Gau ankerra
Zabruk
Gabeko ordu biak!
Gau illuna...!
Izarrik ez dago ortzian,
Ixillik dago mundua...
Gabeko ordu biak!
Lo, nasai, ardurabakoak...
Erloxuaren tik-tak mintzobakarra,
ormatik dingilizka,
baituen gogoak astintzen.
Itxaropen ausien gaba!
Giltz-otsak baitegian
il-gaien billa urduri...
Gabeko ordu biak!
Biotz-taupadak ziega illunetan...
Oiņotsak, astiz, baituen ate-aurreetan
Ez dagi iņok itzik,
orma umeletan ez dabil oiartzunik:
Ixil eta larri aroa
erriaren gau ankerrean..
Gabeko ordu biak!
Amil-ertzean, zutunik, ilgaiak
mille pentzamenturen matazean maratuta,
ludiz-andiko ixillaren zaratetan,
erdi-konkor,
gau baltzenari adi,
betiraunerako suzko deiak noz entzungo.
Gabeko ordu biak!
Umel eta ixil dagoz ormak,
gorrotoaren umeltasun larrapaskorraz.
Maitasunaren lorratzak
urratu ditu gau baltzak
eta agertu da Balbea,
gau-lapurren antzera,
begitzar itzelakaz,
maitezko arnasak ebagi guraz,
aiotzaren sorbatz zorrotza
eskuetan jauzkari..
Gabeko ordu biak!
Erruki bagako gau ankerra!
Illun baltza zauritzen
diardue, bizkor,
sastakai edenduak
eta opagaieri adi dagoz
Balbe'ren begi sarkor eta itzelak,
samiņez beteriko
ixil eskutuan.
Gabeko ordu biak!
Iltamuko itxarote larria!
Sastakaien artean, lokarriz,
kate astunak bizkarrean,
bost abertzale
sartu dituez,
birao ta bultza,
erailleen belbil itxusian.
Gabeko ordu biak!
Bideetan ez dabil arimarik:
Lo datza erria,
ardura bakoen lo nasaian;
ez dakie, ba,
gorrotoaren barririk
ez dantzue
il-gaien deadarrik.
Eta joan doa,
aurrera ta aurrera,
erruki bagarik,
iltzailleen belbil zikiņa
gorrotoak zuzendurik.
Gabeko ordu biak!
Erioa'ren zain dago,
baso-ertzean,
illerriko ixiltasunaren bakea.
Eldu da, il-gaiakaz, belbil baltza
eta jaurti dituez, amurruz,
opagaiak lur otzera.
Ixillik dagoz,
Ixil zaratatsuz,
ilerriko arriak...
Odolezko goizaldea!
Neke, samin, atsekabe ta
larritasunez goizalde urratua!
Narriotu dabe illen bakea
edendun zizpa luzeak
eta odolustu dira
aberriari eskiņitako
bost gasteren bizi gordiņak.
Egun-senti larria!
Odolez gorri
agiri dira zelaiak
neguko aro izoztuan.
Illun dago sartaldearen bekokia:
oiņaztu ta ostotsez agertu da
zeruen aserrea
eta urduri eskutau dira
iltzaillen esku odolduak.