inprimatu
Etxahun'en Bersoak gipuzkeraz emanik
Izenburua:
Etxahun'en Bersoak gipuzkeraz emanik
Sinadura:
Etxahun / Jon Etxaide
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxahun"c" (Barkoxe)

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1961 IV
Orrialdea:
300-313

Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz emanik

 

Aldapeko

 

         Zenbat eta geiago irakurri Etxahun'en bertsoak eta irakurriz ulertu,

 pena aundiago bat sortzen zait ene biotzean. Zergatik penatzen naizen galde

 eginen diozu zure buruari, zerk ote didan biotz-min ori eragiten... Galdera

 onek eztizu erantzupen biurririk, baiñan, bai, unkigarririk: Mingarri zait

 Etxahur-en bertso paregabeak irakurtzean, euskaldunak ez dituztela ezagutzen

 oartzea. Penagarri da benetan, euskaldunik geienak —Zuberoatarrak ez beste,

 denak, esate baterako— bere neurtitz bikaiñak, txastatu, aogozatu eta ederretsi

 eziñean egonbearra, Barkoxe'ko euskera, zazpi Euskalerrietako bereiziena eta

 apartekoena delako.

         Jon Mirande Zuberoatar ene adiskide maiteak esaten zidan beiñola,

 Bizkai'ko eta Zuberoa'ko euskalkien artean ba-dela, gutxienez, gazteleratik

 portugesera aiñako aldea, bi izkuntza orien arteko bereiztasuna. Eta ba'ote da,

 apika, iñor Españia'n, gazteleraz ongi mintzatuarren, naiz-ta kulturadun

 pertsona izan, portugesa sekula irakurri eta estudiatu gabe, errazki edo neke

 aundirik gabe beintzat mintzaira ori uler dezakeanik? Ezezkoan nagokizu, eta

 apustu eginen nizuke, gaiñera, portugesezko poesi edo literatur liburu bat, Os

 Lusiadas esaterako, eskutaratu ezkero gazteleraz

 mintzatzen den edonori, bazterrera bota baietz irakurtzen asi orduko,

 portugaldarrak ainbat estimatzen duten poema gaillen eta bikaiña. Zergatik?

 Ezpaiditzakete txasta poemaren edertasunak, ez muinekoak, izpirituari, ideiari

 dagozkienak, ez azalekoak, elederrari, izkuntzaren apainduriari dagozkienak,

 mintzairaren aria ezin jaso baitute.

         Orixe gertatzen zaigu, ain zuzen ere, euskaldunoi Etxahun'en ziri-

 bertso eta olerkiekin. Ez gera gauza beren barruan gorderik dagoen ederra,

 apaintasuna, zorroztasuna, giarra, malezia, gatza, jatortasuna, irudimen bizia

 eta bertsoak darioten etorri naro paregabea miazteko, eta gure ez-jakiñean eta

 ulertu eziñean, gaztelarrak Portugale'ko poema nagusiarekin egiten dutena

 dagigu: amorrazi eta arrika bota.

         Gaitz negargarri oni sendapide eta erremedio eman nairik, gaurgero mun-

 naiko euskaldunak Etxahun'en bertsoen ederraz goza ahal ditezen, lan luze eta

 neketsu batean murgildu natzaizute, alegia, Etxahun'en bertsoak oro gipuzkera

 osotuan ematen. Ene ustez, eztugu beste biderik euskaldunen artean Etxahun'en

 lira ezagun-erazteko, espartar guztiai portugesez ez erakustekotan beñepein,

 ots, euskaldun guziai Barkoxe-Eskiula'ko uskara. Aitortzen dizut ideala auxen

 litzakeala, baiñan mundu onetan utopia-barrutikoa ote den derizkiot, eta ideal

 zoragarri au atzitu eziñean, etsi dezagun Etxahun'en emankizuna gipuzkeraz

 irakurtzen.

         Aitortzen dizut ere, lan eder au gipuzkeraz emateko, nirea baiño luma

 obeak ba-direla, Zuberoa'ko euskera ez-ezik, gipuzkera ere nik baiño obekiago

 ezagutzen dutenak eta darabiltenak. Alabaiña, ene biotzeko sukarrik beroenaz

 gogo dut, Etxahun'en ezaungarri eta miretsigarri asi dudan arloa, neronek

 burutzea. Barkoxtar koblari zorikabearen izena ezagunerazi eta laudatzea baita,

 ene ustez, gure Jaungoikoa'k mundu onetan ezarri didan eginbide bat. Beraz, ene

 itzulpen bertsoak margulak eta gezak izanarren Etxahun'ek egindakoen aldean,

 Zeru'ko lorian gozatzen

 ari den Zuberoatar koblakari argidotarrak ez al-du ezetsi eta arbuiatuko, mundu

 onetan bere oroitzapena ainbeste maitetsi eta miresten duen Gipuzkoa'ko seme

 onen itzulpena.

         Itzulpena egiterakuan gogoeta au erabilli dut gidari enebaitan:

 Bertsoak, Gipuzkoa'ko bertsolari batek kantatuko lituzkeanez apaindurik eman.

 Alegia, gure eskualdeko jendeak bertsuok irakurtzean, Xenpelar'en, Txirrita'ren

 edo Otaño'ren bertsoak bezain errazki eta eztiki miazka ditzatela; Gipuzkoa'ko

 gatza, jatortasuna eta garo-usai paregabe ori somatu dezatela muin

 azaletan eta iñundik ere ez dadiela nabari itzulpenaren kutsurik.

         Jakiña, aburu onek itzulpenaren yaretasuna eskatzen du, itzez-itzezka

 itzulpena, naiz-ta izkuntza berberaren baitan, sarritan beartua ta moteldua

 gelditzen baita. Baiñan, zaulitasun-zurrian, jantziz edo azalez maixko

 egillearen jo-bidetik saiestu ba'naiz ere, asmoz eta ideiaz ez nuke deusik

 lerratu nai.

         Mendiz egoaldeko euskaltzalerik saiatuenentzat, badira beti

 Etxahun'enean makinatxo bat esaldi illun, arre eta korapillotsu. Olakotan,

 Lhande'ren eta Larrasketa'ren iztegi ederretan argibiderik arkitzen ez nuenean,

 Jon Miranda-Aiphasorho Zuberoatar euskal

 olerkari aipatua eta ene adiskide aundia izan dut itsu-mutil iaio ta trebea.

 Neurtitzak aldatu ondoren, ahapaldi bakoitzari egin komentarietan, ikusi ahal

 izanen dituzu euskaltzale eta euskalari jakintsu onen makiñabat erakuspen

 ernegarri. Bere laguntasunari eskerrak, jaso ahal izan dut illuntasunean oztopo

 gaiztorik egiteke Etxahun'ek bere bertsoai emandako egiazko zentzua.

         «Olerti» aldizkari eder onetan estudio-gixa argitaratzen ditut bertsuok

 eta orregatik, irakurleak Etxahun'en jatorrizko bertsoa eta gure aldakizuna

 konpara ditzan, alkarren segidan jarriko ditugu Zuberoatar euskeraz eta

 gipuzkeraz. Gerora, liburutxo batean bildurik atera genitzake gipuzkerazko

 bertsuok soilki Bidaso'z onuzko euskaldun jende lau eta xaloaren atsegingarri.

 Egun ori el dadien bitartean, euskal-aldizkari edo albistariren batek argitara

 nai ba'litza gipuzkerazko bertsuok zabalkunde gixa, beuka gure baimena

 gaurdanik.

 

Ofizialenak: ofizio bertsoak

 

                 I

         Oi laborari gaxua!

         Ihauk jaten duk arthua;

 Ogi eta ardu eraikitzen, auherren asetzekua

 Halere hañ haie maite, nula artzañak otsua.

         Oi nekazari gaixua!

         Janaritzat duk artua;

 Gari eta ardo ik biltzen, alperren asetzekua,

 Ala ere ain aue maite, nola artzaiak otsua.

 

                 II

         Artzaña ba'da beztitzen,

         Josler deie gomendatzen

 Zaragollen gibel-aldia oihal hobez egin dezen.

 Halare higaturen dila aitzinia beno lehen.

 

         Artzaia ba'da jantziko,

         Sastriari eskatuko

 Oialik sendoenarekin galtz'atzeak egiteko.

 Ala're gastatuko dira luzaro baino lenago.

 

                 III

         Dendarik berant agertzen,

         Arratsen goizik ützültzen;

 Eta mündiaren jorratzen arte hartan abüsatzen.

 Ezpeitie jaten diena hüllantzeko irabazten.

 

         Jostunak nekez lanera,

         Arratsen goizik etxera;

 Artean jendea jorratuz, lana daukate atzera.

 Ez dute, noski, irabazten, abora daramatena.

 

                 IV

         Egün ürüliak oro

         Idorrian nahiago.

 Hanitx lan egertü beharrez, hari oro txori-lepho;

 Hallikatzen balin ba'duzu, zehian lau oropilo.

 

 Iruleak egin nai lan,

         Janari ordez, dirutan.

 Ari asko egin bearrez, dena desberdin luzeran;

 Arilkatzen baldin ba'duzu, korapillua aukeran!

 

                 V

         Ehülia hari galtho

         Ukhenik ere han franko

 Undar harien ebatsi nahiz, oihal'üzten zerratzeko,

 Hariak gaxto zütiala fornizaliri erraiteko.

 

         Euleak ari eskean,

         Dutelarik nai bestean,

 Azken-arian ostuz ari, oialarentzat kaltean,

 Gero, aria txarra zela ornitzalleari esan.

 

                 VI

         Harri'giliren adreta!

         Harek ba-daki zer phentsa

 Mürria gaxki egin eta erdiuak lohiz thapa!

 Etxia lurtatü denian, harrien gaxtuak falta.

 

 Argiña ari da iaioki!

         Arek zer pentsa ba-daki

 Pareta gaizki egin eta tarteak loiez estali!

 Etxia lurrera denian, arriari egin aitzaki.

 

                 VII

         Benüser-maiastüriak

         Oi! lan güti egiliak!

 Dena gaxki egin eta zurak dü estaküria!

 Phasta zela adarrondotsü edo beta bühürria!

 

 Arotzak edo zurgiñak

         Dira langille nagiak!

 Lanean gaizki ari eta zurari kulpa guztiak!

 Muiña zela adarbegitsu edo zaiñak biurriak!

 

                 VIII

         Eskalanpu egiliak

         Ebasten tu materiak.

 Zazpia sos balio dina saltzen beitü hamabia:

 Ostatin edan saria eta etxen gosez familia.

 

 Eskalaproi egillia

         Lapurretan duk noblia,

 Zazpi xox balio dituna saltzeko eskatzen doblia:

 Ostatuan edan saria, t'etxen gosez familia.

 

                 IX

         Biñer batek bestiari

         Estakürü eman nahi.

 Zuñi bere kopadüra hobe betzaio üdüri:

 Aihen gabe nahi datinak hura beza üsü berri.

 

 Mahastizaiak alkarri

         Utsak ateratzen ari.

 Kimatzen norbera nagusi dela zaiote iduri;

 Mahasti gabe nai dezanak, aiek alda bitza sarri.

 

                 X

         Oi taharnari fidela!

         Jakile ezpa'liz igela!

 Arrañuak jüje har eta hek hintzakie kundena,

 Haien etse lejitimua guri saltzen deikiala.

 

         Oi tabernari leiala!

         Jakille ezpa'litz igela!

 Arraiak juzgatzalle artu ta indukete kundena,

 Aien etxe berbera guri saltzen ibilli aizela!

 

                 XI

         Errijent bat ba'da hiltzen,

         Harek eztü prozesik üzten:

 Huntarzünak beitütü harek heñ hun batetan ezarten:

 Züntzürrin kuntrola eta phantzollin ipotekatzen.

 

 Maixuak ba'dira iltzen,

         Eztute auzirik uzten:

 Ontasun denak baidituzte toki seguruan jartzen:

 Eztarrian kontrola era sabelen ipotekatzen.

 

                 XII

         Jaun aphezek edsortatzen

         Karitate egin dezen.

 Berak aldiz phakatü gabe hitz bat eztie erraiten;

 Herriko praubik gosez-eta haien ürhik erdollatzen.

 

         Apaiz jaunak, predikatzen

         Karidade ein dezaten;

 Berak, berriz, pagatu gabe, itz bat eztute esaten;

 Erriko pobrek gosez-eta, aien urriak erdoitzen.

 

                 XIII

         Ilhaginak aberasten:

         Arimak hañ untsa galtzen.

 Phezian eta khuntietan zer eztie hek ebasten?

 Haiekila behar düke Jinkuak aizina ükhen.

         Illagiñak aberasten,

         Animari kalte egiten.

 Pixuan eta kontuetan mutillak dira ostutzen.

 Oiekin Jainkoak bearko luzaro jardun juzgatzen.

 

                 XIV

         Kinkillari suñ hütsak

         Borthaz bortha dabiltza.

 Haien prenda ordinaria ixkilinb'eta ligeta!

 Astin emazter ebatsiak igantian gero jokha!

 

         Kinkilleru arloteak

         Aterik ate zebiltzak.

 Saltzeko izaten dizkitek zintak eta jostorratzak:

 Andreai astean kenduak, jaien eraman jokoak!

 

                 XV

         Oihan-zañak eta guardak

         Kuntzentziazko gizunak

 Xakolak ba'zaite farziten, ihesiren tie postak;

 Laguner har-eraziren bardin gaizo sinheskorrak!

         Baso-zaiak eta guardak

         Kontzientziako gizonak!

 Poltsak ba'zaizkie betetzen, puestuak uzten iaioak,

 Ordezkoen mende utzirik diru-emalle kaikuak!

 

                 XVI

         Sarjanten golde-nabarrak

         Dirade gezur okherrak.

 Haien egitekuetarik egiten dira «Amerikak»:

 Aisa pergüt izanen dira haier behatzen direnak.

 

         Eskribauen lan-goldeak

         Dirade gizon okerrak.

 Oien eskolari jairraiki egiten dira «Amerikak»:

 Aguro lur-jo nai ba'duzu, aditu aien esanak.

 

                 XVII

         Sarjant eta notariak,

         Oi! arnes nesesariak!

 Haien elhe ülhün gezürrek nahasten gaiza txipiak:

 Ezta lagun segürragorik bertan hüsteko etxiak!

 

         Eskribau ta notariak,

         Premizko gizasemiak!

 Aien gezur ta itz illunak nahasten gauza garbiak:

 Ezta lagun jatorragorik ustutzeko gure etxiak!

 

         I

         Zalantza bakar bat neukan ahapaldi ontan, alegia, bertsolariak

 darabillen «ogi» itza gure «garia» ala gure «ogia» ote zen. Eraikitzeari —ots,

 gure «biltzeari»— obeto dagokio, noski, «gari», ogirik ezpaita biltzen soroan,

 baiñan bestalde, «gari»ren senide jatorra «mahatsa» dugu eta «ugia»rena

 «ardoa». Beste mintzairan, garia eta mahatsa alkar ezkontzen direnez, «ogia»

 eta «ardua» orobat. Baiñan, gariak ardoarekin edo mahatsak ogiarekin sasi-

 ezkontza egiten dute. Alegia, eztira alkarrenganakoak, eztira kidekoak. Ene

 itzulpen lana amaitu ondoren, Rene Lafon'ek «Ofizialenak»i egindako frantzes

 itzulpena eskuratu zidaten (1) eta ene ustearen arauz, onek «ble» itzultzen du,

 ots, garia; onekin, nire zalantzak aienatu ziren. «Eraiki», uzta bildu ez-ezik

 ­Lhande'nean recolter— «erein» ere ba-da, —Lhande'nean semer—. Baiñan emen ez

 dezake zentzu ori izan garia erein-lurkaria baita, baiña ez ala mahats-aiena.

 «Nola» zale ezpa'nauzute ere ahapaldi ontan ageri den tankeran, itzez-itz

 itzuli dut «nola artzaiak otsua», Etxahun'en mintzaira errespetatuz,

 Gipuzkoa'ko bertsolariak noiznai baidarabilkite izkuntza ori.

         (1) «Eusko-Jakintza», Vol. VII, 1953-57, 119'gn. or-ald.

 

         II

         Etxahun'ek, «sastre» esateko josle euskal-itz jatorra darabil. Bidaso'z

 bestetik, itz au —eta joskile, jostun, joskin, jostaile—gizonezkoai aplikatzen

 zaie geienbat, naiz-ta emakumezkoai ere bai. Gure aldean, ordea, itz berberok,

 emakumeai eraxten zaizkie soilki. Dendari eta prakagin itzak ere bietarikoai,

 gizonezkoai eta emakumezkoai esaten zitzaien. Beraz, eztugu euskeran itz bakar

 bat gizonari dagokiona gaztelerazko «sastre» aditzera emateko. Azkue'ren ustez,

 itz gabetasun au, antziña lanbide onetan emakumeak bakarrik aritzetik dator.

 Orretxegatik, kontzeptuaren garbitasun alde jokatuz, «sastre» erdal-itza on-

 artzea erabaki dut, euskaldunik geienak orrela esaten dutelako eta beste denak

 gaztelerazko «costurera»rekin nahasteko besterik balio ez dizkigutelako.

 

         III

         Oskidearen aldaketak, gipuzkeraz obekiago eta lasaiago emateko, azal-

 aldakuntza batzuek egitea beartu naute. Alabaiña, ideiari zorrotz lotu

 natzaio.

 

         IV

         «Idorrian» («idorrin», oguzten dute eskuarki), Zuberoatarrek erabilli

 oi duten mintzaira molde bat la. Larrasketa'k bere iztegian onela agertzen du

 esakera onen zentzua: «Mode de paiement d'un ouvrier, a la journee et sans lui

 fournir d'aliments». Bertso oar-pean berriz beronek ere: «sans prendre les

 repas chez leur elient». Nik eztakit mintzaira molde au Zuberoa'z lekore

 zabaldua ote dagoen. Gipuzkoa'n eztut entzun «legorrean» zentzu onekin eta ezta

 Naparroa'n «idorrian» ere, eta erabiltzen baldin ba'da ere, gaurko

 bizimoduarekin bereiztasun orrek bere zentzua galduko du, noski, gure uritar

 belarrietara iritxi ere ezpaita beñepein. Orretxegatik, esakera orren zentzua

 beste itzetan ematea erabaki dut. Ezta lan errexa, izan ere, ain bertso

 neurtuetan, ideia ori garaturik, zabaldurik ematea, baiñan, nolabait ere

 ardietsi dugula uste dut. Bigarren tankera batean ere apaindu dut ahapaldi au

 eta bertantxe ezarriko dugu irakurleak gogokoena aukera dezan:

 Iruleak jakiz baiño

                         Diru-truk lana naiago;

                 Lan asko agertu beerrez, aria erdi-ipurdiko;

                 Arilkatzen bald'in ba duzu, lau korapillo eskuko.

         «Diru-truk ari naiago» ere jar diteke eta baita beste zenbait

 aldakizuntxo ere, baiñan, bego ainbestean bein bukatzeko. Tankera au baiño

 bestea obexeagoa iruditu zait eta orretxegatik lenengotasuna aretxi eman diot.

 Ikus ditekeanez, len, orain bezala, bazkaria norbere kontu egin eta txanpon

 batzuek geiago sakeleratu jendeak atsegiñago du, naiz-ta diru-bazkaritan

 ordainduta baino irabazpide urriagoarekin gelditu. «Hari oro txori-lepho»: au

 ere Zuberoa'ko esakera bat dugu eta nik dakidala eztugu gurean antzekorik.

 Lhande'k dionez, ariari «txori-lepho» esaten zaio, batzuetan lodi, bestetan

 mehe denean, ots, ari desberdiña, zabarki eta nolanai egiña. «Zehe(a)» (ogutzi,

 «zehia»), gure «arra» da, ots, gaztelerazko «palmo». Lenengo antolapenean

 libreki itzuli dut eta bigarrenean «lau korapillo arrako» bitxi edo espresiño

 gabea iruditzen zitzaitalako, «eskuko» itzuli dut, naiz-ta neurri bat aditzera

 emateko itz egokia ez izan. Uts au, bigarren hemistikioa libreago emanaz

 zuzendu diteke, esaterako, «nun nai dauka korapillo».

 

         V

         «Oihal(a) üzten zerratzeko», dasaigu Etxahun'ek. Ondikotz, ez nik eta

 ez Jon Mirande ene adiskide onak eztakigu oialgintzaren teknikarik eta ezin

 igarri zer esan gura zuen Etxahun'ek oiala zerratu edo itxi orrekin.

 Onetxegatik, xehetasun oni itzal egin diogu, bertsolariaren ideia zabalki

 artuaz.

 

         VI

         Gipuzkeraz ongi emateko oskidearen aldabearrean arkitu naiz.

 Gaiñerakoan, zentzua berdin-berdiña dauka.

 

         VII

         Bai «benüser» (frantzesezko «menuisier»etik) bai «maiastürü» (latiñezko

 «magistrum»etik), gure arotz edo zurgin adierazten duten itzak dira eta

 itzulpenean bi oetxek ezarri ditut. Bigarren eta irugarren neurtitzetan

 bertsolariarengandik zertxobait aldendu naiz.

 

         VIII

         Bigarren neurtitza enegixa eman dut, baiñan, ideiari atxiki. «Zazpia»

 ela «hamabia», «zapira» eta «hamabira»ren (gure «zapina» eta «amabika») oguzpen

 aulduak dira. Guk beste jazkera eman diogu irugarren neurtitz oni

 jatortasunaren opariz.

 

         IX

         «Kopadüra» (kopatu'tik, moztu, ebaki, frantzesezko «couper»en odolekoa,

 noski), moztea edo ebakitzea da, baiñan, landareai gagozkiola, bidezkoago da

 «kimatu» edo «iñausi» esatea. «Aihen» (gure aien) itzak bi gauza diferent esan

 gura ditu, ots, mahasti-landarea (gazteleraz «cepa») edo «aldaska», «kimua»

 (gazteleraz «sarmiento»). Emen, zalantzarik gabe mahats-landarea da. Nik,

 ordea, «aiena»ren aipu egin bearrean, «mahastia»rena egin dut, «aiena» gaurko

 euskaldun askori ezagun etzaielako eta nahasteak ekar ditzakealako, eta

 Etxahun'en asmoa ager-erazteko berdin-berdin da mahastian aien gabe gelditzea

 edo mahasti gabe gelditzea. Etxahun'en «nahi datinak» (datianak, datekianak),

 nai izango denak itzuli bearko genduke itzez-itz, eta guri min egiten nai'ekin

 aditz-joko intransitivoak. Esaldi ontaz orra Jon Mirande jaunak esaten didana:

 «Aihen gabe nahi datinak» zuzen da. Esan genezake osokiago «aihen gabe izan

 nahi datekianak»; emen, izan aldera utzia da, neurtitza ariñago izan dadintzat;

 aditz transitivoekin «nahi dut» esaten dugu beti: «jan nai düt», «edan nahi

 düt» etc.; intransitivoekin, ordea, bai «nahi dit» eta bai «nahi niz» esan aal

 genezake; «jin nahi düt» edo «jin nahi niz»; düt'ekin esaerak indar geiago du.

 Bañan, «aihen gabe izan» intransitivo den esaera izaki, «datinak» (date-anak)

 ori zuzen da. «Hura beza üsü berri» esaerari ere ezin igarri nion zentzurik,

 itzak oro ezagunak izanarren, eta orra Mirande'k argitu: «Gipuzkeraz, «ura beza

 sarri berritu» litzake ta neurtitzak esan nai du «aihen gabe izan nai denak,

 ura (=biñera edo maastizaia) sarri berritu edo aldatu beza».

 

         X

         «Jakille» guretzat gaztelerazko «sabedor» besterik ezta, baiñan,

 Zuberoatarrentzat «testigu» edo «lekuko» esan gura du. Itz xarmant eta argia

 delako, aldatu gabe utzi dugu itzulpenean. «Jüje», juez itzuliko nuke gure

 euskeran; alabaiña, neurtitza bederatzi eta zortziko hemistikiotan bereizteko,

 silaba geiagoko itz bat aukeratu bearrean arkitu naiz. «Epaikari» itz berria

 ongi tajutua egonarren, kultoegi eta arrotzegi iruditu zait bertsoetan

 erabiltzeko eta onetxegatik «juzgatzalle» aukeratu dut, «juzgu» eta

 «juzgatu»ren alboan bertsolari senari egokiena zaiolakoan.

 

         XI

         «Heñ» (Hein) itzak ba-ditu zenbait esangura; gure ontan, Lhande'ren

 iztegiko laugarrena dizu, ots, «condition, etat, situation de fortine, nature,

 etc...»; Larrasketa'k berean, «condition, en general, situation de fortune».

 Azken bertsoaren zentzua lauso xamarra iruditzen zait. Onatx, Jon Mirande'k

 beronetaz diona: «Züntzürrin kontrola eta phantzollin ipotekatzen», diozun

 bezala, esangura lausoa du neurtitz orrek eta ene aitak eta familiakoek ez dute

 ongi ulertzen. Nere aburuz, Etxahun'ek esan nai izan du eskola-maixuek beren

 ontasun guztiak jan-edanetan eralgitzen dituztela (kontrola eta ipoteka

 ontasunen lege-agiriak izaki)». Jon Mirande'k diona egia da, baiñan ene ustez

 Etxahun'ek esan nai zuen jan-edanerako doi-doi irabazten zutela eta orregatik

 etzezaketela auzirik utz eriotz-orduan.

 

         XIII

         «Aizina» itza, F. Lhande'ren iztegian eta Barkoxe-Eskiula'ko izkelgiaz

 Larrasketa'k egindakoan, «loisir» (ocio) bezela itzulia dago. Alabaiña,

 bertsoaren esangura ezin ongi jaso nizun zentzu onekin. Ontan, Mitxelena

 jaunaren idazlan xarmant bat irakurri nuen EUSKERA'n, «Unas observaciones al

 último número de Euskera». Bertan dionez, Zuberoatarren aizina, Erronkariarrek

 aizna omen diote (2) eta itz unen jatorria biarnoatarren aysine omen;

 biarnoarrak, ordea, itz oni zentzu diferentea ematen diote, ots, «facilidad»,

 «ocasion favorable». Ontara zukean ene ustez bertsuak esangura giartsua,

 alegia, Jainkoa'k bear diela illagiñak bezalako gizaseme pekatariai aukera on

 bat eman konberti ditezen. Mirande jauna, ordea, eztugu iritzi ontakua eta

 berari jaramon egin diot. Orra, berak: «Nere ustez, aizina astia da. Gure

 mintzairan, zerbait egiteko dembora esan nai du itz orrek (oc-izkuntzatik artua

 dela egia da, frantzesean «aise» eman duen itz-erro berekoa da). Adibidez: lan

 bat egiteko norbaitek eskatzen ba'dit, askotan «ez dit aizina» erantzuten diot

 alpertzarra bainaiz. Etxahun'ek esan gura du Jainko Onak bearko duela dembora

 aunitz artu illagiñen bekatuak oro ebazteko».

         (2) Baita Zuberoatarrek ere zenbait tokitan.

 

         XIV

         Zuberoa'n «kinkillari» eta gure alderdian «kinkilleru», erriz-erri eta

 etxez-etxe ibilli oi diren salketari arloteai esan oi zaie. Gaztelarren

 «quincalla»tik artua izanarren itz au, edo zeatzago mintzatuz frantzesen

 quincaille'tik, gaztelerak ere frantzesetik artua baitu itz au, Zuberoatarrek

 egibideai dagokien euskal-atzizki polita erantxi die atzetik (aizkolari,

 segalari, pelotari...); guk, ostera, erdaldunen carpintero, linternero eta

 olakuen antzera egin ditugu kinkilleru, igeltseru, albaiteru ta abar. « Suñ

 hütsak», soiñean daramatena besterik ez duten «arloteak» esan gura du.

 Itzulpenean itz au erabilli dut.

 

         XV

         «Ihesiren tie postak», itzez-itz itzulirik gure euskerara «igesiko

 dituzte puestuak». Gurealdeko euskaldunentzat esaldi onek eztu zentzurik eta

 Jon Mirande'k emaniko argitasunari esker ezpa'litz, ez nioke sekula igarriko

 beronen esangurari. Orra Zuberoatar adiskidearen itz zuhurrak: «Ihesiren tie

 postak», «ils abandonneront leur poste» (3), da, edo literalkiago ails

 fuiront»; zentm;a argi du Frantzia aldeko euskaldun batentzat, ezen emengo

 erderatik artuta da izkuntza ori: «fuir son poste» edo «abandonner son

 poste»... Ihesi itz ori bera orain gutxi erabiltzen da Zuberoa'n; aren ordez

 ihes joan esaten dugu, bañan geienetan ezkapi; ala ere zenbait aldiz entzuten

 da izkuntza au: «Zure beharra ba denian, zü bethi ihes...» (ihes oguzten

 dugu)». Azkeneko neurtitza ere ezta xamurra eiotzen, Zuberoa'ko mintzairaren

 bereiztasunak ez-ezik, bertsoaren neurri estuak illunagotzen baitu. Jon

 Mirande'k emanen digu ontan ere argibide: «Ahapaldiaren azkenengo neurtitzak

 esan nai du: «Lagunai (ots, laneko lagunai, beste oian-zai eta guardai) artu

 eraziko, dena dela, siñeskor tontoak». Bardin itz orrek zentzu asko ditu; emen

 Larrasketek dakarren laugarrena dauka, «malgré cela» edo «quoiqu'il en soit»,

 «de toutes façons». Onela itzul netzake frantzesera ahapaldiaren azken bi

 bertsoak: «Si on leur remplit les poches, ils fuiront leur poste, mais de

 toutes façons ils feront prendre par leurs collegues les sots credules».

 Frantzesezko itzulpen au franko argiago dago gipuzkerazko itzulpen giartua

 baiño, eta gure irakurletan norbaitek mintzaira au ongi ulertzen ezpa'du,

 zentzua ongi jaso dezan, itzez-itz itzuliko dugu: «Sakelak betetzen ba'zaizkie

 (diruz), beren egonbearreko tokiak uzten dituzte, baiñan dena-dela, beren

 laneko lagunen bitartez arrapatu-aziko dituzte iñoxu ergelak», dirua eman

 zutenak, alegia. Nik ere, gipuzkerazko itzulpenean bertsoa giartu bearra izan

 dut neurri-mugak eraginda eta eztakit danek zentzu au ongi jasoko dioten.

 Azkeneko neurtitza onela ere eman diteke: «Ordezkoen mende ERORIZ diru emalle

 kaikuak». Baita ere, «Ordezkoen mende ERORTZEN...».

         (3) Itzez itz: «leurs postes».

 

         XVI

         Orra, «sarjant» itzari buruz Larrasketa'k bere iztegian diona: «

 Huissier», eta bearnesetik artua dagoela gaiñeratzen du. Bertso oarpean,

 aipatutako itzaz gai bera «homme de loi» ere jartzen du. Au dela-ta,

 «huiser»goa zer den argi ta garbi jakin nai nuela esan nion Jon Mirande jaunari

 eta ona ene adiskide mamiaren erantzuna: «Frantzia-n huissier'goa kargu

 garrantzikoa da, cofficier ministeriel» bat da huissier'a, NOTARIA bezala.

 Beraz, zuk «letradua» itzul zenezake, bañan ez abogadua, «abogado» ta «avocat»

 gauza bera ba dira beintzat. Frantzian abokata auzitegian itza artzen duen

 lege-gizona da, naiz akusatuaren kontra Estatuaren izenean (avocat general,

 procureur general edo proeureur de la Republique, zer eratako auzitegia den

 araura) edo viktimaren izenean (avocat

 de la partie civile), naiz akusatuaren alde (avocat de la defense): bañan

 bearbada Españian «abogado» itzak beste zentzu bat duke, zabalagoa, ta edozein

 lege-gizonagatik esan diteke». Oneraiño Jon Mirande jaunak. Gipuzkoa'n, ordea,

 eta Bidaso'z onuztiko Euskalerri guztian ene ustez, «letradua» gaztelerazko

 «abogado» da zeatz-meatz, eta auzigaietan fede ematen duen gizona «eskribaua»,

 ots, gaztelerazko «escribano». Antziña, eskribauak notariaren lanbideak ere

 egiten zituzten eta eztakit gure baserritarrak «notaria»ri «eskribaua» esaten

 ote dioten. Azkue'k, bere iztegian eztakar «eskribau» itza, baztergarri

 iritzirik nunbait bere erdal-jatorriagatik eta onetxegatik Aizkibel'enera jo

 bear izan dugu itz onen zentzua arkitzeko. Aizkibel'ek, «eskribau», escribano

 dakar soilki: «letradua», abogado eta «notarioa», notario. Mitxelena-Elizalte

 jaunak ere, gureartean «huissier»i dagokion euskal-itza «eskribaua» dela uste

 du. Beraz, Etxahun'en «sarjant» gipuzkeraz «eskribaua), itzultzea erabaki dugu.

 «Golde-nabarra» esakeraz berriz, auxe dio Zuberoatar olerkari gorengoak: «Gizun

 okherrak sarjanten «golde-nabarrak» direla, esan nai du aien tresnak, iankaiak

 direla, golde-nabarra lurginen tresna «par excellence» den bezala. Gurean,

 «golde-nabarra» golde esan oi da soilki eta neurria osatzeko «lan-golde»

 erabilli dut (4). «Pergüt», bearnesetik artutako itza gure «lur-jo», «erreka-

 jo» da, ots, arruinarse. «Behatü» itzaz Mirande'k dio: «Bi zentzu ditu:

 transitivu denean so egin edo begiratu esan nai du (baiñan Zuberoetaz so'gin

 baizik ez dugu erabiltzen). Intransitivu denean, «aditu» esan osi du: beha

 zakitzat = adi nazazu; beha zite ene erraner».

         (4) «Golde-nabar» itza onela adierazten du Larrasketa'k bere iztegian:

 «ancienne charrue, en deux pieces: le golde creusait profonddment la terre; le

 nabar la cuupait verticalement».

 

         XVII

         Zuberoatarren «notari» errespetatu egin dugu puntuak, neurriak era

 euskal-jatortasunak aginduta. «Arnes nesesariak», itzez- itz «tresna

 premiazkoak» edo «premizkoak» orain Gipuzkoa'n esaten dugun bezala, izango

 litzake. Nik librexeago eman dut egokitasunez.

 

 


inprimatu