Baserrira itzulpena
Jauregi, Luis
Udaberriko goiza zan.
Maite-musu gartsuz
euzkiak ernai zun lurra,
lorak nun-nai piztuz.
Txoriak kabi egiten
alkar urrumatuz,
zilipurdika belartzan
umek beiak zaituz.
Bizitza-sua piztu zan
nere aragian,
egarri il-eziņa sortu
biotz-muiņ-erdian,
dei eztitsu bat entzun nun,
ixil, belarrian,
ta utzirik baserri zarra,
sar nintzan errian.
Jo nun bizitza-itzasoan,
ametsez josia...
Baņan, iņun etzait ase
biotz-egarria.
Nun-nai aurrean euki det
izar bat argia,
laga nun baserriaren
oroipen bizia.
Jaiki ta noan... Laister det
begien aurrean...
Ara antxe... Baso-alboan,
muņo-bizkarrean...
Zuri-zuria, patxaran
belartza-gaņean,
zabal-zabal ataria,
elizan antzean.
Agur, ene sor-lekua,
euskal-lur donea,
nere aurtzaroko kutxa
oroi-gaiz betea,
nere aitonen aitonen
illobi maitea,
nere odol-iturburu
kutsurik gabea...
Nere eusko-odolaren deiak
entzunda, ba-nator
maitasun-kabi bero bat
ezarritzera or,
nere besoaz eustera
orma oiei gogor,
gaurtik il-arte izatera
baserritar jator.
Bai, gaurtik zuretzat nere
besoen indarra,
nere buruko ametsak,
biotzeko garra,
begietako malkoak,
ezpaņ-irriparra...
Gaurtik zure bizitza da,
nere nai bakarra.
Su auridi bat piztu nai det
sukalde otzean,
aingerutxoak ezarri
seaska-utsunean,
mentu sendoak txertatu
sagasti zarrean,
zorion-euzkia sortu
baserri illunean.
Aitonen oroi-gai kutxa
nai det aberastu,
aien izerdi zintzoa
nereakin nastu,
aien ta nere bizitza
maite-katez batu,
baserri zarrean kabi
berria eratu.
Poztu, baserri, gaur-arte
maite-kabi utsa...!
Poztu, gaurtik bukatu da
zure alarguntza...!
Poztu, ene gurasoak...!
Begira onuntza...!
Jainkoak entzun du zuen
eskari-otoitza.
|