inprimatu
Zeriken det urruti artan
Izenburua:
Zeriken det urruti artan
Sinadura:
Artza, Antonio
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Artza, Antonio

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1935
Argitalpenaren urtea:
15
Alea:
753.zk.
Orrialdea:
13

Antonio Artzak

 

 Zer ikusten det urruti artan

 Biotza pusketan joanik?

 Zer ekaitz illun ikaragarri

 Dator, ¡euskaldunak! andik?

 ¡Ai!... esatea, libre ba nuke,

 Esango nuke ¡bai!... pozik.

 Baña penetan bizi gaitean

 Supri dezagun ¡ixilik!...

 

 Ixillik atzo, ixillikan gaur,

 ixillik bigar ta etzi,

 ¡Isillik beti! kantatutzea

 Ez degulako zillegi,

 Ordu txarrean, gure artean,

 Giñalako ¡ai! berezi,

 Anaiak bear genduelarik

 len, orain, gero, ta... ¡beti!

 

 Naigabe pisu, leor-leor bat

 Doakabe ark dakarkit,

 Negar egin nai, baña malkorik

 Bat bakarrik ez datorkit,

 Len ixuriak ditu guztiak,

 Dardar gorputza dabilkit,

 Eraso beltza badator eta

 ¡Euskal-erria!... ¡zabiltzkit!

 

 Lengo oitura miragarriak

 Zar eta maitagarriak

 Gure aitonen aitonetatik

 Jaunak guri biraliak,

 Denbora joanik beti berriak,

 Beti txit arrigarriak

 Nora dijoaz, nola ta noizko?

 ¡Au lotsa!... anai maiteak.

 

 Gure semetxo eta aitonen

 Erdian gaude jarriak;

 Aek seaskan, oek zerutik,

 Guri begira guztiak;

 Eta guk norontz geren begiak

 Daukazkigu ipiñiak?

 Zorigaiztozko lotarki batek,

 Dauzkigu oso itxiak!

 

 ¡Gauza tristea!... Paregabea,

 Da gaur nere dolorea;

 Semeak aita ikusten du ta

 Aitak ez berriz semea!...

 Albalitz aitak, gaurko egunean,

 Seaskara begiratzea,

 Izango luke bere biotza

 ¡Su bizi baten labea!

 

 ¡Baña!... Itzali zuen su bizi ura

 Etsaigo negargarriak,

 Miñak izanik, esan ditzagun,

 Garbi ta soillik egiak;

 Euskal biotzak sentitzen ditu

 Eriotzaren sugarrak,

 Odol ustu zan... ¡au nere miña!

 ¡Nere erritar laztanak!

 

 Euskal-erriko semeak: ¡esna!

 Altxa gaitean gaur bertan,

 Ara aurtxoak, guri begira,

 Seaskatxo otz otzetan.

 Ama non degu, ama euskera?

 Ara an txokoan, ¡penetan!

 Iltzen ba zaigu, illak gera ta...

 ¡Illak aurrak seasketan!

 

 ¡Bai gure Jauna!... ill bitez orain

 Ama ez ezagutzekotz,

 Gu bezelako ezker gaiztozko

 Seme txarrak izatekotz,

 Gure Legea, ¡paregabea!

 Oñperatzera jartzekotz,

 Berak galdurik, beren Amari,

 ¡Bizia galtzen uztekotz!

 

 Guk: gurasoak eta semeak,

 Gaurko Euskaldun erbalak:

 ¿Zer erakusten diotegu? !Ai!

 ¿Non dira Euskal oiturak?

 Eraso beltza badatorkigu.

 Azitzen datoz aurtxoak,

 Oitura on aek badaramatzi

 Berekin ¡Ama gaizoak!

 

 Gu: gurasoak eta semeak,

 Zentzu apurrik gabeak.

 Euskal izkuntza eta oituren

 Galtzalle lotsagarriak:

 ¿Bereak ditu gure animak,

 Sekulako, lotarkiak?

 ¿Etzaituzte gaur esnatu bear

 Amaren azken antsiak?

 

 ¡Ez ta batere! ¡Ez ta batere!

 Ill bedi triste beingoan,

 Ez gerade gu bere semeak

 ¡Ez gaude Euskal lurrean!...

 Au esan eta, odei lodiak,

 Agertzen dira zeruan,

 Eta Aurtxoak joan nai luteke

 ¡Amon onaren kolkuan!

 

 ¡Ama joan zaigu!... baña umeak

 Ai dira anditzen, eta erasoa

 Alderatzen datorkigu,

 Odei lodiak, beltz-beltz egiñik

 Argia digute kendu,

 Eta dunbotsa turmoiarena,

 Nunaitik aditzen degu.

 

 Kantauriako kosta guztiko

 Itsasoaren orrua,

 Dator ondoren iretsi naian,

 Euskal erri izandua,

 Gorainzi nairik mundu danari

 Jaunaren Lege santua,

 Zeñak danari esaten dion:

 "Onra zazu gurasoa".

 

 Aur txiki aek gizon egiñik

 Biurtzen zaizka aitari,

 ¡Aita gaiztoa! esan diote,

 ¡Utzi zenion Amari!

 Saldu gaituzu, zu galdu zera,

 Orain negarrak... ugari?

 Bazenekizun ¡aita gaiztoa!

 Etziñala ondo ari.

 

 ¡Bai!... Atzo ill zan ta gaur emen dator

 Eraso beltza gañera;

 Bein damutu ta piztu zenduen

 Joan ziñan berriz atzera,

 Urte oetan ibilli zera

 Beiñ batera, beiñ bestera,

 Baña, azkenik ill zaigu eta...

 ¡Goazen guztiok... lurpera!

 

 Aizea ere usteldu da ta

 Eziñ arneserik artu,

 Aita semeak lurra jo dute,

 Nai baña ¡eziñ! altxatu,

 Eztutzen dira, aitak ¡orduan!...

 Naitu semeak salbatu,

 Eta semeak, madarikatzen,

 Aita nai dute urratu!

 

 Odeiak ontan lertzen dira ta

 ¡Negarrez dago zerua!

 Euskal erria izandu zana,

 Beltzez jantzia, ¡galdua!

 Esker gaiztozko bere semea,

 Len gozoro bizitua,

 Il nai ta ezin ill zorrotz batekin,

 ¡Damua arantzatua!

 

 ¡¡Ai!! Lurrak berak du Ama ill ura

 Guk baño geiago maite,

 Ama ark onra eman ziola

 Beste Lurrak ba-dakite,

 Joan nai du ba-da, arren atzetik,

 Urak estaldu lezake,

 Sar bedi bada Done Joanetik

 Santander jotzera arte.

 

 Dizdiz tximistak, marru turmoiak

 Orro itxaso ederrak,

 Estal ditzazu euskaldun lurrak,

 Etsaigo gaiztok galduak;

 Adio orain, agur betiko

 Atsekabe emengoak,

 Barkaturikan, Berarengana

 Gora gaitzala Jainkoak.

 


inprimatu