Salgari, Emilio. Italiar idazlea (Verona, 1862 - Val San Martino, Turin, 1911). Verne, Sue eta Dumas idazleen ereduei jarraituz, gazteentzako 150 ipuin eta 80 kontakizun inguru idatzi zituen, gehienak abenturetan oinarrituak. Sandokan pertsonaia ospetsua sortu zuen, eta bere liburu batzuek arrakasta sonatua lortu bazuten ere, ekonomia arazo larriak izan zituen eta bere buruaz beste egin zuen. Obra nagusiak: I misteri della jungla nera (1895, Oihan beltzeko misterioak), I pirati della Malesia (1896, Malaisiako piratak), Il Corsaro Nero (1899, Kortsari beltza), Le tigri di Mompracem (1901, Mompracem-eko tigreak), Jolanda la figlia del Corsaro Nero (1905, Jolanda, Kortsari beltzaren alaba) eta Sandokan alla riscossa (1907, Sandokanen mendekua). Zinema eta telebistarako egokitu dira Salgariren lan asko.
Cowper, William. Poeta ingelesa (Great Berkhampsted, Hertfordshire, 1731 - East Dercham, Norfolk, 1800). Sei urte zituela ama galdu zuen. Tratu txarrak jasan zituen gero eskola lagunengandik. Nortasuna aldatuta bere buruaz beste egiteko saio baten ondoren, urtebete eman zuen eroetxe batean. Bertan idatzi zuen Eroaldi batean idatziriko oharrak liburua. Gero, apaiz estuegi baten eraginak nahastu zuen Cowperren nortasun hauskorra: erlijio arazoak zirela eta, burutik egin zen (1773-1776). Garai honen ondoren, erlijio eta amodiozko poemak idatzi zituen. 1781. urtean Diverting history of John Gilpin balada komikoa idatzi zuen, eta 1785ean The Task (Enigma) poema bilduma. n Erromantizismoaren aitzindaria izan zen.