Aitaren etxea
Aresti, Gabriel
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
Justiziaren kontra,
defenditu eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea
defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut.
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe,
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Trikitiazko koplak
Aresti, Gabriel
apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango
Munduan beste asko lez
Arta buruak oskolez
Atzo aspertu nintzaden maisuez eta eskolez.
Poeta naizen ezkero
Ez dut zerurik espero
Bederatzi kopla ditut lau zuhur eta bost ero.
Zerutik dator argia
Nundikan berriz harria
Gau ilun honetan dakust zure aurpegi garbia.
Martxoko oilar gorria
Inundik ez etorria
Goseak arintzearren judu batek igorria.
Eta hau nola ez bazan
Sar nerila kalabazan
Ipui txit barregarriak kontatu nituen plazan.
Egia bat
Aresti, Gabriel
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kentzen badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik;
inoiz,
inola,
inun,
ez naiz
isilduko.
Errondan ibiltzeko koplak
Aresti, Gabriel
Egun da Santi Mamina
Benetan egun samina
Goiko zeruak gorde dezala luzaro neure anima.
Esanen dizut egia
Han ez da usategia
Erroi artean izan nintzaden benetan ausartegia.
Itsas aldean izarra
Hari begira lizarra
Euskera salbo ikusi arte ez dut kenduko bizarra.
Kantatu zuen oilarrak
Argitzen dira belarrak
Agera gure martiriari motztu zizkaten bularrak.
Bularrak motztu zizkaten eta Euskalerriak diotsa
Solomo luze dultzerik gabe eman zaidazu bihotza.
Eman zaidazu bihotza eta ken berriz nahigabeak
Esan noiz garen izanen gure etorkizunen jabeak.
Kristo eta Lenin
Aresti, Gabriel
Hea
noiz demonio
adiskidetzen diren
Kristo
eta
Lenin,
hea
noiz demonio
deskomekatzen duten
kapital
alemana
eta
kapitol
amerikanoa,
baita ogitik ere
bizi baitda
kristaua,
eta ez bakarrik
Aita Santuaren
hitzetatik.
Amen.
|