inprimatu
Garbitokia
Izenburua:
Garbitokia
Sinadura:
Dante Aligheri
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Santi Onaindia)
Egilea(k):
Onaindia, Santiago
Alighieri, Dante

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1984
Orrialdea:
222

Garbitokia

 

Dante

euskaratzailea: A.O.

 

V Kantua

 

 Muiña.—Mendirantz doa Olerkaria, eta arima talde batekin buru egiten; auek,

 bizien arteko bat an zegoela ta berau berriz ere ludiratzekoa zala jakitean,

 biran jarten oni, beren senideei gorantziak emateko eskatuz. Betiko salbamenari

 buruz nagi ta zabar jokatu lendabizi ta gero, eriok ez ustean artu zituanean,

 beren utsegitez damu izanak dituzu guzi auek. An daude, beste batzuen artean,

 Cassero'ko Jakobo, Montefeltro'ko Bonkonte, eta Siena'ko Pia, guztiak

 Olerkariari azaltzen ari dira beren eriotz-zehetasunak.

 

 Itzalaietatik alderatua nintzan ni ordurako ta Zuzendari nuenaren oiñatzak

 jarraituz ninjoan; ontan, gibel neukan batek, atzez ni adieraziz, deadar egin

 zuen: «—Ikus! Eguzki-izpiak ez dirudi atzetik dabillenaren ezkerrera ematen

 duenik, eta bizi danarena da olako ibillera!»

         Biurtu nitun begiak itzok aditzean, eta neri begira ikusi nitun arri ta

 zur egiñik, neri bakar-bakarrik eta nik geldi-erazten nuen argiari begira.

 «—Zergatik zeure gogoa orrenbeste kezkarazi, ibiltzea ere laburtzeraiño noski?

 Zuri zer, an abots ixilka, zitzi-pitzika jardunagatik? Jarrai zakit, eta utz

 zuzmur dezan jendeak. Iraun ezazu trinko, aizeak putz eta ats emanik ere burua

 iñoiz makur-azten ez duen dorrearen antzeko. Gizasemea beti, asmo bat beste

 baten gaiñ irakitzen duelarik, bere jomugatik urrunduz joan oi da, bateren

 lerak besteren garra naiz-ta aul-azi». Zer erantzungo nik oni, «ba-noa» baiño?

 Olaxe esan nion, gizona noizik-bein errukarri egin oi duen margoz arpegia

 estaldu zitzaidan arren.

         Orretan aldaar zear gureganantz zetozten arima batzuk, bertsoz bertso

 Miserereabesten zutela. Baiña nire gorputzak ez ziela igaroten uzten eguzki-

 izpiei, oartu ziranean, «Oi!» luze gozagaitz biurtu zan aien kantua, eta

 aietatik bik, mezulari bezela guragana urbilduz, galdetu ziguten: «Jar

 gaitzazue jakitun zuen izaeraz». Eta nere maisuak: «—Itzal zaitezte eta

 esaiezue bial zaituztenei, egi-egiaz bai, onen gorputza aragizkoa dala. Beronen

 itzala ikustearren, nik susmo dudanez, beren ibillia laburtu baldin ba'dute,

 erantzunik aski daukate; dedu begioe, onurakor litzakie-ta bear bada».

         Egundaiño ez nuen nik leendik ikusi gau-asikeran izar lokarik ozkarbian

 orren azkar ezta eguzki-sartzean dagonilleko odeiak zearkatzen arima aiek bezin

 bizkor gorantza egiten; eta an besteakin alkarturik, gureganantz biurtu ziran

 galga barik dabillen zaldi-taldea iduri.

         «Guztiz aundia duzu guregana datorren moltzo ori ta eskariren bat

 egitera datorkizu apika —esan zuen olerkariak—; baiña zuk jo aurrera ta

 zabiltzalarik egon zurt». «O arima, jaio ziñan soin-atal ber-berakin zorionera

 zoazan ori! —zetozten oiuka—. Geldiaz ezazu pitin bat zeure oinkada; begira,

 gutarikoren bat iñoiz ikusi ote duzun, olakoaren berria mundura eroan

 dezakezun. E! Zergatik zoaz aurrera? E! Zergatik atzera geratzen? Indarrez

 illak gera gu guztiok, eta pekatari azken ordura arte. Orduantxe argitu ginuzen

 zeru-argiak; olan damutu ta parkatuz, Jainkoaz onezkoak eginda, atera giñan

 bizitzatik; Beronek orain bera ikusteko irrikaz indar-azken gaitu».

         Eta nik: «Zuen betarteak, arretaz begiratuta ere, ez dut nik bat bera

 ere ezagutzen; baiña ni zer-edo-zertan lagun izatea eder ba-zaizue, ezpiritu

 prestuok, esaidazue ta nik egingo dizuet mesede ori zuzendari onen oiñatzai

 jarrai munduz mundu billa-eragiten zaidan pake uragatik».

         Eta aietako batek oiu: «Zin-egin ezta ere, guztiok dugu uste ona zure

 naian, ezinak beztu ez ba'dagi beintzat zure gogomin ona. Nik, ba, besteak

 baiño leen bakarrik mintzatzen natzaizun onek, eskatzen dizut, Romaña ta Karlo

 tartean dagoen eskualdea iñoiz ikus ba'zenekakezu, lor ezaiduzu Fano'n zeure

 otoitz adeitsuen bitartez ango onak eska dezatela nere onerako nere pekatu

 astunak garbi ditzadan. Angoa nintzan ni, baiña janaritzen ninduan odola atera

 zan zauri sakonak Antoner'tarren mugetan egiñak izan zitzaizkidan, antxe bai,

 nik ziur-ziur nengoela uste nuen tokian. Sortaldekoak agindu zuen olaxe,

 zuzenak eskatu baiño geiago gorroto ninduanak; nik orraitio, Oraiako'ra eldu

 nintzanean Mira-rantz iges egin ba'nu, oraindik arnas artzen antxe nengoken.

 Istingara jo nuen eta kañaberak eta lokatz-arteak atzeagarri izan zaizkidan

 oso, ta erori nintzan eta ikusi nuen nere zaiñak lurrean osin bat egiten

 zutela».

         Beste batek ondoren esan zuen: «A! Bete bekizu mendi garai ontara

 ekarri zinduan guraria, zuk zere onguraz nerea bete nai duzunez! Ni

 Montefeltro'koa izan nintzan, ni Bonkonte nauzu. Jone'k ezik besteak ez dute

 nere axolarik; origatik noa ni buru-makur auen artean». Erantzun nion: «—Zer

 indarrek edo-ta zer zorik eraso zinduan Kanpaldino'tik kanpo, zure illobia nun

 dagoen egundo ez jakiteraiño noski?» —«Oi! —erantzun zuen ark—. Kasentino

 oiñean doa Arkiano deritzan erreka bat, Apenino'n, Ermo gaiñean, jaioten dana.

 Araxe, onezkero alperrikako izena daramanera, eldu nintzan ni, eztarrian

 zauritua, oiñez igeska ta laua odolez gorritzen. An galdu zitzidan ikusmena,

 azken-itz bezela Maria izena jalgirik; an erori nintzan eta antxe geratu zan

 nire gorputza bakartade gorrian. Egia bera diotzut, eta zuk ber-esango duzu

 bizien artean: Jaungoikoaren aingeruak artu nindun, eta infernukoak deadar: «O!

 zuk, zeruko orrek! Zergatik kentzen didazu au? Bere betierekoa daramakidazu

 lapurtu didan malkotxo batez; baiña gaiñerakoa ez dut berdintsu erabiliko».

         «Ba-dakizu nola lurrin ezoa, euritan jausten dana, eguratsean biltzen

 dan, otzak eltzen dion lekura igo bezin azkarki. Orobat ark ere, gaitza soilki

 nai duen ark bildu zuen adimen-oldez ber ezin-ikusia ta ke-lurriña ta aizea

 naasi zituan bere izateari dagokion kemenez. Ordun arana, eguna urtu zanean,

 Pratomagno'tik mendi besanga aundira artekoa, gurme gertatu zan; goiko zerua

 aizaro egin zan guztiz, ur biurtu zan aide asea, lodia: euria jausi zan,

 troketara lerratuz lurrak irentsi al izan ez zuena, eta erreka guztietako ur-

 tiraiñak azi ta ibai nagusira oldartu ziran legez suar bizian, etzan ezer aiei

 eutsi al izatekorik. Nire gorpu izoztuak aren iztabo-mugan Arkiano aurkitu zuen

 urez azia ta Arno'rantz eraman zuen zirrika-zarraka; nik nere bularrean,

 oiñazeak sakaildu ninduanean, nere besoz egin nuen gurutzea andeatu zan, eta

 izpazterrez eta sakonez txintxilipurdi erabilli nindun ondoren; azkenez, bere

 ondar artean estali ta moltsotua gelditu nintzan».

         «A! Munduan itzul zaitezenean, eta ibilte luzez atsedendu —jarrai zuen

 irugarren ezpirituak bigarrenak amaitzean—, oroi zaitez nitaz. Pia nauzu,

 Siena'k egin nindun eta Maremma'k (itxas-padurak) zuzitu. Ongi daki ark, orduko

 alargun, niri jarririk bere ereztuna, ezkontzaz beregandu nindunak».

 

VI Kantua

 

 Muiña.—Olerkariai bidera beste arima batzuk; auek ere beren gorputzetatik

 indarrez bananduak, eta azken-orduan Jainkoarekin onezkoak egiñak. Batzuen

 izenak aipatzen dira. Txeratsu artzen du Sordello mantuarrak bere erritar

 Bergili. Dante'ren mintzo larria Itali zatituaren eta onen gaitz guztiaren

 errudun diranen aurka.

 

 Zarajokua amaituta, doazanean, txintxilimur eta buruz-bera gelditu oi da

 galtzen duena, esku-aldiak gomutaratuz eta naigabetan berak buruan irauliz

 noski; irabazi zuena, ordea, pozik doa jendez inguratua, au aurretik, ura

 atzetik, eta irugarrena alboan, denak bera zoriondu nairik; bera ez da

 gelditzen, baiña, ari ta oni entzunda ere; urari eskua luza, ta besteagandik

 aske: gisa onetan da lagun-andanatik jagoten.

         Olaxe nengoen ni ere jendetza estuaren erdian, ona ta ara neure azbegia

 biurtuz, eta zarraparra artatik ni askatzeko eskatzen. An zegoen arezotarra,

 Tako'ko Ghin basatiaren besoz eriotza artu zuena, eta etsai-etzan zebillela ito

 zan bestea. An zegoen erreguka, eskuak goi, Federiko Novello, baita Pisa'ko ura

 ere, Marzuko onaren biotz-gotorra diztir-azo zuena. Orso kontea ikusi nuen, eta

 beste ura, arimea, ez erruren bategatik, gorrotoz eta bekaitzez baizik, berak

 aitortu oi zuenez, gorputzetik bereiztu zuena, au da, Brosse'tar Kepa diot; eta

 kontuz bizi dedilla emendik dalarik, Brabante'ren andrea, talde gaizkiñagoa

 gerta ez dadin gerokoan.

         Alik azkarren santutu zitezen beren alde besteak egiteko eskatzen

 zidaten itzul guzti aiengandik neure burua jarei ikusi nuenean, esaten asi

 nintzan: «—Zeure idazkunen batean, oi ene argi!, zuk argi ta garbi ukatzen

 duzula dirudi otoitzak ez duela zeruko erabakiak aldatzeko indarrik, eta jende

 onek alare ez du besterik eskatzen. Itxarobide utsa ote dute, ala nik ez ditut

 ongi ulertu zuk esanak?» Eta ark neri: «—Argi duzu nik idatzia; eta auen

 itxaropena ez dabil oker, gauzak erizmen garbiz begiratu ezkero; iritziaren

 gaillurra ez bait da urriagotzen maitasunezko suak emen daudenak ordaindu bear

 dutena, unetxo baten, beterik ere; eta nik esaera jarri nuen lekuan utsak ez

 dira erreguz zuzentzen, utsa da-ta otoitza Jainkoagandik alde-eraginda

 daudenentzat. Zuk, baiña, ez egizu zeure iritzia ondu ezpai orren sakonaren

 gaiñ, egiaren argia ixuriko dizunak adimena argitu dezazun arte. Ez dakit

 ulertzen ote didazun: Beatriz dakartzut gogora; gorago ikusiko duzu bera, mendi

 onen tontorrean, betargi ta zoriontsu».

         Eta nik jardetsi: «—Jauna, goazen ariñago, orain ez bait naiz leen

 bezela nekatzen; eta, begira, bere aiñua ematen asia da mendia». «Aurrera joko

 dugu egunaren barrena —erantzun zidan—, al duguntxo guztian; bidea ordea ez da

 zuk uste langoa. Zuk, azkenera orduko, itzultzen ikusiko duzu orain gaindegi

 orrez estaltzen dakusazuna, ots, alderdia, zuk aren argi-izpiak autsi ez

 ditzakezun bestean. Ikus an arima bat geldi ta bakar, guri adi-adi; uraxek

 erakutsiko digu biderik laburrena».

         Eldu giñan arengana. O lonbardar arima! Zu bai arro, iguingarri!, eta

 begi kiñuetan aundiki, garrantzizko! Etzigun ezer adierazten; baiña begiratuz

 bakarrik beraganatzen uzten zigun atsedenean legoken leioa iduri. Arengana

 urbildu zan Bergili igoteko biderik erosoena zein zan erakuts zezaigula

 eskatuz; ark etzion erantzun egindako itaunari, gure sorleku ta bizitzaz

 galdetu ba'zuen ere. Nere Zuzendari maitekorra ordun asi zan esaten:

 «Mantua...». Eta itzala, beregan txit bildua, zegoen lekutik jaiki ta arengana

 zuzendu zan, au esanez: «O mantuar! Ni Sorbello naiz, zure lurrekoa!». Eta biak

 alkar besarkatu zuten.

         Ai, Itali jopu biurtua Aterpe gaixoti, ekaitzik zakarrenean ontzi

 lemazai gabea; ez onezkero erkien andera, likits-zaleena baizik! Arima guren

 ura, bere aberriaren izen eztia adituz bakarrik, bere urikideak jaiez ospatzen

 saiatu zan, eta orain zurean bizi diranak ez dakite burruka gabe bizi izaten,

 arresi ta arroil berberak babesten dituztenak alkarren arteko liskar

 lotsagarrian suntsi-azirik. Billa, doakabe orrek, zeure izpazterrez, eta so

 gero zeure barnera, ote duen pakerik zure zati batek ere. Zertarako doitu zizun

 galga Konstantin'ek, aulkia utsik ba'duzu? Ura gabe, ain gorria zure lotsa

 etzan izango. Ai!, elizkoi izan bear zenuenok, eta Kaisar'i laga kaderan

 jarten, Jainkoak orkatzekin zentzatu ez zenuelako, bere ao-ugeletan eskuak

 jarri zintuztenetik! O Austria'ko Albert, ezikaitz eta basati biurtzen ikusiz

 bertanbera laga duzuna, aren jarri-makoa estuagotu bear zenuenean! Izarren epai

 zuzena eror bide zure odolaren gaiñera, zigor berri ta distiranta, zure

 oiñordekoari zentzabide izan dakion! Zuk eta zure aitak, ba, aizu egin duzue,

 urre-gosez mendiak besteratuta, eremu izan dadilla aginterriaren baratza.

 Zatozte ikustera, gizaseme zabar, Monteskarrak eta Kapeletarrak, Menaldiarrak

 eta Filipeskiarrak; aiek dagoneko goibel, eta auek aiar eta sumari! Erdu,

 anker; erdu ta ikus zure prestuen nausikeria, eta zigor-azi aien larkeriak.

 Orduan dakuskezu Santaflora seguru ta nasai! Etorri ta ikus negarrez daukazun

 zeure Erroma, alargun eta bakarrik, gau ta egun deadarka: «Ene Kaisar, zergatik

 ez didazu laguntzen?» Zatoz eta ikus jendeak nola duen lotsatzera. Eta lege

 ba'zait, o Jabe garai!, lurrean gugaitik gurutziltzatua izan ziñan Orri nik

 galde dagizut: Zure begi zuzenak beste aldera itzulirik al daude? Edo-ta

 gertakuntzaren bat ote dugu, Zuk zeure erabakien sakonean, guk ulertzen ez

 dugun onen baterako? Jauntxo gaiztoz beterik daude Itali'ko uri guztiak, eta

 alderdi baten sartu edozein kalekumek Markel dala uste du.

         Ene Fiorenza, pozik egon zindezke ez dagokizun itz-beste augatik, ain

 dirdaits ta trebe dan zure erriari esker! Askok biotzean dakarte zuzentasuna,

 eta berant erakutsi, zurtasun gabe uztaira ez irixtearren; baiña zure erriak

 mingain-puntan daramana duzu. Askok ez dute nai arrunten arazorik, baiña deitu

 gabe erantzuten du zure erriak, oiuka: «Nik nere burua eskaintzen dut!» Poztu

 zaitez, ba, orain eta errazoiz poztu ere; zu, aberats; zu, paketan; zu zogi ta

 zentzudun! Eta naiko ziñaldari egiñak dira nik egia diodala frogatzeko. Atenai

 ta Lakedemoni aspaldiko legeak eman zituztenak eta aurrerapen ain aundikoak,

 ongi bizitzeaz ikasbide bitxia eman zizuten, zuri orren erabaki sakon-zorrotzak

 ekarri oi dituzun orri datozkizunak: ez bait dira irixten azillaren erdira zuk

 urrillean eioak. Zenbatetan, gogoan dugunetik, legeak, diruak, karguak, eta

 ekanduak ez dira aldatu, zeure bizilagunak berriztatuz! Eta ongi oroitu ta argi

 ikusi ba dagizu, zeure burua aurkituko duzu, luma gaiñean aukerarik ezin idoro

 ta, biraren biraz, bere miñari gozadura apur bat eman uste duen gaixoaren

 antzera.

 

 


inprimatu