inprimatu
Hegaka gailurrean
Izenburua:
Hegaka gailurrean
Sinadura:
Luis Mari Mujika
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Luis Mari

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
50-52

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Agiņa-ko muinoan

 

Mujika, Luis Mari

 

 Asmo genitalen zurrunbiloan

 bizia ari zen lan da lan,

 mendeak beren soina

 jasotzen zihoazten,

 eskuak, hatzak,

 hortzak, hitzak

 altxa ziren,

 irudia zizelaren amorroaz

 taiutu zen,

 ideia sufrezko irritsean

 eskultura bihurtu zen,

 eta harrien eta metalen gaindik

 asmoa herri egin zen,

 irudimena herri egin zen,

 hitzok herri egin ziren,

 eza izate egin zen.

 

 Ozpinaren sumina

 erasoa izan zen,

 ur distraituaren baldankeria

 arrats nagi bihurtu zen,

 harkaitzaren bizkar-lerroa

 garraisi itzuli zen,

 gauaren ilundura

 begiotara leihoratu zen,

 soro sentsual-guztizkoak

 poema-mami paratu ziren

 poeta umil hau AGIŅA-ra igota

 harri, arbel, hartzuri,

 koartzo, burdin setati

 bat-batean egin zen.

 

 AGIŅA, AGIŅA, AGIŅA

 Euskal Herriaren erpin,

 AGIŅA, AGIŅA, AGIŅA

 aintzinate goenaren giltz...

 

 Kromletx-en hesi biribilean

 ilargia zahar sentitu zen,

 eguzkipean artasoroen sorbalda

 leun sumatu zen,

 odolak lehoiaren zainetan

 harrokeriaz dardaratu ziren,

 burdin bihurrien desesperazioa

 amildegian lehertu zen,

 zelai zelaitsuen zelaidura

 luze, heze, etengabe sentitu zen,

 linea hori-opaloen ihesdura

 erreka hotzean orraztu zen,

 Aia-ko Haitzetan Basajaun-ek

 besoek etzan zituen,

 hartzaren zango astunak

 pisua aztatu zuen,

 hazi basatien errebolta

 temati berjaiki zen,

 Artikutza-ko ur geldien loa

 hontzaren uluaz nahastu zen,

 soro serio-aspertien nagia

 Arga-ren zumetan galdu zen...

 

 Pixkana eta apurka

 neolitosaren hondarrean

 harrespilen bizkarra Egiar-en

 zutitu zen,

 harriaren biribildura oroimen

 Oianleku-n gertatu zen,

 menhir-aren arrokeria zutidura

 Eteneta-n itzuli zen,

 eta ALIŅA-ko muinoan herria

 hazitzen,

 gorpuzten,

 mamitzen etorri zen.

 Harriak harri izaten,

 burdinak gogor izaten,

 gauak itzal izaten,

 "hutsak" bete izaten,

 bai, AGIŅA-n ikasi zuten,

 herriaren irudia eta eitea

 muinoburuan biribildu zen,

 harriaren eta burdinaren oinazea

 han osatu zen,

 gauzen hertz serioa

 han azkendu zen,

 "lehena" eta "oraina" une bat

 an bihurtu ziren,

 gure herria historiaren begitara

 AGIŅA-n igo zen,

 herri hau herri

 AGIŅA-ko harritan sentitu zen...

 

 Gaur AGIŅA-n nago,

 Irutxulegi, Gaztaro, Izo,

 Errenaga, Domiko

 tarteko ditudalarik,

 sekulu eta mendeen asperra

 gailen edonondik,

 muino honen bizkarrean

 "lehenetan" itoa ni,

 hemen arrano eta basurdeen

 anai naiz,

 Basajaun eta jentillen

 ahaideko naiz,

 AGIŅA-n ukabilen bultzada

 eta zezenen erasoa,

 sapelatsen ziztu hegalduna

 eta odol bizkorren mozioa

 osoro hurbiletik,

 AGIŅA-n konkorduaren iraultza

 eta haginen ahalegina,

 arrano harroen taldea

 eta asmo gaitzen tontorra

 osoro gertutik,

 bai, galburuaren urretasun bildua

 eta arrubioen gorrotoa,

 sugegorrien susmo nabarra

 eta zakilen goldeaketa

 AGIŅA-n urreagoa, gorrotoagoa,

 susmoagoa,

 goldeagoa.

 

 MARI eta BASAJAUN,

 AKERBELTZ eta ZEZENGORRI,

 MIKELATS eta TARTALO,

 IELTXU eta ERREKAMARI

 AGIŅA-n batzarkide dira,

 SUGAAR izar goriak isatsaz

 astintzen ibili da,

 GALTZAGORRIk arratsaren kristalak

 pitzatzen jardun du,

 MARI-k ilargi zurbila

 gauaren gatilura bota du,

 BASAJAUN-ek aizkorak

 arbolpetan jarri ditu,

 ERREKAMARI-k arratsaren antsia

 uren asperraz nahasi du.

 

 AGIŅA-n amorroa larrean,

 herri-borroka larrean,

 semeen lehia larrean,

 sekuluen oihartzuna

 URTZIREN sekretupean,

 azkazalen errieta

 horma-buruen soinean,

 muinoko haitzetan

 kutxiloen zigorra bizkortu da,

 burdinen setakeria ereagotu da,

 "hutsunean" zeroa bete da,

 lerroen luzadura luzatu da.

 AGIŅA-n Euskal Herriak

 zain beltz-sakonak desestali ditu,

 "lehenaren" azkazalez jardun du,

 azido gaitzen orgasmoak

 zuloetan estali ditu,

 eremuen luzapena ortzean itzali du,

 harriak oro, aztarnak oro

 iturri, sorburu, hastapen

 bihurtu ditu...

 


inprimatu