"Txoriari"
Arregi, Jokin
Askatasunan irudi zaitut
hegan zabiltzan txoria
olerkarien olerki askok
zurea du baloria
izadiakin batzen dakizun
abeslari dotoria
zure barruan nabaritzen da
libertate koloria.
Batzutan hegan aldiz zuhaitzan
adar gainean ipini
zenbat abesti liluragarri
ote dituzu eskeini
alaitasuna sortu nahirikan
tristerik den edozeini
zure izatez konzentraturik
sarritan egondu naiz ni.
Imajen xea daukazu bainan
bihotzez handia zera
berezietan berezia da
zure izateko era
behetikan gora bezala hegan
zabiltza goitikan behera
eta poetak zuri begira
zoratu egiten gera.
Udaberriko egun sentian
irrintziz zerade hasten
seaskan dauden haurtxo txikiak
jartzen dituzu jolasten
eta zaharrago geradenari
bihotzeraino itxasten
mendi, baso ta baserri denak
zuk dituzu aberasten.
Udako giro atsegina da
sendagarri eta trinko
basoko zuhaitz tartetikan zu
pozikan zara jaikiko
pero eguzki goxoa hartuz
irrintzi alaiz hasiko
zure mokotik udan abesti
tristerik ez da jaurkiko.
Udazkeneko horbel zimelak
egizko lagun dituzu
hego haizeak eraginikan
lumak harrotzen zaizkizu
bainan neguan heiztariekin
zabiltz erne eta izu
udaberria etorri arte
egun bortitzak dauzkazu.
Ehiztariaren beldur iragan
negu beltzeko eguna
nahiko arina nola daukagun
gizon askoren zentzuna
eta tiroka hiltzen duenak
zuk duzun bihotz biguna
zihur esango nuke ez dela
askatasunan laguna.
Elur xurian hotzak dardarrez
janari bila oihuka
denak bezala egiten duzu
iraupenaren burruka
horrela ikus eta nik nola
ogi apurtxo bat uka
zeren horixe uka dizunak
sentimenturik ez dauka.
Zauden lekuan egongo zara
izadian serbitzuan
bainan gizarte kutsatu honek
mina emango zizuan
hargaitik zerbait agertu nahiez
triste ikusi nizuan
zalantzik gabe zure oihuak
mundu garbi bat nahi zuan.
Txori maitea ez dut aurkitzen
zu goraltzeko erarik
nork baloratu zure abotsez
hartzen ditugun oparik
hegats hoietan ez da agiri
libertatean mugarik
zentzu horretan ezin onartu
txoriantzat kaiolarik.
Kaiola eta muga de neri
daukazu hainbat gorroto
nortasunari sarritan egin
diotelako oztopo
hargaitik burni eta sareak
hautsi arte mokoz moko
txorien hegats lumetara gu
inoiz ez gara igoko.
Zurekin amets egitea gaur
neretzat da bizigarri
zeren zuk behintzat maite nauzula
bihotzak du iragarri
bertso hauetan esperantzaren
soinuak dit erakarri
egun entiko goiz batean zuk
didazula iratzarri.