inprimatu
Abesti kupigarria
Izenburua:
Abesti kupigarria
Sinadura:
Arrese, Emeterio
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Arrese, Emeterio

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1925
Argitalpenaren urtea:
5
Alea:
205.zk.
Orrialdea:
1

Abesti kupigarria

 

Emeterio Arrese

 

 Goibelotz-unez aurten izan dan

 illunperik otzenean,

 auzoko beste guziak lasai

 lotan zeuden bitartean

 eresi xamur negargarri au

 entzun det bart arratsean.

 

       "Gaitzaren mende

       ain kupigarri

 zauden semetxo maitea,

       gau otza da-ta

       mugitu gabe

 seaskan egon zaitea."

 

       "Negarrik ez-ba...;

       ene biyotxa,

 nun daukazu min, zer dezu?

       maite-maiteka

       zure amatxok

 azkar sendatuko zaitu."

 

       "Listor beltzen-bat

       oso barrura

 sartu zaio Maitiño'ri,

       gaxoak orain

       zurbildutako

 landaretxoa dirudi."

 

       "Ikaraz nago

       elur-maindire

 gañez datorren aizeak

       emen aldizka

       banatzen ditu

 txakur-añura luzeak."

 

       "¡Otoi,... otoi, Jaun!

       Ume laztan au

 luzaro ez euki miñez,

       bestela nere

       biotz gaxoa

 lertuko da zorigaitzez..."

 

       "Orain... ¡bai argi!

       Zure begitan

 piztu da zeru ber-bera;

       Maitiño polit

       zoragarriya

 laister sendatuko zera."

 

       "...Abo xabalik

       lotan... ¡ez, ene!,

 ¡illotz, illotzik Maitiño;

       ¡il da-ta nere

       bizitz argal au

 goibeldu beti-betiko!"

 

 Ixildu zan da ez nuan geigo

 ezeren txintik nabaitu;

 illunde otza goi eta bean,

 guziya len bezin mutu...

 Gertaldi ori burutik ezin

 ¡ezin det iñolaz kendu!

 


inprimatu