inprimatu
Erroen indarrean
Izenburua:
Erroen indarrean
Sinadura:
Luis Mari Mujika
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Luis Mari

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
53-58

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Hegaka gailurrean

 

Mujika, Luis Mari

 

 Euskalduna, zatoz enekin,

 zatoz AGIŅA-ko gailurrera,

 zatoz muinora berjaiotzera,

 zatoz harrien bizkarra berrukitzera,

 zatoz arranoaren harrokeria ikustera,

 zatoz lurraren sabela aztatzera,

 zatoz, zatoz,

 gauzei,

 izakiei,

 urei,

 harkaitzei

 izena ematera.

 

 AGIŅA-n harriak izena hartu du,

 urak izena hartu du,

 lurrak izena hartu du,

 ortzeak euskalizena hartu du,

 AGIŅA-n euskarak

 harrespilen bilgunean

 (dolmenen huskunean)

 gorputza hartu du,

 eta zainak pozdun sentitu dira,

 eta aizkorak gogor sentitu dira,

 AGIŅA-n hasera desestali da,

 AGIŅA-n iturburutara etorri gara,

 AGIŅA-n erro zaharretara berrigo gara,

 AGIŅA-n "lehena" berkausi,

 berjaso, berbildu dugu...

 

 AGIŅA (euskararen zizelean)

 Euskal Herriarentzat:

 "Arranoaren begi zalua, basakatuaren herra,

 ibaiaren geometria, sugegorriaren sua,

 atzaparren lehia, harkaitzaren gogordura,

 mailuen setakeria, esne egosiaren puztura,

 zain gozoen bozkarioa, burdinaren erasoa,

 kate beltzen ernedura, metalen inbasioa,

 kantu goituen gailurra, sabel odolduen sumindura,

 zezenen adar harroa, piztien gorroto bildua,

 ilargi zurbilen hotza, beso galanten geografia,

 lehoi gosetuen amorrazioa, putre zikinen algara,

 bele beltzen farra, sapelatzen atzaparra,

 kopa altuen olatua, kitar makurren soinua,

 zume etzanen intziria, arto berdeen usaina,

 atzaparren klimatx gaiztoa, ozeanoaren fingabea,

 ukabilen hitz tentea, euskararen eskultura,

 ileadatsen ihesdura, odol gaiztoen jarioa,

 hezi beroen sabela, metale astinduen hizketa,

 dinosaurioen asperra, ezpain gosezkoen grina,

 horma itxien altura, bazter umilen muga,

 otoitz garbien mordoa, sinfoni borobilen saldoa,

 harri amilduen zorabioa, igitagien hortz zuria,

 aparraren sabel zaratatsua, irrintziaren labana,

 gari gozoen urrea, alga etzanen berdea,

 bolkan haserreen gorakoa, zezen-hazien borroka,

 irudi luzeen orgasmoa, ekintza gaitzen esperma,

 arrats tragikoen herioa, dolu bilduen agonia,

 tigre zapalduen amorroa, bihotz zigortuen asperena,

 segar gizenen pozkida, fago gizenen adarrartea,

 neskatxa ukigabeen sabelpea, emagalduen begi itsaskorra,

 amas begetalen makila, kresalaren hats gazia,

 urjauzien zigorra, lubizien beraldikoa,

 urpe beltzen hotza, hotz urpetuen beltza,

 gaztain-orrien usain beroa, garoen haztura berdea,

 laranjaren zuku lodia, muxikaren izerdi gorria,

 limoiaren mami horia, lerro sepaloen ihesia,

 haitz pitzatuen kexua, euskal kaskezurren lehia,

 hondartzaren egarri ixila, xirlaren amets hondarbera,

 suharrien seta latza, zilarraren distira isuria,

 sabel okituen oparotasuna, ditien uhin makurbera,

 mahats mingotsen piloa, ozpin astinduen ernegua,

 gau alargunaren beltza, egunabarraren esperantza,

 aizkoraren hortz galanta, lizarraren umiltasuna,

 trumoiaren zarata, mendi-isladaren zehatza,

 kromletx-en bilgune hertsia, zutarrien harrotasuna,

 ortze goituen gordindura, lur beltzaren erraia..."

 

 Bai, bai, AGIŅA

 hau guztia eta bestea,

 AGIŅA-n izenek izena,

 AGIŅAN lehenak oraina,

 AGIŅA-n irudimenek orgia

 Poeta umil, gixajo honek

 arkitetura guztiak bildu ditu,

 zain guztiak desestali ditu,

 AGIŅA-n harriaren sorbalda ukitu du,

 lurraren dardara kantatu du.

 

 Ene Euskel Herri,

 igo, igo zaitez "ur lehenengoetara",

 igo zaitez "erro aspaldikoetara"

 eta euskararen lotsa puskatu,

 eta ingudeen biraoa pilatu,

 eta arranoen hegoak zabaldu,

 eta arrazaren "aintzin gosea"k asetu...

 

 Hemen harria harri da,

 hemen lurra lurra da,

 hemen hitza hitza da,

 hemen izana Euskal Herri da...

 


inprimatu