Ez da ametsa
Arzac, Antonio
Uso mandatari bat,
Or, Bulebarrian,
Arkitzen zan urrungaz
Atzo arratsian,
Gaubaren erdian,
Papercho bar gorderik
Bere egalpian.
Asi nintzan poliki
Arrapa nayian,
Baña uso gaisoa
Izutu zanian;
Egatu zan utzirik
Papera lurrian,
Zeña daukatan oraiñ
Nere esku-artian.
Ara zer jartzen duen
Bere barrenian,
Esanikan erdera
Euskera gurian:
Bulebar goso ortan
Musika aditzian,
Eta gero pozkiro
Echera joatian,
Osasun onian,
¡Pensazazu daudela
Asko agonian
Murzian, Balenzian,
Españi tristian!
Au dio, au, paperak
Tinta beltz-beltzian.
Ta oraiñ ¿zeregiñ guk
Donosti gurian,
Erri chit noble, leial,
Maite, kutunian,
Karidadeak duen
Portu ederrian?
Gure anaiak daude
Trantze gogorrian:
Amari iltzen zaio
Aurra bularrian,
Bera iltzen da gero,
Aita ondorian,
Alaba bazterrian,
Semia aurrian,
Familiak dijoaz
Lurpera batian!...
¿Zer egiñ, bada, oraiñ
Gure Donostian?
Ez nago ni zueri
Esan bearrian.
¡Anai nereak! zuen
Biotzen erdian,
Amorioak dauzka
Zañak agerian;
Ala, pena bat nonbait
Ikusten danian,
Zañ oek jartzen dute
Malkoa begian,
Limosna, sufritzen ¡ai!
Daudenen tokian,
Eta orazio bat
Gurutze-oñian!
|