inprimatu
Bizitzaren hibaian
Izenburua:
Bizitzaren hibaian
Sinadura:
Jose Antonio Gesalaga Zaldubi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zaldubi, Jose Antonio Gesalaga

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1985-1986
Orrialdea:
333-339

Bizitzaren hibaian

 

Jose Antonio Gesalaga

 

1) «Zaitegi» zenari

 

 Lan hau hartzean gogoan zaitut

 bihotz-bihotzez «Zaitegi»,

 zure lanean arkitu baitut

 arrazoi asko ta egi,

 garai haietan lore xortarik

 euskaraz ez zen zilegi,

 basamortuan euri gozoa

 behin ere ez da gehiegi,

 bainan ondoren Euskal Herria

 bihurtu zaigu orlegi.

 

 Urte zailetan zaiatu zinen

 euskaragatik lanean,

 esker on gutti arkitu arren

 euskararen magalean,

 «ezertarako eztanik ezta»

 eta jarraitu lehenean,

 zuk ereindako haziak frutu

 eman du gaur egunean

 

 «Zaitegi»k ongi zekien nola

 bere senari aditu:

 lanik zailenak apalki hartu

 ta garaipenez gainditu,

 nahiz ta euskara larrekoa ta

 basati samar aurkitu

 goi mailetako ikaskizunez

 zigun erabat ornitu,

 beraz Unibertsitatearen

 omenak merezi ditu.

 

 Euskaraz landuz jarraitu zuen

 gutietsiaz piztiak,

 landu zituen luma bizkorrez

 olerki ta idaztiak;

 bere lan hauek arkitu ditut

 alaiak eta eztiak,

 hizkuntza erraz eta oparoz,

 jakingarriez betiak,

 ta hasiz gero ezin baztertu

 bukatu gabe guztiak!

 

 Erlijiozko gaiak lantzean

 maisu agertzen da sarri,

 ikuspegia bere lanetan

 izan zen eredugarri

 ba zekien ta gauza zailenak

 euskaraz nolatan jarri,

 ta bere lanak irakurririk

 maiz gelditzen naiz egarri,

 bera zen uso mandataria

 eta gu gara elbarri.

 

 Grezi aldeko idazleetaz

 sarri euskaraz jarduna,

 heuren jakintza gureganatzen

 ahalegindu zen zalduna,

 berari esker euskara dugu

 Greziko jakintzaduna

 Platonen lanak euskaraz jarriz

 egin zaigu ezaguna,

 beraz izan da euskara gora

 igo duen euskalduna.

 

2) Bat-bateko maitasunaren gezia

 

 Gogoan izanen dut

 nik gaurko eguna

 ustekabean elkar

 ikusi duguna

 «Orain arte zatzaizkit

 txit ezezaguna,

 bainan maitasuna da

 hurbildu zaiguna,

 gaurtik izan nahi duzu

 zuk nere laguna?

 

 «Zugatik gezi bat zait

 bihotzean sartu,

 neure mina ta kezkak

 nahi ditut baztertu,

 bainan ondoren zaizkit

 barnean indartu gau

 ta egun zugandik

 ezin naiz bakartu,

 odola darit eta

 begiak bihurtu».

 

 Maite dut eta daukat

 barne zoramena,

 «asko esan nahi eta

 ezin dut laurdena

 apirileko lore

 garbi ta lerdena

 maitasun hutsa zara

 uso alaiena,

 zurekin izan ezik

 alferrik dut dena».

 

 «Ezin ditut ahantzi

 aurpegi ta sama,

 zure hitzaren zai da

 nik daukadan drama,

 bere erantzunean

 zortea darama,

 bizitza guztirako

 zori edo zama,

 esan: izan nahi duzun

 neure haurren ama?»

 

 «Zuk ikusi orduko

 barnean dut poza,

 ezin daiteke hori

 beste eran goza,

 lorerik ederrena

 zu zara arrosa,

 zu gabe nik bizitza

 ez dezaket osa,

 berriz noiz entzunen dut

 zugandik abotsa?»

 

 «Irrifar gozoa ta

 maitasun eztia

 zure ondoan ez da

 inoiz garestia,

 udaberriko lehen

 txori abestia

 zugandik entzun nahi dut

 abots amestia,

 agudo elkartzeko

 har zazu hastia».

 

3) Margari zenari minbiziak jota hil zen egun berean

 

 Minbizia da mundu hontako

 gaitzen artean txarrena,

 gazte ta zahar erori eta

 usteltzen die barrena,

 izena bera egoki dela

 esan behar dut aurrena,

 gaitz horretatik libra gaitzala

 Goiko Jainkoak hurrena.

 

 Nere bihotzeko laguna

 daukat minbiziz hilda ondoan,

 argiro dauzkat zu zineneko

 oroipen asko gogoan,

 kontu gozo ta farre alaiak

 zenitun beti ahoan,

 ta hilda gero jarraitu nahi dut

 oraindik zure alboan.

 

 Ogeitamaika urte izanez

 bizitza dizute moztu,

 nahiz atzo izan bitxilorea,

 gaur zimel eta izoztu,

 uztabiltzaile kaltegarriak

 berriz sega du zorroztu,

 ta bizitzaren ederrenean

 merezi gabe ohostu.

 

 Pixkat lehenago bizia zinen

 ta orain lo hartu duzu,

 zu aldeginda hemen lurrean

 negarrez utzi gaituzu,

 alde hontatik bidaltzen dizut

 dezakedan hainbat musu,

 zure ondoan guri leku bat

 aukera iezaguzu.

 

 Bere gorputza hemen daukagu

 biziko balitz bezala,

 bainan joanda hemen utzi du

 bere biziko itzala,

 azken agurra bidaltzen diot

 denok negarrez gaudela,

 mundu honetan izan ez duen

 zerua arki dezala!

 

 Bere lagunek lore gorriak

 eta koroiak dakarte,

 tristerik gaude ta begietan

 negarra ez da aparte,

 ezin baitugu gure artean

 errez hautsi zenbait kate,

 hauxe bakarrik esaten dizut:

 — «gero han ikusi arte».

 

4) Lantegiak iraun zezan lantegitik bidali nindutenean

 

 Industriak lur jo du

 ta ez dago lanik,

 muturra hemen dugu

 baino ez buztanik,

 gauza gaizki jarri da

 herrian jadanik,

 eta ez dut ikusten

 hobeko afanik.

 

 Lanik ez dagolako

 bidali kanpora,

 sobera zegoena

 bota edonora,

 «lantegiari eutsi

 behar zaio gora»,

 eta ez zaie inoiz

 langilea gogora.

 

 Lanik gabe nago ta

 ez dakit zer egin,

 aspaldian bilatzen

 egin dut ahalegin,

 ta alferrik gehiago

 ezin dut eragin,

 ez dagoen lekutik

 ezin da jaregin.

 

 Ogeitalau orduak

 pasa ametsetan,

 lanik ez egin eta

 hor jardun hizketan,

 ez da giro izaten

 etxe anitzetan,

 diru gabe jatera

 joaten denetan.

 

 Umeak negarrez ta

 andrea aserre,

 gaur ere txuletarik

 hemen ezin erre,

 pisua ordaintzeko

 ezin eman aurre,

 ezer guttiz lotara

 joan behar gaurre.

 

 Lana txarra ornen da

 eza okerrago,

 gogo gutti daukana

 gero alferrago,

 diruaren aldetik

 askoz beharrago,

 eta era berean

 beti ankerrago.

 

5) Farrandari bati bertsoak

 

 Farrandariaz bertsoz

 ekin nahi dut orain,

 nahiz eta dena esan

 horri ezin irain,

 beti jazten badaki

 markes bezain apain,

 koloniatik ere

 nahi dun haina usain,

 nahi badu kapitain horrek

 badu dohain,

 aurpegia lirain,

 ta bizi nahi bikain,

 bainan zor dituenak

 ezin du ordain.

 

 Goizean jeiki eta

 gosari ederra,

 arraultza frijituta

 kilo erdi xerra,

 ez zaio gogoratzen

 eginiko zorra,

 bainan hango zerrenda

 ez daiteke borra,

 dirudi jatorra,

 eskatuz oporra,

 badula altxorra,

 ez dena agorra,

 tabernariak ezin

 hori izorra.

 

 Eguerdi aldera

 joan edatera,

 batetik irten eta

 gerago bestera,

 inbitatu artean

 badauka aukera,

 kontuak esateko

 denbora sobera,

 ez joan nahi etxera

 bainan libre bera,

 ordain gabe gera,

 nork hartu tankera,

 non ikasi ote du

 honek karrera?

 

 Arratsaldez siesta

 al den luzeena,

 ia ilundu arte

 jeikitzen ez dena,

 noizbait jeiki ta gero

 orraztu melena,

 al duen bezain ongi

 konpondu barrena,

 jan-edan aurrena

 hobe besterena,

 janaz askorena

 gizon alaiena,

 hori erretiratu

 baietz azkena.

 

 Etxetik irten eta

 agur edonori,

 denek diote honi:

 «zer moduz berori?»

 denbora gutti barru

 tabernan erori,

 kartetan jokatzeko

 prest egonaz hori,

 kartak eman «tori»,

 jokatu nahi zori,

 margoz dago ori,

 zortez beti jori,

 iruzur eginaz nahiz

 ez izan sori.

 

 Irabazitakoaz

 denei inbitatu,

 gainontzeko diruaz

 neska bat bilatu,

 etxe onekoakin

 gehiago saiatu,

 altxorra baduela

 inoiz ez ukatu,

 gezurra loratu,

 al badu zoratu,

 hitz gozoz goratu,

 nahiz enamoratu,

 eta erreza balitz,

 ba oheratu.

 

6) Amari

 

 Ene amatxo bihotzekoa

 bertsoz nator zuregana,

 barka nazazu garai batean

 hainbat nahigabe emana,

 zu izan zinen ttiki nintzela

 zaindaria eta jana,

 aspertu gabe egin zenuen

 nigatik hainbeste lana,

 bizi artean izanen zara

 beraz maite zaitudana.

 

 Ume nintzela hainbeste gautan

 jasan zenuen itzarri,

 kexu guztiak nondik zetozten

 aixa zenuen igarri,

 ta zerbait faltan aurkituz gero

 berehalaxen ekarri,

 zurekin pasa ditut hainbeste

 gau ta egun zoragarri,

 zu izan zara merituz

 beti familiako oinarri.

 

 Zu izan zara gutti jasota

 denontzat beti emaitza,

 zure ondoan ez dut beldurrik

 nahiz beltza izan ekaitza,

 hainbat urtetan zurekin ez dut

 ezagutu zorigaitza,

 nahiz hala izan agertu ohi naiz

 gaiztoa eta hezkaitza,

 urraduraren harea naiz ta

 zu zara berriz harkaitza.

 

 Oparotasun eta ondasun

 denen iturri gardena,

 izan daitezken irudietan

 izan zara ederrena,

 begirune ta maitasunean

 beti zu zaude aurrena,

 goibel uneak iritxiz gero

 denetan zu alaiena,

 eta abesten zenidan apal

 haur kantarik goxoena.

 

 Gaurko egunez lore xorta bat

 eskaini nahi dizut bertsoz,

 inolaz ere ez naiz ahazten

 zure begirada gozoz,

 ta damuz nago txorien gisa

 habia uzteko jazoz;

 nahiz eta egon lanpetu eta

 bete-beterik arazoz,

 bihotzez barka ta har itzazu

 zure onarketa osoz.

 

 Eskertzen zaitut bihotz-bihotzez

 maite izan nauzulako,

 bainan oraindik askoz gehiago

 ni sortu ninduzulako,

 zure bularren esne gozoa

 ematen zenidalako,

 gaixo unetan itxaropena

 ematen didazulako,

 eta hitz batez zaren guztia

 dohain eman duzulako.

 

7) Nagusia eta lapurra

 

           Nagusiak:

 Adi zak mutil lapurra

 emanen diat egurra,

 zer ote habil leku honetan

 sartuta sudurra?

 botako diat zakurra

 hau ez baituk hire lurra,

 bainan lehenago hautsiko diat

 agudo muturra!

 

           Lapurrak:

 Erruki nagusi jauna

 eta entzun erantzuna,

 hala ta guzti izan nahi diat

 nik hire laguna,

 hi haiz hemen diruduna

 bainan ni nauk goseduna,

 bana ditzagun bion artean

 sobratzen zaiguna.

 

           Nagusiak:

 Batere ez duk lotsarik

 ezta gizonen trazarik,

 inoiz ez diat entzun esaten

 holako gauzarik,

 lanean ez duk presarik

 ta nola ukan sosarik,

 hi bezalako alferrentzako

 ez ziok ahizarik.

 

           Lapurrak:

 Nahiz eta hi joan aurregi

 bazekiat zenbait egi,

 aberastu haiz langileari

 ostuaz gehiegi,

 hau ez duk inoiz zilegi,

 altxorra duk beteegi,

 ta berdintzeko oraindik

 hartu diat gutiegi.

 

           Nagusiak:

 Lapur denen nagusia,

 esana duk itsusia,

 iruditzen zaik hire antzeko

 ote den guzia?

 hau beraz ez duk hauzia,

 non daukak irabazia?

 heure lanetik eginikotik

 elika bizia!

 

           Lapurrak:

 Beti bizi haiz oparo,

 lan guttiz diru naharo,

 eta ni berriz lantsari urriz

 ezinik igaro,

 era honetan luzaro

 asperturik nauk zeharo,

 ez diat ostuko lantsari

 on bat emanaz ilero.

 

8) Arrantzaleari

 

 Itsasoko langile

 asko sufritua,

 hamaika gau ontzian

 hortxe argitua,

 zutaz pentsatu eta

 nago ukitua,

 inork baldin badu,

 zuk duzu meritua.

 

 Diru piska batgatik

 saldu duzu dena,

 herriko giroa ta

 etxeko gehiena,

 hainbeste egunetan

 itsasoz irtena,

 gogoratzen al zaizu

 etxekoen pena?

 

 Errezatu ohi duzu:

 «libra ekaitzetik»,

 bizi nahia ukanez

 arrainen atzetik,

 berdin da gauez

 edo goizean goizetik,

 nekez ateraz frutu

 leku zikoitzetik.

 

 Leku ttiki batean

 uraren ertzean,

 urez inguraturik

 aurre ta atzean,

 bainan poz hartzen duzu

 zure bihotzean

 itsas egazti batzuk

 zuri hurbiltzean.

 

 Itsasoko gizonen

 bizikera latza,

 ezin esan den eran

 izan da garratza,

 betiko olatutan

 zainduaz balantza,

 eta motore hotsez

 daukazu arantza.

 

 Itsasoak zu zaitu

 bihurtu zakarra,

 zeren eta ez duzun

 begietan farra,

 bainan eskertzerako

 zu zara bakarra,

 zuk baituzu itsasoz

 ibili beharra...

 

 


inprimatu