Neure adiskide maite Don Juan Franzisko Maria Imaz jaunari bere meza barriko egunean
Arrese ta Beitia, Felipe
I
Beko aukeren zaletasunik etzeunkalako,
Ikusten zaitut Don Juan Franzisko gaur abade,
Ta beraugatik alabantzetan adiskidea
Zu zeruraiño goratutea gura neuke.
Baña nik tzelan jaso zaikedaz sorutik goruntz
Lurrean narras ibilten banaz ni neu bere?
Ezpadaukat nik Agustin batek eukan egorik
Zelan izarrak baño gorago igo neike?
Eta ¿non ditut abade baten anditasunak
Goratuteko bear dan añan itz zakonak?
Non esakunak, non bardinkuntzak, irudi eta
Orretarako bear neukezan dote onak?
Non ditut bada apaingarriak orniduteko?
Non pichi eder, non egokiak diran lorak?
Non emokaiak, non gogamenak eta azkenez
Jakituria etorri gozo ta ganorak?
Zure onarren baña zerchobait kantau bagarik
Ezin nindeke adiskidea gaur geratu,
Ezin nindeke abiau dodan arlo onetan
Lotsor bat legez aria eten da mututu;
Ezin nindeke aldats andiaz aurkitu arren
Al dodan goren igo bagarik echeratu;
Iturri onak agortu dedin baño lenago
Daukan ur dana egin bear dau argiratu.
Asi zakidaz beraz agotik zerbait urteten
Asi zakidaz itz-errekea erioten,
Asi zakidaz egarritua daukazulako
Artega, estu, edan zagizan icharoten;
Asi zakidaz zuri begira dagotzun orri
Bere eztarri eta sabela ezotuten,
Eskiñitera nire edari biotzeko au
Don Juan Franzisko zugana gaur naz zuzenduten.
Zuk bear dozu izarrak baño izan gorago
Egun onetan askoz gorago goratua,
Fedeagaz nik ikusi egin zaitudalako
Zeru gañetik lurreratuten Jaungoikoa;
Lenengo aldiz nik gaur ikusi zaitudalako
Egiaztuten orren mirari ain dontsua,
Biotz guztitik agurtzen zaitut eta agur au
¡Ay! gura neuke balichakizu gogokua.
Lenengo aldiz ikusi zaitut adiskidea
Golgotan jaso eben Mesias zu jasoten,
Lenengo aldiz ikusi zaitut nik gaur altaran
Ze eskubide andia dozun agertuten;
Lenengo aldiz: "Jauna zuekaz izan bedi" gaur
Meza entzulai begiraturik dei egiten,
Ta eurak leial: "zure espirituz izan bekigu"
Berealase zelan eutsuen erantzuten.
Lenengo aldiz ikusi zaitut chimista gori
Era justuri burrundarien Egillea,
Zuk eskuetan zelan gaur euki dozun berbera
Bazan legeche bildots otzan ta umilldea;
Zeñen suaren ondoan utsa izanagaitik
Odei chimista jaurtilarien aserrea,
Bigun bigunik ak zirundian gura ebala
Aukera, atsegin dan danak zuri emotea.
Lenengo aldiz emon deuskuzu bendeziñoa
Jaungoiko andi itzaltsuaren izenean,
Irudituaz ostarku eder zuk ziñeala
Bere su era gure erruen bitartean.
Lenengo aldiz baita eskiñi bake dontsua
Zorionakaz lurrean bizi gu gaitean,
Urte askotan egin daizula beste ainbeste
Lotatik zoli gois guztietan jagitean.
Alabau beye itzartutean lora argalak
Gura badabe Eguzki arro anditsua,
Alabau beye chorrochioka chori zoroak
Ase balitza legeche euren Jaungoikua;
Baña Franzisko gois guztietan zuk adorauko
Dozu egiñaz gaurko eskintza goratsua,
Eguzki, lora, chori ta arraiñak gois eta arrats
Alabau bear leukien Argi Betikua.
Gois guztietan areik guztiak baño gorago
Jasoko dozu milla aldiz gora zuk biotza,
Orgañu soñuz eta intzentso-kez gozoturik
Erregutuaz baita kantuan inoz-boza;
Eta Jaunari zelan gogoan sartuko jakon
Garra legeche doakon zure deien otsa,
Bigunduko da bere barrua ta ¡o! zelango
Mesede errekak jatsiko dozuz guganuntza.
¿Zer ziran bada anchiñakoen erreariak?
Lege zarreko tayuak eta antz guztiak?
¿Zer ziran bada Abel, Abran ta Melkisederen
Egunetako eskintza eta opariak?
¿Zer ziran areik eitamu chiki batzuk besterik?
¿Zertzuk ezpada oraingo mezen irudiak?
¡Ay! baña gaurko egiagaz dauz atzean isten
Keriza areik abade Kristok ipiñiak.
Aingeruena baño gorago orresegaitik
Franzisko dago jarichi dozun duintasuna,
Abel, Abran ta Melkisederi echaken emon
Zuri Eleisan zeugandu jatzun altasuna;
Ze atsegiña aldaikeozun emon Jaunari
Eta Zerutar danai zelako poztasuna,
Baita garretan beko lezetan dagozan askoi
Askamena ta goiko betiko ondasuna.
Ze ederra dan Errelijiño Katolikua
Ze pozgarria andik datorkun sinistea,
Ze gozoa dan erbeste baltz au irago eta
Gero dogula bizitza argia jakitea;
Ze atsegina Eleizan beti abadeari
Berbategitik egi andi au entzutea,
Eztala lur au gure erritzat egiña izan
Eta billatu daigula goikoa bestea.
Ze zoli berak jayoagaz bat ipinten gaitu
Ara joango garean bide zuzenean,
Ze ardurea jasoten gaitu inoz lurrera
Oiñkaden baten laban eginda jausitean;
Ta ze jorestu aldats garratz au irago eta
Beste mundura aldatu bear dogunean,
Pasea bere abade jaunak emoten deusku
Zeruan zuzen sartuak izan gu gaitean.
Oi abadea, bai, abadea bagenki nor dan
Ze mallatara eukiko geunken goratua,
Beraganako ¿zer zan Zesar bat, zer Alejandro
Napoleon zer ya lurreko jaungoikua?;
Danak guztiak etziran gauza, ez, biztuteko
Soldau bat iñoz euren aldera illdakua,
Baña abadeak daikela ekarri lengo senera
Arima illa ¿ez da sinisgei fedekua?.
Areik irurak gerren bitartez baño bakeaz
geyago da ta, baita izango abadea,
Zergaitik onek arma bagarik daben sartuko
Larra batera azkenerako gizartea;
Abadeentzat Jesukristoren Lauburuagaz
Dago gorderik garaitz andi au jaristea,
Danok Artzain bakar bakarrik buru dogula
Eta beraren azpian danok bizitea.
Abadetzako ziñealako zu bere jayo
Zara Jesusen mastietako langillea,
Dirudizula Don Juan Franzisko gazte zardena
Zipreza deitu egiten jakon arbolea;
Ta ez lloroe bekorra legez beti sorua
Gogoan daukan arbola triste lur zalea,
Lur zale baldin izan bazina Obispo Jaunak
Ez eutsun eingo buruan dozun señalea.
II
Baña oraindik beste gloria andi bat bere
Kantau bagarik eneuke gura isiltzea,
Asieratik agertu deutsut neure gogoa
Zu Zeruraiño zala eregi egitea;
Eta asmo au agertu baldin egin badeutsut
Baita nai neure egiaztu ta betetea,
Zuzen dagotzun ta doiñ zarean alabantzeaz
Ez da larregi zor deutsudana emotea.
Zuk badakizu ontzigilleak dabela lurraz
Berak ze ontzi nai daben ase atonduten,
Baña Jaunaren eskuak moldau zu zaituzala
Basu autu ta berarizko bat dot ikusten;
Zugan uts utsik santidadeko zumo gozoa
Lur usaiñaren naste bagarik gorde daiten,
Oker esan dot, Santutasuna Berbera danak
Gura dau bere kopoe eder izan zaiten.
Duda bagarik kopoia zara Don Juan Franzisko
Ez lurrezkoa ezpada urre gorrizkoa,
Nakar, zafir ta diamantezko edergeiakaz
Ederto baño edertoago edertua;
Zergaitik bertan gura dabenak eiñ egunero
Egotaldi ta bere ikuste goisekua
Ez da lurreko gizon argal bat, ez aingerua
Ezpada eurak egiñ ebazan Jaun altsua.
Erregearen echearentzat Jauregia da
euskaldun izen garbia eta adjutua,
Zure bularra Erregegiñak bere echetzat
Egiña bada ¿zeiñ ete dogu duiñekua?;
Kantauko deutsut mezatan egun santu danetan
Orche artzera zoazalako Jaungoikua,
Dala berariz berak egiña berberarentzat
Beian berori izan dakion jarlekua.
Udabarria bereak egiñ badau guretzat
Lora, orri ta bedar usaintsuz apaindua,
Bearrekoa arima ori da izatea
Udabarria ichi daikena negutua;
Bearrekoa jantzi urdin ta begi zabalaz
Goya badago zuri begira zoratua,
Goiurdingiñak zugan jarteko bizilekua
¡O! Franzisko zu zachakoz zeru lurrekua.
¡Agurtzen zaitut esparto eder aukeratua!
¡Agurtzen zaitut Jaungoiko baten jarlekua!
Zu duin ederra etzala izan kantauko deutsut
Adan ta Ebaren ortu galant ta lotatsua;
Agurtzen zaitut ¡o! Paradisu askoz obea
An etzalako bizi izaten Jaungoikua,
Agurtzen zaitut agur onetan zuri deiturik
¡Agur! Zerugin danaren beko zeruchua.
Emen izanik lurreko zeru, gero izango
Zachakoz bere adiskide bat goi zeruan,
Izar eder bat argitasuna baño besterik
Ez daukazuna arpegi orren inguruan;
Illuntokiak argituteko jayo bazinan
Lanpara eder izan ziñaiten gaur munduan,
Duda bagarik gero izan (sic) zara izar bat
Zorioneko eta betiko Erreñuan.