Zezen larrua [XXI-XXX]
Espriu, S.
XXI
Sepharad-eko errotak:
ametsak poliki-poliki
egi bihurtuko dira.
Haize-errota, odolerrota:
hezurrak ere ehotu behar dira
ogia ona izan dezagun.
Jaisten gara, hitzetatik,
izuaren osin sakonera:
hitz arinak jasoko gaitu
argitasun berrira arte.
XXII
Gure abotsen
mailadetatik,
zerua itzuliz
poliki-poliki
presondegi sakon,
itzal itsu,
eta bapatean
osin izu gara.
Hitzen eskala
gorenetik,
argia jasotzen genuen
jadanik liberatua:
eguna gertatzen da
uraren gaua.
Baina hegoek
zaindu zuten
printze lokartua,
denbora harrigarriaren
amets barruan
iraganbide zaharra,
urrunduz, mutu
izuaren oihuz,
galdetzen badugu
Sepharad-egatik.
XXIII
Zezenplazaren erdian oihartzunak jasotzen ditugu,
latz eta zutoihal bihurtuz.
Palmondopean amak epaituz
itsasandiko gure herria.
Iratzar, iratzar eta esan zein eskuk
hartu lezaken bustin zahar honetatik
agintaritza berriko makila.
Zeren janadik inoiz ez baitu euririk egiten alor lehorretan,
hotz izugarridun bideak jarraitzen ditugunez,
heriotza iritsi eta denbora joana denez,
galdetzen dizugu geroan nork gidatuko duen
nekaturiko pausuaren beste une laburra
Sepharad-go belaunaldietan.
XXIV
Gidatzeko deitzen bazaitue
une labur batean
belaunaldien
milurteko pausoa,
urrea berezi,
ametsa eta izena.
Baita ere ponpa
harro hitz-hutsa
ohorearen eta
sabelaren lotsaz
Egia
derrigortuz
hil arte
kontsolagarrien
laguntasunik gabe.
Ez inoiz espero izan
oroitzak uzterik,
zeren zerbitzaririk
apalenetako bat
besterik ez zara.
Ezindua
eta sufritzen duen hura
izango bai dira betiko
zure jaun soilak.
Jainkoa ezik,
guztien
oinpean
jarri zaituena.
XXV
Egia esango dugu, atsedenik gabe,
ohorez zerbitzeko, guzien oinpean.
Gaitzesten ditugu tripazaiak, hitz puztuak,
urrearen harrokeri lotsagarriak,
suertearen karta gaizki errepartituak,
intsentsuaren ke sendoa aberatsei.
Orain jaunen herria zirtzila da,
bere gorrotoan makurtzen da zakurrak bezala,
zaunkaz urrutitik, hurbilagotik jasango du makila
eta, bustinean barneratuz, heriotz bideak jarraitzen.
Kantaz ilunean eraikitzen ditugu
ametsaren horma altuak, bisuts honen abaroan.
Gauaz iristen da iturri askoren zurrumurrua:
izuari ateak itxiaz goaz.
XXVI
Ilunean irauneraziz nago
atea ondo hertsirik
eta zakurrak loa galdurik
lapur beldurraren aurka.
Haizea marraskatuz entzun dugu
gelditzen ez den ahoz
Aintzinako amets hostoak
jaten zituen banan-bana.
Jadanik oroitzak horzkatzen gaitu
horzkada gogorrez.
Sepharad, gure seme,
adar lehordun arbola!
Sedaz egiten du hari luzea
gure hil-oihaltzat.
Baina behatz ehunginak
artilaren beroa nahi dute.
Oinaze handien isiletik
sortzen da aske aldarria.
Azken sufrikario honetan
esperantzaz jantzirik.
Denboraren erdian,
nire etxea gordetzen dut itzarturik.
Giltzia emanen diot
hurbiltzen den argiari:
ibilitako gaua
poliki-poliki egunsentia da.
XXVII
Esaten genuen: «Sepharad-go negua!
Menderatu ditugu iluna eta hizotza».
Baina udarako zeruak iristean,
non ez genuen egunsenti seinalerik irakurten.
Haizea gelditzen bada, arnasa entzuten dugu
lo atsedenean dagoen lurretik
amets nekez hau. Orain irtetzen gara
aterpetik toki soileraino, arriskuraino,
eta pizten ditugu
begirale suak gauean.
XXVIII
Geldiro dantzatu gara korruan,
zuen inguruan, udararen barean,
eskuak elkarturik, gerraren oihuak aurresentituz,
Sarón-go zeruaren dantza argiak.
Nork berezi ahal du lurra errautsetik,
nola libratu zezake denbora eta oroitzatik?
Mendi altu batzuk eta urezko eraztun
fin hau itsasoz Sepharad mugatuz.
Ez zaitezala saiatu iratzartzen bere amets zailetik,
urrutiratu zaite argi hotzpean beilatzera.
Gaur hobeezinezko lotan ikusten dute
begiek eta zure gaua, herri zaharraren maitasunez.
XXIX
Poliki poliki ahantzi ditugu
eta bukatzen doaz
dantzak eta kantak
zeru zahar
Sarón-go.
Izuagatik hurbilduz dator
artz
dantzaren erritmoa.
Gurpila jiraka gelditu gabe.
Eguzkia irten eta sartuz
eta argipean
ez dago inoiz ezer berririk.
Liburua irakurtzen baduzu
Predikariarena,
erraza idurituko zaizu
dena jakitea:
norbere burua engainatu nahi duenak
egin dezake minik gabe.
Orain «arratsa» diogu,
gero esango dugu «goiza»,
baina betiko galtzen gara
gau berean.
Orotarikoak dira gizonak,
orotarikoak arrazoiak,
ametsa bizi zaigu
maitasun batena
eta laster hazten zaigu
heriotzaraino.
XXX
Orotarikoak dira gizonak eta orotarikoak hizkuntzak,
eta izen asko komeni izan dira maitasun batentzat.
Zilar zahar eta hauskor biguna berandu itzultzen da
alorretako argian gelditurik.
Lurra bere mila belarri findun tranpaz
txoriak katibu dituela aireko kantuetatik.
Bai, uler eta zure egin, baitere,
olibondoetatik,
altu eta apal haizeak preso duen abotzaren egia:
Orotarikoak dira hizkuntzak eta orotarikoak gizonak,
eta izen asko komeniko dira maitasun batentzat».