inprimatu
Esnaera gozoa
Izenburua:
Esnaera gozoa
Sinadura:
Roman Irigoien
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Irigoien, Roman

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1961 IV
Orrialdea:
280-283

Esnaera gozoa

 

Irigoien'dar Roman

 

 Bete-beteko loa egin-da

 bai gozo esnatu gaur ni:

 lo-asea ta txorien «txio»

 nituala esnalari,

 egun berriak poz eta atsegin

 dakarzkit lenen-opari.

 Au aldaketa egin dedana!

 —esan leike sorginkeri—:

 atzo, agure antzean, neke,

 buru astun, gorputz nagi;

 gaur, urte-zama gabak kenduta,

 soin bizkor, adimen argi.

 Bart nintzan gizon ura ber-bera

 naizenik ere ez dirudi.

 

 Indar berriko gizon egiña

 esna naizen bezin laister,

 egin dizkidan mesedeen ordez

 Jauna'ri esker ona ager;

 kristau bezela, otoitzak egin;

 guraso-legez, gu oker

 guztietatik atera gaitzan

 eskatu bein ta bi bider...

 Goxo ta epel, zardadeak jun

 eta gaztaroa susper;

 ogeraño oles alai eguzkik,

 txoritxoak kantu eder...

 Ni, zorion-ur garden obetan

 igariten ezin asper.

 

 Ontan Juan Marik irikitzen du

 nere gelako atea,

 ta —«aitatxo, aita», oiuka— emen

 dator nigana semea.

 Ogeratu zait, besotxoekin

 estutu lepo nerea,

 ta zenbat musu eman dizkidan

 ez da erraz esatea.

 Beren gozoa zenbateko dan

 itzez ager nai izatea

 —gure aragi dun aingeruak

 maite gaitula azaltzea—

 eziña uste dut, ta gurasoak

 utsak degu jakitea.

 

 —Atoz —mintzatu nazaio— jarri

 nere ondoan, kuttuna;

 begira neri, ondo ikus zaitzan.

 Maite, zure edertasuna

 aldiro berri iduritzen zait,

 iñoiz aspertzen ez duna:

 zure ezpain, begi, arpegi dana,

 zure errukabetasuna,

 zauden lekuan zabaltzen dezun

 aingerutarren lurruna...

 Zuri begira garbi ikusten nik

 aspalditik dakiguna:

 zergatik degun ain bereziki

 Jesus aurtxoen laguna».

 

 Ontaz gañera zenbat gauz neri

 dizkidazu gogoratzen...

 Ni ere aurtxo izana nazu,

 eta zu orain maitatzen

 zaitugun eran, etxekoak ni

 orduan maite ninduten.

 Seaskatxoan lo egiten nun,

 xopatxo gozoak jaten

 ta «Otxoko» ta «Axerko'n» kontuk

 entzuteak irrikatzen.

 Baña aspaldiko gertaera aiek

 jun zitzaizkidan aztutzen,

 ta zuk, bigarren aurtzaro onekin

 dizkidazu berpiztutzen.

 

 Aingerutxoak —gauz jakiña zan—

 nere itzaldiaz aspertu

 ta orain salto ta gero tira,

 oge-gain guztia urratu.

 Pakea nai-ta, ipui bat asi

 dedanean, inguratu,

 neri begira arretaz jarri

 ta itz bakarrik ez du galdu.

 Ordañez «Iru errege datoz»

 dit gero berak abestu,

 —Lengo txoria ixildu bedi;

 aingerutxo, zuk jarraitu:

 zuk abestean, nere biotzak

 besterenik nai ez bait-du.

 

 Ordua nunbait, ta emen dakar

 emazteak gosaria.

 Zai egon ba'litz bezela, ixildu

 zait seme abeslaria,

 ta jaten asi naizenerako

 entzun det bere eskaria:

 —Aitatxo, neri ere pixka bat...

 Eman dioten zatia

 «amen» batean ezkutatu du,

 ta gero eske berria...

 Orla, neretzat jarritakotik

 semeak jan dit erdia;

 berea, berriz, berak bakarrik

 katillu-zopa guztia...

 

               * * *

               * * *

               * * *

 

 Lurrean naste izan oi dira

 atsegin ta lan astunak.

 Etxetik laister irten bear det,

 luzeak dira egunak

 ta ez dakit zer ezkutu dun gaur

 neretzat etorkizunak.

 Ala're —Jauna'k dezala nai—

 ba'letorkidake ittunak,

 gabez laño beltz eta lodia

 illargi-argitasunak

 argiz jazten dun eran, eguzki,

 txori ta seme kuttunak

 sortu didaten pozak, piztuko

 biotzeko txoko illunak.

 

 


inprimatu