Agurtzen ditut Labaien jauna
Azpillaga
Agurtzen ditut Labaien jauna
eta Imanol Murua,
Pasai San Pedro, Berriatua,
Mutriku ta Ondarrua,
agurtutzen det Astoria hontan
bildu dan jende mordua,
saria ekartzen heldu diranak
berdin agurtzera nua,
ta bertsolari lagun haueri
agur ta esker berua.
Egia da bai Herri zar hontan
kantu asko det emana,
baina negurriz gorakoa zen
bertsolarien esana,
hainbat senide hainbeste lagun
bildu zaizkit neregana.
Badakizute bana-banaka
agurtzerik ez dedana,
denok batera hartu zazute
besarkada haundi bana.
Bertsolarien bizimoduan
dira poza eta penak,
etxetik irten eta herririk herri
ibiliak gera denak,
baina gehiago sufritutzen du
sukaldean zai daudenak,
bertsolarien emaztegia
nere eta bestenak,
zuek zerate txalo guztiak
merezi dituzutenak.
Ta Lopategi lagun zaharra ere
aitatzea komeni zan,
garai batean uztarri baten
berakin ibili nintzan,
polizi eta guardizibilak
gure atzetik zebiltzan,
bertsoa gendun gure armatzat
gerra edo gudaritzan,
poz bat badaukat egin genduna
ez zala alperrik izan.
Zuzendaritzat hartu dezagun
Gernikan dago haritza,
zazpi anaiak goza dezaten
egiten duen geriza.
Bertsolariak herririk herri
predikatutzen gabiltza,
menderik mende bizi dedila.
gure arbasoen hitza,
eskerrik asko t'agur danori
ta gora bertsolaritza.