11

 

        Ni utzi eta berehala mozkor ikaragarria harrapatzera joan zen Martins. Asmo hori burutzeko Oriental edategia aukeratu zuen, keztutako kabaret ziztrin hitsa, gezurrezko fatxada oriental baten atzean kokatua. Neska erdi biluzien argazki ohizkoak eskaileran, erdi mozkortutako amerikar ohizkoak mostradorean, ardo txar eta harrigarrizko ginebra ohizkoak: edozein taberna zulo arruntetan egon zitekeen, edozein hiriburu zarpailetan, Europa zarpail batean. Goizaldeko ezordu etsituetan halako batean Nazioarteko Patruila agertu zen begiratu bat ematera, eta soldadu errusiar batek hanka egin zuen eskailera aldera haien begisitan, burua makurtua eta alboratua zeramala, basapizti zirtzil batek bezala. Amerikarrek ez zuten zirkinik ere egin eta inork ez zion bidea galarazi. Martins edan eta edan ari zen; berak ere emakume bat hartuko zukeen seguraski, baina kabareteko neska guztiak etxera joanak ziren eta apenas gelditzen zen emakumerik bertan, bakar-bakarrik begi zorrotzeko kazetari frantziar eder bat, bere lagunari zeozer komentatu eta erdeinuz lokartu zena.

        Martins bere ibilaldiari lotu zitzaion: Maxim's tabernan bikote bakan batzuk dantzan ari ziren melankoniati, eta Chez Victor izeneko toki batean berogailua hondatuta zegoen eta jendeak zamarrak jantzita koktelak edaten zituen eseririk. Ordurako lainoak ari ziren dantzan Martinsen begi lausoen aurrean eta bakardadearen estuasunak hartua zeukan. Gogoa Dublineko neskarengana itzultzen zitzaion eta Amsterdameko neskarengana. Honek ez dizu huts egingo: edan hutsak, amodio fisiko hutsak: batek ez du fideltasunik espero emakume batengandik. Burua jira-biraka ari zitzaion: sentimenetik lizunkeriara eta atzera berriz sinesmenetik zinismora.

        Tranbiarik ez zebilen, eta temati abiatu zen oinez Harryren neskarekin topatzera. Amodioa egin nahi zuen berarekin; besterik ez: berriketarik gabe, sentimendurik gabe. Aldarte txarreko zihoan eta kale elurtua aintzira baten gisara kixkurtzen zen eta bere gogoari norabide berria harrarazi zion: nahigabea, betiereko maitasuna, etsipena. Horma babesgarri baten izkinan botaka egin zuen elurretan.

        Goizaldeko hirurak inguru izango ziren Annaren gelarako eskailera igo zuenean. Ordurako mozkorraldia arindu samartua zegoen eta asmo bakarra zuen buruan: neskak ere Harryrena jakin behar zuela. Sumatzen zuen jakinarazpen horrek nolabait arinduko ziola oroitzapenek gizakiengan uzten duten zama astuna, eta Harryren neskarekin arrakastarako ahalbidea emango ziola. Maiteminduta bazaude, ez zaizu sekula bururatzen neskak ez dakiela: uste duzu argi esan diozula ahotsaren doinu batez, eskuaren ukitu batez. Annak atea zabaldu zionean, ataurrean arlote itxura harekin ikustean harri eginda, Martinsek ez zuen asko uste Annak atea arrotz bati zabaltzen zionik.

        — Anna, dena dakit —esan zuen.

        — Sartu —esan zion neskak—. Etxe guztia esnatu nahi duzu, ala?

        Bataz jantzita zegoen; besaulkia ohe bihurtua zeukan, bertan etzanda egondakoak lo gutxi egin duela salatzen duen zimurduraz beteriko ohe horietakoa.

        — Tira —esan zuen neskak; Martins han zegoen, hizpidea asmatu ezinik—. Zer da? Nik uste nuen aparte ibiliko zinela. Polizia zure bila dabil?

        — Ez.

        — Zeuk ez zenuen gizon hori hil, ezta?

        — Ez noski.

        — Mozkortuta zaude, ezta?

        — Pixka bat —esan zuen umore txarrez.

        Topaketa okerreko bidetik zihoala ematen zuen.

        — Sentitzen dut —esan zuen suminduta.

        — Zergatik? Nik ere gustura edango nuke zerbait.

        — Polizia britainiarrarekin egon naiz. Etsita daude nik ez nuela hil. Baina dena kontatu didate. Harry azpikaria zen, azpikari makurra —esan zuen etsipenez—. Esku lohiko bat zen. Gu biok oker ginen.

        — Hobe duzu dena kontatzea —esan zuen Annak.

        Ohean jarri zen eta Martinsek dena kontatu zion, balantza arinak eginez, antzerki testua anartean lehenengo orrialdean irekita zeukan mahaiaren ondoan. Imajinatzen dut nahas-mahasean kontatuko ziola, bihotz zirrararik handiena eman ziona bereziki azpimarratuz, meningitisak jota hildako haurrena eta adimen-gaixoen pabilioiko haurrena, bain zuzen ere. Isildu zen eta biak isilik gelditu ziren. Neskak esan zuen:

        — Kitto?

        — Bai.

        — Mozkortuta zeunden kontatu zizutenean? Egiazko frogarik badute?

        — Bai. —Gogaiturik erantsi zuen—: Holakoxea zen Harry, aizu.

        — Orain pozten naiz hilda egoteaz —esan zuen neskak—. Ez nuke giltzapean ikusi nahi urtetan usteltzen.

        — Baina buruan sartzen zaizu nola Harry, zure Harry, nire Harry, holako saltsatan nahastuta egon...? —esan zuen Martinsek etsipenez—. Iruditzen zait inoiz existitu ez balu bezala, amets gaizto bat balitz bezala. Ala etengabe trufatzen zen gu bezalako inozoez?

        — Beharbada bai. Zer axola horrek? —esan zuen Annak—. Eseri hemen. Ez kezkatu gehiago.

        Berak neska kontsolatu behar zuela uste zuen lehen, ez alderantziz. Neskak esan zuen:

        — Bizirik balego dena azaltzeko aukera izango luke, baina guretzat nolakoa zen, halakoa gogoratu behar dugu. Hainbeste gauza baitaude pertsona batengan ezagutzen ez ditugunak, baita maite dugun pertsona batengan ere: gauza onak, gauza txarrak. Horiek guztiak ametitu beharrean gaude.

        — Haur horiek...

        — Jainkoarren! —esan zuen haserre bizian—. Ez ikusi jendea zure irudiaren arabera. Harry benetakoa zen. Ez zen bakarrik zure heroea eta nire maitalea. Harry zen. Azpikerian zebilen. Gauza txarrak egin zituen. Eta zer? Guk ezagutu genuen gizona zen.

        — Utzi gero alde batera jakintsukeria madarikatu horiek —esan zuen Martinsek—. Ez zara konturatzen maite zaitudala?

        Zur eta lur begiratu zion neskak:

        — Zuk?

        — Bai, nik. Ez dut jendea hiltzen botika faltsuekin. Ez naiz itxurazale bat neu handiena naizela jendeari sinetsarazten diodana. Idazle txar bat baino ez naiz, gehiegi edaten dudana eta neskez maitemintzen naizena...

        — Begiak zer koloretakoak dituzun ere ez dakit eta —esan zion Annak—. Orain bertan telefonoz deitu eta galdetuz gero ea beltza ala rubioa zaren edo ea biboterik duzun, ez nuke erantzuten jakingo eta.

        — Ezin duzu bera burutik kendu ezta?

        — Ez.

        — Kochen hilketa argitu bezain pronto Vienatik alde egingo dut. Dagoeneko ez zait gehiago interesatzen Harry Kurtzek hil zuen edo hirugarren gizonak. Nornahik hil zuela ere, zuzenbidezko egintza burutu zuen. Agian neronek ere hilko nukeen egoera horretan. Baina zuk oraindik maite duzu. Azpikari bat maite duzu, hiltzaile bat.

        — Gizon bat maite nuen —esan zuen berak—. Esan dizut, gizon bat ez da aldatzen hari buruz zerbait gehiago jakin duzulako. Gizon berbera da oraindik.

        — Gorroto diot hitz egiteko duzun modu horri. Izugarrizko buruko mina daukat eta zuk hitz egin eta hitz egin...

        — Nik ez nizun eskatu etortzeko.

        — Ni haserretzeko ahaleginetan ari zara.

        Bat-batean neskak barre egin zuen. Esan zion:

        — Hain zara barregarria. Goizaldeko hiruretan etortzen zara, arrotz bat, eta esaten didazu maite nauzula. Gero haserretu egiten zara eta errieta egiten didazu. Zer nahi duzu egitea edo esatea?

        — Ez zaitut oraindaino barrez ikusi. Egin berriz. Atsegin zait.

        — Berriz barre egiteko nahiko arrazoirik ez dago —esan zuen neskak.

        Sorbaldatik heldu zion Martinsek eta poliki astindu zuen. Esan zion:

        — Keinu barregarriak egingo nituzke egun osoan. Buruz behera jarri eta hanka tartetik irribarre egingo nizuke. Kontu barregarriak ikasiko nituzke bazkalondoko solas jokoei buruzko liburuetan.

        — Kendu leihotik. Ez dago gortinarik.

        — Inork ez digu begiratuko.

        Baina esan berri zuena oharkabean gogoratzean ez zegoen hain ziur: itzal luze bat mugitu zen, beharbada hodeiak ilargi aurretik igarotzean, eta berriro gelditu. Neskari esan zion:

        — Oraindik Harry maite duzu, ezta?

        — Bai.

        — Agian nik ere bai. Ez dakit —eskuak erortzera utzi eta esan zuen—: Banoa.

        Arin urrundu zen. Ez zuen atzera begiratu ere egin norbait atzetik jarraiki ari ote zitzaion ikusteko, itzala egiazkoa ote zen frogatzeko. Baina kalearen bukaerari bira ematean halabeharrez atzera begiratu eta kalearen beste muturreko kantoian bertan, paretari atxikia ikusia ez izateko moduan, giza irudi lodi mardul bat begiztatu zuen. Martins gelditu eta finko begiratu zion. Zerbait ezaguna zuen irudi hark. Beharbada, pentsatu zuen, berari oharkabean ohitu naiz azkeneko hogeita lau ordu hauetan; beharbada ibilerak maiz jarraitu ohi dizkidaten horietarikoa da. Martins han gelditu zen, hogei metrora, kale ilun hartan geldirik zegoen irudi isilari finko begira eta irudia halaber berari begira zegokion. Poliziako espia bat, beharbada, edota beste gizon horien agente bat, Harry aurrena gaizkitu eta gero hil zuten gizon horiena, ala hirugarren gizona ote zen?

        Ez zen aurpegia ezagun zuena, masail hezurrari ere ezin baitzion antzik eman; mugimendua ere ez, gorputza hain geldi zegoenez hura itzalak eragindako irudikeria bat zela sinesten hasita zegoen. Ozenki hots egin zion:

        — Zer nahi duzu?

        Eta ez zen erantzunik egon. Berriro hots egin zuen edanaren saminkortasunaz:

        — Ezin duzu erantzun?

        Eta erantzun bat etorri zen, zeren eta lo zegoen norbait itzarri eta leihoko gortinak zakarki zabaldu baitzituen, eta argiak kalexka meharra zeharkatu eta bete betean argiztatu zuen Harry Limeren aurpegia.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus