inprimatu
Josepa Mendizabal Zaldibian
Izenburua:
Josepa Mendizabal Zaldibian
Sinadura:
Gabriel Aresti
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aresti, Gabriel

Argitalpena:
Kandela.
Urtea:
1983
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
19-20

                           Josepa Mendizabal Zaldibian

 

                                                                 Gabriel Aresti

 

 Etarren amek

 asko sufritzen dute.

 Andre hauen bihotzean

 kabitzen da

 munduko min guztia

 Aitak

 Lemoako frentean

 hil zizkiaten.

 Nebak

 gartzelatik deserrira

 ibili zaizkie

 barreiu.

 Eta orain semeak

 kaminoetan

 erortzen zaizkie

 zerraldo...

 Etarren amek

 asko sufritzen dute,

 semeak hiltzen dizkietenean

 eta batez ere

 semeek hiltzen dutenean...

 

 arrosa gorri-zuri

 idien apatsek zapalduz

 bezalakoak dira:

 Andre urrikari hauez

 urriki zaitezte...

 zeren Euskal-Herria

 Axularren sagarroia

 bezalakoa

 da.

 Bere egitez ere

 nekez erditzen da

 baina bere faltaz

 nekezago,

 penazago...

 

 Eta ETA

 (lehen zen EDO)

 sagarroiak bere burua

 erditzera

 apoderatzen duen harria

 da.

 Asko izan da karloez

 eta arrantzeez...

 Hainbeste otoitz...

 hainbeste ezpata-dantza,

 euskal-meza,

 zortziko nagusi,

 alboka,

 txistu...

 Hainbeste hostia, alu eta potro...

 Herri honi

 erditzeko tenorea

 tokatu zaio...

 Mutilen barrabil ostikatuak

 eta

 neskon diti zigarroz erreak

 dilatazio-minak izan dira

 baina

 andreon sufrimendu-moralarekin

 expulsio-mina dator.

 Herri kobarde (hain balent) hau

 bere libertateaz

 erditzen da

 Santa Gurutze honetan...

 Eguzkiaren Ateko tortura-lekutik!

 

 Josepa Mendizabal Zaldibian

 asko penatzen da...

                                                                 EAko Goikalean

 

 


inprimatu