inprimatu
Judizioa
Izenburua:
Judizioa
Sinadura:
Aresti, Gabriel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Euskera.
Urtea:
1960
Argitalpenaren urtea:
Alea:
V
Orrialdea:
218-222

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Judizioa

 

Aresti, Gabriel

 

 Arima penatuak afusilatuko

 dituzte arratsaldean. Eta belaunbiko

 Goya miragarri bat kemen gabe dago;

 eta bere kapela zuen erauntziko

 burutsik balego.

 Ongi jauntzi, edo

 dotoretu gero,

 daduzkan soineko

 apainekin. Arima penatuak dio:

 Hori ezpaita inoizko,

 ez utzi, bada, geroko.

 Fusil haueri joran bizian

 egon natzaie espero.

 Nire tristura ezin liteke

 erori jada berago.

 

 Nire etsai zikinek juntatu gaituzte,

 baina hilerrietan separatu dute

 gure amorioa, ezpaita posible

 arimak maitatzea gorputzikan gabe.

 Han delako gure

 asturua, triste:

 Kaliza hau bete

 gainez egin arte.

 Bidegabe honekin eznago konforme.

 Mundua ezta alegre:

 Eztut ukatu beinere

 Eztakit ongi zergatik eman

 nuen bizitza hain merke;

 orain eznuke mendira igoko

 nire etsaiak hil gabe.

 

 Etsaien kontra nago erruz arnegari,

 eman zidatelako ondiko ugari.

 Aingeru Serafinek akerra dirudi,

 deabru Belialek epetxa kantari.

 Eta Dostoiefskii

 jaio ezpaledi,

 eznioke Prousti

 barkatuko hori:

 Zergatik gizonari eztion jarraiki.

 Picassok ere Goyari

 kentzen dizkio humilki

 mundo honetan bizi izateko

 izan zituen gurari

 guztiak, eta beste hainbeste

 gertatzen zaio Mozarti.

 

 Bihotzean sarturik daukat mendekantza:

 Picasso, Proust ta Bartok damutuko dira.

 Hasarre haundiz noa orain haiengana,

 besapean zuzia, eskuan haizkora,

 ahoan labaņa

 eta gaņibeta.

 Hau da nire harma

 poteretsuena:

 Saihets-artean dudan arbuio sakona.

 Honekin diet bihotza

 erdibituko nik, eta

 egansentia datorrenean,

 Gernika balitz bezala,

 Parnaso berri hori negarrez

 orduan geratuko da.

 

 Heldu nintzen haraino, eta begiratu

 nion nire bizitza hain doilorki hartu

 zidan eskribau hari, eta nuen damu,

 hain jente makur hura bainuen tratatu.

 Mendekantzak ditu

 hamar mila musu,

 eun mila ta piku

 begitarte mutu:

 Eta nik bat bakarra behar dut hautatu.

 Gizon guztiek arnegu

 egiten dute: Adizu!

 Zure maitea mendekatzeko

 gura bakarra dakarzu,

 edo naiago duzu dirutan

 egin duguna kobratu?

 

 Hauzi zakar hau ezta konponduko legez.

 Honela uste duenak egiten du amets.

 Mendekantzok irteten didate aldrebes.

 Goizaldean bazkaldu nahi nuen plater

 bete bihotz ustel,

 apaltzeko gibel

 batzuk oso zimel.

 Orain eztakit zerk

 sabel-darraio zirdin hau didan ekarten.

 Gora-galea ematen

 didate beti gizonek,

 ta batez ere arratsaldean

 sakon lo egin ondoren,

 zerren orduan karitatean

 eztut egundo pentsatzen.

 

 Zerk bultzatu ginduen eztugu jakin guk,

 zueri gu jasoten itsusiki gurutz

 artez hartan, ta guri, indarrak ukatuz,

 amore ematen; eta ongi dakit egun,

 edo ezagutzen dut,

 eginikan zurrust,

 ezin duzula zuk

 arima para zut,

 zerren niri gertatu zitzaidan hau erruz.

 Arnoarekin hordituz,

 edo gaznekin asetuz,

 ezin liteke inolaz ere

 zede gerturik ezagut,

 arima itotzen baita, gorputza

 dagoenean kontentuz.

 

 Belaunika zaitezte! Edo bestela nik,

 heriotze osteko eremu beltzetik

 pausu geldiarekin honera etorririk,

 eztizuet emanen batere atsedenik,

 Nago penaturik;

 ezta arimarik

 nekatuagorik

 agertzen inundik,

 eztare infernuetan kondenatzen

 Para zaitezte zutirik!

 Etzakuskitet damurik.

 Eztakizue zuek egiten

 nire aurrean otoitzik?

 Gauza egokia da hori beti

 denarentzako bizirik.

 

 Haek zeuden negarrez, igurikitzen noiz

 deskargatuko nuen haizkora hain zorrotz

 hura beren buruen gainean, zerren bost

 urtean egon ziren nire zai, ondikoz

 beterik. Hamabost

 eliz, lege-gizon,

 erlojeru, arotz,

 errementari motz,

 alkate, nekazari eta igeltseru on.

 Nire inguruan guztiok

 zeuden negarrez: Tristeok,

 ai, gure triste, esaten zuten,

 ai, gure gajo, pobreok!

 Eztigutela zendu artean

 pazienteki itxadon.

 

 Zeru gorena dago hodeiez

 Gure barnean ere badago

 Fabore izan genuen ordu,

 orain apurtu dute gure kodizea.

 Epai-emalea

 datorkigu, ea

 nolako fedea

 daukagun. Gurea

 erabakita dago. Astuna nekea!

 Gizona izanik txikia,

 adimentua hertsia,

 ezin pentsatu baitezakegu

 zein den izanen amaia,

 eztezaigula ezer ofrezi

 ezpada heriotzea.

 

 Egunean iraulten egon da gorua,

 erramu freskoekin eginez koroa,

 apainduko didana gogorki burua,

 ezten inor ni bezain ohoreztatua.

 Gauean dornua

 eztago lotua:

 Nai dute estatua

 bat oso haltua

 herriko plazan jaso, benedikatua

 izan dedila maisua,

 gaur dagoena itoa

 hainbeste jente artean, eta

 baita harnasa kendua,

 zerren jainkoak baino askozaz

 da bera prestuagoa.

 


inprimatu