Amodioa hutsegina
Arrossagaray, Jean
Amodioa gauza ederra, eta neurri gabekoa.
Primaderaren airostasunaz elgarri eskaintzekoa.
jainkoak egin zeraukun hori gizon andren artekoa.
Errespatuaz eta zuzenki ahalaz ibiltzekoa
Gauza-sakratu handi delakotz eta oroz gainekoa.
Neroni ere hunkitua nau amodiozko sugarrak.
Bihotz barnean sartu baitzeraut nola gauoroz izarrak
Behin betikotz debalde utzi nau maite nuen bakarrak
Dolamenaren zorroztasunak hertsatzen dauzkit bularrak
Uraren pare ixur araziz begi barnetik nigarrak.
Maitatu dutan izar ederra beste batek ebatsirik
Enekin egin fondamentuak berina gisa hautsirik
Ez ote duzu bihotz barrean egin lanaz urrikirik
Egin baneza ene bizian holako burla bihirik
Ez nuke nahi nik gehiago minuta baten bizirik
Neska maitea zer ukan duzu zuk hola gibelatzeko
Maite nauzula eni erranez beste bati fidatzeko
Lantza ukaldi hori barnean daukat bizi naizeneko
Jesusek zaukan amodioan bada entsenplu hartzeko.
Nola bizia eskaini zaukun populua salbatzeko.
Maitasun hori nola arropa zahartzearekin listu
Berdin berdina gure artean sekulakotz zauku histu
Gosoa zagon elkgartasuna bet betam baita murriztu
Hezurrak hundiz muinetaraino egin baitzerautan xixtu
Barnean ilun dagon argia nork nahiko daut berpiztu
Lore maitea ez nuen uste hola elgarren uzterik
Ene bihotzak ez du geiago zorionezko bakerik
Nera gostura ezin dut pasa ez egun eta asterik
Ezin izana baita munduan ene gostuko besterik
Zure ordaintzat ene bihotza bete liron emazterik
Pentsaketetan egunaz eta gauaz berriz amentsetan.
Izan ditaken gauza txarrena gizonarentzat kaltetan
Odola ere goizki dabila bihotzean ta zainetan.
Izar maitea zure ondoan nindabilan denboretan
Hobeko nuen ordu berean hil banitz zure oinetan.
Hutsik gelditzen naizen trixtea nigarra begitartean.
Ene bihotza oso emanik bertzendua den maitean.
Zortea hola behar banuen nik munduko izaitean.
Jondoni petri otoizten zaitut aingeruekin batean.
Maite harekin onhar gaitzazun biak zeruko atean.