inprimatu
Uhaina
Izenburua:
Uhaina
Sinadura:
Xabier Iratzeder
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Diharce, Jean

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1968
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1968 III-IV Uhaina
Orrialdea:
14-17

Uhaina

 

Iratzeder

 

                                                 (Aita Onaindia'ri bihotzetik)

 

                 I

 Nere zain eta hezurrek dute

       berrogei ta zortzi urte:

 bihotza beti dagokit gazte,

       Jauna ganat igan arte.

 

 Itsas-uhaina doan bezala

       iduri zait banoala

 uhainez uhain, uhain ahula

       itsasoan bainabila.

 

 Lan, minak eta urratsak oro

       neri zaizkit ur-itsaso

 elgarri jarraik, ihes eta jo

       uhain dantzak baitoazko.

 

 Itsas-uhaina doan bezala

       iduri zait banoala.

 

 Itsaso-peko ur-aizen oldez

       badabila uhain dantza

 eta bakotxa ur-bide batez

       dantzak oro gerabiltza.

 

 Itsas-uhaina doan bezala

       iduri zait banoala.

 

 Maiz uhainetan kasik itoa

       ur-aizeak nerabila

 bainan ba-dakit, nere Jainkoa,

       ur-bide Zu zaitudala.

 

 Itsas-uhaina doan bezala

       iduri zait banoala

 uhainez uhain, uhain ahula

       itsasoan bainabila.

 

                 II

 Argi denean zeru zerua

       kantuz noa zerutua.

 Belzten denean ez naiz histua

       bihotzean dut kantua.

 

 Uhainak joka jauztearekin

       airatzen naiz, uhain arin

 bere berea nau Jaunak egin

       uhaineri nausi nadin.

 

 Lur-umea naiz, ez naiz aingeru

       banintz ere dena zeru.

 Bainan ahoan badut maiz pertsu,

       goiko kantu, goiko musu.

 

 Uhainak joka jauztearekin

       airatzen naiz, uhain arin...

 

 Bertzek bezala nik ere barna

       sentitzen dut bihotzmina

 airaldi batez haatik dena

       Zuri buruz noa, Jauna.

 

 Uhainak joka jauztearekin

       airatzen naiz, uhain arin...

 

 Geroko urtek zer buru-hauste,

       zer galernak dakarzkite?

 Ixilka, Jauna, nitan ar zaite

       Zutaratuz urtez urte.

 

 Uhainak joka jauztearekin

       ni jauz-araz, uhain arin...

 beti zurekin begiak urdin

       uhaineri nausi nadin.

 

                 III

 Izarrak baino ederragoko

       zure dirdir itsasoan.

 Hartuko nauzu betiereko,

       azken jauzi hats-hantuan.

 

 Noiz nauzu joanen bizi osoan

       zure dirdir itsasoan

 zeruko pindar, kantuz nabilan

       Jainkoaren aintzinean...

 

 Lan, min eta gau maitez gainditzen

       maite dut nik bizi huntan;

 zenbat geiago dut gozaturen

       hori bera zeruetan!

 

 Noiz nauzu joanen bizi osoan

       zure dirdir itsasoan...

 

 Lur-mugak eta gorputz-neurriak

       kraskatuko direnean,

 izanen gare guzi guziak

       osoki bat Jauna baitan.

 

 Noiz nauzu joanen bizi osoan

       zure dirdir osoan...

 

 Bakotxa uhain eta itsaso,

       garen hura eta Jainko,

 denek bat dugu Jainkoari so

       lur guzia zerutuko.

 

 Noiz nauzu joanen bizi osoan

       zure dirdir itsasoan

 zeruko pindar kantuz nabilan

       Jainkoaren aintzinean.

 

 


inprimatu