

Ez du balio hunat jitia libratzeko penatik,

Eta hori erranen dut, jende onak, zergatik:

Nehor ez da aberasten bere esku-lanetik;

Holako guti ateratuko da sekulan Montevideo-tik.

 

Egun bada, Bihar ez da, hemengo irabazia;

Hala ere kontent kontserbatzen badu bere bizia!

Hemengo afera, pentsatu gabe, noiz nahi nahasia;

Erreglamendu hobiagoan gidatua da Frantzia!

 

Erran komuna den bezala, «Urruneko eltzea urrez»,

Hala ere kontent harrapatziaz «Hara ondoan beterik lurrez».

Jende onak, ez naiz mintzo hotan batere gezurrez,

Nihaurek proba egin baitut aurten denbora laburrez.

 

Orobat fama handietan zen denboran, Kalifornia:

Harriaren plazan, zutela orotan, urre gorria;

Nik bezala balakite zonbaitek hango berria!

Hargin zerbitzun ari dela, ikusi dut notaria.

 

Uste nuke, leku beretan, konde-markesak badiren;

Orai diren lekuan baino hobeki baitzauden lehen;

Goraintzi igorri diote herriko adiskider,

Taulazko hotel batian bizi direla koziner.

 

        [1] Aintzineko kantua, 1845ekoa, hau berriz 1847koa, hor dugu ere lehenago 1842ko «Pulunpa» Katxo Hazparnekoak egin zuena, oroiterazteko nola Baionatik Montevideora zihoan untzia hondatu zen Montevideora heltzean bere bidaiari guziekin (F. Michel, «Le Pays Basque», 348. orr.). Bakoitzak bere gisara adierazten digu: «Erran komuna den bezala, «urruneko eltzea urrez».

 

 

 


www.susa-literatura.eus