inprimatu
Duako biarrak
Izenburua:
Duako biarrak
Sinadura:
Toribio Etxebarria
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxebarria, Toribio

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1978
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
39-40

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Tigre-larruduna

 

Rusthaveli, Xotha

 

 HITZAURREA

 

 1.

 

 Bere indarraz, mundua boterez egin zuenak,

 Eta, zerutiko arnasaz, hemen ikakiak oro sortu zituenak,

 Gizonoi era guztietako gauzez hornitu Lurra zigun eman.

 Haren irudiz eginak erregeak dira, beragandik datozenak.

 

 2.

 

 O Jainko bakarra, gauza bakoitzaren eratzailea,

 Gorde nazak eta eman, Satan zapaltzeko indarra.

 Emadak maitaleen bihotza, hil arteko amorioz betea,

 Eta urrun itzak, otoi, bestaldera nazaketen bekatu larriak.

 

 3.

 

 Lehoiari -ezpata, lantza, ezkutua dauzkanari-

 Thamar errubi-masaila, azabatxezko adasdun eguzki erregeari,

 Ene laudorioen bidaltzea zilegi ote den ez dakit.

 Hura dakusanak ezti gozoena dastatua du jadanik.

 

 4.

 

 Thamar erregina kantatzean, nahasirik dut odolez nigarra.

 Ene bertsoak harentzat dira, hau izan bekit grazia.

 Tintatzat azabatxezko aintzira, lumatzat kabanera liraina,

 Ni nantzutenen bihotzak gezi zorrotzak zula ditzala.

 

 5.

 

 Kopla gozotan hura kantatzeko hartua dut kargu,

 Eta kantuz adatsa, ezpainak, betile-bekainak goraipatu,

 Haren ahoko kristal landuzko perlak bikainkiro ordenatuz.

 Berunezko dornu bigunak harririk gogorrena hausten du.

 

 6.

 

 Mintzatzeko mihia dut falta, bai eta arte eta adorea ere.

 Emadak premiazko indarra, haren aipatzeko grazia hemen,

 Tarieli zerbitzu egitean, samurki hospa daitezen,

 Izar aurpegiko hirur zaldunak, hiruren zoria elkarrekin betez.

 

 7.

 

 Tarielen gainean nigarrez ari izanok, zatozte zuek hona!

 Zein beste gizonek, hare nautzera, ikusi du, gurean, eguna?

 Bihotza azkonaz zaurturik, nik, Rusthveli izenaz,

 Elazahar bat hartua dut, beraz egiteko, perlazko iduna.

 

 8.

 

 Nik, Rusthvelik, lan hau neure artez dut egin.

 Harmak beheititzen dituenak bizia eta zentzua kentzen dizkit.

 Hargatik amorioz, naiz zaurtua, erremedio gaberik.

 Eman diezadala berak, osasuna ez bada, lurpeko hobia niri.

 

 9.

 

 Pertsiako kondaira hau, nik orain georgieraz emana,

 Perla preziatua zen, eskuz esku zebilena.

 Aurkitu ondoan, bertsoz jarrita, egin dut obra paregabea.

 Burua zorarazi didanak, bere edertasunaz, koroa beza.

 

 10.

 

 Haren argiz itsurik, bekusate bera berriz ene begiek.

 Ikusazue nola, amorioz gatibu, ene bihotza, galdurik, mendiz mendi dabilen.

 Indazue arimarako bakea, ene haragia aski da erre.

 Kantatzera doazen koruko hirur bozak jadanik prest daude.

 

 11.

 

 Gizon orok behar du dagokion zoria onetsi.

 Soldaduak burruka, langileak lotu bere obrari,

 Amorosak bere maitea, haren begietan burua ikusi.

 Ez dezala inork bestea gaitzets, ez degiola errefusa ezeri.

 

 12.

 

 Poesia, partez, Jainkozko jakituria da; hori hasteko.

 Jainkoek berek egina, entzuleen onerako.

 Hemen ere, adituz gero, haren kantua izate da delizios,

 Hitz gutitan hitzaldi luze, bertsoaren meritua duzue hor.

 

 13.

 

 Bidaia luze eta arinak zaldiaren kasta du frogatzen;

 Pilotaria, aldiz, ukitu doiak digu ederki erakusten.

 Poetaren neurria haren kantu eta hoz eutsiak dira izaten,

 Hitzak eta bertsoak, nekeaz, zaizkionean urritzen.

 

 14.

 

 Ikusazue bada poeta, hark eskribatzeko maina du.

 Bertsoek burura nahi ez, eta hitzak ezin aurkitu.

 Ez du, hala ere, bere xedea bertan behera moztu,

 Pilota trebeki jaurtikiz gero, bere artea erakusten du.

 

 15.

 

 Ez doakio koblakari izena, egin dituenari bertso bat edo bi,

 Eta horregatik poeta haundien pare, beste gabe, izan uste duenari.

 Bertso bat, edo bi, edonola eginez, buru-buztan gaberik,

 Aski dute halakoek "eneak onenak" esateko astoki.

 

 16.

 

 Ba da bigarren poeta molde, kobla apalekoa;

 Horrek ez daki zein hitzek zaurtzen duen bihotza.

 Arku handiko ehiztari gaztearen pare da halakoa,

 Ehizi handien beldurrez, ttikiak sartzen ditu, hilik, zorroan.

 

 17.

 

 Edan eta kantatzekoa dugu hirurgarren poeta,

 Irri eragiteko lore, egoki lagun arteko bestan.

 Pozik entzuten ditugu haren bertsoak, argi-garbiak direnean.

 Poeta izenik ez du merezi baina, arnasa luze ez duenak.

 

 18.

 

 Poetak ez du bere penen barreiatu behar fruitua;

 Haren amorio eta gorteak beute maite bera.

 Harengatik soilki arituz, goraipa eta hospa beza Bakarra,

 Inorengan, hartaz besterik, ezer espero gabe, begio hitzez musika.

 

 19.

 

 Agerian dagoenez, kantatua kantatuz, nik,

 Lehenago aipatuari lotuta, buruari gloriazko izena diot eskaini.

 Panthera bezain urrikigabe, bera bizitza eta izarra zait.

 Haren izena kanta eta hospatu dut, eta, apalik, beloz estali.

 

 20.

 

 Amorio-grinaz mintzo naiz ni, bersu gorena baita;

 Ez da erraza, halafede, ukaitea holako maina.

 Bere hegaletan garamatza zerutiko dohainak

 Horren erdiesteko, pena haundiak behar dira baina.

 

 21.

 

 Jakintsua ezin dateke era horretako amoriora heldu,

 Mihia trabatzen da eta belarria, aldiz, nekatu.

 Nik Lurreko arte bat, haragira bidean, kantatzen dut,

 Lizunik gabe, bera nahi dutenak, urrundik ere dirateke ahul.

 

 22.

 

 Maitale itsua, arabieraz, midjnur izenaz ezagutzen da.

 Grinaz eroa da, esperantza gabeko jarraitzailea.

 Zenbaitzu, Jainkoaren manuz, laster asetzen dira maiteaz,

 Besteak, bihotza ez hain goi, ezti bila, ederrik eder dabiltza.

 

 23.

 

 Maitaleak eguzki gisa behar du izan, dirdiratsu, ederra, garbirik,

 Batera zuhur, zorioneko, azkarra eta eskuz zabalik,

 Bihozdun, eleder, burruka orotan nagusi,

 Dohain horik ez dauzkanak, maitaleen falta du graziarik.

 

 24.

 

 Egiaz da gauza zaila midjnur leuneko artea;

 Amorio eroa ez da desira, ez dute elkarren antza,

 Ezberdinak dira osorik, amildegia dute artean,

 Ezin batera daitezke, sinets diotsuedana.

 

 25.

 

 Maitaleak ekile izan behar du, ez aldakor, satsu ez zital;

 Maiteagandik urruntzean, zizpuruak berretu behar ditu hark,

 Bere bihotza harentzat gorde soilki, izan arren gogor edo mainatia.

 Bihotzik gabeko amorioa ez nahi nik, ez eta hots fauna den mosua.

 

 26.

 

 Midjnur ez da ezer, desir hutsezko ahaleginez,

 Egun, bat, beste bat behar, maitatu eta gero uzten dituenaz, pena gabe.

 Azarezko jolas hau gaztettoek dute, eskuharki, maitatzen,

 Maitale egiazkoak, ordea, sufritzen ba daki, eta pairatzen.

 

 27.

 

 Maitaleak bere maite mina gorde behar du lehenik;

 Hartaz sekretuki oroitu, egunez hura zaindu, eta gauerako utzi;

 Egin bitza ametsak urrundik, hil bedi, urrundik sugarretan izeki,

 Maitearen penapean bizi beti, errespetua gorde bere damari.

 

 28.

 

 Bere sekretua ez beza ager, ongi ezkutuan beuka,

 Ez dezala, zizpuruka arituz, bere ederraren izenik aipa,

 Izan bedi amorio ero hori misterio argi gabea,

 Pairatzeak degiola atsegin, maitatzearen sutan erreaz.

 

 29.

 

 Jakintsuak, bere amorioa agertu duena, ba al du onetsiko?

 Horrek maiteari, buruari bezala, probetxu gabe, kalte egiten dio;

 Aipatzean hura maiseatzen du, nola gero hospatuko?

 Ez al litzateke hobe, bihotz oneritzia ez balu zaurtuko?

 

 30.

 

 Harritzen nau gizonak, bere maitearen amorioaz harrotzean,

 Zergatik hola maisea, beragatik, onerizkoak jorik, hiltzen dena?

 Maitatu ezik gorrota dezake, baina gorrotoa agertu beharrik al da?

 Arima zitalak, halabaina, hitz gaiztoa nahiago, bihotz ordean.

 

 31.

 

 Maitaleari, bere maiteaz nigar dagienean, malkoak egoki darizkio;

 Zaldun erratu itxura du hark, bakarrik dabileino;

 Gogoan eduki bitza oroipenak, beti harenganako,

 Amorioa ezkuta beza, otoi, jendartean ibiltzeko.

 

 ROSTEVAN, ARABIAKO ERREGEAREN KONDAIRA

 

 32.

 

 Behiala ba zen Arabian errege bat, izena zuen Rostevan,

 Haundia zen, eskuz zabala, osorik aberatsa jopu eta zaldunetan;

 Zuzena, bihozpera, Jainkoak bedeinkatu, handirasunez ahal guztiduna,

 Paregabeko gerlari, solaskide trebe, baita eta ere leuna.

 

 33.

 

 Erregeak ez zuen haurrik, printzesa bat izan ezik,

 Eguzki-suen parekoa zen, munduko argitan argi;

 Zekusatenen bihotza, arima eta burua, txit zeuden arrobaturik;

 Haren kantatzeko hitzak, otoitzetan, jakintsuak ditzake aurki.

 

 34.

 

 Thinathin zuen izena, gogoratzeko egoki,

 Eguzkia baino ederrago, hura itzal eta atzean utziz.

 Bere visirrak deituta, jauna lasai dago, trankil,

 Inguruan esertzeko diotse, boz eztiz mintzatuki.

 

 35.

 

 Hola dio: "Zuen kontseilua nahi dut, ongi merezi baitu kontuak;

 Arrosak bere lorea zimeltzen, eihartzen, dakusanean,

 Bera ba doa, baina laster, haren lekura, beste bat dator lorategira.

 Ene eguzkia ere behera doa, aurrean dut, ilunik, hilargi gabeko gaua.

 

 36.

 

 Gaitzik okerrenaz, urteenaz, hiltzera noa ni;

 Egun ez bada, bihar hilko naiz, munduak holaxe nahi.

 Zer baino du argiak, bidean iluna baldin bazaio nahasi?

 Ene haurrari demaiogun koroa, eguzkia horrela birpiz dadin".

 

 37.

 

 Visirrek zerantzuten: "O errege, zergatik mintzo adinaz?

 Zimeltzen den arrosak ere, ba dauka gugandik ohore ongi merezia;

 Duen usainak, haren ņabardurak, beste loreei hartzen die aurrea.

 Zein izarrek bazter dezake, zurbilik ere, hilargia?"

 

 38.

 

 "Ez zaitez hola mintza, o errege, arrosa eihar ez duzularik;

 Dukezun akordu okerra, besteren eritzia baino, izanen da hoberik,

 Zure bihotzak zer uste baina, egitea holaxe da komeni;

 Beraz ongi dago: eguzkia bainoagoa erregina izan bedi".

 

 39.

 

 "Emakume da, baina agintzeko, Jainkoak munduan jarri du.

 Zu ez zeundenean esana, orain ere, lausengu gabe derrakegu,

 Haren eginen distirak eguzkiaren dira leinuru;

 Lehonkumeak berdin dira, arrak zein emeak izan, indartsu".

 

 40.

 

 Avthandil armadaburua zen, emir spasalarraren seme,

 Hilargiaren pareko, nekosta baino lirainago, eguzki kide;

 Bizargabea oraino, beira garbienaren antzo, aurpegiz eder.

 Thinathinen betile beltz politek hura zuten hiltzen.

 

 41.

 

 Bihotzaren barruan gorderik, bera zeukan amorioa zeukan,

 Bere masail arrosak zurbiltzen, ordea, hura begietatik galtzean;

 Berrikustean baina, sua haizatu eta zauria berriz minetan.

 Ai zein den amorioa urrikalgarri! Giza bihotza hil daiteke, hargatik.

 

 42.

 

 Erregeak bere alaba zuenean thronoratu,

 Avthandil pozik zen, eta hari suzko garrak ematu.

 Esan zuen: "Orain maizago dezaket haren kristalezko bisaia ikus,

 Eta agian, hiltzen nauen gaitza jakin nola erremediatu".

 

 43.

 

 Arabian zehar errege ahaltsuaren agindua zabaldu zen:

 "Ene alaba Thinathin erregina dadin dut nik manatzen,

 Bere argiaz guztiok estal gaitzan, eguzkiak bezalaxe,

 Betor hona mundu oro, kantuz hura laudatzeko hospez".

 

 44.

 

 Arabiar guztiok jaun haundiekin zetozen,

 Avthandil masail eguzkiduna, spaspet milaka soldaduren,

 Bai eta erregearen adiskide visir Sograt bera ere.

 Den denek, thronoa ikustean, "preziagaitza da" zioten.

 

 45.

 

 Erregeak eskutik Thinathin zeraman, bisaiargi,

 Thronoan esereraz, eta gero, berberak zion koroa ekarri.

 Eskura makila eman, eta erregia gisa jantzi;

 Eguzkiaren pare, erregekiro, dena zekusan neskak klarki.

 

 46.

 

 Erregea eta armada guztia atzera doaz, hari gur egiteko,

 Errege kontsakratzen du hark, adar eta xirulen soinu gozoz;

 Anitz herritako jendeak hari loxintxak egiten, era guztietako.

 Bere betile beltzen bele hegala erreginak du beheratu, malkoz.

 

 47.

 

 Aitaren aulkian jezartzeko, gai ez dela beldur da;

 Arrosadia itotzen ari, hain da haren nigarra haundia.

 Rostevanek diotso: "Aita orok bere haurrari uzten dio tokia,

 Horrela egin ez banu, garretan erre nintzake suak".

 

 48.

 

 Esan zuen: "Ene haurra, ez egin nigarrik eta entzun en abisua;

 Arabiako haiz erregina, nik holaxe izendatua,

 Hire eskuetan diagon bada erresumaren zoria,

 Arazoak zuhurki trata, pentsutan hadi izan trankila".

 

 49.

 

 "Eguzkiak bai arrosa eta bai satsa berdinzki ditu argitzen goitik,

 Ez uka inoiz mesederik, ez beheko ez eta goikoari;

 Dohainak askatua lotzen du, eta gatibua esaneko egin,

 Eman beti, bere baitan itsasoak ere biltzaile bezain emaile izaten daki"

 

 50.

 

 "Erregeen handirasuna Edeneko nekosten da kideko;

 Eskuzabalari denek obedi, zitala ere haren menpeko,

 Mahai ona beti da probetxuko, zikoizkeriak ez du deus balioko,

 Ematen dunanak heure dirau, hik gordeak, aldiz, hik galduko".

 

 51.

 

 Bere aitak esana erreginak entzun du zuhurki,

 Eta haren irakatsiak oro kontu onean hartuki.

 Erregea edanaz pozik dago, txit alegeraki.

 Neskatxak eguzkia ilundu, hark egin du berau Thinathin.

 

 52.

 

 Erregina bere unideari mintzo, zintzoen arteko zintzoenari,

 "Ekarzkidan ondasun neureak -diotso- hik zigilatu kutxako horik,

 Ekarzkidan erregeren alaba gisa dagozkidanak niri".

 Ekarri eta gero, oparo banatzen, haren eskuak ez du hondorik.

 

 53.

 

 Ttikitan hartu dohainak egun horretan dira besteren,

 Ongi ziren, haiekin, apalak eta handiak berdin aberasten.

 Honela dio: "Aitari ikasia, orain dut nik betetzen;

 Ez beza inork, otoi, nik emandakorik hartua uka, herabez".

 

 54.

 

 Eta agindu zuen: "Itzazue ondasunen gela guztiak zabal;

 Ene Ezkutari Nagusi, ekarzkiguk hona neronen eskuko mandatari denak".

 Holaxe egin zen, baina hark, atergabe, ondasunak guztiei eman,

 Eta soldaduek, piratzen antzera, pilatzen zuten han urrea.

 

 55.

 

 Denak ondasunei atxeki, haik turkoei kenduak bailiren;

 Odol garbieneko arabiar zaldi arinen pare ziren.

 Zerutiko ekaitz hurrupatzaile bat, holaxerik ziruditen.

 Hartan ez zegoen eskuhutsik ez zaldun ez neskarik bat ere.

 

 56.

 

 Lehen egun osoan jai, bertan janari-fruituak ziren, eta ardoa ere bai.

 Gerlari multzoak oturuntzara bilduta zeuden, denak lasai.

 Erregea, aldiz, burumakur, aurpegia, betilun, ez zuen alai

 "Zer du? Zer gertatzen zaio? -jendeak galde- triste egoteko hain?"

 

 57.

 

 Avthandil, eguzkitxuros, mahaiburuan jarririk zegoen,

 Tropen buruzagia, harrigarri, pareko da lehoi eta tigrearen;

 Haren ondoan Sograt, visirretan nagusi, zen esertzen.

 Elkarri diotsote: "Zer du bada gure erregek? Haren aurpegi zurbila, ziren?"

 

 58.

 

 Eta hola diote: "Erregeren pentsuak, segurki, oroipenetan ari du,

 Ez baita hemen deus ere, bera egin duenik sufritu;

 Galde degiogun beraz -Avthandil mintzo- zergatik den gugandik urrun,

 Konda diezazkiogun solas plazentak, hola trista ez dakigun".

 

 59.

 

 Sograt eta Avthandil gorputz ausarta batera altxatzen dira,

 Beren ontziak ardoz bete eta harengana doaz, pauso arinaz.

 Erregearen ondoan, irribarrez, esertzen dira, eta belaunak gurutza.

 Visirra hitz leunez mintzo zaio, bokantza darabil haundia.

 

 60.

 

 "0 jauna! Bisaia ilun daukazu, irria du orain galdua,

 Egia da bai, urruti direla zure ondasun preziosak,

 Datozen guztiei ematen baitizkie zure alaba esku zabalekoak.

 Hola bada, ez izenda bera egiaz erregina, ez egin ezer gogoz kontra jauna".

 

 61.

 

 Mintzatzen entzutean, erregeak, irribarrez, aurpegia aldarazi dio;

 Harriturik dago, pentsatuz, haren aurrean nola izan den mintzo.

 "Ongi egin du" onesten dio, eta horrela diotso gero:

 "Nigan zikoizkeria ikusi uste duena, oker dabil zeharo".

 

 62.

 

 "Ez da hori baina, o visir, ez nau horrek ni tristatzen;

 Gaztaroko egunak edanak ditut, denbora dut orain nik jabe,

 Eta ene erresuma osoan, non baitaukat aginte,

 Harmen arte gloriosa nigandik ikasia ez du ezein zaldunak".

 

 63.

 

 "Ardura biziz, soilki, neure alaba bakarra dut hezia.

 Jainkoak ez dit eman semerik, hala biz Haren borondatea;

 Inor ez da hemen ene antzeko, pilotan, tiroan ez geziaz.

 Avthandil ez beste dut, nolabait, kide, bera izanik neuk irakatsia".

 

 64.

 

 Zaldun azkarrak, lasai, erregearen hitzak ditu entzun,

 Harengana makurtzen, irribarrez, eta irribarreaz edertu;

 Haren hortz xuri argien ņirņirak zelaiak klartu ditu;

 Erregeak diotso: "Zeri barre degiok? Zerk han alegeratu?".

 

 65.

 

 Eta berriro diotso: "A, nitaz da! Zergatik egiten didak barre?"

 Zaldunak erantzuki: "Esanen dizut, indazu baina, barkamena aurrez;

 Ez zaitez, otoi, ene hitzez min, ez eta gero haserre,

 Ez nazazula ausartegi juja; herioa ez niri eman ordainez".

 

 66.

 

 Erregeak hola diotso: "Ez nauk hire esanez haserre izanen".

 Thinathinez, eguzkia baino ederragoaz, du bere zina egiten.

 Avthandilek ba dio: "Ausartzera noa, hitz eginen dizut beldurrik gabe;

 Arkutan trebe zarela diozu; harrotu egiten zara holako hitzez".

 

 67.

 

 "Avthandilek, zure oinpeko lurrak, zeuk bezain ongi daki arkutan.

 Dagigun bion artean apostu; lekuko, zure zaldunak.

 Zuk hola diozu: "Nor nire pareko?"; esateak ez du balioa,

 Zelaia eta geziak dira juje boberenak kontuan".

 

 68.

 

 Erregeak dio: "Egin didaan lehiarako niagok gertu;

 Emak bada ordena, ez egik orain atzera, tira dezagun biok arkuz,

 Lekuko eta laguntzat zaldunik onenak har ditzagun,

 Ondoren, zelai hertsiak merezi duenari eginen dio lausengu".

 

 69.

 

 Avthandilek baietz esanik, bukatu zuten eztabaida;

 Gaztettoen antzera, barrezka ari ziren, poz, elkarren artean.

 Lehiaren apostua erabaki zuten bertan, eta bera zen honela:

 Galtzaileak, hirur egunez, buruhutsik ibili behar zuela.

 

 70.

 

 Ondoan erregeak agindu : "Hamabi jopu guri laguntzeko,

 Hamabi gizon guretzat, geziak eman eta ajutari izateko.

 Hiretzat aski duk Xermadin, bakarra izanik beste ororen pareko.

 Kolpe zehatzak neurt biezazkigute, okerrik gabe, gezurra ez esateko".

 

 71.

 

 Erregeak ehiztariei manu: "Zoazte oihan-zelaietara,

 Eta bil ezazue han indarrez ehizia, zeuekin hona dakarzuela".

 Deituriko harmagizonak lerroan jarri ziren, arinka.

 Orduantxe zen jaialdi ederra amaitu, hartan guk denbora alaiki emanda.

 

 ROSTEVAN ERREGEA ETA AVTHANDIL EHIZAN

 

 72.

 

 Egunsentian, Avthandil ageri zen, gorputza azuzena bezain zuzen,

 Aurpegiz errubi distiratsua, jantzia gorri eskarlata zuen,

 Ehizarako kapaz jantzirik estaltzeko zapia urrez;

 Zaldi zuri baten gainean doa, erregea irtetera du bultzatzen.

 

 73.

 

 Erregea jadanik prest da, eta ehizara doaz, beren zaldiez,

 Jendetzak zelaia inguratzen du, barruti bat eginez;

 Jai habarrots handi batekin, gerlariek beren tokia bete.

 Deman burutzeko, arkulariak gertu dira, lerro-lerro, begia erne.

 

 74.

 

 Erregeak dio: "Betoz hona hamabi jopuak, gure ondora;

 Arkua eman diezaguten, gezi biziak guri eskaintzera,

 Eroritako ehiziak ditzaten konta, gogoan harturik tiroak.

 Zelai zabaleko txokoetatik ehiziak irteten hasten dira.

 

 75.

 

 Ehiziak zalapartan datoz, egiaz konta ezinezkoak:

 Oreina, akerra eta basastoa, jauzi haundiko sarrioak.

 Ezkutari-jaunak oro haiengana doaz, ikusgarriak benetan.

 A! Itzazue arkua eta gezia ikus, beso nekagaitzak jokoan.

 

 76.

 

 Zaldiek altxatu hautsek eguzkiaren sua ilundu dute;

 Tiroka eta hiltzen, zelai osoa estali da odol gorriez.

 Laster geziak agortu, bai berriak ekarri ezkutariek,

 Patari guztiak, joz gero, kolokan dira, ezin aurrera eginez.

 

 77.

 

 Zelai hertsian zehar dabiltza, ehizien bidea erdibituz,

 Hilketa, sarraski izugarria egin dute, Jainkoa bera horregatik minduz.

 Belardia purpuraz tinda, ehizien odolaz mozkortu.

 Avthandil zekusatenek ba zioten: "Edeneko nekosten irudi du".

 

 78.

 

 Ibilitako alor zabala zeharkatzen dute, berek bakarrik,

 Harantzago hibai bat doa, bazterrak haitzez horniturik,

 Ehiziak oihanean barrena iheska, zaldiek ezin segi handik.

 Unhaturik daude biak, eta indarrak txanda nekeari utzi.

 

 79.

 

 Elkarri mintzo zaizkio: "Neu nagusi", eta irria ezpainetan;

 Lagun mamien gisa biak, eta jarriak dira bata bestearen ondoan.

 Geroago jopuak datozkie atzetik, haiekin biltzeko dute asmoa.

 Erregeak diotse : "Zuengandik egia nahi dut, ez otoi gezurra".

 

 80.

 

 Jopuak honela mintzo: "Ez dizugu esanen, ez, ipuinik;

 O errege, ezin dezakegu konda, haren pare zarenik;

 Horregatik hil behar badugu ere, ez duzu zuk hark beste meriturik.

 Berak jotako ehizia bertan erortzen dugu guk ikusi".

 

 81.

 

 Bion artean ehunogei ehizi erhan dituzue guztira,

 Baina Avthandilenak zureak baino hogei gehiago dira;

 Jaurtiki dituen gezien artean, bat ere ez du huts egina,

 Zureetarik, ordea, zenbait bildu behar ukan ditugu, lurrean egonikan.

 

 82.

 

 Hitzok ez dute erregea mindu, kantuzkoak ditu, murmurio leunak;

 Pozten du, benetan, berak hezi zuenaren trebetasunak,

 Amorioa diaduko, holaxe du maite arrosa urretxindorrak,

 Irrien artean alegera da, bihotzeko lehengo pena orain zaio joana.

 

 83.

 

 Ereskatzeko, zuhaitzen gerizpean, jaisten dira zaldietatik,

 Gerlariak bertara biltzen zaizkie, galburuak bezain ugari.

 Hamabi jopuak erregearen ondoan dira, adoretsuenak dira haik.

 Atsedena hartzen dute, oihanaren hegala eta hibaia ikusiz.

 

 ARABIAKO ERREGEAK TIGRE-LARRUDUNA IKUSI

 

 84.

 

 Orduan, ur bazterrean jarrita, ezezagun bat, nigarrez, zuten nabari,

 Zaldi beltz baten hedeak eskuan, lehoi eta heroi bat irudi,

 Arnes, zela eta bridak perlaz zeuzkan apaindurik,

 Malkoak arrosazko masailak izozten zizkion, irtenik bihotz irakinetik.

 

 85.

 

 Hartaz jantzita, arropa berezia du, tigre larruzkoa,

 Tigre larruz egina da, halaber, daraman burukoa;

 Eskuan zigor bat dauka, besoa baino mardulagoa.

 Ikusgarri hau hurbiletik miresteko dute denek gogoa.

 

 86.

 

 Jopu bat erregeak igorri du suzko bihotzeko zaldunagana;

 Burua beheititurik, nigarrez dago, tristatuz bera dakusana;

 Kristal finezko euria dario haren azabatxezko betilepean.

 Jopua harengana da hurrantzen, hotz gabe, ez dekio zer esan.

 

 87.

 

 Izuaz jopua ez zen harengana ausartzen,

 Harriturik, so zegoen, bihotza baina, indartzen,

 Gero, emeki, esan zion : "Erregek zaitu deitzen".

 Zaldunak nigarrez segi, ondoan zegoenaz kasurik egin ez.

 

 88.

 

 Ez zuen deus aditu jopuak esandakorik,

 Soldaduen hots eta deiez ere ez zen konturaturik;

 Zizpuru harrigarriez ari zen, bihotza su goriak harturik,

 Odolaz nahasian, malkoak, iheska zihoazen begien askatik.

 

 89.

 

 Buruan zerabilen pentsuak izpiritua urrun zeramakion;

 Jopuak, berriz ere, erregearen manua esan zion;

 Nigarrez beti, zaldunak ez dantzu zer diotson,

 Ahoa sarrailaz dauka, ezpainetako arrosa ezin zabaldu zaio.

 

 90.

 

 Erantzunik ezaz, jopua atzera ituli zen.

 Rostani diotso: "Ez du zutaz, antza, jakin nahi ezer;

 Eguzkiak bezala itsutu nau, bihotza daukat oraindik minez;

 Ez dit deus entzun nahi ukan, ni han luzaro egon arren.

 

 91.

 

 Erregeak, harriduraz, haserre bizitan zeukan bihotza;

 Luza gabe, haraxe bidaltzen ditu bere hamabi jopuak.

 Hola agintzen die : "Har itzazue zeuen harmak,

 Zoazte eta ekardazue hibai ondoko gizon hura.

 

 92.

 

 Holaxe egin eta harmaduren hotsa zen entzuten,

 Orduantxe zen zalduna zutitu, hala eta ere nigarrez,

 Haren begi galduek inguruan gerlariak dakuskite.

 Honela esan zuen : "Ai ene!", eta gero, besterik ez.

 

 93.

 

 Eskua begi gainetik pasa, eta hola nigar beroak lehortu,

 Buiraka eta ezpata hestutuz, beso indartsuekin da altxatu,

 Zaldi gainera jauzi, jopuen hotsez ardurarik ez du,

 Bere bideari darraio, gerta zer gerta, egiteke kontu.

 

 94.

 

 Soldaduek beren eskuak luza, zalduna harrapa nahiez,

 Baina beronek denak gaizki kolpa, etsai bat urriki liteke haiez;

 Bata bestearen kontra darabiltza, bertan erhan, gupidarik gabe,

 Makilborraz bularrak bi zatitan erdibitzen dizkie, indarrez.

 

 95.

 

 Erregeak, amorru biziaz, laster agindu: "Hari jarrain!".

 Besteak, hala ere, ez ditu begiak itzultzen, geldi dago, zain;

 Datozkion guztiak bertan hilda uzten, lurraren gain,

 Elkarren aurka zatikatzen; Rostanek haiez esan zuen bere ai.

 

 96.

 

 Ondoren erregea, Avthandil lagun, harengana zen abiatu;

 Hark, handios, indarrez beterik, iheska doa, gorputza makur,

 Haren zaldi lasterrak arin egiten, eta eguzkiak zelaia argitu;

 Orduan erregea etortzen dakusa, bera harrapatzea helburu.

 

 97.

 

 Erregea ezagutzean, bere zaldi beltza jo du zigorraz,

 Eta begi hertsireki batez, bistaz osorik galtzen, behingoan.

 Amildegian itzaldua ote, ala hegaz egina zen zeruan gora?

 Bila hasi, baina inon ez, ez zen lurrean haren arrastoa.

 

 98.

 

 Oinhatzik ezin aurkituz, guztiak harritzen ziren.

 Gizakia ba ote daiteke, devi bat bezala, hola desager?

 Gerlariek, hilak deitoratuz, beren zaurtuak osatzen zituzten.

 Erregeak esan zuen: "Hor dakuat gure alaia bukatzen".

 

 99.

 

 "Poza joan eta -diotse- Jaunak gozatzen utzi nahi ez digu,

 Hola lehengo atsegina orain atsekabe du berak bihurtu;

 Heriotzeraino zaurtu nau, ni sendatzeko dohainik inork ez du.

 Eskerrak Jainkoari! Bere nahi eta borondatea horixe baitu".

 

 100.

 

 Mintzatu ondoan, atzera egin zuen, besosko ilunaz;

 Ehizarako arestiko gogoa, zizpurutan zen bilakatua,

 Ehiziak bertan behera utzirik, guztiak doaz barreiatuta.

 Batzuk zioten: "Zuzen da horrela", besteek, aldiz: "Jainkoa!".

 

 101.

 

 Erregeak, tristerik oso, bere gelara doa,

 Seme baten gisa baina, Avthandil dago ondoan;

 Senideetarik ez zen bertan inor batu, ez eta ere etxekoak,

 Harpa-kriskitinen soinuak, alaitasuna, ez ziren jada entzuten, gozoak.

 

 102.

 

 Thinathinek bere aitaren tristuraz entzun zuen mintzatzen,

 Haren ate ondora doa, eguzkiaren argikide;

 "Lo datza ala itzarri dago?" arduradunari galde.

 Beronek diotso: "Jarririk dago, ilunik, aurpegiz kolorge".

 

 103.

 

 "Avthandil ez beste du ondoan, bere jarlekuaren pare,

 Zaldun ezezagun bat ikusi omen du; horrexek du tristatzen".

 Thinathinek diotso: "Ez dut orain nekatu nahi, ez;

 Dei badegit, esaiok behingoan natorrela, halere".

 

 104.

 

 Denbora joan eta, erregeak galde: "Non da ene alaba?,

 Bera da ene poza, ene bitxia, ene biziaren iturri garbia".

 Arduradunak erantzun: "Lehen etorria duzu, zurbilik aurpegia,

 Baina zure samina jakinik, ez zaitu nekatu gura, joana".

 

 105.

 

 Erregeak dio: "Dei egiok! Nola nagoke bera gabe ni?

 Otoi, esaiok : Zergatik joana haiz, aitaren bizia haizen hori?

 Hator eta ken ene pena, zauria senda diezaion ene bihotzari.

 Esanen dinat zerk naukan horrela tristaturik.

 

 106.

 

 Thinathin laster heldu da, aitaren esanera prest,

 Haren aurpegiko distirak hilargiarena du ematen.

 Aitak ondoan jarrerazi du, eta laztanki besarka ere.

 Esan zion: "Zergatik ez hentorren? Ene deiaren zain ba ote?".

 

 107.

 

 Neskatillak diotso: "Jauna, zu hain triste ikustean,

 Nork ausartziarik hartuko, agertzeko zure aurrean?

 Zure saminak argizagiak amil litzake zerutik behera.

 Hobe du gizonak oztopoak gaindi, beraik pairatu orduan".

 

 108.

 

 Erregeak erantzun: "O ene haurra, hire ikustea aski da,

 Bihotza pozetan jartzeko hire agertze soilaz.

 Doloreak, elixir onak bezala, hik kentzen dizkidan,

 Hik jakinen dun halaber ulertzen, ene zizpuru eta nigarrak".

 

 109.

 

 "Zaldun pitxi bat ikusia naiz, itxuraz miresgarri, zin-zinez,

 Haren klartasunak ortzia eta lurraren mugak argitzen zituen.

 Zerk penatzen zuen ez dakit, ez eta ere zergatik ari zen nigarrez;

 Ez nau agurtu nahi ukan, eta orduan nik hari eraso, osorik suminez".

 

 110.

 

 "Ni ikustean baina, zaldiari eragin zion, nigarrak xahuturik,

 Eta bera harrapatzeko nik bidali gerlariak oro bertan utzi, hilhotzik.

 Deabru bat bezala joan zen gero, ni holaxe ilundurik.

 Ametsa ala egia ote, nik ez dakit oraindik".

 

 111.

 

 "Miraz nago; zer ote zen bada nik hola ikusia?

 Ene gertariak bederen, hantxe hil zituen, odola isuriz uhinka.

 Horrela desagertzeko, haragizko gizona ba al zitekeen izan?

 Jainkoaren laguntza ba nuen, orain abandonuan nauka baina".

 

 112.

 

 "Haren dohain gozoak, mingots zaizkit bilakatuak;

 Jada ahantzirik dauzkat pozaldian emandako egunak.

 Min dut orain, inork ezin nazake ni kontsola;

 Alaitasunik gabe, egun luzeak dirateke, bizitzeko ditudanak".

 

 113.

 

 Alabak zerantzuen : "Entzun itzazu, otoi, ene hitz dorpeak.

 O errege, zergatik marmarka ari, Jainkoa eta zoriaren aurka?

 Zer dela eta, zoritxarraz kexa, hain maitaro zaintzen gaituenaz?

 Ongiaren egileak nola sor lezake, berberak, gaizkia?".

 

 114.

 

 "Hona ene kontseilua: Zu erregeen zara errege,

 Zure aginduak oro, edonon dira, erresuma zabalean, betetzen.

 Igor zeure gizonak toki guztietara, arazoaz jabe daitezen,

 Laster dakikezu horrela, hura haragizkoa ba ote zen".

 

 115.

 

 Mundiaren laur aldetara bidali ziren gizonak.

 Esan zitzaien : "Zoazte toki guztietara eta ez estal zeuen pena.

 Zabiltzate bada, bila zaldun hori, ez eduki besterik gogoan,

 Igor ezazue gutunik, heldu ezin zareten lekuetara".

 

 116.

 

 Mezulariak, laster joanik, urte osoan ziren ibili,

 Zaldun harrigarri haren bila beti, haren berri galdetuz guztiri.

 Ez zuten Jainkoak sorturiko inor aurkitu, hura ikusi zuenik,

 Gogaiturik itzuli ziren, etsita, bihotzean ez pozik.

 

 117.

 

 Jopuek esan zuten: "O errege, mundua zeharkatu dugu,

 Baina zaldun hori topatzeko zoririk eman ez zaigu.

 Ezein lagun bizik ez omen du bera inoiz kausitu;

 Ezin zerbitzatu ukan zaitugu; beste modurik mana ezazu".

 

 118.

 

 Erregeak dio: "Zuzen zegoen, egiaz, ene alaba.

 Hura deabru bat zen, Satanen enganio zitala;

 Zerutik amildu deabrua bera ukan dut bada etsita.

 Bihoa beraz ene samina, ez nadin gehiago oroit hartaz".

 

 119.

 

 Mintzatu ondoan, berriro bihurtu ziren jolasak eta pozak,

 Kantari eta koblakariak haraxe deitu, nonnahitik bilduak.

 Opariak egin zituen ugari, jendea ekarriz bere jauregira.

 Zein beste gizonek, Jainkoak eginik, al dauka baten esku zabala?

 

 THINATHINEK AVTHANDIL, ZALDUNAREN BILA BIDALTZEN DU

 

 120.

 

 Avthandil, jantzi arinaz, bere gelan jezarririk zegoen,

 Bere aurrean manjura bat zeukala, alegera kantatzen zuen.

 Neska bat, Thinathinen esklabu beltza, atetik dakusa sartzen,

 Hola diotso : "Aloe irudikoak, hilargi kide denak, nahi du zoazen".

 

 121.

 

 Avthandil osorik poztu zen halako berri onaz.

 Jaiki eta arropa jantzi zuen, zuenik apainena;

 Zoriontsu, arrosagana doa; inoiz egon ez bakarrik biak.

 Oi zein den gozoa ederra ikustea, izatea haren ondoan!

 

 122.

 

 Avthandil aurrera doa, harro, ez du beldurrik inoren,

 Harengatik maiz nigar eginak, bera ikusiko du laster.

 Parerik ez duena jarririk zegoen, itxuraz triste,

 Tximistak bezain ederrak, distiraz, hilargia zuen iluntzen.

 

 123.

 

 Kataxuri-larruzko jantziaz gorputz biluzia du hark estaltzen,

 Artagabeki jaitsia, haren beloa preziagaitza zen.

 Beraren betile beltzek bihotza zula eta dena ederrez bete,

 Lepo xuriari inguruka, adatsa daitso, luze.

 

 124.

 

 Bertan zegoen jarrita, betilun, purpura gorrizko beloaz.

 Lasaiki, Avthandili esertzeko diotso, boz benetan eztiaz,

 Bai eta beronek aulkia apalki onhartu, esklabuak ekarria.

 Aurrez aurre dakusa orain, pozez gainezka bere bihotza.

 

 125.

 

 Neskatxak diotso: "Beldurrez eta kezkaz mintzo natzaik,

 Ez nian hitz egin nahi, baina ixlitzeko ez diat jada indarrik,

 Hona zergatik haudan deitu, esanen diat orain,

 Baina gogoa joana daukat, eta aurpegia ilunik".

 

 126.

 

 Zaldunak erantzuki: "Hiri mintzatzeko nik ezin hitzik aurkitu,

 Eguzkiaren aurrean, hilargia, ttikituz, zerutik galtzen dun,

 Ezin pentsa dezaket, neure buruaz ere naun ni orain beldur,

 Esadan, otoi, zerk hauen hola kezkatzen, eta nik nola konpondu".

 

 127.

 

 Neskatxak hitz hautatuz erantzun, kortesiaz betea,

 Hola diotso : "Gaur arte enegandik urrun haiz izana,

 Horregatik harriturik hagoke orain entzunen duanaz,

 Aurretik baina, neure penen kausa behar diat esan".

 

 128.

 

 "Oroitzen al haiz, zelaian, Rostanekin egin huen ehizaz?

 Eta orduan ikusiriko zaldun arrotzaz, nigarra begian?

 Harez gero, haren gomutak nahasirik nauka erabat,

 Eta eskatzen diat, zerupeko munduan zehar, bera hila dezaan".

 

 129.

 

 "Gaur arte, behar bezala, esan ez badidak ere,

 Aspaldian igarria diat nola nauan hik maite;

 Ba dakit nigarren txingorrak hire masailak jotzen zituela atergabe;

 Amorioak harturik hago, eta hire bihotza gatibu duk beraren".

 

 130.

 

 "Bi arrazoi dituk, ba diosat, ene zerbitzari izan hadin:

 Zalduna haiz, haragi-hezurrezkoen artean paregabe, batetik;

 Bestetik, midjur haizelako, hitzez gabe, egiazki.

 Hoa bada zaldun horren bila, eta aurki ezak, hurbil edo urrunik".

 

 131.

 

 "Diadukaadan amorioa bortitzagoa eginen duk horrela;

 Eramak enegandik gaitz hau, eta deabru zitala katea;

 in iezadak arrosaz bihotza, eta esperantzaren brioletaz,

 Ondoren, hator, o lehoi, gure eguzkiak daitezen elkar".

 

 132.

 

 "Bila ezak, hirur urtez, aurkitu nahi duguna.

 topatzen baldin baduk, garaile, hatorkit hona.

 Bestela, haren itxura, hartuko dut nik begitaziotzat.

 Berdinik aurkituko nauk, arrosa ninika ez zimeldua".

 

 133.

 

 "Egiaz zin degiat: baldin eta ezkon banendi hitaz besterekin,

 Hura izan arren eguzkia bera, giza irudiz, nigatik,

 Paradisutik jaurtiki eta nadila ifernuan barrena amil.

 Hi, maite neurea, hator ni hiltzera, eta bihotza ezpataz erdibit".

 

 134.

 

 Zaldunak esan zion: "Eguzki, azabatxezko betiledunori!

 Zer dierranaket nik orain? Nola haiteke duda nitaz?

 Herioaren zain nengoela, hik emana dut bizia.

 Hire esana eginen dinat eta esklabu gisa hi obedituko ongi".

 

 135.

 

 Eta areago esan zion: "Oi Eguzki, Jainkoak berak eguzki egina!

 Zeruetako argizagiak menean ditun, boteretsu, guztiak.

 Hiregandiko grazia, sinesgaitz zait oraindik oso, harrigarria.

 Ez da jadanik ene arrosa gehiago erreko, hire suzko argitan".

 

 136.

 

 Zin berria egin zuten orduan, hitz emanez izateko elkarren,

 Solasa luzatzen ari eta ezpainetan hitzak hersten.

 Ordurarte pairatu penak oro horrela zitzaizkien urruntzen,

 Haien hortz xurien ņirņirak tximistak bezala argitzen.

 

 137.

 

 Elkarri atxekirik, gozoro, mila gauzataz mintzo ziren,

 Azabatxeak begi beltzetan diz-diz, errubiak masailak arrosaz janzten.

 Zaldunak ziotson: "Hi hakusana amorioz da zoratzen,

 Hiregandiko garrak dit neure bihotz zaurtua sendatzen".

 

 138.

 

 Zalduna, dolorez baina, beharrezkoa du joatea,

 Burua itzuli eta begiak zirriborroz zuzendu harengana.

 Aurpegian kristala eta arrosa izozten eta dardar gorputz lerdena,

 Bihotz eskainiaren truke, maiteari berea dio osorik emana.

 

 139.

 

 Esan zuen: "Oi Eguzki! arrosari ere hire urruntasunak min demaio,

 Kristal eta errubi distiratsua lehen, horiagoa naiz orain anbarra baino

 Zer eginen dut nik, helas, zu ezin ikusiz luzaro?

 Maitaleak bere maiteari, ene legean, hargatik hil beharra zor dio".

 

 140.

 

 Ohean etzanik, nigar jarioa lehortuz eten gabe,

 Haizeak darabilen lertxuna bezala, da eragiten.

 Lotan, bere maitea dakusa ondoan, ametsez,

 Ikaraz, goraka mintzo da era hola bere samina hogei aldiz handitzen.

 

 141.

 

 Maiteagandik urruntzeak erretzen dio, bai, bihotza,

 Arrosaren gainera, perlazko euriaz, eztiro, nigarra darora.

 Arturratzean, jantzirik apainenaz, ikusgarri zen osoa.

 Zaldi gainera igon eta lasterka jauregira doa.

 

 142.

 

 Eta berberak du edjiba erret salara igortzen

 Hitzok hara eraman ditzan: "Oi errege, mintzatzera naiz ausartzen,

 Zeure ezpataz mundu guztia duzu, jauna, meneratzen.

 Komeni da, dena den, ingurukoak ere horretaz jabe daitezen.

 

 143.

 

 Ni burrukatzera noa herri mugakideetan zehar,

 Thinathinen handitasunaren etsaiei bihotzak zulatzera.

 Zintzoa alegeratuko dut, bihurriari, aldiz, nigarra atera.

 Dobainak eskubeteka nik emanen, eta konta ezinezko Ŧsalamŧak".

 

 144.

 

 Erregeak ordainez zaldunari eskerrik onena erakutsi.

 Honela diotso: "O, lehoi! ezerk ez han inoiz atzeratu hi.

 Igorri didaan mezuak ere hire adorearen pareko osorik dirudi.

 Hoa bada! Baina hi gabe, luzaro, nola ni naiteke bizi?".

 

 145.

 

 Zaldunak, sartu eta, agurrez, bihotzetiko hitzak diotsoz

 "Oi buruzagi! egin didazun laudorioak harriturik nauka oso.

 Jainkoak ai letsa, eta egun ilunetan ene bidea bere argiaz jo,

 Eta zure bisaia alegera nik zorionez berrikustea poz bekio".

 

 146.

 

 Erregeak, lepotik hartu eta, seme maite gisa, hura besarka.

 Harrigarri zeuden biak, eta ikaslea zen maisua bezala.

 Joateko altxatu da zalduna, agurren ordua heldua dute jada.

 Rostan jakintsuak, bihozpera, nekez gordetzen du nigarra.

 

 147.

 

 Bidean da Avthandil, zaldun adoretsua, itxuraz ausart,

 Hogei egunez zaldiz ibili, gaua du nahasten egunaz,

 Munduaren esperantza bera da, haren altxor eta alaitasuna.

 Thinathinen oroipenak, ordea, zuen beti erretzen, bere garren suaz.

 

 148.

 

 Bere erresumara heldu bezain laster, alaitasuna zen han nagusi,

 Opari miresgarriak eskaitzera jendea zetorkion ugari

 Zaldunak, aurpegi eguzkidunak, ez du bidaia bertan gelditu nahi

 Eta hura zekusaten guztiek, segizioz, poza dute nabari.

 

 149.

 

 Ba zen gotorloku bat, beldurgarri hauzoen

 Inguruan haitza jaikitzen, berezko murraila eginez.

 Zalduna hantxe ehizan aritu, horretan hirur egun emanez,

 Geroago Xermadin, ttikitako laguna, ondora deitu zuen.

 

 150.

 

 Berau zen lehenago aipatu dugun ezkutaria,

 Avthandilen adiskide mamia, haurtzaroko lagun zintzoa.

 Ordurarte zen zuen jakin suak zuela erre bere nagusia,

 Baina jadanik beronek agertzen Eguzki maitearen promes gozoa

 

 151.

 

 Esan zion: "A Xermadin, ixiltzeaz lotsa naiz,

 Hik ongi baihekien ene asmo guztien berri eta laguntza eskain,

 Baina ez duk jakin orain arte, zenbat nigar ixuri dudan hargatik,

 Sufrierazi nauenak, halere, poza ematen dit orain".

 

 152.

 

 "Thinathinez hiltzen nintzen, haren maitasun eta neure grinez.

 Ene narkissoei suzko malkoa jario eta arrosa izoztuak erre.

 Neure oinaze saminak pairatzen nituen, ixil, inori erakusteke,

 Baina haren esperantzazko hitz eztiek, orain pozez naute bete".

 

 153.

 

 Esana dit: "Hoa, habil eta ekardak zaldun galduaren berria.

 Hatorrenean, hire bihotzaren nahi handia, nik konplituko diat,

 Hitaz beste senarrik ez dut gura nik, balitz ere paradisuko zuhaitza".

 Hark emau dit baltsamoa, garrezko neure bihotza ema dakidan.

 

 154.

 

 Lehenik zalduna naiz eta neure nagusia zerbitzatu behar.

 Erregeei zintzotasuna zor, hola diete sujet guztiek,

 Haren hitzek garrak itzali, bihotza errausten zidatenak.

 Zoritxarra badator, gizonak gizonki du hura gainditzen.

 

 155.

 

 Nagusi eta sujet guztien artean, hi eta ni hurbilonak garateke,

 Hortaz, entzun nazak, otoi, eta adi ongi ene hitzek zor dioten.

 Neure lekuna uzten haut, tropen agintari, ene loktenente.

 Ardura hau, hitaz besterik, inori ezin utz niezaioke.

 

 156.

 

 Goberna itzak eta gida, ene jaun eta soldaduak,

 Bidal mandatariak gortera, berriak ekar ditzaten hangoak.

 Ene izenean gutunak eskriba, eta egin oparo bezuzak.

 Ez dezala inork Herrian nabari nabilenik urruna.

 

 157.

 

 Burruketan har ezak ene leku, eta ehizan egik nik bezala.

 Igurikak eta, zintzoki, ene sekretua hirur urtez edukak gordeta.

 Orduan berriro natorke, neure aloe-zuhaitza eihartua ez bada.

 Ezpere, auhen eginen duk, tristerik, nigatik ixuri beharrez nigarra.

 

 158.

 

 Orduan, ez bestela, eramaiok erregeri hain berri mingarria,

 Esaiok hila naizela, mintzatuz egiten duenez hordiak.

 Esaiok inork eskapatzerik ez duen zorteak joa naizela.

 Behartsuei ene altxorrak oro eman, urrea, zilar eta kobrea.

 

 159.

 

 Hil nadinean are behar duk izan zintzoago enekin

 Gogora hadi nitaz eta ez nazak ahantz goizegi.

 Eta ongi dagoenez, ene arima bakean egon dadin, otoitz egik.

 Haurtzaroko oroitzapenez, hirea enegana, ama-bihotza bihur bekik.

 

 160.

 

 Aitorpenok aditzean, laguna harriturik gelditu zen, zurtuta.

 Begietatik malko irakinak erori, perla itxuraz.

 Diotso: "Hi gaberik ene bihotz tristea ezin dagoke poztuta.

 Ba hoala ongi dakit, eta ezin diezaaket galeraz hori inola.

 

 161.

 

 Zergatik nahi nauk izendatu hire erresuma gobernatzeko?

 Nola ibiliko naiz ni nagusi, ez izanik hire pareko?

 Hobe litzateke lurrak, bere sehaskan, har banintza betiko,

 Hi bakarrik joatea baino. Hortaz, eskatzen diat elkarrekin joateko.

 

 162.

 

 Zaldunak erantzunik : "Egia diosat garbiki,

 Midjnurak bakarrik behar du, basoetan zehar, ibili.

 Ezin dezake inork, nekerik gabe, perla arrarorik aurki.

 Gizon faltsu eta ankerra, lantzaz zulatua izan bedi".

 

 163.

 

 Nori neure sekretua konda? hitzaz besterik duinik ez da.

 Nori agintea utz? Nork erabil dezake hobeki bera?

 Senda itzak gure mugak eta edukak urrun etsaia!

 Jainkoak abandonatu ezik, berriz natorke egunen batean.

 

 164.

 

 Zoriak gizon baten edo egunen biziak eskuan darabiltza.

 Zeruko argizagien indarrek jagon bezate erratu honen bizitza.

 Hirur urteren buruan ez banentor, lutuz eraman ezakek jantzia,

 Gutun bat eskribatua diat, handi eta ttikiak oro, hire menpeko ditzan.

 

 AVTHANDILEK BERE MENPEKOEI EGINDAKO GUTUNA

 

 165.

 

 Eta idatzi zuen: "Ene menpeko on, ene maisu eta ikasleok,

 Segur eta frogatuak zarete eta beti holaxe izanen, egiaz zintzo,

 Zuek dakizue ene nahiak betetzen, eta haiei jarraiki, itzalen antzo.

 Elkarrekin bil zaitezte eta jakizue: ene mezua duzue hor!

 

 166.

 

 Zuen oinpeko lurra naiz ni, hizketan nago, adi nazazue.

 Gutun hau igortzen dizuet, eginik neure eskuez.

 Denbora apur batez joan behar dut, ahantziz jai eta kantuez,

 Ogia eta jana, enetzat, arku eta erpuruak topatuko dute.

 

 167.

 

 Neure Herritik urrun bizitzera, arazo goi batek narama,

 Behartsu eta bakarrik ibili, egun luzeetan erratzera.

 Hona zergatik erreguz nagoen, hona zergatik eskatzen dizuedan

 Ene erresuma osorik gordetzeko, bera dezazuela etsaiagandik salba.

 

 168.

 

 Xermadin izendatzen dut jaun, ene lekuan jarriz,

 Ene heriotzearen berri jakin ezik, Eguzkiak bezala eginen dizue argi

 Hark ez du utziko hiltzen, hotzez dardar, ezein ere arrosarik,

 Gaizto guztiak, ezkoa beala, bere inguruan urturik.

 

 169.

 

 Hazia dut, dakizuenez, anaia legez, seme gisa,

 Haren manura zaudete, bera Avthandil bailitzen,

 Turutak jotzean, ene lekuan behar diozue utzi erabakitzen,

 Garaiz ez banentor, egizue, nigatik, otoi, zeuen nigar".

 

 170.

 

 Gutuna amaitzean, hain hitz ederrez egina,

 Urrezko gerrikoa hertsiz, bere bidaiarako, bakarrik, prest zegoen,

 Eta esan zuen: "Haren gainera noa, zelaian dut bada zaldia",

 Orduan, luza gabe, bertan bere etxea utzi zuen.

 

 171.

 

 Agindu zien: "Zoazte hemendik, ez baitut behar ezein ere lagunik,

 Eta jopu-gerlariak oro bidali, bera geldituz bakar-bakarrik,

 Zaldiaren brida okertuz, kanaberetan zehar abiatu zen arinik,

 Thinathin, bere erhailea, gogoan zeraman gorderik".

 

 172.

 

 Gero, hauzoko landetan zehar, bere armadatik urrundu zen,

 Zein gizonek ikus lezake? Zein hari lerraioke?

 Noren ezpatak harekin burruka? Indarra menderagaitza zuen,

 Maitasunak dolorearen pisu astuna eramaten zion laguntzen.

 

 173.

 

 Ehizaren ondoan, gerlariak bere buruzagia ikusi nahiz,

 Haren Eguzki pareko aurpegia baina, inon aurki ezin,

 Penak beren pozari tokia kendu, eta joan ziren, nekeaz zurbil,

 Zaldi arinen gainean hegazka abia, eta haren bila ibili.

 

 174.

 

 "Jainkoak, O lehoi!, ba al lezake heure tokian jar besterik?"

 Ba doaz lasterka, nonnahi hila, jendeari deika, mezulariak igorriz,

 Baina ezin dute inon eriden beren jaunaren hatzik,

 Eta armadako guztiak nigarrez ziren aritzen, bihotza hunkiturik.

 

 175.

 

 Xermadinek nagusiak bildu, gortelari eta jaun haundiak,

 Haiei irakurtzeko buruzagiaren gutuna, beraren hitzak,

 Guztiek bihotz zaurtuaz hari entzun, eta burua jo kolpeka,

 Bular denak minberaturik zeuden, bihotza itota, nigarrez.

 

 176.

 

 "Gure izatea - zioten -, hura gabe pisutsu dateke osoa,

 Baina hala ere, nori, hiri ez bada, utz ziezaiokeen thronoa?,

 Obedituko haugu, bai, eta hire esanetara makurtuko geure burua".

 Eta hola guzriek agurtzen, agintari bihurtua zuten menpekoa.


inprimatu