inprimatu
Lizardia
Izenburua:
Lizardia
Sinadura:
Aresti, Gabriel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Euskera.
Urtea:
1960
Argitalpenaren urtea:
Alea:
V
Orrialdea:
195-196

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Lizardia

 

Aresti, Gabriel

 

 Orain eznago hor, eremu latz horretan:

 Eznaiz itzuliko egundo sekuletan

 abandonatu dudan harizti beltzera.

 Senda erpinetik hartu nuen bidea;

 sentitu nuen han lepoan ingudea,

 baina eznuen bihurtu bururik atzera.

 

 Arbola batetik esan zidan beleak:

 Zer egin duk horrek, zutik den abereak,

 nire anaia maite arranoarekin?

 Harrixka batetik, damu haundiarekin,

 bareak ziostan: Anai sugearekin,

 pisti basati horrek, zer dok horrek egin?

 

 Makila batekin beleari kolpea

 eman nion, eta heriotze dorpea

 errezibitu zuen nigandik txoriak.

 Handik berehala zapaldu ere nuen

 nire abarrarekin barea, eta eznituen

 behatzetan sentitu adur itsusiak.

 

 Astiro nenbilen lizardi zaharrean,

 haltura haundiko arbola baten pean,

 trankil jezarri nintzen, atseden hartzera.

 Giza-itxurako zimu batzuk, haundiak,

 ikusi nituen, eta beren geziak

 jaurtikitzen zituzten zeruaren kontra.

 

 Aldarri batzukin dantza bat egin zuten.

 Zeru goibeletik trumoia zen entzuten;

 haren oihartzunean ikusi ninduten.

 Halaz ikaratu ziren denak biziro;

 haien artetik bat etorri zen astiro,

 eta nire aurrean belaunikatu zen.

 

 Gizon edo andre, harnasa edo gogoa,

 mintzatu zitzaidan zimuaren ahoa,

 begiak altzatzera ausartu gaberik.

 Goitik hasarreak honera ekarri zaitu,

 zeruko bularra guztiz zauritu baitu

 gure sineskeriak, itsu gaudelarik.

 

 Zimua bazara orduan ni gizona,

 baina han bazara, ni naiz jaungoiko ona,

 esan nuen tristerik nire kolkorako.

 Zutik jarri zaitez, egizu faborea;

 orain esaidazu zergatik hau jentea

 egun eder honetan dabilen hain txarto.

 

 Nire hitzarekin erorten zen euria,

 adarren artean ere oinasturia:

 Ekaitz hamorratua zoan edonundik.

 Eta zimist batek piztu zuen laharra;

 urek amatatu zioten bere garra.

 Eguerdian dena zegoen ilunik.

 

 Ilunpean loak ninduen guztiz hartu;

 biharamuna arte eznintzen jada itzartu:

 Hamiltegi batean aparte egon nintzen.

 Egun berriaren argiaren heltzean,

 animali batzuk zeuden nire aurrean,

 jainkoari bitina eskeiniak ziren.

 

 Nire bekokian etzegoen izotza.

 Teilatu batean erramu eta ereinotza,

 nire goiputz gainean, zeuden hedatuak.

 Auspez belauniko, letariak kantatuz,

 egunsentiari intzentsua botatuz,

 zimuek ziruditen abere mutuak.

 

 Jaungoiko bortitza, guztirik haltuena,

 mintzatu zitzaidan zimurik ederrena,

 zure apaiz nausia izendatu naute.

 Basoan gauean hartu dugun ihiza,

 zuri zor dizugun ohore baten gisa,

 otoi, har zazu, arren, deus ukatu gabe.

 

 Hemen dadukazu basurde izugarria,

 beraren ondoan orein maitagarria,

 erbia, galeperra, azeri maltzurra.

 Zuhaitzetik ere hartu dugu frutua:

 Mertxika gozoa, laranja doratua,

 sagarra, madaria, masusta ta intzaurra.

 

 Eskuetan nuen hartu nire makila,

 erakutsi nien mehatxuz ukabila,

 ahotik hitz zakarrak zitzaizkidan irten.

 Espantuarekin zimutxo lotsatiak,

 otsoaren larraz zebiltzan basatiak,

 alde guztietatik eskapatu ziren.

 

 Gorputz eta frutuak

 pilatu nituen.

 Ospel legorrez

 fobera haundi

 bat nien

 irakezi,

 tribulu zikin

 guztiak erre

 zitezen.

 Gorputz eta frutuak

 pilatu nituen.

 

 Gauzok ikusten diren

 lizardi dollorra!

 Munduan zerbait

 bada zu zara

 zaharra!

 Nire lepoan

 jarri zenidan

 uztarriaren

 gogorra!

 Gauzok ikusten diren

 lizardi dollorra!

 

 Nire begi berdeak

 eztira orain itsu.

 Suak arinki

 eskeintzak erre

 baititu,

 bere kean

 nire gogoa

 osorik nuen

 garbitu.

 Nire begi berdeak

 eztira orain itsu!

 

 Nik hartu nion osotoro

 lizardi hari gorroto.

 Zuzi batekin erre nuen arboladia dongero:

 Gizonak eztu

 erraz arteztu

 bidegaberik egundo.

 

 Zimutaldea su-garretan

 zen kiskailduko benetan;

 Beren hogenak pagatzeko honako mundu honetan,

 okasiorik,

 edo ziorik,

 nik eznien batere eman.

 

 Nire atzean nenkusan nik

 errauts mehea bakarrik:

 Hondamendia, bakartate nardagarria, basorik

 deseginena,

 hondatuena,

 agertzen zen edonundik.

 

 Eta zeruan distizari

 zauri gordin bat agiri...

 Ene bihotza taupadaka ezpainetatik ihesi...

 Nire odola

 zoakon nola

 ungentu bat zeruari.

 

 Zapaldu nuen lur tristea

 datza ondikoz betea.

 Nire zapatok darabilte heriotzeko zortea:

 Daukate oro,

 zuhur ta zoro,

 hondatzeko birtutea.

 

 Nire aurrean agertu zat

 estrata haltu mehar bat.

 Derrigorrean hartuko dut estrata hori bidetzat,

 patu oneko

 garaiz heltzeko

 behar nauen haranerat.

 

 Eta buztinak, egunero,

 galdetzen zidan argiro:

 Zergatik doa beherantza ibiltaria aguro;

 guztiz tristerik,

 bizi gaberik,

 uzten duzu dena gero.

 


inprimatu