inprimatu
Kopla berri-zaharrak primaderan lili...
Izenburua:
Kopla berri-zaharrak primaderan lili...
Sinadura:
Aurre, Jon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aurre, Jon

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
933.zk.
Orrialdea:
37

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Kopla berri-zaharrak prmaderan lili...

 

Aurre, Jon

 

 Lehen lorea sahatsa

 etorri dator bedatsa

 oraindik orain lurrunduz doa

 barrutik kanpora hatsa.

 

 Zure begiko tristura

 ahal baneza eskura

 gorputz osoan dasta dezazun

 elur urtuen freskura.

 

 Sentimendu bat zen nigan

 azalduko dut segidan

 Urgull mendian primadera da

 zozo beltzak esan zidan.

 

 Ez nagoelako hilik

 ezin naiz egon isilik

 zure malko bat aurkitu nuen

 belar puntatik zintzilik.

 

 Negarranpulu zuria

 tristeziaren euria

 zinen lekuan krabelin bat da

 gorria bezain guria.

 

 Negutik udaberrira

 zeuri naukazu begira

 Urgull mendiko erresiņola

 penak kantatzen ari da.

 

 Urtuz doaz elurteak

 ibaiak urez beteak

 udaberritik udaberrira

 kontatzen ditut urteak.

 

 Neguan belar gordea

 ausartu zaite ordea

 kolore berdez ikusi nahi dut

 berriro ere Gorbea.

 

 Zu zara udaberria

 urrutitik etorria

 urterik urte sorgin-aginduz

 lorez janztera Herria.

 

 Ai ene maite maitea

 triste begi-bitartea

 zeuretzat ditut honako koplok

 eta kontsola zaitea.

 


inprimatu