inprimatu
Amets mamitua
Izenburua:
Amets mamitua
Sinadura:
Santi Onaindia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Onaindia, Santiago

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1967
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1967 III-IV Geldi ta itsu
Orrialdea:
44-47

Amets mamitua

 

Igotz

 

                                     (Zangotza'ko Lore-Jokuetarako egiña, 1967)

 

 Amets egin dut. Ta ura dut orai

 Era zarrean adirazi nai.

 Neskatxa bezin eder, zangar,

 Nere ametsa ponpox sartzeko

 Gurbil bat bikain, gaiñ-barne urrezko,

 Landu idazu, urregin azkar.

 

I. Ur ertzean

 

 Aragoi, Irati'z gaindikatua,

 Napar lurreko ibai autatua,

 Urdin, txairo, dana zeartuz,

 Euskal menditar atsez asea,

 Sorgin-ipuiez agitz betea,

 Ba-doa Zangotza musutuz.

 

 Ene Zangotza!, esana dut, bai,

 Zure izena, goitiar, alai.

 Anitz makur-une zurizko

 Ibai zail orren altzoan koka

 Or zaude goxo, bizi-atsalka,

 Aur lizunkoiaren kideko.

 

 Suge lepoa itxura dute,

 Zar izanikan oraindik gazte,

 Ezker-eskui dauzkazun maldak;

 Muiño ta bizkar, landa ta zelai,

 Zugaitz artean gaztelu arrai,

 Lirain dira zure sorbaldak.

 

 Bide pikoan apatz jarria,

 Emen naukazu zuri begia!

 Begiok, ez otoi, lausorik...

 Ikus pozarren azpiko uri

 Egon-eziña, kabi urduri,

 Len-oraiñak mendez loturik.

 

 Kulunkaz gorri gari-arloak,

 Ezin obezko masti naroak

 Urruti-ertzean galduaz...

 Poxpolin pillak or dira, noizka,

 Eiztariaren oiñaze-meta,

 Egari azkar aren sistaz.

 

 Gari, mestura, ardo ta igali,

 Oroz duzu zuk gaiña estali;

 Birako txapar artean duzu

 Bizkor ta ugari abere-saldo;

 Zure semeak ba-dute naiko

 Jan-edana, uda ta negu.

 

 Onez gaiñera, or dakusazkit

 —Zein eder diran ba ote dakit?—

 Zur-zerrak eta irin-etxeak,

 Pabriketako ke-zillo gurpil

 Ezin aseak aizetan bipil,

 Poz-azirik ustez barneak.

 

 Jaiez musikak alaitzen dizu

 Jendea kalez ta basoz usu;

 Adorez sendo, lerden gorputza,

 Eliz ta etxe, moja ta praille,

 Kristoren legez alkarren maite,

 Eder daramazu bizitza.

 

 Zangotza segail!, zuri eiotzen

 Emen nagotzu bertsoak ozen.

 Zuretzat bedi nere didar,

 Irrintzi bero, oiu-eztanda;

 Zuretzat nere biotz-zauskada,

 Oroz gaiñetik beti zangar.

 

II. Leiñargi

 

 Kondairan zear zure izena

 Beti izan zaigu argi, ozena.

 Zaindari zera mugan jarria;

 Etsai-mendean maiz jausi arren,

 Etzera iñolaz, oi uri gureni,

 Napar lokarriaz etsia.

 

 Aragoitarrak maiz, aundi-miñez,

 Ibilli ziran zu artu naiez;

 Baiña Adrian'go urak ba-daki

 Zure semien bular sendoan,

 Zure alaben odol beroan

 Zer dagoen, oso ertsiki.

 

 Ordutik zure ikur erdian,

 Lau taket txuriz panpox jantzian,

 S. A. gaillen daramazkizu.

 Lena dut amets, lena dut laztan,

 Zure egiñak ez dakit nolatan

 Ospe-gaillur aizez aintzatu.

 

 Gerora ere napar lur barna

 Eldu zitzaigun atzerritarra;

 Espoz-Mina'kin zure semeak,

 Xorta estuan bildurik lerden,

 Ementxe berton zapal zituzten

 Abbé prantsesan gud-osteak.

 

 Ibaiak pir-pir, zugaitz itzalez,

 Zangotzak irra, seme leialez...

 Aldia or orduz arraunka.

 Kondaira zear zabiltza beti

 Langille trebe, alai ta amesti,

 Bizitz-ontzian zimur-ozka.

 

         * * *

 

 Urregin bizkor, apail zadazu

 Xixel txurikin gurbilla usu.

 Baiña, ez, itxoin; ez apail, otoi.

 Ba-daukat lendik barnean kutxa,

 Or dut gordeko nere ametsa,

 Bizitza zear maitasun-oroi.

 

 


inprimatu