inprimatu
Senti bezain gordin
Izenburua:
Senti bezain gordin
Sinadura:
Aurre, Jon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aurre, Jon

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1981
Argitalpenaren urtea:
Alea:
909.zk.
Orrialdea:
39

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Senti bezain gordin

 

Aurre, Jon

 

 Minak jaten nau pipiak zura

 kirriskatzen duen eran;

 goian zerua, behean lurra

 ez dut besterik aukeran.

 Gizasemeaz galdetzen badut

 zergatik, zer, nola geran

 airean dator erantzun hotza

 hil kanpaiaren tankeran:

 Nola dezaket hilotza senti

 Udaberriko bezperan.

 

 Apatxez apatx heltzen badio

 mendian ahuntzak haitzari;

 gizon bezala lotzen natzaio

 sentimentuen hitzari.

 Nola daiteke gizona izan

 ritmo gabeko dantzari,

 hemen nauzue desesperantzan

 zoramenaren haltzari:

 Errespetoa ustez dagokit

 nola gazia gatzari.

 

 Idi gorriak harrian tira

 harria harriz besarka;

 zezena idi bihurtu zuten

 ezin dezaket nik barka.

 Hantxe txintxilik ikusten diot

 hutsa bere izan marka,

 pazientzia galdu duenak

 ez du uztarriko arta:

 Mirari al da zezen izana

 mendekatzea adarka.

 

 Ahuntzak haitz puntan ba du oreka

 idiak berriz indarra;

 ahuntz eta idi bildu daitezen

 neuk joko diet adarra.

 Bata sendoa dugun heinean

 bestea ostera azkarra

 irabazteko burrukatzea

 gure aukera bakarra:

 Jela guztia ur bihur dadin

 ez zaigu falta sugarra.

 

 Zotzean dagon zapoarentzat

 heriotz beltzaren miñak;

 hankak airean mugitu arren

 jarutiko ditu pozoiñak.

 Zazpi buruko suge gorriak

 faltan bota ditu oiñak

 nahiko lituzke zapoak sobra

 darabiltzanen berdiñak:

 Besterik ziren Zugarramurdin

 erre zituzten sorgiñak.

 

 Zoriona dut amets gai beti

 baina ezin erdietsi;

 eguneroko gurpil ber-berak.

 zu bezala nau irentsi.

 Nire kontrara ari zarete

 ezin dut hori sinetsi,

 dena dela ere ez naiz amildu

 arrazoiak ez dit etsi:

 Zuen munduak ez nau asetzen

 zestokadaka goraintzi.

 


inprimatu