inprimatu
Euskeraren alde
Izenburua:
Euskeraren alde
Sinadura:
Azpillaga, Jon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Azpillaga, Jon

Argitalpena:
Karmel.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
11
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
13-14

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Euskeraren alde

 

Azpillaga

 

 Euskaltzale bat datorkizue

 Danoi aitzen ematera

 Gure Euskera maitagarria

 Ba-dijuala iltera.

 Oraindik zerbait egin diteke

 Saiatuz danak batera:

 Laster gerade izkuntza gabe

 Alegintzen ez ba'gera.

 

 Arrokeriak gaiñez egin du;

 Len apal bizi giñanak

 Gaur baiño biar altuago nai,

 Onek galdu gaitu danak.

 Munduan zear bai ots aundia

 Euskaldunaren izenak!

 Euren buruen jabe ez dira

 Lotsaz baztertzen diranak.

 

 Gaur be ba-dira zeinbatxo gizon

 Ikastez jantzi osuak,

 Naiz injiniru, naiz arkitetu,

 Lege-gizon, medikuak,

 Euren buruak euskeragandik

 Banatu ezindakuak:

 Esanaz guri au eman zigun

 Zeru-lurren Jaungoikuak.

 

 Euskereakin au gertatzea

 Zer gauza negargarria!

 Bera dalako euskal izate

 Eder danen oiñarria:

 Noizbait ez ote degu aseko

 Berak daukan egarria?

 Euskera gabe edozelako

 Lur bat da Euskalerria.

 

 Gure euskera mardula bai da,

 Jakintsuen iritzian;

 Zenbat azterka egiten duten

 Batzen diran bakoitzian!

 Beti esaten dabiltza guri

 Itzal andiko itzian,

 "Ai, euskaldunak, ez dakizue

 Zer daukazuen etxian!"

 

 Egin dagigun euskera alde

 Guk egin al degun lana;

 Bildurrez eta lotsaz ba'gera,

 Galdu bear zaigu dana.

 Atzerriakin nastua dago

 Len bakarrik zegoana,

 Ta belar txarrez bete bear du

 Lorezko zelai sakona.

 

 Aurrak dituan gurasuari

 Au nai dizut nik agindu,

 Zeure aur txiki danei euskeraz

 Erakusten alegindu;

 Auzokoaren txarrik ez esan,

 Akats guztiak berdindu:

 Ainbeste gerra etzan izango

 Lendik au egin ba'gendu.

 

 Zenbat direan euskera galtzen

 Ikusi nai lutekenak!

 Euskeraz jakin ta erderaz egin

 Aurrai aitak eta amak...

 Bake nasairik ezin eduki

 Kezka ori dadukanak.

 Obe sortuko ez balirake

 Orrelako euskaldunak.

 

 Gazte guztien gogoangarri

 Oraingoz nator eskera:

 Anai gera-ta bildu gaitezen

 Familiaren bakera.

 Ardi galduen modura gabiltz

 Batera eta bestera;

 Artalde on bat egin ezian,

 Galduko zaigu euskera.

 

 Euskeraz egin dezagun bada

 Euskalerritan, maitiak,

 Aundi ta txiki, zar eta gazte,

 Senar eta emaztiak.

 Lengo okerra zuzendu daigun,

 Ipuiñak dira bestiak.

 Gora euskera biotz batekin,

 Euskalerriko guztiak.

 


inprimatu