ROUSSEAU ETA ALTUNA

 

        Euskaldun batez egin den azalpenik zehatzenetako bat, Joane Jakobe Rousseau-k Inazio Emanuel Altunaz egindakoa da noski haren Aitortzapenetan; hobeki esanda, Manuel Inazio Altunaz, Julio de Urquijok zuzentzen duen bezala Menéndez y Pelayo y los caballeritos de Azcoitia deritzan bere obra jakintzazkoan.

        Manuel Inazio Altuna eta Portu Azkoitiako herrian jaio zen 1722ko Irailaren 3an. Haren gurasoak, Manuek Inazio Altuna eta Korta —Azpeitiako Altuna oinetxeko semea— eta Maria Ana Portu eta Ozaeta 1720garren urtean ezkondu ziren. Beste bi seme-alaba izan zituzten: Inazio eta Manuela, lehendabizikoa jesuita egin zelarik.

        Manuel Inaziok, oinordekoak alegia, Felipe V garrenak irazandako Madrileko Leinargien Mintegian egin zituen bere estudioak. Humboldtek, hots, bidari xehekoiak, Madrileko Leinargien Mintegia eta Bergarako Erregetiar Euskal-Mintegi Herrikoiaz bisitatzeko aukera izan zuen, eta bi erakundeok alderatzean, bietatik lehendabizikoan erabiltzen ziren metodoen nagusitasuna goraipatzen du.

        Bere estudioak amaiturik, Altuna munduan barrena abiatu zen; lehendabizi Italiara joan zen, Venecian, Napolesen eta Erroman gelditu zelarik baitipat. Venecia izan zen Jean Jacques Rousseau ezagutu zuen hiria. Gero, Parisera heldu zen. Bere bidaldiak host urte iraun zuen. Denbora honen zati handi bat Parisen joan zitzaion, bere adiskidetasuna Genévetarrarekin estuagotzen zelarik, mami-mamiko bilakatzeraino. Geroago, Altuna bera herriratu zen. Hondarribian ezkondu zen Maria Brijida Zuloaga andereñoarekin 1749-garren urtean. Ezkonberriek Azkoitian jarri zuten bizilekua eta seme bat eta alaba bat izan zuten. Bere herriko alkate izan zen 1746-garren urtean, eta zinegotzi hurrengo bi urtetan.

        Azkoitiako parrokiako hildakoen liburu batean, Julio de Urquijok, Manuel Inazio Altunaren hil-agiria aurkitu zuen. Honela dio: Mila zazpirehun eta hirurogeitabiko Maiatzaren hogeitazazpian hil zen Ignacio de Altuna eta Portu jauna. Sakramendu Sainduak hartu zituen. Iph. Ignacio de Lersundi-ren aintzinean hilburukoa egin zuen.

        Labur-zurrian hori da bere bizitza. Hori da eta ezer ez gehiago, paper zaharrek diotenez Azkoitiar andiki leinargiaz. Baina bada beste gizaseme bat Manuel Ignacio de Altuna jaunaz askoz gauza gehiago gaineratzen dituena. Joane Jakobe Rousseau-k bere adiskide Altunaz egiten duen azalpen neurritsua, tajuzkoa eta bidenabar bereizgarriz betea, begi-belarri izaera bati erreparatu dionaren ezaugarri da. Rousseau ez zen behinere egon Euskalerrian. Alabaina, euskaldun bat oso sakon tratatu zuen. Bere deskribapena euskal-izaeraz, egin den onena dela iruditzen zait huts egiteko beldur handirik gabe. Beronen textualdaketa osoa merezigarri da zinez.

 

 

II

 

        Benezian bizkaitar bat ezagutu nuen, Carsio ene adiskidearen adiskide eta edozein gizon presturen adiskide izatea merezi zuena. Gave atsegin hau, dohain guztietarako eta bertute guztietarako sortua, Italia guztian zehar ibili berna zen, arte ederretarako gustua har zezan; eta beste ezertxo ere bereganatzeko asmorik gabe, bere sorterrira zuzen itzultzea pentsaturik zuen. Nik esan nion, artea, zientziak lantzeko beharrekoa den berea bezalako buruargi baten zabaltzea besterik ez zitekeela izan. Eta aholku egin nion, artelanez zaletu zedin, bidaia bat egin zezala Pansera eta sei hilabeteko egonaldia egin zezala hiri horretan. Hara joan zen eta nire zain zegoen heldu nintzenean. Haren etzangoa handiegi zen beretzat eta gelaren erdia eskaini zidan niretzat; nik onartu nuen. Zientzia hutsen berotasunean aurkitu nuen. Ezer ez zegoen berak eskuperatu ez zezakeenik; harrigarrizko abiadan iresten eta egosten zuen dena. Nola eskertu zidan janari hau emana bere izpirituar! Izan ere, jakite egarriz kezka larritan baitzegoen, nahiz eta bera horrezaz ez konturatu. Argi eta bertuteen zer nolako altxorrak ez ote nituen aurkitzen arima sendo honetan! Sinesperatu nintzen nik behar nuen laguna hura zela eta adiskide min egin ginen. Geronen gustuak ez ziren berdinak; beti eskatiman ari ginen. Biok egoskorrak izanik, ez ginen sekula akort jartzen ezertan. Hala guztiz ere ez ginen sekula banakatzen, elkarrengandik aldentzen alegia, eta beti kontraesanean mokoka jardunarren, ez berak eta ez nik ez genuke nahi izango bestea beste moduko izan zedin.

        Ignacio Manuel de Altuna, Espainiak bakarrik sortarazten dituen eta beronen osperako gutxiegi sortarazten dituen gizon horietako bat zen. Ez zituen Altunak beronen herrialdean hain zabalduak diren norbere nazio edo aberriaren aldeko sutsutasun horiek. Bere izpirituan eta bere bihotzean, mendekuaren ideiek eta gurariek ez zuten sarrerarik. Prestuegi zen mendekati izateko, eta nik askotan aditu diot esaten hotz-hotzean, ez zela hilkorren artean bere arima ofendi zezakeenik. Adiguritsu zen, xamurra izateari utzi gabe. Emakumeekin jostatzen zen, haur politak izango balira bezala. Bere adiskideen amoranteekin libertitzen zen; baina nik ez dut inoiz jakin halakorik izan duenik, ez eta edukitzeko gogorik izan duenik ere. Haren bihotza iresten zuten bertutearen garrek ez zieten sekula jaiotzen utzi haragizko griñei.

        Bere bidaiak egin ondoren, ezkondu zen eta, ondikotz, gazterik hil, zenbait ondorengo utziz; eta ni sinetsirik nago, bi eta bi lau diren bezala, bere emaztea izan zela lehendabizikoa eta bakarra amodioaren atseginak ezagutarazi zizkiona.

        Kanpotik jaieratsu zen espainiar bat bezala, baina barrutik aingeru baten ontasuna zerion. Nizaz aparte, ez dut ikusi bizi naizenetik, hura baino gizon tolerakorragorik. Sekula ez zion galdetzen inori zeintzuk ziren haren erlisiozko sinesteak. Bere adiskidea judu, protestante, turkiar, fanatiku edo ateo izan zedin, oso gutxi inporta zitzaion, pertsona prestua" izatekotan. Setatsu, egoskor, axola gutxiko iritzi gaietan; bestalde, erlisioaz edo moral gaiaz arituz gero, ixildu egiten zen edo soil-soilki hauxe esaten zuen: nik nire buruaz bakarrik erantzun behar dut.

        Sineskaitza da benetan hain arima goitua elkartu ahal izatea azken xehetasuneraino eramandako zehaztasuneko izpiritu batekin. Aldez aurretik zatitzen eta finkatzen zuen egunaren erabilkizuna, orduz, ordu laurdenez eta minutuz baliatuz, eta erabilpen hau halako eskrupuluz jarraitzen zuen, non esaldi bat irakurtzen ari zelarik, orduak jotzen baldin bazuen, liburua itxiko zuen irakurtzen amaitu gabe. Honela ebakitako denbora neurriak, batzuk ikaskuntza batzutarako zituen eta bestek bestetarako; bazituen pentsaketarako, berriketarako, mezatarako, Locke-rentzat, errosariorako, bisitentzat, musikarako, pinturarako; ez zegoen gozapenik, ez tentaldirik, ez entretenigarririk, orden hau aida zezakeenik; bete beharreko eginkizun bat izango litzateke soilki aldaerazi zezakeen gauza bakarra. Bere ordu banaketa errenkada irakurtzen zidanean nik onets nezan, farrez hasten nintzen eta mirespenez negar eginaz amaitzen nuen.

        Sekula ez zuen inor molestatzen eta inolako deserosotasunik ez zuen burutzen; euren losintxekin gogaitzen zuten pertsonak nekagarri zitzaizkion. Errazki gogoberotzen zen, behinere hasarratzera heldu gabe. Nik behin baino gehiagotan ikusi dutguztiz sututa, baina sekula ez serioski hasarretuta. Ez zen ezer alaiagorik bere umorea baino; txantxak burutzen zituen eta txantxetan jardutea gustatzen zitzaion; beroietan iaiotasunez disdiratzen zuen eta epigramaren talentua zeukan. Animatzen zenean zaratatsu eta zalapartari zen hitzetan; haren ahotsa urrundik entzuten zen, baina garrasi egiten zuen artean irriabarra somatzen zitzaion eta bere urduritasunaren zehar ateraldi bitxiren bat gogoratzen zitzaion beti denen far-egingarri. Ez zuen espainarren patxada edo gibelandirik, ez eta ere haien tajurik edo tankerarik. Haren larrumintza zuria zen, haren matrailak gorriskak, haren ilea gaztaina kolore, ia horaila. Handia zen eta ongi tajutua. Gorputz hura beronen arima kokatzeko egina izan zen.

        Bihotz zuhurreko gizon argi hau beste gizonen artean gailentzen zen eta ene adiskide izan zen. Erantzupen hau ematen diot haren adiskide ez denari. Hain ongi moldatzen ginela ikusirik, gure egunak elkarrekin igarotzeko asmoa hartu genuen. Ni, unte batzuek pacata, Azkoitiara joango nintzen, berarekin bizitzeko beronen lurraldean. Eginkizun honen parte guztietan akort jarri ginen biok, bera joan zen bezperan. Baina, ondoenik ondoena egindako proiektutan gizonen esku ez dagoena sortu zen. Geroko gertaerek, nire hondamendiek, haren ezkontzak eta heriotzak azkenean, betiko banakatu ginduten.

        Badirudi gaizkinen azpilan beltzek bakarrik garaitzen dutela; ongileen asmo orbangabeak ez dira ia behin ere kunplitzen. Honerainokoak dira Joane Jakue Rousseauren hitzak, bere Aitortzak liburutik hartuta. Bigarren zatia. Zazpigarren liburua. 1743/1744 urteak.

 

 

III

 

        Nik nire buruaz bakarrik erantzun behar dut esaldi hotsandikoak ekaitzaldi eztabaidakor handiak sortu ditu. Askorentzat, beren gustuko kristalean zehar begiratuzale direnak, Rousseauren adiskidea heterodoxo borobila da, bete-betea alegia, zeren-eta badirudi bere adiskide minenen iritziak bost axola zitzaizkiola. Urkijo jakintsuak, bestalde, Altunaren ondorengo baten berri ematen digu txit kezkaturik zegoena bere okilasoak eduki zitzakeen ideiez. Zaldun honi Ignacio de Lardizabal eta Altuna zeritzan —Don Carlosi, Ordizian, zin hitza hartu ziotenetako bat— eta bere aurrekoak eduki izan zezakeen azken orduaz kezkaturik, Azkoitiako erretore jaunarengana jo zuen xehetasunak eskatuz gai honetaz. Don Pedro de Aldalur-en erantzupena, dudagabea eta erabatekoa izan zen. Altuna kristau zintzo bezala hil zen.

        Rousseauren adiskidearen esaldiak ez du galtzekorik euskaldun batentzat; euskaldun denak bakarrik igarri diezaioke haren baitan dagoen mamiari eta esangurari. Eta, preseski, Ginebrako filosofariak eta beronen adiskideek suposatzen duten edo suposatu nahi dutenaren alderantzizkoa da.

        Aitortzak delakoaren Alvaro G. Gil-en espainar itzulpenean, Je ne suis chargé que de moi, textuinguruan honela itzulirik ageri da: Obstinado, testarudo en materias de poca importancia, desde el momento que se trataba de religión y aun de moral, se contenía y callaba, o decía simplemente: no tengo que ocuparme sino de mi.

        Eta Aitortzak delakoaren 1793-ko edizioan ­hau baita Ramón de Basterra poeta handiak darabilen argitalpena Los navíos de la Ilustración deritzan bere liburuko kapitulu baterako— itzulpena hauxe da: Obstinado, tozudo en las opiniones indiferentes, en cuanto se trataba de religión se callaba o decía con sencillez: a mí no se me ha encargado salvar más alma que la mía.

        Je ne suis chargé que de moi. Nahiz eta bere zentzu zeatzean harturik, esaldi horren ortodoxia dudagabea oso ederki defendatua izan zitekeen. Vous n'etes chargé que de vous, vous ne répondrez que de vous, esaten da Lamennais-ek bere Kristoren Antzarpena ospatsuari osatutako Pentsaketetan. I Liburua, XIV Atala.

        Baina ez dugu bide horretatik zuzendu behar gure kasua. Soil-soilki, Altunaren esaldi hori, euskaratik literalki itzulitako adimendu erresistentzia bat da. Orain baino lehen izan dut abagunerik ohartu ahal izateko adimen erresistentziarako hain euskalduna den joera hori.

        Ez Rousseauk suposatzen duenez, alderantziz baizik, besteren ideak —eta areago maite baldin bazituen— kezkagarri zitzaizkion Altunari sakonki. Euskaldun batek, hitz egitean, estaltzen ditu bere pentsamoldeak; beharrezkoa zaigu sumatzea haren hitzetan zehar. Ez dio axolarik Altuna tolerakor izan zedin, hainbestereino non, filosofoarentzat, bera izan ezik, besterik inor ez baitzen hain tolerakor zenik. Azken batean, ez da inor tolerakorragorik misiolari bat baino. Euskaldun ororen baitan —pentsa dezala modu batez edo bestez, katolikoa edo ateoa izan dadilanorbere ideien misiolari sutsu bat dago ezkutaturik. Euskaldun batek, besteak, bera den bezalako izatea nahi du. Euskaldun bat zernahi gauza izango da, ez baikorra ezik.

        Je ne suis chargé que de moi esaldiak zera esan gura du euskaldun baten ahoan: Pena handia ematen dit pentsatzen duzun bezala pentsatzen duzulako. Edozer gauza emango nuke egiaren bidean sar zaitzadan, horixe baita, azken fznean, zinez inportantea den gauza bakarra. Baina, dena den: baldin lortzen ez badut, ez naiz izango ni zure okerraren erantzule. Honetan nik ez dut erantzuten zin-zinez ni re buruaz baizik.

 

 

IV

 

        Beronen proba hauxe duzu: Altunak ekin ziola Rousseauri Azkoitiara joan zedin han bolaraldi bat egitera. Genévetarrak, azkotiar zaldunari itzuli ez zitzaion bihotz zarrasta eragikor eta minkorren bat jasan zuen noski. Euren herrietatik atera gabe, zaldun haiek gu bezain jakinean egoten ziren, eta agian gu baino ikasiago, Europan gertatzen zen guztiaz.

        Altuna aspaldi zaharretik saiatu zen Rousseau katoliku erakuspidera erakartzen. Abagune honetan, Altuna-Portu bere jaun-oinetxea eskainiz izkribatu zion, zera pentsatuz: baretasun baketsu hartan bere adierazpenek eta eraginbideek oiharzun mesedegarriagoa bilduko zutela bere adiskidearen ariman. Nork daki —pentsatu zuen Altunak— Joane Jakue nire adiskideak ez ote duen aurkituko Azkoitian, bere izpiritu saminduarentzat, behin betiko bakea! Altuna, bere buruaren kargu egiteaz bakarrik mandatu egin zioten gizona, beste arimak zuzentzen saiatu izan zen behin baino gehiagotan, eta behinbat gehiago, bere adiskidearekin saio bat egin zuen, baina, zoritxarrez, ondorio onik gabe. Agian, Gipuzkoako herri baketsua, ehunki hartako eritasunaz kutsatua zegoen filosofoaren izpiritua, lilurapen edo zorapenetatik sendatzeko gai izango zen.

        Baina Rousseau, bere adiskideekin hain espatsu zelarik, Azkoitiara joateko beldur izan zen. Segurki, txit ongi ezagutzen zuen herri honetako bizigiroa bere adiskidearen kontakizunen bidez, eta ukapena jaso zuen haren eskabide atsegingarriak. Ez dakigu zer tankeratan izkribatu zion honek, Altunak alegia, baina bai nola erantzun zion Genévetarrak. Hona hemen:

 

        M. Altunari

        Parisen, 1748-ko Ekainaren 30-ean Zeinen froga gogorra ezartzen diozun nire onbideari etengabe gogoraztean ene bizitzako itxaropena zen egintzasmo bat! Behinere baino gehiago berau konplitzea beharko nuke samintasunez beterik dagoen ene bihotz gaixoaren kontsolagarri, eta nire ajeek eskatuko luketen atsedenerako; baina zernahi gerta dadila, ez dut erosiko zorionik ene adiskide batenganako estalgarri koldar batez. Ezagutzen dituzu ene sentimenduak delako puntu batez; aldagaitzak dira, ebidentzian eta demostrapenean oinarrituak daudelako. Eta hauetxek dira, edozein izan dadila onartzen den dotrina, eskuartean dauzkagun arma bakarrak garaile irten dadin. Halaxe da: nahiz eta nire fedeak gauza asko erakutsi ene arrazoibidearen gainetik daudenak, nire arrazoia da, lehenik, neure federa menderatzera bortxatu nauena. Baina, ez gaitezen sar eztabaida hauetan. Zu mintza zaitezke eta ni ez. Hau abantaila andi bat da zure alde. Bestalde, nire egoeratik ateratzea bilatzen duzu lehiaz eta nik zurean bakean uztea dut helburutzat, zure izpirituaren bakearentzat mesedegarri delakoan eta halaber ona zure geroko zorionarentzat fede onez ari bazara eta Kristaubidearen agindu jainkotiar eta gorenez gidatzen baldin bazara.

        Ikusten duzu, beraz, nolanahi ere, gai honi buruzko eztabaida, galazia, debekatua dagoela gure artean. Gainerakoan, eduki ezazu zure adiskidearen bihotzaz eta izpirituaz iritzi aski ona, aipatzen dituzun toki denentzakoez behin baino gehiagotan ausnartu duela sinesteko eta beronen moral oinarria —baldin bere jokabidearena ez bada— ez dela zurea baino eskasago, ez eta ere gozakaitzago Jaungoikoarentzat. Beraz, puntu honetan aldagaitz nago. Ez oinazerik ikaragarrienek, ez-eta heriotzaren hurbiltzeak, ez dute deus ere baieztatzen ez nauenik, kontsolatzen ez nauenik zorion eternal baten itxaropenean, zurekin partekide izatea espero dudalarik neure Egilearen altzoan.

        Textu iheskorra hauxe, beronen egilearen psikologia goibel eta urguilutsua zoragarriro argitara dakarrena. Eta, bidenabar, Aitortzak delakoan Altunaz egiten duen azalpenaren osagarri zoragarria, baina argi eta garbi kontraesaten dituena Rousseauren baieztapen erabateko batzuk azkoitiarrari buruz. Eskutitz honek Genévetarraren zintasunaren problema bistaratzen du. Eta, nolabait ere, bere auto biografiaren zintasunaren problema mahaigaineratzen du. Ez da hau kaso bakarra Rousseauren gutun mamikoak bat ez datozena Aitortzak delakoarekin. Gutun hau dato bat gehiago da idazle erromantikoen zintasunaren estudio baten lagungarri.

        Rousseauren giristino jatorria gero ta nabariago egiten da denbora pasa ala; eskutitz honen mamia aldarrikatzen ari da garrasika. Askotan, ihesi doana harrapatua dago iadanik. Nagusitasunaren itxurak eginaz, Rousseau-k atzeraka borroka egiten du. Ez zen, noski, lehendabiziko aldia hala egiten zuena Altunarekin. Ideia-gudalditan maiz gertatzen da, gizonak hasera bateko zintasunen eta berotasunen komedigile izatea. Kuttunki kontu egiten zaio, zinezko arduraz, aurkeztu beharreko paperari. Beti pentsatzen da —pentsu geldikorra— norbere aldekoetan eta miresleetan. Eta hori da —aldekoak eta jarraitzaileak— Rousseau-k aurkituko ez zuena Azkoitian. Bere adiskideari bildur zeukakion, hala nola adiskidearen herriari. Zeinen nortasun ahaltsua Manuel Ignazio Altuna eta Portuk bere baitan gordetzen zuena.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus