inprimatu
Mendekantza
Izenburua:
Mendekantza
Sinadura:
Aresti, Gabriel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Euskera.
Urtea:
1960
Argitalpenaren urtea:
Alea:
V
Orrialdea:
223-226

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Mendekantza

 

Aresti, Gabriel

 

 Elizatzar honetan orain ezpanengo,

 elitzaidake inola gogora etorriko

 zure oroitzapenik edo geratuko

 litzake lore gabe etor zedineko.

 Barren edo kanpo,

 garratz edo gozo,

 eztu pausatuko,

 ez oheratuko.

 Nire memori onak ezin daidike lo.

 Nire negarrak eztio

 kontsoluari deituko.

 Ene maitea, ene laztana,

 zu gaberikan eztago

 mundu honetan zori gaiztoan

 alaitasunik neutzako.

 

 Etzaitezte, mesedez, orain hainbat pobre.

 Zuen bihotz urria aberats zazue.

 Letaria hauekin lasai etzaudete.

 Haragidun gizona benetan da triste.

 Eztauka batere

 egiazko fede

 edo karitate:

 Guztia da atzipe.

 Zerura jadisteko esperantzak ere.

 Miren eztago presente,

 betiko dago ausente.

 Zuen otoitzok eta erreguok

 egiaz dira debalde.

 Urrikalmentu gizon-zalerik

 eztut inola nik gorde.

 

 Etzaitezte, pobreok, oraintxe defendi;

 nire goikotasuna eztadin ofendi;

 dezazuen ederki zer naizen entendi;

 dezazuen agintzen dudana obedi;

 honera nator ni,

 haltu eta haundi,

 bortitz eta egoki.

 Errezatzen hari

 zarate, gero nadin zuetzaz urriki.

 Ezer ez eska jaunari!

 Biotza daukat hain urri...

 Zuekandikar, eznabil-eta

 egun honetan ihesi,

 nire haizkora, nire arbuioa,

 doazkizue hegazi.

 

 Nire hustasunaren barnean, harrika.

 heiagoraz, egiten nuen gogoeta;

 nolako gastigua zen egokiena

 nire borreroari emateko; eta,

 ezin nuen pentsa

 beste ezin gauza:

 Talion izanen da!

 Behar dut babesa.

 Barnean duten oro nai diet atera.

 Han da zuentzat morrontza:

 Nire hitzari egonda,

 ezin igarri zein den emanen

 zaitzuen azken parada.

 Enetxo, zuek urrikarriok,

 banaukazue prest jada.

 

 Orduan hasi nuen, gogor eta itsu,

 nire burrukaldia: Geratzeko kitu.

 Beren larruetatik arin nintzen sartu,

 eta errai guztiak nizkien altzatu:

 Garunea kendu,

 hesteak ohostu,

 bihotza zabaldu,

 giltzurrunak moztu:

 Gizonaren bularrak labirintu bat du.

 Baina eznintzen ez, galdu:

 Gauza guztiak aurkitu

 nituen beren leku gertuan,

 eta kanpora botatu

 nituen denak, erroiek izan

 lezaten nundik gizendu.

 

 Arimaren erraiak ebatsi nizkien,

 pena litezen denak munduan dolorez

 Fede, karitatea, esperantza kentzen

 ausartu nintzen nire nekearen ordez.

 Badakit kobratzen,

 baina dirutan ez.

 Deabruak, erren,

 egiten du amets:

 Errolaren antzean ederki da asetzen

 Inork eztaki negarrez

 bere garaitza hospatzen.

 Gizon etoiak hutsitu ditut

 mendekantzaren ohorez.

 Hoiek Mireni zioten zorra

 icitatu diet ongien.

 

 Burrukaldi haundia gaur irabazi dut,

 etsaien harmadurak errez hautsi ditut.

 Eta nire nekea ezin diteke neurt.

 Eskumako belauna daukat hogei apur.

 Egin diot agur

 lehen neukan gorputz

 osoari. Ta gaur

 eztakit jada deus,

 ezpada eztaukadala ezein saihets-ezur.

 Aginak galdu dira erruz.

 Okotza ere bertan utz.

 Nire zauriak sendatutzeko

 jezarri nintzen atabut

 baten gainean, malda gorea

 eztadin izan hain biluz.

 

 Begiratu ere nuen gatazka-lekutik,

 eta eznuen ikusi batere bilotzik

 Ezta egon gizona inoiz hain bizirik:

 Ni hil arte ezta egon halako gizonik,

 hain bizitzen denik.

 Eztute nekerik,

 daudelako hutsik.

 Merezi nuen nik

 eskerrak lizkidaten bihotz-bihotzetik.

 Orain eztago itzalik.

 Ezta zeruan goibelik.

 Beren aurrean ezta kausitz

 lehengo behatz-toporik.

 Hoek ibili litezke orain

 sufritu gabe mundutik.

 

 Nire hezurretako zauritzar sakonok

 medikuntza-legean ezin dira konpon.

 Materia zikina bertatik zerion.

 Adiskide mamia nendukan Derion,

 mutiko guztiz on,

 hemen balitz egon...

 Eznengoke pasmoz

 zikindurik inoiz.

 Sendatuko balizkit oraingo zauriok...

 Falta zaizkidan hezurrok

 eztira ikusten lurreon.

 Gora begira nire begiak

 ikusten dute derrigor,

 zer zen jazoko gizon artera

 haizkora gabe banentor.

 

 Eta ikusten dute han goian bestia,

 lengo gizon beteek hamorruz jarria,

 oraingo gizon hutsek bera jaurtikia,

 hamiltegi batean azkar eroria,

 lepo ebakia,

 buru itzulia,

 hatzamar gabea,

 agin aterea,

 antolatzen duela infernu berria.

 Ahora dator barrea,

 ezpainetara irria.

 Errez izan da higuinduaren

 harmak lurrera jotea.

 Ehortz dezagun bein da betiko

 gizasemeen etsaia!

 

 Nire gorputza eta odol berotsua...

 Hezur batzuk oraindik... Ezpaitzen naikoa!

 Han da gizonakandik dakardan kontua.

 Gizateria izan dadin salbatua.

 Naizela maisua...

 Gauean itsua...

 Badator ordua!

 Nire erlojua...

 Oraindikan aldean baitaukat burua!

 Bildots berria, mantsoa;

 Jainko bortitza, haltua:

 Zuri eskerrak, ordu honetan

 dago geugana heldua

 joran bizian eduki nahi

 genuen salbamentua.

 


inprimatu