inprimatu
Harkaitzak handiago
Izenburua:
Harkaitzak handiago
Sinadura:
Luis Mari Mujika
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Luis Mari

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
80-81

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Eguzkiaren semea nintzen

 

Mujika, Luis Mari

 

 Eguzkiaren semea nintzen,

 eguzki olatuetan biltzen nintzen,

 mendiak, asmoak, ibarrak, gogoak

 ikara goritan nereganatzen,

 eguzkiak mahatsaren ardo irakinaz

 gauzak oro egosten...

 Garitegiaren kalenturan

 kolore gizenak altxatzen ziren,

 eguzkiaren sukarrak artaburuen grinan

 ezpain basatiak jartzen zituen,

 eguzkiaren behatzak

 gereziondoen odol-tantak

 areagotzen zituen,

 eguzkiaren gorrotoak

 lurraren egarria

 su eta zigor bihurtzen zuen,

 eguzkiaren beso fingabeek

 itzalaren izena alferrikakoa egiten zuten,

 eguzkiaren argitan gauza oro

 labe eta arrago gertatzen zen,

 ene izadia, ene natura

 larriagoa, handiagoa, izanagoa bihurtzen zen,

 eguzkiaren erauntsi goritan

 gauzen noiz-a, nora eta nongo-a

 argiagoa bilakatzen zen

 eta poeta honen gogoa eta unea

 zutiagoa, altuagoa itzultzen...

 

 Bai, eguzkiaren semea nintzen...

 


inprimatu