inprimatu
Partiera
Izenburua:
Partiera
Sinadura:
Aresti, Gabriel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Euskera.
Urtea:
1960
Argitalpenaren urtea:
Alea:
V
Orrialdea:
213-217

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Partiera

 

Aresti, Gabriel

 

 Atabute honetan ehortzirik nago.

 Nire gainean lauza pisu bat baitago,

 ezomendut bururik kanpora jasoko;

 izarretako keinu batere ikusiko,

 airerik hartuko,

 musu bat emango,

 lorerik moztuko,

 haragirik jango.

 Eznaiz egon hobeki inun, hemen baino.

 Eznaiz inola egundo,

 belanubiko jarriko.

 Pozkarioa ezin liteke

 jaditsi jada gorago.

 Amorioak egun honetan

 eztu niretzat balio.

 

 Nire errai guztiak usteldu dirade:

 Barrabilak, ugatzak, giltzurrunak ere.

 Nire hezur oriak agirian daude.

 Iluntasun honetan batera gaode

 Miren ta Joane;

 bakarrik garade;

 elkar dugu maite.

 Baina halaz ere

 ilunpea ta biok ezkara adiskide.

 Airea izanik ilunpe,

 argirik ezta batere;

 eta begiek bihotzetara

 heriotzea dakarte.

 Heriotzea, amorioa,

 ezin elkartu litezke.

 

 Hezurrok egon dira hilobiz hilobi.

 Gauza guztiak ditut jadanik ikusi.

 Eztut nire bidean ezer erabaki;

 eta gure aurrean munduak agiri,

 hozen eta argi,

 eder eta garbi,

 Eta bihotzari

 enadak, kantari,

 Melodiak esaten dizkio legunki.

 Enada beltzak emeki

 okotz honetan, ugari,

 musu bigunak, laztangarriak,

 eman zizkidan neroni:

 Ezta sekula amorio bat

 ezainagoa estali.

 

 Moredinek eztute entzun ene kanta,

 aginetatik irten didan hortz-garraska,

 durrunduz erakusten duena ene kasta:

 Etzen honen kexati izan gure aita;

 etzen izan, baina

 nire damua da

 ta nire tristura,

 iluntasuna ta

 isiltasuna nire etsaiak baitira.

 Lore guztiek aginka

 edan zidaten odola;

 haragi-ustu ninduten gero

 sagu bat banintz bezala,

 haek katu bat bere aitarik

 ez ezagutu duena.

 

 Lauzak ene buruo etzidan ukitu,

 baina nire gainean da haunitz pisatu.

 Nire presoia zela ezin dut ukatu,

 naiz ta bazen handikan astiro mugitu.

 Mintzul eta mutu,

 sogor eta itsu,

 geldi ta katigu,

 orduan geratu

 nintzen, inoiz harriak kemcnik ezpaitu.

 Harri lodia altzatu,

 nire kateak apurtu:

 Libertatea aho-zabalik

 ederki nuen gozatu,

 argi biziak nire begiak

 zituenean urratu.

 

 Biziak eman zigun seina bihotz eder;

 heriotzeak bana ezkutuko bazter.

 Kondenatu ginduten zentzuaren partez;

 Urkamendira ginen biok joan artez,

 geldiro ta nekez.

 Ezkenuen hartzen

 parterik han, zerren

 gure borreroen

 biotza zen humila, gogor, aratz, ustel...

 Eta zeruan, nabarmen,

 gure belaunak zurruntzen...

 Ezta komeni, ene maitea,

 hain bildurtiak izaten.

 Enekin erdu; errautsak laga.

 Lurpean gera etzaitez.

 

 Eztut ene laguna iratzarri egun;

 melodi atsegin han etzaio ezagun.

 Esaten diodanik eztit ezer entzun.

 Borondatearekin egin diot eztul;

 baina hain da zuhur,

 hain da begi-makur,

 hain da bihotz-legun,

 ezen bere sudur

 motzak eztuen egin usainik kontentuz.

 Galdetu nion ze moduz,

 arneguaren podesuz,

 hegaz eginik igan liteken

 zeruetara Berzebud,

 eta Jaunaren barkazioa

 irabaz hantxe mosu-truk.

 

 Hamar urte honetan eztut dantzan egin.

 Ezta inor etorten batera nirekin.

 Hemen gentzazin biok, errautsak itorik;

 Gorputz hilok eztugu hartzen harnasarik.

 Oraintxe badakit

 ederki, zergatik

 maite zaitudan nik.

 Ene andre polit:

 Zure ezaguera etorri zait astiz.

 Eta etzaude bizirik.

 Zure usainak kendu dit

 zugan jarrita neukan fedea.

 Eztut igarten noizdanik

 aingeruaren begitarteak

 alde egin zuen zugandik.

 

 Zure gorputza dago orain atinik hor:

 Usainik zakarrena kanporantza dator.

 Eztut igarten nola naizen horrela egon,

 itsusian sarturik, ederretik kanpoz.

 Ongi derizkiot

 zure arima motz

 horri, zerren inoiz

 aireak eztion

 ezein gorputz hileri hain luzaro itxadon.

 Bultzatu naute ostikoz.

 Kanpoan nago betikotz.

 Eremu hori izan da beti

 harrixka artean txit elkor,

 eta euritea datorrenean

 orduan ere bai legor.

 

 Erori da behera berriz lauz-harria,

 estaldurik betiko neure maitalea,

 lore-mendian hartu nuen begonia,

 bainbat maitatu nuen Mirentxo maitea,

 dontzella garbia,

 ukitu-gabea,

 hibaiko lorea,

 mendiko txoria.

 Eta dolore haundiz datorkit airea

 esanik: Hator, librea;

 ezagut hezak hodeia:

 Horrek eztakik mundua dela

 haundia eta zelaia?

 Baina bihotza, errauts eginik,

 han zen geratu, tristea.

 

 Zimaur bortitzarekin landuriko ortua,

 honek oparo digu emanen frutua

 ta da udaberrian guztiz loratu

 Hori gertatu zaigu. Gu bezalakoa

 delako mundua.

 Da Miren gozoa,

 Joane baitoa

 ihesi. Onartua

 izan bedi zimaurra, benedikatua,

 zerren bestela zerua

 izanen zaigun galdua,

 ta zerumuga ezagutzeko

 daukat gurari gertua:

 Eanaiz biziko zapaldu arte

 zeruetako zolua.

 


inprimatu