inprimatu
Arbola bat
Izenburua:
Arbola bat
Sinadura:
Arrese Beitia, Felipe (F. A. ta B.)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Arrese Beitia, Felipe

Argitalpena:
Euskal-Erria.
Urtea:
1881
Argitalpenaren urtea:
2
Alea:
Orrialdea:
283

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Arbola bat

 

Arrese Beitia, Felipe

 

 Arbola bat zan Paradisoan

 Jaunak apropos jarria,

 Mundu guztiak artu egion

 Lotsa ta itzal andia,

 Bere azpian bizitea zan

 Aita Adanen gloria,

 Andik kanpora zer topau eban

 ¿Espada negargarria?

 

 Arbola santu aren azpian

 Bizi zan, Zeruan legez,

 Eukazalako atsegin danak

 Eta nekerik baperez;

 ¡Ay begiratu baleutsa beti

 Lotsa on eta itzalez!

 Mundua etzan gaur aurkituko

 Onenbeste atsekabez.

 

 Arbola batzan Bizkayan bere,

 Neure anaya laztanak,

 Zeiñen azpian, pozaz beterik

 Egoten ziran asabak,

 Kerispe zabal artan jarririk

 Eginda euren Batzarrak,

 Bustarri baga, nasai ta libre,

 Bizi ziran bizkaitarrak.

 

 Bere azpian umildu ziran

 Errege Gaztelakoak,

 Eta lekurik ez eben izan

 Sekula barriz moroak;

 Atzera gura badogu izan

 Libre len giñan lakoak,

 Ichi daiguzan erdaldunentzat

 Erdaldun diran kontuak.

 

 Astu daiguzan geure artean

 Izan diran aserreak,

 Izan gaitean anaya eta

 Euskaldun zintzo garbiak:

 Betor guraso zarren fedea,

 Betoz asaban legeak,

 Bere negarrak leortu daizan

 Ni jayo nintzan Erriak.

 

 ¡O neure Erri maite maitea!

 Zakustaz triste negarrez,

 Zure alabak euren buruak

 Baltzez estaldu dituez,

 Trentza mardoak tiraka atera

 Ta sutara bota dubez,

 Gaur euskaldunak dirala orrek

 Ezin ezaguta leikez.

 

 Isildu ziran neskachen kantak.

 Mututu artzaiñ-chistuak,

 Zelai zabal ta jolas-lekuak

 Gaur dira basamortuak

 Arroak beera ichasoruutza

 Doiazun errekachoak,

 Gau eta egun chilioz dagoz

 ¡Ay gara Gaztelakoak!

 

 Bakarrik dakust pozgarricho bat,

 Euskaldun amen fedea,

 Benturai oneek bigundu leike

 Jaungoikozko aserrea,

 Eta zerutik jatsi barriro

 Galdu zan libertadea,

 Mundua mundu bizi dakigun

 Gernikako Arbolea.

 


inprimatu